Kontzeptua

Postmodernitatea

Beste filosofo frantziar batek, Jean Baudrillardek, gizarte garaikideko analisten artean arrakasta izan zuen beste kontzeptu bat zedarritu zuen: hiperrealitatearen kontzeptua. Hiperrealitateari jarraiki kopiatutako mundu batek ordezkatu du bizi garen mundua eta, lehenengoa errealitatea bera baino errealagoa da. Baudrillarden iritziz, errealitatearekin kontaktu oro galtzea eta simulazioz egituratutako mundu batean bizitzea postmodernitateko esperientzia gorena da.

Ezinezkoa da hiperrealitatea existitzen den ala ez esatea zehaztasun osoz. Badakigu postmodernitatearekin batera egia sailkatzeko kategoria zaharrak pikutara bidaliak izan direla. Gainjarritako ikur eta erreferentziaz betetako mundu batean kontzientziak jasotzen duen informazioa deskribatzeko modu bat besterik ez da. Mundu horrek errealitatearekin zuen lotura oro galdu du. Gure hirietan bizi garelarik, gertuago ditugu Las Vegas edo Disney World Ilustrazioan promestutako herritarraren esperientzia baino.

Baudrillardek, gizarte garaikideari buruzko kronikari zorrotza izaki, ez du zirrikiturik uzten itxaropenarentzat. Gure asebetetze eta zoriontasun denak hiperrealitatea du akuilu eta zeharkatu ezinezko oztopo, errealitatea baino gehiago. Badirudi informatikarekin lotutako teknologia berrien agerpenak, komunikaziozko sare mota guztiekiko dugun mendekotasun gero eta handiagoak eta "mundu birtuala" baitaratzeko gure naturaltasunak arrazoia ematen diela. Gauza bat argi dago: publizitate birtuala, reality showak, gizarte-sareak, webcam bidezko sexua, unibertso mediatiko berri eta intersubjektiboak errealitatea hitz-jario aluzinagarri baterantz eramaten duela gero eta gehiago.

Errealitatea desagertu egin dela eta haren ordez ikurrak, normalizazio-rolak eta bikoiztasun sinbolikoak ugaritzen direla, metafisika negatibo baterantz eramaten gaituztenak. Hori da Baudrillarden aztergai nagusia, hainbat eta hainbat saiakeratan buru-argitasun obsesibo batez jorratzen duena. Ez dago ihesbiderik: modernitate-proiektua bertan behera geratu da eta gizakien indarkeriak mundua eraldatu du, haiek irudikapenen trama etengabe batean murgildu direlarik. Egoera horretan, esan, adierazi edo senti daitekeen oro simulazio bat besterik ez da. Baina simulazio horren atzean dagoeneko ez da egiarik gordetzen, azaleratu egin behar den haraindiko egiarik. Simulazioa berez egiazkoa da.

Baudrillard haratago doa eta neoliberalismoaren garaipenaren ondotik sortutako kapitalismo eredu berria aztertu zuen. Aro modernoan modernitatearen eta aurrerabidearen bermea ziren estatu zaharrak desagertzen ari dira eta haien ordez kapital-fluxua ageri da, muga nazionalak eta erantzukizun publikoak ezagutzen ez dituena. Dagoeneko ez gaude hazkuntzaren paradigman murgildurik; aitzitik, Bataillek hitzez hitz esan zuen moduan, eskreszentziaren paradigman. Ugaritasunaren gizartean bizi gara, helburuak neurtu gabe hazi eta hazi besterik egiten ez den gizartean. Eskreszentzia modu kontrolaezinean garatzen dena da, berezko izaera errespetatu ere egin gabe, kausak desagertzean eraginak biderkatzen dituena. Egile horren esanetan, historian aurretik sekula gertatu gabea da hori eta erailketa izurrite batekin edo minbizia eragiten duen metastasi batekin aldera daiteke.

Hortaz, Baudrillardek mundua betetzen duten mezu samalden zirkulazio horri begiratzen dio atsekabez: hainbeste memoria, hainbeste artxibo, hainbeste iragarki, hainbeste plan, hainbeste programa gertaera bakar bat ere sorrarazten ez dutenak. Gure gabezia guztiak hor daude oraindik, irmo, adierazkaitz, azalpena behar duen saturaziozko panorama horretan. Izan ere, gizakiak dagoeneko ez dezake erabili edo xahutu pilatzen zaion hiperrealitate guztia: zorionez, dio Baudrillardek, zeren eta xurgatzen dugun guztiaren zati ñimiño bat aski dugu etengabeko elektroshock egoeran barneratzeko.

Baudrillarden ondorioa ezin daiteke etsigarriagoa izan. Modernitatean natura gailenduko genuela promesten zen baina garaipen hori oso urria da: subjektuaren apoteosiak behin betikoz deserrotu gaitu. Horrenbestez, Baudrillarden iritziz "subjektuaren heriotza" iritsi da: barnetasun oro galduta, erakusgai eta garden ageri da ia eragozpenik gabe hura etengabe zeharkatzen duen unibertsoarentzat.