Dantza

Nafarroako dantzak

Nafarroako inauteria, iñauteria, Europako nekazal inauteria zehazten duten ezaugarri guztiak ditu: purifikazio eta lagungarri errituak, heriotzaren ondorengo bizitzaren birsortzea barneratzen duten emankortasun eta ugalkortasun ospakizunak, mozorro eta maskarak, lanbideen antzezpenak, animaliena, trabestismoa, esperpentoak, eskeak eta dantzak. Inauterietan dantzatzen diren ziklo batzuk inauteriari dagozkio berez, beste batzuk zehazki hala izan gabe, festan finkatuta geratu dira. Berdin gertatzen da Zaragi dantzarekin Arano eta Goizuetan, Lanzko zortziko oso zabalduarekin, Behe Nafarroako konpartsen martxa eta balant iantzakekin edo Ituren eta Zubietako ioaldunen desfile erritmikoarekin. Dantza zahar hauei, 1980 urteaz geroztik momorrotxo altsasuarrek dantzatzen dituztenak bezalako dantza berrindartuak erantsi behar zaizkie. Garai berezi honetan, beste dantza batzuek esanahi berezia hartzen dute, herriko festek lagunduta, izan ere, festek marko ezin hobea eskaintzen dute dantza hauen garapenerako. Horren adibide dira Pirinioez bestaldeko iautziak eta kadrilleak, Beteluko karrika dantza edo Arantzako soka dantza. Berezko doinuen soinura ospatzen diren animalien sakrifizio jokoek (antzara joku) eta iseken parodia ezberdinek neguko festa honen barruan ospatzen dira.

Martxak eta Bolant-iantziak. Etxez etxe eta baserriz baserri eskearen errituan Luzaideko herriak eta Behe Nafarroako beste herri asko zeharkatuz Inauterietako konpartsek egiten dituzten 2/4 konpaseko kalejira multzoari martxa esaten zaio orokorrean. Ospakizuna Pazko Igandera atzeratu zuen Luzaideko konpartsa plazan sartzen denean, bolant-iantza edo parpail dantza eginez sartzen dira. Doinu horitako bat, gaur egun, ohikoa da euskal geografian barna festak alaitzen aritzen diren orkestren errepertorioan.

Lanzko zortzikoa Lanzko inauterietako drama-erritua Inauterietako astearteko iluntzean egiten da, herria pertsonaia segizio batek hartzen duenean, bakoitzak bere antzinako funtzio zehatzarekin. Txistuaren soinura, txatxoek, aurpegirik gabeko maskara koloreanitzak dituztelarik eta zenbaitetan emakume jantziekin jantzita, Miel Otxin erraldoia eramaten dute; bitartean giza-zaldi fantastiko batek, zaldikok, Ziripot pertsonaia barregarriaren aurka egiten du menderakaitz. Zaldiko ferratu egiten dute perrazale enigmatikoek, bizitzaren birsortzaile diren ke eta errautsen artean. Txistuak ez du etenik bere vals doinu hirutar errepikakorrean eta segizio bitxi honen jariatze kaotikoaren oinarri den doinua ezartzen du. Bi eskopeta tirok Miel Otxin, bidelapur eta petxeroa hiltzen dute. Bere gorpua erre egingo dute eta sutzarraren inguruan, guztiek Zortzikoa dantzatzen dute zirkuluan jarrita. Zortzikoasoka dantzaren barnean gizonek dantzatzen duten bi bider lauko zirkuluzko dantza da, halere, Lanz edo Baztan bezalako lekuetan berezkotasuna izan ohi du. XX. mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadaren amaieraz geroztik Lanzko Zortzikoak hedapen nabaria izan du Euskal Herrian zehar.

Kadrilleak, Polkak eta Kontradantzak. Luzaideko folklorean XIX. mende amaieran errotu ziren Europa erdialdeko doinuak dira. Gazteek Inauterietako dantza zaharren errepertorioa eskaini ostean dantzatzen dituzten irudi anitz mantentzen dira. Dantza unibertsalak badira ere, Luzaidarrek bere ukitua eta dantzatzeko modu berezia eman diote.

Sagar dantzak Baztango inauterietan du jatorria. Zuriz jantzita, buruan kono formako txano koloreanitza izanik eta esku bakoitzean bina sagar eutsiz lau gaztek beren ohiko baserriz baserriko eskean dantzatzen zuten. Haranean zehar, euren doinuak gordetzen dituzten eta gogoratze diren sagar dantzak hiru dira, Erratzu, Amaiur eta Arizkunekoa, eta azken honetan egiten dena da ezagunena. Arizkuneko sagar dantzak doinua oso bitxia du musika aldetik interes handia duen neurri zaileko erritmo batekin. Jatorriz gizonezkoena zen dantza hau nesken dantza lez egokitu zen eta hala hedatu da XX. mendean zehar folklore multzoen bitartez.

Mendeetan zehar Iruñak Gorpuztiko prozesio erlijiosoak animatzen zituzten dantza aberats eta ikusgarriak ezagutu ditu. Gaur egun, mendatez bestaldeko merindadeko hainbat herritako festa handiak animatzen dituzten konpartsa ikusgarriak mantendu ditu tradizioak. Martxen soinuan, ateratzen eta dantzatzen zuten militar-itxurako segizio hauek, hemeretzigarren mendeko Frantziako ejertzitotik, naturalen konpainia izendatu zirenetik eta karlistengandik hartutako janzkerak eta pertsonaia anakronikoak aurkezten dituzte, eta dagoeneko, Behe Nafarroako folklorean barneratu dira.

