Kontzeptua

Nazionalismoa

Bi joera daude euskal abertzaletasunaren jatorria eta ibilbidea aztertzeko orduan. Batak abertzaletasuna Sabino Aranak 1893an hasitako mugimendu politikoarekin lotzen du. Datozen lerroetan, aitzitik, atzerago bilatuko ditugu abertzaletasunaren erroak, Espainiak eta Frantziak bizi izandako bateratze-prozesuetan eta prozesu horri euskal lurraldeek emandako erantzunetan, hain zuzen. Izan ere, mugaren bi aldeetako euskaldunek jakin dute beren autonomiaren lerro nagusiak (foruak) gordetzen; inguruko beste lurraldeek, ordea, galdu egin zituzten. Erakunde propioak edukitzeak eta hizkuntzaren izaera bereziak literatura zabala bultzatu zuten XVI. mendetik aurrera, euskaldunen izaera berezia azaltzeko. Gero eta nabarmenagoak zirenez eraldaketa ekonomikoak, eta gero eta ugariagoak eta indartsuagoak foruen aurkako erasoak, euskal agintarien eta jakintsuen erantzunak ere trinkotu egin ziren; halaber, indartu egin ziren euskal lurraldeen arteko harreman instituzionalak -ordura arte nahiko ahulak- eta zabaldu egin zen nazio izenaren erabilera, Europan gertatzen ari zen moduan; beti ere, estatuaren batasuna zalantzan jarri gabe, Bidasoako alde bakoitzak berea. Frantziako iraultzak gailurrera eraman zituen aurreko tentsioak, Iparraldeko hiru herrialdeek beren autonomiaren azken arrastoak galdu baitzituzten. Iraultzaren ondorioz piztutako gerran, Konbentzioko gerran, frantziarrek Gipuzkoa okupatu zuten eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek euskal lurraldeak batzea proposatu zuten, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga gisa eta Frantziaren kontrolpean. Nahiz eta gipuzkoar gehienek Espainiako erregearekiko leialtasunari eutsi, proposamenak nabarmen utzi zuen zenbait lagunen leialtasun politiko mugatua. Asmo hura ez zen gauzatu; dena den, urte batzuk geroxeago, Garat politikari lapurtarrak Napoleoni ideia bera aurkeztu zion. Baionan Napoleonek onartutako konstituzioak ez zuen argitu zein izango zen foruen tokia Espainiako egitura berrian; nahiz eta goraipatu, gauza bera gertatu zen Espainiako liberalek Cadizen onartutako konstituzioan. Biek ala biek, ez zituzten foruak aipatzen sortu beharreko egitura politiko berrietan. Absolutismoaren itzulerak, 1814an, berriro jarri zuen indarrean euskal legeria zaharra, baina denbora gutxirako izan zen.

Atsedenaldi laburraren ostean, Fernando VII.aren heriotzak eraso berria ekarri zuen: Lehen Karlistada. Batetik, arazo monarkikoa eta, bestetik, katolikotasunaren eta liberalismoaren arteko lehia izan arren borrokaren berezko arrazoiak, azken faktore horrek eta foruen aldeko defentsak Euskal Herrian zuten eraginak euskaldunen eta espainolen arteko gatazka bihurtu zuten berez gerra zibila zena, euskaldun askok liberalen alde borrokatu zutelako, nolabait. Orduan entzun ziren Agustin Xaho zuberotarraren eskutik euskal nazioaren aldeko deiadar berriak, sasoi hartan oihartzun handirik gabe. Karlisten porrotak nahaspilatu egin zuen egoera: mendebaldeko hiru lurraldeetako aldundiek foruen etorkizuna negoziatzeari uko egin zioten; aldundi nafarrak, aldiz, negoziazio bereziari heldu zion 1841. urtean, eta berezko bidea urratu zen foru-sistemaren birmoldaketan. Orokorrean, lau herrialdeek eutsi zieten zenbait eskumeni, hala nola Batzar Nagusiek zergak jasotzeari, Zuzenbide Zibil propioa izateari eta ekialdekoek soldaduskarik ez egiteari, baina kostalderaino eraman zituzten aduanak. Porrot honek indartu egin zuen euskal sentimendua, baina beti ere Espainiako batasunaren barruan. Diputazioak eta hainbat idazle eta pentsalari izan ziren sentimendu horien bultzatzaile eta sostengatzaile. Bigarren Karlistada amaitu ondorengo krisi politikoan (1876tik aurrera) sendotu egin ziren foruen defentsa eta foru-erakundeak babestearren euskal lurraldeetan erabiltzen zituzten ohiko argudioak. Diskurtso politiko ugaritan errotu zen foruak berreskuratzearen aldeko aldarrikapena, sozialisten kasuan izan ezik. Garai berean nabarmendu zen euskararen galeraren aurkako protesta, Arrese-Beitia poetaren eta Arturo Campión historialariaren eskutik, esate baterako. Euskal lurraldeen jatorrizko independentzia baieztatzen zen erabilitako argudioen azpian. Diskurtso horiek eta euskal erakundeen aldeko defentsak arrazoi aurrenazionalistak sortzen lagundu zuten.

