Kontzeptua

Nazionalismoa

Ezinezkoa da nazionalismoa definizio bakarrean laburbiltzea, historikoki oso mugimendu ezberdinek erabili baitute izen hori beren jarduera azaltzeko. Nazionalismoak, funtsean, zera defendatzen du: giza talde jakin batek -iragan komuna eduki duelako- nortasun berezia garatu duela denboran zehar, eta horren ondorioz, nazioa deitzen den komunitatea osatzen duela; halaber, komunitate politikoa eratuta ez badago, eratzeko eskubidea duela. Nazionalista guztiek jartzen dute nazioa bizitza politikoaren oinarrian, baina, aldi berean, horrekin batera balio moral eta politiko desberdinak erabili dituzte nazioa definitzeko.

Zaila da nortasun nazionalaren osagaien artean (borondatea, arraza, hizkuntza, erlijioa, lurraldetasuna, ohitura, erakunde politikoak eta iragan historiko komuna, besteak beste) alde subjektiboen eta objektiboen garrantzia zehaztea eta mailakatzea. Azken finean, giza multzo batek nazio izateko nahiari eusteko indarra eta kemena erakusten duenean agertzen da nazionalismoa, eta, horrekin batera, nazioa. Ikuspuntu horren arabera, bi nazionalismo mota bereiz daitezke. Nazioa gauzatzeko aukera izan duen nazionalismoa dugu lehena; hots, normalean, lurralde bateko kideak komunitate politikoan antolatzeko aukera izan duena, Estatu gisa ia beti; baina gehienetan alderantzizkoa izaten da prozesua, hau da, Estatua bera saiatzen da nazioa eraikitzen. Bigarren nazionalismo motak, aldiz, lan bikoitza egin behar du nazioa eraikitzeko. Batetik, nazio gisa definitu duen lurraldeko biztanleak konbentzitu behar ditu nazioko kide direla; eta, bestetik, aurre egin behar dio talde hori bere baitan duen estatuari, giza talde horri nazio izaera ukatzen diolako eta, ondorioz, estatu propioa sortzeko ahalmena ere ukatzen diolako. Beraz, testuinguruaren arabera, mugimendu askatzailea edo zapaltzailea izan daiteke nazionalismoa. Askatzailea, giza talde bati izateko zentzu berria ematen dion neurrian; eta zapaltzailea, berak definitutako mugen barruan edota kanpoan bizi diren pertsona eta kultura desberdinak menderatzeko, baztertzeko eta zokoratzeko jokabidea zuritu dezakeelako. Frantziako Iraultza dugu prozesu bikoitzaren adibide egokia: Frantziako nazioa aldarrikatu zuen eta absolutismoaren zapalkuntzaren bukaera ekarri zuen. Baina, era berean, Frantziako mugen barruan bizi ziren herri, kultura eta hizkuntzak desagerrarazten saiatu zen, Frantziako Nazioaren batasunaren eta berdintasunaren izenean. XIX. mendean zehar, Frantziako agintariek (monarkikoek zein errepublikarrek) beren nazioa aldarrikatzeaz gain, beste herri batzuk hartu zituzten mendean, Afrikan eta Asian bereziki, eta horietan ere Frantziako balio nazionalak ezartzen saiatu ziren. Beraz, nazionalismo askatzailea izan litekeena zapaltzaile ere bihur liteke, bai eta alderantziz ere.

Nazio hitza Erdi Aroan sortu zen Europan eta pertsonen jaioterriarekin eta, bereziki, hizkuntzarekin lotuta zegoen. Hizkuntza bera zutenak biltzen zituen nazioak. Garai hartako erresuma askok hainbat nazio biltzen zituzten; ez zegoen hizkuntza-batasunik mendekoen artean, bai, ordea, erregearekiko leialtasuna edo atxikimendua. Edozein kasutan, herri ezberdinek gobernu eta lege ezberdinak izan behar zituzten ustea nazionalismoa kontzeptu gisa azaldu baino askoz ere lehenagokoa da. Nazio hitzaren esanahia aldatu egin zen XVIII. mendetik aurrera, garai hartako iraultza politikoen ondorioz. Estatu berriek, agintarienganako leialtasunaz gain, nazioaren izaera berdintzailean eta bateratzailean bilatu zuten herritarren atxikimendua lortzeko tresna. Horrela gertatu zen Frantzia iraultzailean, Alemania erromantikoan eta Italian.

Nazionalismoak, beraz, izaera nahiko modernoa dauka eta, esan bezala, herritarrei nazioko kide direla erakutsi nahi die. Une hartan osatu ziren nazionalismoaren bi eredu nagusiak: politikoa edo frantziarra eta kulturala edo germaniarra. Lehenak lotura sendoagoa dauka estatuarekin; izan ere, estatuarekiko leialtasun- eta legitimitate-iturri izatea da eginkizun nagusia. Horretarako, hiritar bakoitzak, eta guztiek, eskubide eta betebehar berdinak dituzte, eta ez da onartzen haien arteko ezberdintasunik, ez politiko ez kulturalik. Nazionalismo kulturalak, aldiz, nazioa jartzen du estatuaren aurretik, eta nazioko kideak "berez" batzen dituzten ezaugarriak (hizkuntza, ohiturak, historia, arraza, eta abar) azpimarratzen ditu. Dena den, azpimarratu behar da lotuta agertzen direla eredu bati zein besteari atxikitako elementuak (nazionalismo frantziarrak beti eman izan dio izugarrizko garrantzia frantses hizkuntzari), zailak direla erabat bereizten eta, maiz, une eta leku berean aurkituko ditugula, bata bestearekin lehian edo elkarlanean. Era batera edo bestera, ordutik hona, nazionalismoa lehen mailako fenomeno politikoa izan da munduko historian, eta hainbat eskakizuni eusteko ahalmen indartsua erakutsi du.