Balsa de Torralba del Río dantza. Baltsa dantza hau San Joan egunez ospatzen de, udako solstiziokoak diren errituzko elementu ugari eskaintzen dituen ospakizun handi baten barnean. Tradizioaren arabera, duela laurehun urte baino gehiago, XIV. mende amaieran sortutako San Joan Bataiatzailearen eta Alabardarien Kofradia Loriatsuko kofradiakideak pozez gainezka dantzan hasi ziren bidelapur talde baten buruzagia zen azken mairua, Juan Lobo, hil zuten baltsaren alboan. Ez da ezagutzen garai hartan festaren garapena nolakoa zen baina azken ehun urtetatik hona ospatzeko modua bai. San Joan bezperan gaita-joleak iristen dira eta sutzarra piztuz egunsentira arte irauten duen festari hasiera ematen zaio. Egunsentia iristean, ohitura zen iturrira joatea egunaren lehen ordutako urarekin araztera. Aurpegia beltzez margotuta kofradiakide bat Juan Lobo mairuz mozorrotzen da, adar ugari erabiltzen dituelarik jantzi moduan. Mutilak bere atzetik abiatzen dira eta hainbat hika-mika eta ihesaldiren ondotik gaizkilea baltsan murgiltzen da eta bertatik gerturatzen den orori zipriztinak botatzen dizkio. Azkenean, preso hartzen dute, pilotalekuan epaitzen dute, kondenatu eta hil egiten dute. Kofradiakideak guduaren ostean, euren jantzi eta ikurrekin (tailatutako makila, zetazko laxoak koloreanitzeko zapiekin eta lore freskoak abadearen lantzan) janzten dira eta halaxe joaten dira prozesiora eta meza handira. Arratsaldez, arrosario eta bezperen ondoren kofradiakideak gaita-joleekin batera baltsara abiatzen dira eta bertan alardea ospatzen da, non kofradiakide bakoitzak lantzaren aurrean dantzatu behar baitute, abadea hasita. Aurretiko dantza zein zen ez da ezagutzen, baina ezagutzen denetik gaita-joleek jotzen dute jotazko doinuz hiru zatitan, horietako bat nahiko motela delarik kopla edo kanta doinua, hain zuzen ere. Kofradiakide bakoitzak nolabaiteko askatasunez dantzatzen zuen aurretik zehaztutako pausu finko batzuetara egokitu beharrik gabe. Tradiziozko bloke hau jaialdiaren eta solstizioaren dantza, ura, sua, kofradia, mairu eta kristauen arteko borrokak, petxero eta landaretza izpiritua bezalako elementuak dituen antzinako erritual aberats baten testigantza da. 1956an Lizarrako Larraiza taldeak Aita Hilario Olazaranek egokitutako musikarekin Francisco Berueteren koreografia bat estreinatu zuen, gaur egun, Baltsa dantza izenarekin Lizarrako folklore taldeen errepertorio barruan kokatzen dena.

Gazteek olgeta jardunean erritmoarekin eta musikarekin lotuta egiten zituzten ekintzek Nafarroako kultur ondarean abildade, grazia eta trebetasun dibertimenduak diren dantza-joko multzo bat utzi dute. Doinu baten soinura egiten ziren eta orokorrean dantza pausu erraz eta jakin baten bitartez. Baserrietan elkarrekin eta elkartasunean egiten zituzten nekazaritza eta abeltzaintzako lanak egiteko atseden eta jostetan du bere jatorria: arto hostokatzea, kare fabrikazioa -kisulabeak- etxetako teilatuak eraikitzea -Bizker-besta-, egur edo garo pilatzea - Garratu-besta-, eta beste edozein josteta une. Inbentarioa luzea da batez ere, Ultzama, Baztan, Erro eta Aezkoako haranetan. Joko-dantza batzuetan- irri-dantzak gisara ere ezagunak- lerroa gidatzen duenak egiten dituen pausu konplexu eta zentzugabeak jarraitzean eta imitatzean datza izan beharreko trebetasunak, gero eta garaiago kokatzen den zinta baten gainetik jauzi egitean beste batzutan (gerriko-dantza), gero eta erritmo biziagoz almute baten gainean dantzatzean (almute-dantza) edota aulkiekin edo dantza-kideekin estropezu egin gabe hainbat aulkien artean analogikoki sigi-saga ibiltzean beste bat (alki-dantza edo katedra-dantza). Beste batzuk bikotekako esku-zarta jokoak ziren, esku dantzak (Olagüe, Imotz, Baztan, Luzaide). Hauek ere, gero eta erritmo biziagoaz dantzatzen dira eta gainera batzuk ariñ-ariñ batekin edo modu jarraikorrean zein gorputz atalekin lurra ukitu, jauzi egin edo dantzatzen jarraitu behar den seinalatzean datzan jokoarekin konbinatzen dira (Saint petike dantza edo Ipurdi dantza). Eurena bakarrik ez baina ohi zenez gazteena zen jostetak, jolas funtzioa galdu egin du eta komunitateko folklore ondar moduan geratu da.