Bilakaera horrek, nolabaiteko agonia-sentimenduak, industrializazio azkarrak eta bat-bateko inmigrazio handiak (Bizkaiko gizartean, bereziki) sorrarazitako krisi kulturalak eta sozialak ekarri zuten lehen formulazio nazionalista, Sabino Aranaren eskutik. Ez ziren berriak Aranaren diskurtsoaren atal gehienak, aurreko eta bere garaiko hainbat idazlek eta pentsalarik azaldutakoak ziren, baina Arana izan zen lehena Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko ezberdintasun kulturalei eta sozialei ondorio politikoa ateratzen. Euskaldunek nazio bat osatzen zuten eta, ondorioz, ez ziren espainiarrak. Apurketa hori nabarmentze aldera, Aranak izen berria eman zion Euskal Herriari, Euzkadi, eta izen berria bertako biztanleei, euzkotarrak, euskaldun terminoak hizkuntzarekiko zuen lotura estua saihestu nahian. Euzkotarra izateko modu bakarra zegoen: euskal arrazakoa izatea, euskara jakin ala ez. Hortik dator, besteak beste, lehen abertzaletasunak Espainiatik heldutako emigranteei erakutsitako ezinikusia. Aberri hitza ere asmatu zuen gaztelaniako patria-ren pareko. "Euzkotarren aberria Euzkadi da" esaldian laburbiltzen zen Aranaren ekarpen nagusia. Baieztapen horrek, karlista eta integristekin bat egin ezin zuten euskaldunei alternatiba berria eman zien. "Jaungoikoa eta Lagi zarrak" leloan taxutu zituen Aranak bere helburu politikoak. Jaungoikoa hitzak erlijio katolikoaren oinarriei zien leialtasun itsua eta liberalismoari zion iguina adierazi nahi zituen. Bigarren zatiak, Lagi zarrak, euskal legeen eta erakundeen nortasun propioa azpimarratu nahi zuen, eta alde batera utzita geratzen zen foru hitza; izan ere, Espainiarekin historian zehar egindako itunak ekartzen zizkioten gogora foruek. Sabino Aranaren ustean, hegoaldeko euskal lurraldeak -bakoitza bere aldetik- independenteak izan ziren 1839ra arte, eta egoera hori berreskuratzea izan behar zen abertzaleen lan nagusia. Baina, horrekin batera, ezinbestekoa zen euskal ohiturak eta sena berreskuratzea, eta horrek gizarte modernoak eta espainolak ekarritako berrikuntza ugari baztertzea edo garbitzea eskatzen zuen. Ikuspuntu horren arabera, mugimendu politikoa izateaz gain, mugimendu soziala ere bazen abertzaletasuna. Arrazan, hizkuntzan, historian, legeetan eta ohituretan oinarritzen zen lehen jeltzaleen euskal nazioa.

