Azkenik, postmodernitateko pentsalarien eta, nolabait, beren burua Ilustrazioko oinordekotzat dutenen arteko polemika aipatu behar dugu ezinbestean. Haien planteamenduaren aurkako lehen gaitzespena eta, aldi berean, aipagarriena Teoria Kritikoaren ordezkari epigonal batek egindakoa da, hots, Jürgen Habermasek; halaber, marxismoko teorialariek ere egin zieten aurka, esate baterako, Frederic Jamesonek.
Habermas modernitatearen babesle sutsuenetako gisa nabarmendu zen hastapenetik; bere ustez postmodernitateko pentsamenduak "arrazoia galtzea" dakar eta arrisku horren aurka agertu zen. Habermasek transzendentea denaren aurrean bazterkeria, gertakizun dena eta nahasmena gehiegi aipatzea arriskutsua dela ohartarazi zuen eta, modernitateari egiten zaion edozein kritikak irrazionalismoarekin eta Ilustrazioko etsaien pentsamendu buruberoarekin antzekotasun kezkagarriak dituela, eta hori politikoki faxismoa litzatekeela. Berez, oraindik abian den modernitatearen proiektua barnetik zulatu nahi du postmodernismoak; horretarako, arrazoia, komunikazioa eta ezberdintasun kulturala finkatzearen bidez demokrazia eta jakinduriarako sarbidea promesten ditu.
Horrenbestez, egile horren ustez, modernitatea amaitu gabeko proiektua da, eta egun dituen akats eta hutsuneak modernitate gehiagorekin baino ezin dira konpondu. Ildo horretatik, arras garrantzitsua da arrazionaltasun instrumentalaren eta arrazionaltasun komunikatiboaren artean egiten duen bereizketa. Arrazionaltasun instrumentalak estatuan gauzatutako sistema edo praktikak irudikatuko lituzke, eraginkortasunaren, errentagarritasunaren eta helburuak betetzearen jarraibideen harira munduan eragiten duten finantza-sistema eta botere-modu ugariak. Arrazionaltasun komunikatiboak, ordea, baterako esperientzia eta subjektuen arteko diskurtsozko elkarrekintza irudikatuko lituzke, enpatia eta sozializazio modu ugariz betetako agertoki bat, hizkuntzaren bitartekaritzarekin eta gizarteratzea eta adostasuna bilatzen dituena. Habermasek arrazionaltasun instrumentalaren eragin jakin batzuei egindako kritika onartu eta baitaratzen du, nahiz eta, funtsean ados dagoen kapitalismo garaikideak irudikatzen duen aurrerabidearen eta modernitatearen ereduarekin. Edozein kasutan ere, arrazionaltasun komunikatiboaren bertuteekiko jarrera irmoa azaltzen du; horrela, elkar ulertzearen, argitasunaren, tolerantziaren eta argudiozko deliberazioaren arauak azpimarratzen ditu behin eta berriz.
Frederic Jamesonek ere postmodernitatea gogor astindu du. Garaiz hasi zen eraso horiekin, izan ere, 1984an saiakera eder bat plazaratu zuen eta bertan irakur daitekeenez, postmodernitatean kapitalismo berantiarraren logika kulturala hauteman daitekeela usten du. Hasiera-hasieratik egiazkoa dena finkatu beharrean, postmodernitatean egiazkotzat edo gezurrezkotzat jotzen diren balio-judizioak ezartzeari ekiten dio, gerora, haien eragin kulturalak elkarlotu eta historiaren traman txertatzeko. Bide horretatik, jakinduriaren eta boterearen arteko diskurtsoak eta harremanak birbanatzeko dinamika bat hautematen du. Diskurtso eta harreman horiek elkar eraginean eta elkar babesean dira, erreferente kultural oro simulazio bilakatzen duen eta gizakia makal eta historiarik gabe uzten duen mugimendu baten barnean. Azalkeria berri bat, erromantizismo gorena "histeria" modura berreskuratzen duen gainazal emozionala eta kulturak teknologiarekiko duen gero eta mendekotasun handiagoa izango lirateke pentsamenduzko korronte horren ardatz ideologikoak, ekonomiaren globalizazio-prozesuaren atzetik doana. Emaitza: jarioan irristatze hutsala, haien hitzetan pastiche diren arte-lanak eta anekdota hutsa, hutsaltasuna eta ezkortasuna adoretzen duten filosofiak lagun.
Jamesonek, bere ustez, postmodernitatean alboratua izan dena berreskuratu nahi du: errealitatea bera. Horretarako, egoera historiko berri horretan erakusgai denera nahiz ezkutatu nahi denera luzatzen du bere begirada anbibalentea. Indibidualismoa nabarmentzearen borondate horren atzean, berez, dagoeneko eskuzabalak izateko eta gure baterako esperientziarekin deus egiteko gaitasunik ez dugula ezkutatuko litzateke. Bestalde, edozein koherentzia ukatzen duen datuen sakabanaketa zoroak eta gertagarri eta berehalako den orok eragiten duen erakarpenak gogoetaren nekea ekarriko lukete, eta mundua osotasun gisa ulertzen saiatzearen nagia. Azkenik, kontakizun handien amaieraren atzean, gizarte-atomizazioa eta mugikortasunik eza orokorra gordeko lirateke, positibo eta saihestezin gisa hautematen direnak.
Azken finean, isolamenduaren eta ignorantziaren apologia harrigarria. Mundua gero eta kontrol gutxiago duten indar ekonomikoen eraginez aldatzen ari den une historiko horretan, pentsamendu kritikoa atzean uztearen ondorioa da Jamesonek aurrez aurre topatzen duen eskandalu handiena.
Postmodernitatea oso fenomeno elektriko eta kontraesankorra da, hainbeste non, asko baitira bere baitan modernitatearekiko ezberdina den edo berantiarragoa den orainaldi bat lekutzen delako ideia ukatzen dutenak. Bertsio horri jarraiki, harako ordezkariak pentsamendu modernoaren epigonoak besterik ez lirateke izango, oso atsekabeturik daudenak edo oso maltzurrak direnak. Gizakiak totaltasunaren berri emateko duen ezgaitasunaren ustea eta komunikazioaren teknologia berriaren eta han-hemen nabari den continuum mediatikoaren eraginez ezgaitasun hori indar handiz areagotzen delako ustea dira batzen dituena. Mundu birtuala ernatu da gurean eta bizitzako arlo guztietan ilusioak eta simulazioak agertzen dira. Egoera horrek, aipatutako susmoa berresten dute, orainaldiari buruzko gogoeta filosofiko orok aintzat hartu behar duena.
Edozein kasutan ere, badirudi irailaren 11ko atentatuaren eta kapitalismo neoliberala astintzen duen krisi sistematikoaren eraginez arazo horiek alde batera utzi direla. Mehatxu sentipen etengabea dago, inor salbu ez dagoelako ustea azaleratu da. Horren ondorioz, sistema ekonomikoaren eta zibilizazioaren biziraupena ziurtatuko duten sortzetiko printzipioak berreskuratzeko eginahala da nagusi. Horrela, badirudi modernitate tradizionaleko balore sendo batzuk indartu egin direla: erantzukizunerako deia, izuaren mehatxuari aurre egiteko segurtasuna edo mendebaldeko baloreen ahobatezko adostasuna, modernotasun betean jarraitzen duen kultura islamikoaren fanatismoari aurre egiteko. Postmodernitateko erronka, disensoaren, patuaren eta ezberdintasunaren alde egitearena, agian, denbora historikoetako joko zalantzagarri eta permisibo gisa hautemango da laster.