Kontzeptua

Postmodernitatea

Zalantzarik gabe modernitatearen ezaugarri nagusia arrazoiarekiko konfiantza da. Arrazoi hori autonomo eta unibertsalista gisa hautematen da, aurreikuspen ororen sostengu izateko gai dena. Arrazoiarekiko konfiantza hori da burujabetzarekin lotutako proiektu ororen zutabe, azken hiru mendeetan aurrerabidearen ideiaren inguruan batu direnak. Aurrerapen morala, zientzia-aurrerapena, gizarte-aurrerapena; hala, gizateriak berdintasun, justizia eta ezagutza maila handiagoetara joko luke beti.

Aurrerabide horrek, ordea, etengabeko ahalegina eskatuko luke, giza energia oro mugiaraztea eskatuko luke. Zalantzarik gabe, helburua bikaina da: Hegel gogora ekarriz, "bere izatearekin adiskidetutako" gizateria bat, esan genezake. Sarritan aurrerabide hori premiarekin nahastu izan da. Eta, denbora guzti horretan, filosofia izan da prozesu handi eta geldiezin horren aliatu, sustatzaile, bozeramaile eta zaindari.

Sineskeria eta obskurantismo oro gainditzeko asmo horrek eta arrazoi autonomoak ematen duen jarrera errezelozko eta kritikoak moral berri bat eta zientzia berri bat bultzatzen dituzte. Ikuspegi baikorrenetik so, modernitatearen espiritu berriak bere "arrazoiaren epaiaren" baitan utziko luke dena. Dena: Jaungoikoaren ideiatik hasi eta aurreiritzi doilorrenera, errutina hutsalenetik hasi eta erritu bikainenera, dena gure kontzientziaren aurrean erabakiko litzateke eta epaia zintzoa izango litzateke. Era berean, garrantzitsua da adieraztea modernitateak arrazionalista eta idealista gisa har daitekeen kontzientzia bat barneratzen duela, subjektua delarik bertan paradigma. Subjektu autonomoa, determinazio orotarik aske dena, mundua bere osotasunean hautemateko gai dena.

Dena den, zerbaitek huts egin zuen erruz. XX. mendeko ankerkeriak, mundu-gerrak, totalitarismo ezberdinak. Auschwitz edota Hiroshima. Demokrazia ikuskizun bilakatu zen, menderakuntza modu berri eta indartsuak agertu ziren eta, jakina, morrontza modu berriak. Aurrerapen politiko eta ekonomikoaren anbiguotasuna azaleratu zen. Planetaren suntsiketa geldiezina.

68ko Maiatzaren espirituaren ostean atsekabeak Europa hartu zuen. Modernitatearen diskurtsoak ahitu egin ziren, oraindik guztiz sendotzeke zeudela. Mundua askatasun handiago batera eraman nahi duen mendebaldeko arrazoi kritikoa, burujabetza eskaini nahi duena, menderakuntza modu berrien konplize gisa ageri zen. Komunikaziozko teknologia berriak agertu eta hedatu ziren, hala, informazioa han-hemen zabaltzen da eta herritarrek jarrera pasiboa hartzen dute, Argien Mendean finkatutako ideal hartatik urrun. Gero eta nabarmenagoa den homogeneotasunaren eta berekoikerien matxinadaren artean sortutako tentsioaren eraginez, kultura topiko eta gatazka hutsalen sorburu bilakatzeko arriskuan zen. Azkenik, merkatua zer kolektibo gisa agertzen zen.

Adieraz dezagun egoera horrek sorrarazi zituen paradoxetako bat, lehenengotarikoa: modernitatearen krisia bere pentsamenduaren barneko logikatik abiatuta gauzatu da apurka. Hala bere baitan ageri diren gehiegikeriei (harrokeria arrazionalista, gehiegizko positibismoa, etab.) dagokienez, nola bertako pentsalari kritikoengan nabari den erradikalizatzeari dagokionez: esate baterako, aurrerapenaren nozioan mitologia berri bat ikusten duten haiena, modernitatea bukatzeke dagoen proiektu gisa hautematen baitute. Guztientzat ere, postmodernitatean bizitzea pentsatzea eragiten duen bulkada berri hori ezinezkoa izango litzateke modernitatea ukazioaren, iraultzaren edo onarpenaren ikur modura ezarri gabe.

Mendebaldean irekitako modernitatearen zikloa itxi ote daitekeen eta benetan postmodernitatean bizi ote garen, hori da modu saihestezinean geratzen den zalantza. Hala suma daiteke hainbat eta hainbat diskurtsotan, atsekaberako joera orokorra eta jarduera politiko ezdeusa suma daitekeen bezala. Horrela, badirudi burujabetzari buruzko kontakizun handiaren krisiak kontakizun txikien prozesio bitxia ekarri duela, gehienak erabat indibidualak, beti eraldatzen ari den mundu baterako gida itxura dutenak. Nola biziraun gehiegizko konfiantzarik gabe eta epe ez luzeegi batean: Autolaguntzaren literatura itzel horren arrakasta ez ote da ari postmodernitatearen tesia babesten? Defizit ukaezinak dituen demokrazia ordezkatzailearen aurrean gero eta gehiago hedatzen ari den gaitzespena eta, aldi berean, partaidetza gehiago eskaintzen duten esparru demokratiko berrien sendotzea ere, aipatutakoaren adibide dira. Hala eta guztiz ere, badirudi hainbeste astindu jasan dituen aurrerapenaren nozio horrek osasun egoera kaskar amaiezina duela. Kapitalismo neoliberala krisi gogorra jasaten ari den arren, oso gutxi dira gutxitze-ekonomia eredu baten alde ageri direnak, eta egiaz, irudi luke inork ez duela atzean geratu nahi erabakiak hartzerakoan. Ziur aski egunero etorkizuna erabakitzen delako sentsazioa oraindik bizirik da gure artean, nahiz eta hautaketa indibidualen eta proiektu eta ekintza kolektiboen arteko lotura inoiz baino ahulagoa dela dirudien.

Hala ere, hemen ez dugu erabakiko gobernuko eliteek edo mendebaldeko gizarteko herritarrek postmodernitatean gauden ala ez uste dugun. Galdera luzatua dago. Ahaleginago apalago bat egingo dugu hemen, pentsalari ezberdinek auzi hori nola eta zein susmopean jorratu duten ikusteko.