Kontzeptua

Postmodernitatea

Hona iritsita, postmodernitateko filosofoek kulturari buruz egiten duten kritika orokorraren barnean, zalaparta gehien eragin duen eta, aldi berean, ugaritasun gehien duen proposamen bat ageri zaigu, cultural studies (kultura-ikerketak) izenez ezagutzen den ikerketa-eremu bat zabaldu duena. Modernitatearen patroi kulturala bera kritikatzea litzateke; arrazari, klaseari, generoari eta etniari dagozkion patroi irmo eta zurrun batzuei jarraiki kultura pribilegiatu eta lekutzen duena, hots, modernitateak berezkotzat duenarekin bat datorren patroia.

Horrela, modernitateko diskurtso askotan Europako kultura ilustratu eta aurreiritzirik gabe hori zibilizazioaren muinarekin identifikatzen da, arrazoiaren aterpearekin eta ontasunarekin, primitibo izendatzen diren herrien basakeriaren edo infantismoaren aurka. Modernitateko pentsamendua industria-iraultzaren ostean mendebaldean izandako gorakada ekonomikoarekin eta horrek eragindako mundu osoko hedapen politikoarekin batera garatzen da historikoki. Kultura modernoa modernitate aurreko kulturaren gainetik balioestea sineskeriatzat jotzen dute pentsalari berri horiek, modernitate aurrekoari dagokionez nahasgarria den sineskeria.

Pentsalari horiek hainbat auzi eztabaidagarri planteatu dituzte, ageriko jo ditugun hierarkietan kultura txertatzeko moduari buruzkoak. Arrazaren, generoaren eta klasearen arteko nahasketari buruzko beste ikuspegi bat plazaratzeaz gain, historia interpretatzeko beste modu bat ere plazaratzen dute: hots, postmodernitateak historia egituratzeko modu berriak onartzen ditu, modernitatean begiratu ere egin ez zena ikustea aldarrikatzeko modu gisa. Modu berrietara zabaltze horretan, etnozentrismoaren eta mendebaldeko kultura zuri eta patriarkalaren aurkako kanpaina batekin gauzatzen da postmodernitatean totaltasunaren aurka abiatzen den gerra. Kultura hori zalantzan jartzen duen heinean, eztabaidaezinezko kanon bat bailitzan, hura hedatu eta barreiatzeko baliagarri diren ezagutza akademikoen aurkako borroka ere abiatzen da eta, era berean, historia edo bilakaera ideologikoaren aurrean erabat egonkorra den tradizio pribilegiatu baten ideiaren aurkako borroka ere abiatzen da.

Erronka horretan, postmodernitateak erdigunearen eta periferiaren arteko bereizkuntza zahar eta beneragarria suntsitzearekin mehatxatzen du. Ezagutzaren eredu hegemonikoetako modua eta edukia gaitzesteaz gain, diziplina arteko ezagutza modu berriak bultzatzen ditu; horretarako, duela oso gutxi arte mendebaldeko kanonaren diskurtso nagusietan irudika ezinak ziren obrak eta auziak ikertzen ditu. Baztertuak eta ahaztutakoak zirikatzen ditu beren munduari zentzua eman diezaieten, haien identitate banako nahiz kolektiboak zehaztu, moldatu edo iraultzeko baliagarri diren hiztegi berriak sortzeko aukera eskaintzen du. Ezberdintasuna tratatzeko postmodernitateko jardunaren barnean historiari buruzko bertsio bat dugu aurrean, mendebaldeko arrazoiaren kontakizun totalizatzaileen ordez kontakizun naroak, tokikoak eta heterogeneoak baitaratzen dituena.

Hain zuzen, irudika daitekeenaren eta ezin daitekeenaren arteko muga horretan ari da gauzatzen postmodernitateko ekintza sinboliko konplexuena. Edozein irudikapeni dagokion legitimazio metafisikoa agerian utzi ostean, barreiatutako irudikapen igarokor ugari ditugu (Derridak esango zukeen moduan), errealitatearekin lotura estrategikoa baino ez dutenak. Horietako zenbait onartuak dira eta, Baudrillarden definizioa erabiliz, hiperrealitate bilakatzen direla esan dezakegu, errealitatea bera ordeztuz. Beste irudikapen batzuek, aldiz, trabak dituzte, debekatuak daude edo baliogabetu egiten dira eta, betiko desagertzeko arriskuan dira. Postmodernitatean filosofiaren zeregina modernitatean lekurik ez zuten munduak jaso, sustatu eta ikustaraztea ere bada, inolako zalantzarik gabe.