Kontzeptua

Postmodernitatea

Agian identitateen arazoari emandako ikuspegi hori da, berezko historian ezegonkortasun politiko handia ageri duen lurralde batean, Euskal Herrian, eragin handiena izan duena: Euskal Herriak hiru administrazio modu ditu, Europako bi estatutan barneratzen direnak, hala, kidetasun sentimendu handi baten eta desagertzeko arriskuaren arteko gatazka betean bizi da lurraldea. Politikoki horren zatituta dagoen eta irudi sinboliko horren ezberdinak, aurkakoak, dituen lurralde horretan postmodernitateko diskurtsoa anbibalentea da.

Alde batetik, nazionalismoko identitatezko dimentsio baztertzaile eta, aldi berean, heroikoenak ahuldu egiten ditu, nazioak ustez duen izaera objektiboa eta jomuga kolektiboaren ideia bera desmitifikatuz. Horren ondorioz nazioa aldarrikatzeko diskurtsoek pragmatismoaren eta esperientzia subjektiboaren bidea hartu dute, baina ez dira desagertu, izan ere, ikusi dugun moduan, postmodernismoa partikularra berrestea eta homogeneotasun kultural oro ukatzea ere bada.

Identitate nazional indartsuak apaltzean, postmodernitatean beste gu batzuk eraikitzeko eskubidea aldarrikatzen da, ezberdin sentitu eta bizitzeko eskubidea, nahiz eta ezberdin horiek gutxi izan eta sakabanaturik egon. Estatu zentralizatuen eta uniformetasun kulturaren mehatxuaren aurrez aurre jarritako ezberdintasuna eta partikularra berrestearen eraginez, nazionalismoaren barneko hainbat eztabaida aldatu egin dira eta esparru berri bat sortu da, identitateari buruzko gatazka ezberdinak ebazteko egokia. Ildo horretatik, irudi luke postmodernitateak bi ondorio, oso ezberdin, uzten dituela: alde batetik, gatazka sortzea eta edozein aldarrikapen kolektibo krisian jartzea eragiten zuten paradigma zaharrak gainditzeko ahalegina. Azkenik baketsua litzatekeen bizitzaren kontakizun txikia, eraikuntza nazionalaren kontakizun handiaren aurka. Beste alde batetik, ordea, postmodernitatean, batez ere Euskal Herrian, nazioaren betiereko balore izenda genitzakeenak goratzera horrenbeste bideratzen ez diren diskurtsoak sortzea bultzatzen da; aitzitik, politikoki operatiboak izango diren kohesio sozialak erdiestera bideratzen dira diskurtso horiek. Ezker abertzaleak bazterkeriaren aurka egiten dituen borroka ezberdinak, izaera lagunkoia, ekologista eta feminista duten aldarrikapenak artikulatzeko ahalegina eta esparru erabakitzaile berrien eskaria ez dira, inondik ere, postmodernitateko jarduera politikotik kanpoko esku-hartzeak.