1893an hasi zuen bere ibilbide politikoa Sabino Aranak. Hasierako urteetan, diskurtsoaren gogortasunak egin zuen ezagun, maketoen eta espainolen aurkako hitzek bat egin zuten industrializazioaren aurkakoekin. 1894an sortu zuen Euzkeldun Batzokija, eta urtebete geroago Euzko Alderdi Jeltzalea. Garai hartako errepresioak eta oihartzun mugatuak apaldu egin zuten haren diskurtsoa eta praktika politikoa, eta autonomia onartu zuen; eta abertzale moderatuekin egin zuen bat, Euskalduna aldizkariaren inguruan bildutako Ramon Sotaren jarraitzaileekin, alegia. Espainiako azken kolonien galerak, 1898an, indartu egin zuen espainiarzaletasuna, eta Aranak -gaixorik eta preso- bere alderdiak independentzia-asmoak alde batera utzi eta Espainiako batasuna onartuko zuela iragarri zuen. Baina ez zen gauzatu iragarritako bilakaera, eta handik gutxira, 1903an, hil egin zen. Buruzagiaren heriotza goiztiarra gorabehera (38 urte baino ez zituen), etorkizun oparoa izan zuten haren ideiek eta hark sortutako alderdiak.

Dena den, EAJren egitura finkatzeko eta alderdiaren helburu nagusiak zehazteko eztabaidaz betetako urteak izan ziren XX. mendeko hasierakoak. Azkenean, 1906an, EAJren Batzar Nagusiak alderdiaren asmoa foruak berreskuratzea zela erabaki zuen, nahiz eta alderdiko kide batzuek, berreskuratze hori independentzia moduan ulertu, eta beste batzuek, aldiz, Espainia barruko autonomia moduan. Une horretatik aurrera, EAJren eragin-eremua zabaltzen hasi zen, Bizkaian hasieran, Gipuzkoara ondoren eta Arabara eta Nafarroara geroago, azken bi lurraldeetan eragina txikiagoa izan bazen ere. 1917. urtean Bizkaiko Aldundiko gehiengoa lortu zuten jeltzaleek eta autonomiaren aldeko kanpaina indartsu bati ekin zioten. Nagusitasun horren eraginez, elkartu egin ziren sozialistak eta eskuineko taldeak, eta bi urte geroago, 1919an, amaitu egin zen jeltzaleen hegemonia. Nolabaiteko porrot horrek barne-liskarrak indartu zituen. Estrategian zetzan sortutako eztabaida nagusien mamia; hau da, zer-nolako bidea hautatu foruen itzulera lortzeko edota zein zen itzulera horren esanahia, estatu berria sortzea edo Espainia barruan jarraitzea. Tirabira horien eta beste batzuen ondorioz, apurtu egin zen EAJ 1921ean, eta bi alderdi sortu ziren: Jel Batza (Comunión Nacionalista Vasca) eta Euzko Alderdi Jeltzalia (Partido Nacionalista Vasco, Aberri ezizenaz ezagunagoa). Bilbon eta Barakaldon EAJ zen nagusi, baina hortik kanpo Jel Batza. Bi alderdiak batzeko zenbait saio egin ziren, baina Primo de Riveraren diktadurak bertan behera utzi zituen. Militar horrek, gainera, legez kanpo utzi zuen EAJ, talde separatista zelako. Diktadura amaitu eta urte horretan bertan, 1930ean, batu ziren berriro bi alderdiak.

