Kontzeptua

Migrazioak globalizazio garaian

Garai guztietako migrazioen mekanismoak antzekoak dira, sareak sortu, berauen arauera mugitu, baina garai bakoitzaren egitura ageri edo ezkutuaren araberako ezaugarri ezberdinak izaten dituzte, eta gaurkoetan ondorengo biak azpimarratu daitezke:

  1. migrazioak globalizazioa intensifikatzen doan mundu batean gertatzen dira baina, era berean, eremu hartzaileek neurri handi batean des-industrializatzen ari dira, eta, ondorioz, integrazioa gero eta zalantzatsuagoa da. Galdera bat egitea zilegi da honela: nola gizarteratuko dira etorkinak lan industriala eskasten ari den testuinguru batean?
  2. bestalde, gizarte askok migrazioen premia handia du baina ez du halabeharrez horren arabera jokatzen, garrantzia nabarmenagoa ematen baitiote euren hiritarrek etorkinei buruz dituzten eritzi eta pertzepzioei, eta etorkinak beharrezkoak izan arren muga eta traba gero eta gogorragoak jartzen dituzte. Egoera hau "needed, but not wellcomed" esaldian laburtzen da.

Beste faktore batzuetara jo ezkero, migrazioek ez dute sekula izan gaur agenda politiko eta sozialetan duten garrantzia, hedabideetan duten presentzia eta arreta eta, oro har, inoiz baino gehiago politizatu dira. Hartara, lehia elektoraletako gai erabakiorra izaten ari dira eta migrazio fluxuen kontrola legoke jokoan. Aditu askoren ustez, desoreka nabarmena dago herrialde garatuenek onartu eta azpigaratuenek bidaliko nahiko luketen kopuruaren artean. Baina, zalantzarik gabe, egoerarik arruntena herrialde bakoitzeko premiak eta errealitate migratorioen artean gertatzen den desoreka da. Normalean, indartsuagoak izaten dira bulkada kontrolatzaileak egoeren analisi sakonetatik beharrezkoak diren immigrazio kopuruak zehaztu eta onartzea baino. Badirudi, zenbait gune hartzailek jarrera suizida bat darabilela immigrazioaren kudeaketan.