Kontzeptua

Migrazioak globalizazio garaian

Mundualizazio prozesuak ez du neurriko eragin zuzenik izan migrarien kopuru erlatiboetan, baina aldatu ditu migrazio ereduak. Hasteko, ukaezina da gero eta herrialde gehiago dagoela migrazioetan inplikatuta. Alde batetik, immigrazio herrialde klasikoak ditugu: Amerika osoa (hala, Iparramerika nola Hegoamerika) eta Australia. Duela gutxira arte, hirukote honek osatzen zuen heltoki esanguratsuenen zerrenda. Gaur egun, gizarte igorleak ditugu alde batetik, gizarte hartzaileak bestetik, eta aldi berean igorle eta hartzaile direnak ere. Gainera, migrazio ibilbideak biderkatu egin dira eta, aurreko hirukotearen garrantzia galdu ezpada ere, immigrazio azpi-sistema mugatuagoak ditugu. Adituen esanetan, egungo lau eremu hartzaile handienak honakoak dira: Iparramerika, Europar Komunitatea, Persiako Golkoa eta Pazifiko Mendebaldea. Horrez gain, Hegoafrikan, Arabian edo Karibean mugimendu laburragoko ibilbideak ditugu. Ibilbide berrien artean oso garrantzizkoak bilakatzen ari dira igarotze edo transitozko herrialdeak. Bestalde, gero eta nabarmenagoa ere zenbait herrialdek kontrol politikak direla eta (Schengen espazioa, adibidez) betetzen duten iragazki (eta sarri, tanpoi) lana (Maroko, Espainia, Libia, Italia, esaterako).

Igorleen aldetik, historikoki Europa izan bada sorterri nagusia; egun, Latinoamerikan, Afrikan eta Asian dago migrarien harrobia. Praktikan, datu enpirikoek erakusten dutenaren arabera, ez dira etorkinak gizarte hartzailea aukeratzen dutenak, alderantziz baino. Arrazoi historiko, kolonial edo kulturaletan oinarrituta, hartzen duenak immigrazio profil bat lehenetsi egiten du.