EAJ berria izan zen Errepublika garaiko euskal alderdirik indartsuena, bai hauteskundeetan, bereziki 1933 eta 1936koetan, bai antolaketari eta mobilizazio-gaitasunari zegokienez ere. Garaiko beste alderdi handien antzera, alderdi-komunitatea osatu zuten jeltzaleek eta gizarte-bizitzaren esparru guztietara heltzeko ahalegina bultzatu zuten. Batzokiek, prentsak, gazte-, kirol- eta kultura- erakundeek osatu zuten jeltzaleen ingurua eta eredu horrek ugaritu egin zituen mugimendu horretan parte hartzeko aukerak. Autonomiaren inguruko eztabaidek ere EAJren zentralitatea erakutsi zuten, baina baita bere ahultasuna ere, ez baitzen gai, bera bakarrik, estatutua lortzeko. Ahuldade horrek beharturik aritu ziren harremanetan aurrena eskuineko indarrekin eta, ondoren, ezkerrekoekin. Errepublikako urteetan, era ageriagoan plazaratu zen euskal nazionalismoaren aniztasuna. Batetik, Elias Gallastegi eta Jagi-Jagi taldeak nazionalismoak independentzia eskatu behar zuela uste zuten eta, tirabira askoren ostean, EAJrekin hautsi zuten 1934 inguruan. Bestetik, 1930ean bertan beste alderdi nazionalista bat sortu zen: Euzko Abertzale Ekintza (Acción Nacionalista Vasca). Hiru ziren alderdi berriaren ezaugarri nagusiak. Nabarmenena une hartan, erlijioarekiko apurketa zen, EAEko kideek ez baitzuten uste abertzalea izateko sinestuna izatea beharrezkoa zenik, nahiz eta beraiek katolikoak izan. Bigarrena, nazionalismoa eta liberalismoa uztartzea, ordura arte biak elkarren etsai baitziren Euskal Herrian. Azkena, Espainiako ezkerreko beste alderdiekin itunak egiteko prest egotea Euskal Herriaren nortasunaren onerako baldin bazen; ildo honetan, autonomista eta estatutuaren aldekoa zen EAE. Baina Errepublikako urteen ondoren, 1936ko ekainean, aldatu egin zuten programa: askoz ere ezkertiarragoa (ez marxista) eta independentistagoa zen, nahiz eta estatutuaren aldeko jarrerari eutsi. Gerraren hasierak ez zuen lekurik utzi joera berriak indarrik izango zuen ala ez azaltzeko.

Abertzaletasunaren helburuak gauzatzeko aukera moduan ikusi zuten hainbatek Gerra Zibila, baina frankisten garaipenak zapuztu zituen asmo horiek. Agirre lehendakariak Euzko Jaurlaritzaren buruzagitzari eutsi zion 1960an hil arte, eta izugarrizko ospea jaso zuen euskaldun askoren artean. EAJk, bere aldetik, beste alderdiek eta erakundeek baino gaitasun handiagoa erakutsi zuen oinarrizko sarea mantentzeko, baina erbestera jo zuten kideak, bereziki, Europako kristau-demokraziaren ereduetara egokitu ziren arren, ez zen aldatu zuten nazio-ikuspegia. Bigarren Mundu Gerra ostean baikortasun-giroa bizi bazuten ere, estatubatuarrek Francori emandako laguntzak eta euskal gizartean gertatzen ari ziren aldaketa ekonomiko, sozial eta kulturalek agerian utzi zituzten jeltzaleen estrategiaren mugak.

Frankismoaren garaian, hain zuzen, gertatu zen euskal nazionalismoaren barneko apurketa sakonena: 1950eko hamarkadan belaunaldi berria integratu zen euskal politikaren munduan; 1959an sortu zen ETA eta horren inguruan antolatu zen ezker abertzalea. ETAk nazionalismoaren eredu berria ekarri zuen. Etniaren kontzeptuan eta, batez ere, hizkuntzan oinarritu zuen euskal nazioa. Handik gutxira, eta barne-eztabaida sutsuen ondoren, marxismoaren eraginez, langileria bilakatu zen ETArentzat Euskal Herriko askatasuna lortzeko egin beharreko borrokaren aitzindari. 1966tik aurrera, ETAk bere burua askatasun nazionalaren aldeko mugimendu iraultzaile sozialistatzat aurkeztu zuen. Hirugarren Munduko herrien askapen-prozesuen ereduei jarraituz eta frankismoak bestelako edozein bitarteko ukatzen zuelako, ETAK borroka armatuaren aldeko hautua egin zuen, nahiz eta garai hartan masa-mugimenduekin elkartzen saiatu. EAJren kasuaren antzera, nahiz eta arrazoiak oso desberdinak izan, hainbat erakunde sortu ziren ETAren inguruan edo bere barnetik, eta bakoitzak bere ezaugarri bereziak zituen. ETA (militarra) eta ETA (Politikomilitarra) izan ziren garrantzitsuenak. Klandestinitateko komunikazio-falta, errepresio garaiko, lantokietako eta eguneroko bizitzako esperientziek eta Mendebaldeko Europan muturreko ezkerrean gertatzen ari ziren zatiketek eragin zuzena izan zuten ezkerreko abertzaleen arteko zatiketetan.

