Kontzeptua

Migrazioak globalizazio garaian

Beraz, egungo migrazio-sistema globala eta polo-anizduna da, ez baita ia eta herrialderik sistematik at geratzen. Globalizazioa ezaugarritzeko mugikortasun askeaz hitz egiten da, baina zirkulazio mugagabe honek ia beti pertsonen kasuan huts egiten du. Merkantziak eta kapitalak bai; pertsonak, ordea, ez. Pertsonen mugikortasuna, lan-migrazioa eta jatorrizkoa ez den herrialde batean ezartzeko eskubidea trabaz josiak daude.

Mundializazio estatalizatua da gaurregungoa. Estatu-mugek garrantzi handia hartzen dute, ez direlako bakarrik fisikoak, baita elkartasunaren muga zedarritzaileak ere. Gizarte zientzietako aditu esanguratsu batzuen arabera (Giddens, Bauman, Beck), modernitatea "nazionalismo metodologikoan" oinarritu da eta ondorioz uste izaten da mugak daudeneko eremu estatalaren baitan nazio eta kultur bakarra egon litekeela. Homogeneotasunean oinarritzen da ikusmira eta hartara mugen baitan bizi eta eskubidedunak diren pertsonetara mugatzen da elkartasuna, horienganakoa automatikoa delarik, baina atzerritarrek ezin dute horrelako mundu ulerkera baten baitan status-ik izan. Elkartasuna ez zaie zor atzerrikoak direlako eta gainera bere presentziarekin bertakoen homogeneitatea erasotzera letozke, bertakoen sektore ugariren ustez. Globalizazioa mundu mailakoa da baina ulerkera sistemak estatalak. Dibergentzia honek gaurkotze lana eskatzen du.