Kontzeptua

Migrazioak globalizazio garaian

Egia da egungo migrazio fluxuak oso heterogeneoak direla etnikoki eta horrela gizarte kulturanizdunetan bizi gara: hiri kulturanitzak honen adibide dira. Aniztasunak alde batetik harreman gatazkatsuagoak ekarriko baditu, bestetik egokitze forma berriak berrasmatzea eskatzen du. Hala ere, homogeneotasunaren ikuspegia indartsuena da, hala teorikoki, nola, batez ere, sozialki. Egokitze programa sendoak garatu dira Québec bezalako gune kulturanitzetan, baina gizarte-erresistentziak oso sendoak dira, etorkinekin bertakoen koesio kulturala eta soziala mehatxupean dagoela uste baita. Jarrera baztertzaileak eta mugak ezartzearen aldekoak ugaldu egin dira eta, zenbait adituren ustez, oso zabaldua dago arrazakeri bigun edo sutila. Eskema honetan, kulturak betetzen du orain lehen arrazak zuen tokia, uste izanik kultura batzuk integraezinak direla. Islamaren eta musulmanen aurkako jarrera kasu. Beste aditu batzuen ustez natibismo era berriak ere agertu dira: spanish edo english only diotenak.

Identitatea galtzearen beldurra gizarteko sektore ugaritan hedatu da eta immigrazioa agenda politikoetako gai garrantzitsuenetakoa bilakatzen ari da, berarekin batera zenbait alderdi xenofobok politikan gero eta presentzia nabarmenagoa dutelarik. Immigrazioaren aspaldiko balorazio instrumental positiboa negatiboa bilakatu da. Immigrazioa, konbatitu ezezik, mugatu, gutxitu edo gestionatu behar den arazo gisa aurkezten da: beti arazo eta kezka modura.