Franko hil ostean, aurreko garaietan ez bezala, indar handia erakutsi zuen euskal nazionalismoak Hegoaldeko lau herrialdeetan -txikiagoa Nafarroan-, baina frankismoaren azken urteetan finkatu ziren mugimenduaren lerro nagusiak. Nazionalismoaren bi ereduen (tradizionala, EAJren ingurukoa, eta iraultzailea, ETA(M) eta HBren ingurukoa) arteko polarizaziotik irteten saiatu diren alderdi eta erakundeek porrot egin dute (ESEI, ESB) eta bi ereduok aldatzen saiatu direnak bigarren mailan ibili dira (EE, Alderdi Sozialistarekin bat egin arte, eta EA). EAJren kasuan, diktadura ondorengo bere lehen Batzar Nagusia Iruñean bildu zen 1977an, eta bertan eguneratu zen berariaz alderdiaren prentsamendua. EAJk alderdi abertzale, demokratiko eta akonfesionaltzat azaldu zuen bere burua eta, ordura arte ez bezala, alde batera utzi zuen Euskal Herrian eta kanpoan jaiotakoen arteko bereizketa. 1979tik aurrera, urte gehienetan, EAEko erakunde nagusienak EAJren esku egon dira eta botereguneetatik herrialdearen eraldaketa politikoa eta ekonomikoa zuzentzen saiatu da. Dena den, egoera horrek eta nagusitasuna lortzeko hartutako morrontzek alderdia bera aldarazi zuten, bai eta barne-zatiketara eraman ere. 1985ean, Karlos Garaikoetxeak lehendakaritza utzi zuen eta, hurrengo urtean, Eusko Alkartasuna alderdia sortu zuen. Abertzaletasun zorrotzagoa, euskal lurraldeen arteko harreman estuagoa eta sozialdemokraziatik hurbilago zeuden proposamenak aldarrikatu zituen talde berriak. EAJk, bere aldetik, alderdiaren egitura birmoldatu zuen Zestoako batzarrean, eta erakundeen kudeaketara zuzendu zen, PSOErekin batera. Hasierako urteetako norgehiagokaren ondoren, galdutako indarra berreskuratu zuten jeltzaleek, eta EAren ordezkaritza murriztu egin zen.

Indarkeriaren inguruko eztabaidak eta egoera politiko berrira egokitzeak markatu zuten Herri Batasunaren ibilbidea 1978an sortu zenetik eta, batez ere, 1980ko hamarkadaren bukaeratik aurrera, indarkeriaren ezintasuna eta bidegabekeria agerian geratu zirenetik, hain zuzen. Aljerreko negoziazioen porrotaren ostean, ETAk ikusmiran jarri zituen PPko eta PSOEko euskal politikoak, eta jarrera horrek gogortu egin zuen Espainiako gobernuaren erantzuna. Miguel Angel Blancoren hilketaren (1996) ondoren, Mahai Nazionala atxilotu zuten 1997ko otsailean, ETArekin lankidetzan aritu izana leporatuta. Zuzendaritza berriarekin, Alternatiba Demokratikoarekin bidetik, eraldatze-prozesua bizi izan zuen koalizioak, barne-eztabaidan murgilduta, Espainiako agintarien jazarpena gertatzen zen bitartean. Sasoi horretan, Ezker Abertzaleak, EAJk eta beste zenbait alderdi eta erakundek Lizarra-Garaziko hitzarmena sinatu zuten. Itun horren ondorioz, 1998an Euskal Herritarrok koalizioa sortu zen Batzarre eta Zutik erakundeekin batera. Indar-batuketari eta ETAren su-etenari esker, herritar askoren babesa bereganatu zuen koalizioak.

