Kontzeptua

Migrazioak globalizazio garaian

Aurreko zenbakiak oinarri hartuta eta mundu mailako ezberdintasun ekonomikoei eta bizi-baldintza ezberdinei erreparatuta, badirudi egiazki migratzen duten baino kandidato gehiago dagoela. Migrari izateko baldintza objektiboak betetzen dituztenetatik benetan migrari direnekiko jauzia ez da bakarrik koantitatiboa, koalitatiboa baino. Migratzea ez da bakarri nahi bat, desio bat, aukera erreal bat izan behar du. Migrazioaren teoria neoklasikoaren arabera herrialde aurreratu eta atzeratuak erkatze sinpletik sortzen da migratzeko erabakia, push eta pull faktore soiletatik, baina badirudi ez dela hala, adituek dioten moduan migratzeko borondateaz haratago, faktikoki migratzeko ahalmena eduki behar da. Erkatzeak berezko mekanismo automatikorik sortuko balu, orduan bai jendarteak duen pertzepzioaren neurriko mugimendu eta kopuruak leudeke.

Horrela, ezberdintasun ekonomikoak estrukturalak dira, intensifikatzen ari dira egun, emigraziorako faktore igorleak ere ugari da, baina beste zenbait aldagai egon ezean mugimenduak ez dira biderkatzen. Beraz, egungo garaia, uste sozialak dioenaren kontrara, ez da migrazio mugimendu deskontrolatuen garaia. Besterik esan liteke, eta badirudi migrari potentzialaren borondatearen kontra edo ezintasun zehaztezinen ondorioz, mugikortasun ezeko edo urriko garaia da. Agian, mugikortasun mugatu honen atzean gero eta presenteagoak dira traba politikoak, zeren populazioaren hazkunde ukaezinarekin batera ez da migrazioena etorri. Globalizazio prozesuak paradoxak ditu, eta Castells-ek dioen moduan garai berri honetan logika binario bat dago, edo sareetan konektatua zaude (beraz, inkluitua) ala (luzerako/betirako) deskonektatua (eskluitua). Migrazioetan izaera binarioak eragin handia dauka, ez baita beti egoten sarerik herrialde igorle eta hartzaile guztien artean.

Mundializazioa beraz ez da migrazio sistema eta mugimendu berriak halabeharrez sortarazteko baldintza nahikoa. Egon badago faktore lagungarririk, besteak beste, distantziaren txikitzea. Ezta gutxiestekoa ere informazioaren ugaltzea, beste era bateko sare ikusezina sortarazten duena, esaterako sare transnazionala. Sare fisikoen ordez, birtualak eta sinbolikoak dakartza egungo informazio iturrien bapatekotasunak. Honen arabera, egungo bitarteko eta hedabideek posible egiten dute gizarte bitan, jatorrizkoan eta hartzailean, aldi berean bizi ahal izatea, esperientziak trukatzea, komunikazio etengabea mantentzea eta mikrokomunitateak elikatzea. Integrazioaren ikuspegitik, aukera honek jatorrizko jendartearekin harremanak mantentzea eta ez etetea dakar, baina, bestetik, galga bilakatu daiteke, atzeratu egin daitekeelako kontaktua gizarte berriarekin.