Kontzeptua

Postmodernitatea

1979an Jean-François Lyotard filosofoak La condition postmoderne argitaratu zuen, modu horretan, modernitatea ahituta edota gaindituta ote dagoenari buruzko eztabaida ireki zen. Kazetariak, historialariak, politikarik, arte-komisarioak eta publizistak polemika horretara batu ziren bata bestearen atzetik. Gizarte modernoan ematen diren aldaketek modernitate-proiektuaren zilegitasuna bera kaltetzen dutela, hori da liburuaren ideia nagusia.

Lyotard urte askotan Socialisme ou Barbarie taldeko kide izen zen, 1949an Cornelius Castoriadisek sortutako dogmaren aurkako talde ezker iraultzailea. Marxismoaren desintegrazioa desintegrazio sakonago baten sintoma gisa interpretatu zuen, Ilustrazioko idealengan nabari zena erremediorik gabe. Etorkizuna zinikoa eta azalekoa izango litzateke azken buruan, eta zentzurik gabea: hori ikusteko aski zen kalera ateratzearekin. Ildo horretatik, giza esperientzia kokatzeko koordenatu berriei buruz egin zuen balioespenak dolua ageri zuen.

Lyotarden arabera, arrazoi autonomoa eta osoa hausteak grands récits delakoak alde batera uztea dakar, hots, asmo unibertsalistak zituzten narrazio handiak alboratu eta petites histoires direlakoak berreskuratzea. Diskurtso baten, adostasun baten, istorio baten ideiarekiko fedea galdu bada, postmodernitatearen espiritu berriak nahimen, diskurtso eta narrazio arloetan pluraltasuna aldarrika dezake bederen. Narrazio berri horiek uko egiten diote teleologia orori eta haien berezitasun eta izaera iragankorraz jabetzen dira.

Aurrera jarraitu aurretik, aipa dezagun funtsik gabe geratzen diren metakontakizun horiek ez direla berez mito. Berez, instituzioak eta praktika sozialak, legedi ezberdinak eta etikatzat ulertzen duguna zilegitzea da horien helburua. Baina ez dute fundazio ekitaldi original baten bidezko legitimazioa bilatzen, historiaren denboratik at dagoena, aitzitik lortzeke dagoen etorkizun baten barnean lortu nahi dute legitimazioa, gauzatzeke dagoen ideia batean, eta horretan dira ezberdin mitoekin alderatuta. Justizia, berdintasuna, gizakiaren burujabetza: hori dela eta, adierazi dugun moduan, modernitatea proiektu gisa hartu behar da.

Ezinbestekoa da behin eta berriz paradoxa hori aipatzea. Modernitateko oinarriak deslegitimatzeko prozesua ezin da modernitatearen nabarmentzen den kritika egitearekin eta ezagutarazteko lanarekin lotu. Modernitatea bere endekapena eta ez betetzea ezkutatzen duen kontu mitologiko bilakatzea salatu egiten da ausart postmodernitatearen pentsamenduan, zeinak, modu horretan, moderno izendatu dugun espiritua baitaratzen duen. Hala ere, mesfidantza hori, etorkizunarekiko federik eza eta edozein baieztapeni ematen dion behin-behinekotasuna dira irizpide berri horien ezaugarriak.

Horrenbestez, zehatz-mehatz postmodernoa dena Ilustrazioko aldebakarreko arrazionalismoa ikur eta zati joko batean desegitea litzateke, horietako bakoitza arrazionaltasun patroi ugariren baitan egonik. Badira aitzindari bikainak: Zalantzarik gabe Nietzsche aipatu behar da hemen. Dena den, Michel de Montaigne edo Greziako sofistak ere ezin dira aipatzeke utzi. Zentzumenen bikoiztasuna, jakinduriaren zatiketa, erreferentzien sakabanaketa,...Postmodernitate berrian aurrekoarekin apurtzeko borondatea nabari da, etenekiko eta hausturekiko obsesio epistemologikoa, eta gutxiengo politiko, etniko eta sexualekiko konpromiso ideologikoa dagokio.

Postmodernitateak borroka politiko txiki baten aldeko apustua egiten du. Mundua botere norgehiagoka joko itogarri bilakatu delarik eta mendebaldeko arrazoiaren joera kritikoa agerian geratu delarik, erresistentzia txikiak barreiatzea eta giza esperientzia berrantolatzeko espazio berriak sortzea besterik ez da geratzen. Urritasun orokor horren zurrunbiloan, oraindik zilegi da alboratuen ahotsak entzutea, historiak baztertu dituenak, bazterretan bizi direnak. Lyotarden arabera, arrazoi kritikoarekiko konpromiso moderno txalogarriak, lelokeriari eta oinazeari aurre egin eta gainditzeko gizakien eginahal eta gaitasunak, orain forma kontingenteak ditu, ugariak, egiaren irizpiderik gabeak.

Ildo horretatik, azpimarragarria da disenso delakoa aldarrikatu zuela, Jürgen Habermasek azaldutako argumentuzko adostasunaren ideiari aurre eginez, modernitatearen ohiko oinordekotzat jotzen dena. Lyotard mesfidati agertu zen adostasun horrekin, hainbat arrazoi direla medio: lehenik eta behin, iritzi eta ikuspegi anitzak sailkatzeko eta kontrolatzeko joeragatik, modu horretan, gainerako guztia bezalaxe kontsumorako objektu sinple bilakatzen baitira. Bigarrenik, argudiatzea eta gehiengoaren jokoa baliatuta jakinduria legitimatzeko Ilustrazioko ideiarekiko mendekotasunagatik, hasiera-hasieratik baldintzatuta baitago. Lyotarden ustez ez dago jakinduriaren inolako legitimaziorik; maltzurkeria, inposaketa, ahanztura, diskurtso-estrategiak eta manipulazio handia besterik ez dago.

Hala, Lyotard disensoaren alde agertu zen pluraltasunean bizirauteko berme bakar modura. Postmodernitatean boteretik bultzatutako gezurrezko adostasunak ageri dira eta, horren aurrean, giza esperientzia ikaragarriren baten ezberdintasuna, hedapena eta defentsa aitortu dadila aldarrikatzea besterik ez da geratzen.

Egoera berria korapilatsua da, ez soilik ikuspegi historikoa aintzat hartuta, postmodernitatean ohikoa den bere baitan babesteko joera horrek ere egoera nahastea dakar. Periodikotasun klasikoan edo aro modernoan ez bezala, postmodernitatean orainaldia da bizigai, eta hartatik kanpo ez da ezer hautematen: etorkizuna neurtu ezinezko mamua da eta iragana nostalgiaz edo parodia egiteko asmoz baino ezin da aipatu. Orainaldi hori espazio historiko uniforme eta desegituratua da eta, zentzuren bat ezartzeko baliagarri izan zitezkeen koordenadak dagoeneko galdu egin dira.

Kontakizun handi guztien, diskurtso guztien eta helburu guztien suntsiketa sistematikoki egin zuten Lyotard eta postmodernitateko gainerako pentsalariek. Baina irmotasun handiz salatzen duten mendebaldeko arrazoia ere sistematikoa da. Berriro ere paradoxa bidelagun: Kontakizun handien helburua ez al da munduan izateko dugun modua banatu, zedarritu eta koherentzia ematen dion kontakizun handia?