Lizarrako akordioa gertatu baino hilabete batzuk lehenago, EAJren eta PSOEren arteko gobernu-hitzarmena hautsi zen eta Juan Jose Ibarretxe jelkidea izan zen lehendakari berria 1999an. Ibarretxek koalizio-gobernua osatu zuen Eusko Alkartasunarekin batera eta Euskal Herritarrok koalizioaren babesarekin; baina 2000. urtean ETAk menia hautsi zuen, eta Jaurlaritzak EHrekin zituen harremanak eten zituen. Oso giro gogorrean bizi izan ziren 2001eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak, PP eta PSOE alderdiek jeltzaleei leporatu baitzieten indarkeriari eustea, eta EAJ Jaurlaritzatik botatzen saitu ziren; baina alferrik, EAJ-EA koalizioak emaitza onak lortu zituen eta Ibarretxek kabinete berria osatu zuen Ezker Batuaren laguntzarekin eta 2003. urtean bere izena daraman egitasmoa plazaratu zuen, Ibarretxe Plana. Autonomia Estatutu berria proposatu zuen eta, besteak beste, autodeterminazio-eskubidea aitortzea Euskal Herriari. Egitasmoak ozta-ozta lortu zuen gehiengoa Eusko Legebiltzarrean eta Madrileko parlamentuak atzera bota zuen eztabaidatu ere egin gabe. Hauteskundeak egin ziren 2005eko apirilean eta EAJ-EA koalizioak irabazi zituen berriz, baina gehiengo nahikorik gabe. 2008. urtean Ibarretxek beste ahalegin bat egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizuna erabakitzeko, baina erreferenduma izango zen bidea. Epaitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen aukera hori, eta Ibarretxe ez zen ausartu iragarritako kontsulta deitzen. Tarte horretan, 2004. urtean, Josu Jon Imazek hartu zuen EAJren Euzkadi Buru Batzarreko buruzagitza. Aurreko urteetan ez bezala, Jaurlaritzako buruak eraman zuen estrategia politikoaren iniziatiba eta, antza, tentsio ugari egon ziren alderdiko zuzendaritzaren eta Jaurlaritzako lehendakariaren artean. Azkenean, giro politikoa baretze aldera, Imazek uko egin zion EBBn jarraitzeari, eta Iñigo Urkulluk hartu zuen haren tokia. Ibarretxek hurrengo hauteskundeak irabazi arren, ezker abertzalearen ilegalizazioak PSOE eta PPren esku utzi zuen Ajuria Enea. Patxi Lopezen gobernuaren aurkako oposizioa zorrotza bultzatu zuen EAJk Iñigo Urkulluren buruzagitzapean, baina gai izan zen Rodríguez Zapateroren gobernuarekin hitzarmenak egiteko, eta horrela euskal politikaren erreferentzialtasuna mantentzeko.

ETAren su-etena amaitzeak ahuldu egin zuen ezker abertzalea. 2001ean, HB alderdi bihurtu zen: Batasuna. Eta urte berean, barne-zatiketatik Aralar sortu zen, ETAren indarkeria onartu ez eta erakundeetan parte-hartze aktiboa defendatzen zuten ezker abertzaleko kideen eskutik. Alderdi berriak Nafarroan zuen bere eragin-esparru nagusia. Lurralde horretan, Nafarroa Bai koalizioa osatu zuen 2003an EAJrekin, EArekin, Batzarrerekin eta hainbat independienterekin batera. Batasuna, bere aldetik, Euskal Herri osorako alderdi gisa aurkeztu zen, eta Iparraldera ere zabaldu zen. Urte horretan bertan, 2003an, legez kanpo geratu zen Batasuna. Hurrengo urteetan, hainbat prozesu uztartu ziren. Alde batetik Batasunako kideek zenbait bide jorratu zituzten ilegalizazioari aurre egiteko: 2003an Autodeterminaziorako Bilgunea izenpean aurkezten saiatu ziren, baina ez zitzaien onartu parte hartzea; 2005ean, Euskal Herrietako Alderdi Komunistaren babesean aurkeztu ahal izan ziren Eusko Legebiltzarrera eta 2007an Euzko Abertzale Ekintzaren izenean udal hauteskundeetara, nahiz eta toki askotan zerrendak legez kanpo utzi Espainiako epaitegiek. Garai berean, ezker abertzaleko erakunde ugari (Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Jarrai gazte erakundea, KAS, Ekin eta abar) desegin zituen poliziak eta Egin eta Euskaldunon Egunkaria itxi zituen. 2009. urtean, azkenik, Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu ziren, aurkeztutako zerrendetatik bat bera ere ez zitzaien onartu eta.

