Komunikazioaren eta teknologia berrien arloan ere aldaketak oso azkar gertatu dira. Guy Debord idazleak La sociedad del espectáculo liburua argitaratu zuen 1967an. Liburu profetikoa erabat, izan ere, idazleak bertan errealitatea ilusio mediatiko etengabe batean murgilduko zela iragarri zuen eta, iragarpen horiek berretsi egin dira eta, are, aurreikuspen guztiak gainditu dira. Egunerokotasuna mezu amaigabez betetzen da, aspertu arte errepikatzen direnak. Gainera, egia eta faltsua dena bereizteko eta, are, adierazgarria dena eta erabat hutsala dena bereizteko ezgaitasuna ageri da. Egoera horren aurrean, postmodernitateko esperientzia agerikoena osatzen da.
Halaber, azken berrogei urteotan zientziaren garapena eta hark gizarteen barnean duen estatusa ere hankaz gora jarri dira. Mendebaldeko tradizio filosofikoari jarraiki, gizakiak egia bilatzeko joera zuen. Aiher hori ukiezin mantentzen zen zientzia modernoaren barnean, egia zen jomuga. Gizarte garaikide honetan, ordea, egiaren kontzeptua desegin egin da. Horren ondorioz, jakinduria soilik erabilpena ematen zionean da zilegi, hori dela eta, teknikaren garaia iritsi da. Aldez aurretik Michel Foucaultek deskribatutako eta Horkheimerrek "arrazoiaren paranoia" gisa salatutako sistema ekonomikoaren, performatibitatearen eta egiaren arteko harreman berri eta harrigarria: baliabide ekonomiko eta eragin gehien dituen hark egiarako sarbide pribilegiatua izateaz gain, egia izango dena eta izango ez dena erabakitzeko aukera ere badu. Horrenbestez, egiatzat jotzen den edozein diskurtsoren aurrean agertzen den mesfidantza orokorra da postmodernitatearen beste esperientzia ohiko eta anbiguo bat.
Jokoan den guztia ulertu ahal izateko, lehenik eta behin baliagarri izango da sinesmen eta balore horien eremuan ageri diren ezaugarri zehaztuenei erreparatzea, itxura batean, ahaztuta ditugunak. Orobat, begirada hori baliagarri izango da postmodernitateari buruzko bigarren adiera doitzeko. Hura postmodernitatearen barnean diren sinesmen kolektiboen sistemei, eta hari lotutako jarrera eta portaerei buruzkoa da.