XIX. mendean bi prozesu kontrajarri bizi izan ziren. Alde batetik, estatu gehienek beren nazio izaera azpimarratu zuten, eta eskura zituzten baliabideak erabili zituzten horretarako (eskola, armada eta goi-kultura kasu gehienetan; erlijioa, artea, ohiturak edo aisialdia, zenbaitetan). Dena den, prozesu horretako agenteak ez ziren izaten beti estatuaren zerbitzura ari zirenak; zenbait kasutan, behetik gora ere gara zitekeen nazionalizazioa. Lehen Mundu Gerra izan zen ibilbide horien gailurra eta arrakastaren isla, herritar gehienak gogoz, bihotzak bero, joan baitziren gerrara beren nazioen eta gobernuen zerbitzura. Baina nazionalizatze- eta asimilatze-prozesu horiek aurkako erreakzioak ere sorrarazi zituzten hainbat talderen eskutik. Zenbait hizkuntza eta kultura-tradizio ia edo erabat desagertu ziren garai hartan; beste askok, ordea, nazionalismoan aurkitu zuten bizi-iraupena. Azken horien kasuan, oso antzekoak izan ziren prozesuak: ikerlari eta artistek beren hizkuntza, ohitura eta historia aztertzen hasi eta nazio gisa izandako iragana definitu zuten. Geroago -ez beti-, arlo politikora eta errebindikatibora pasatu zen kontzientzia abertzalea eta, gehiago edo gutxiago, herritarren atxikimendua lortu zuten; horrela estatu berri bat sortzea edo autonomia zabala eskuratzea hartu zuten aldarrikapentzat.

Europako erdialdean eta ekialdean gauzatu ziren gehienbat prozesu horiek; baina XX. mende hasieran, Europa osora zabaldu ziren. Toki guztietan ez zuen izan indar berdina, eta mugimendu nazionalistak arrakastatsuagoak izan ziren nazio-nortasun ahuleko edo desoreka sozioekonomiko handiko estatuetan. 1918an, ekialdeko hainbat naziok estatu bihurtzeko aukera izan zuten; eta fenomenoak indarra galdu ordez areagotu egin zen faxismoarekin eta estatu berrien arteko liskarrekin. Europaren mendeko hainbat herrialdetan (Amerikan lehenik, Asian ondoren eta Afrikan azkenik), kolonialismoaren aurkako jarrerek ere nazionalismoa indartu zuten, nahiz eta, paradoxikoki, nazio berrien mugak, maiz, menderatzaileak berak finkatutakoak izan.

Aditu ugarik kontrakoa uste arren, denborak aurrera egin ahala, nazionalismoak indarra galdu ordez, sendotu eta aldatu egin da. Indartzearen adibide dugu Nazio Batuen Erakundeko bazkide kopurua: sortu zenean 51 estatuk osatu zuten; gaur egun, aldiz, 193 estatu dira erakundeko bazkideak. Ideologia iraultzaileen gainbeherak eta sistema sobietikoa desagertzeak berrindartu egin zuten nazionalismoa, herritarren atxikimendua lortzeko estatu horiek zuten tresna ia bakarra zelako. Dena den, nazionalismoak eraldaketa sakonak bizi izan ditu, bereziki azkeneko urteetan. Alde batetik, mugen garrantzia ahultzeko ahalegin nabarmenak egin dira. Esanguratsuena Europako Batasuna dugu, baina, hain indartsua ez bada ere, antzeko prozesuak ikus daitezke Amerikan, Iparraldean zein Hegoaldean, Afrikako eskualde batzuetan eta Asian. Bestalde, globalizazioak auzitan jarri du nazionalismoaren oinarrian dagoen nortasuna, pertsonen eta ideien mugikortasunaren eraginez. Nortasuna berez konplexua bada ere, eta elementu desberdin ugari biltzen baditu ere, azkeneko urte hauetan ezaugarri horiek ugaritu egin dira, eta posible da lotura gehiago egotea milaka kilometrora bizi diren bi pertsonaren artean, atari berean bizi diren adin desberdineko bi lagunen artean baino. Errealitate horrek bi bide kontrajarri bultzatu ditu. Herritar askok nortasun eta kultura itxi bat defendatzen dute kanpoko eraginak saihestu nahian, eta, ondorioz, nazionalismo zurrunaren aldeko jarrera hartzen dute. Beste asko, berriz, jarrera irekiagoak hartu, eta ur-jario desberdinetatik edaten duen nortasuna garatzen saiatzen dira, nahiz eta, prozesu horretan, globalizazioan nagusi diren iturriek (AEBk) eskaini ur-emari handiena. Goiz da, oraindik, zein eredu nagusituko den jakiteko.