Indarkeriaren eraginkortasunaren inguruko eztabaidak ETAren beste su-eten bat ekarri zuen 2006an, Batasunako buruzagiek PSEko buruekin izandako harremanen ondoren. Bi alderdi horiek eta EAJko ordezkariak Loiolan bildu ziren, baina elkarrizketek porrot egin zuten, ETAk ez zuelako onartu han lortutako adostasuna eta bi lagun hil zituelako Barajasen bonba batekin. Ekintza horrek gehiago isolatu zuen ezker abertzalea, eta horko hainbat sektore ohartu ziren indarkeria alde batera utzi behar zela, ETAren aurkako errepresioa ezker abertzale osora zabaldu zelako, eta ez zirelako gai egoera berriari aurre egiteko. Ezker abertzalearen isolamenduak, bestalde, ezer ezean utzi zuen Euskal Herriko politikan eragiteko ahalmena. Horren guztiaren ondorioz, Batasuneko buruzagiek, giro erdi klandestinoan, kartzeletatik sartu-irtenean, bi bide jorratu zituzten. ETAko zuzendaritza bide baketsura makurtzea, alde batetik; eta beste alderdi abertzale batzuekin harremanak sendotzea, bestetik. Bigarrenaren ondorio izan zen 2010eko irailaren 3an Batasunako kideek eta Eusko Alkartasunak aurkeztu zuten "Lortu arte" akordioa, eta bi egun geroago ETAk aldarrikatu zuen tregoa. Hurrengo urtean, 2011n, koalizio berri bat eratu zen hiru gunetatik etorritako militanteen artean: EAtik, Ezker Batua alderdiaren zatiketatik sortutako Alternatiba izeneko taldetik eta Batasunaren ingurutik. Espainiako gobernua saiatu zen talde berria hauteskunde-jokutik kanpo uzten, baina Epaitegi Konstituzionalak onartu egin zuen parte hartzea, eta udal hauteskundeetan eta Espainiako hauteskunde orokorretan aurkeztu ahal izan zen talde berria. Lehen kasuan Bildu izenarekin, bigarrenean Amaiur deiturapean. Azken kasu horretan, Aralar alderdiak ere bat egin zuen zerrenda horiekin. Bi hauteskunde horien artean, 2011ko urriaren 17an, nazioarteko hainbat buruzagi-ohi elkartu ziren Donostiako Aiete jauregian, eta bakearen aldeko adierazpen bat adostu zuten. Hiru egun geroago, ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuen. 2011ko hauteskundeek Hego Euskal Herriko abertzaletasunaren indarra erakutsi zuten, baina sakabanaketaren erakusgarri ere izan ziren. Amaiurrek 333.628 boto lortu zituen, EAJk 323.517 eta Nafarroan jeltzale eta independienteen babesean aurkeztu zen Geroa Bai koalizioak 42.411. Hurrengo urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarra osatzeko deia egin zenean, nabarmenagoa izan zen abertzaletasunaren nagusitasuna, jeltzaleek 25 aulki lortu zituztelako eta 21 EH Bildu koalizioak; Alderdi Sozialistak 16, PPk 11 eta UPDk 1 eskuratu zituzten. Iñigo Urkullu jeltzalea aukeratu zuen Eusko Legebiltzarrak lehendakari 2012ko abenduan.