Kontzeptua

Migrazioak globalizazio garaian

Immigrazioaren errelebanzia ezin da objektiboki bere kopuruan oinarritu. NBEko Populazioaren Sailak 2005ean munduan 190 milioi migrari zegoela esan zuen, munduko populazioaren %3 baino gutxiago. 2010rako ez omen da gehiegi aldatu egoera hau, eta egin izan diren proiekzio sinesgarrienetan oinarrituta 215 milioi etorkin legoke, %3,1. Zenbaki absolutoetan 25 milioi gehiago dago: portzentaietan, tasa oso gutxi igo da, baina izugarri areagotu da kopuru honi ematen zaion garrantzi soziala. Beraz, nola da posible honelako portzentai eta aldaketa hain txikiak hain zalaparta handia sortarazi izana?, Kopuruagatik?

Gainera, kopuru hau oso txikia da herrialdeen barnean migrari direnen datuekin erkatuta. Nazioarteko migrazioen kopurua 215 milioi pertsonatakoa bada, herrialdeetako barne migrazioena, neurketa guztien arabera, 710 miliotik gorakoa da, 3,3 bider gehiago. Areago, datuek diotenaren arabera, honela banatzen dira nazioarteko migrazio guztien portzentaiak:

  1. %37 herrialde atzeratuetatik aurreratuetara joaten dira,
  2. %3 herrialde aurreratuetatik atzeratuetara, eta
  3. %60 maila bereko herrialdeen artean mugitzen da.

Migrazio guzti hauetatik normalean bakarrik %37a osatzen duen portzentaiari egiten zaio arreta, hau da herrialde atzeratuagoetatik aurreratuenara joaten direnei. Datu esanguratsu gehiagorekin jarraitzeko, suposatu egiten da munduan 20 eta 30 milioi tarteko etorkin irregular dagoela, 26 milloi barne desplazatu eta 16 milioi errefuxiatu.