Dantza

Nafarroako dantzak

Nafarroan, Gipuzkoa eta Bizkaian ez bezala, gutxi dira dauden ezpata dantzak. Lesakan, gaur egun ezpatak ez, baizik eta makilak erabiltzen badira ere, ziklo honetako protagonista nagusiei ezpatadantzari esaten zaie. Ziklo hau ezpatena gisa onartua dago, makilaren erabilera, ziurrenik, tresna aldaketa kontua izango dela iritzita. Zikloaren eskemak duen egiturak, Gipuzkoako dantzen oso antzekoak diren ezpatadantzen tankera dauka, argi eta garbi: taldea kapitaina aurrean delarik kokatzen da eta makilez elkartuta, makilok ezpata edo pordoi gisara erabiltzen dituzte, armaduran txirikordatuak ageri dira, egitura erritmikoa du, deia edo hots egitea , kapitaina bakarka ari da zati batean...

Lesakako ezpatadantzariek urtean behin dantzatzen dute soilik, San Ferminen ohorez, uztailaren 7an. Multzoa, taldearen aurrean kokatzen den kapitainak eta bi ilaratan jartzen diren gazte kopuru biki batek osatzen dute. Dantza batzuetan makilen bidez elkartzen dira. Zuriz janzten dira bularrean kolorezko ehunezko eskapulario eta zintak dituztelarik, apretaz jantzita eta zintzarriak zangosagarrean.

San Fermin egunez, goizean ezpatadantzariek santuari jarraitzen diote prozesioan, segizioaren buruan kokatuta. Ibilbidean zehar dantzariek euren buruen gain armadura bat edo pabilioiak josten eta desegiten dituzte etengabe euren makilekin. Sinbolismoz betetako irudi honek, makil-gurutzeak, ez du doinu berezirik mantendu eta XX. mendeko berrogeita hamargarren hamarkadaz geroztik dantzatzen da Santiago Irigoyen txistulariarenbiribilketa Iria herrikoiarekin eta Musika Bandak prozesioan jotzen duen Napoleones pieza ezagunarekin. Beheko plazan eta Alde Zaharrean prozesioak geldialdia egiten du, kapitainak lehen bi dantzarien makilei eusten die muturretik eta kokapen horretan dantzatzen dute erritu lesakarraren bigarren dantza: ziarkakoa (zeharkakoa). Goizean zehar hiru aldiz interpretatzen den dantza hau 5/8 neurrian idatzi ohi da, baina bere erritmo egitura dela-eta, Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzetan gertatzen den moduan, txistulariek jotzen duten erak 6/8 ere gogoratzen du. Bizia eta urduria da dantza, alde baterako leku-aldatzea du eta ostikada indartsua ematen da zintzarriak ateratzen duen soinua dela-eta. Doinuak badu antzekotasunik Berako beste herrikoi batekin eta Gipuzkoan egiten den deia edo hots egitearen berdina da.

Onin erreka bazterrera iristean prozesioa gelditu egiten da berriz ere eta dantzariek errituzko zikloaren hirugarren dantza interpretatzen dute: zubigainekoa, dantza honen berezitasuna herriko zati honetan erreka bideratzen duten zubiaren gainean egitea dela da. Doinua ziarkakoan entzuten den bera da eta baita pausuak ere, kasu honetan ordea, aurrera eta atzerako leku-aldatzeak eginez dantzatu behar da, zubiaren gainean, horretarako dantzariek beren buruei bira eman behar diote etengabe arintasunez, azkartasunez eta agerian dagoen arriskuarekin. Prozesioan zehar behin bakarrik dantzatzen da eta dantza multzoa hauetan bereizgarriena da pieza hau. Irudiak herria identifikatzen du. Dantzaren ondoren bandera astintzen da (bandera arboltu) zubi eta erreka bazter gainean. Bandera astintzea beste jaialdi batzetan ere errepikatzen da eta Bandera arbola izeneko doinu zehatza entzuten delarik egin behar da, nahiz eta emankizun honetarako Tantiru-Mairu doinu lesakar ezaguna ere entzuten den, San Joan egunez erabiltzen dena.

Arratsaldez Alde Zaharrean bigarren dantza ziklo bat egiten da eta bertan ezpatadantzariek bere janzkera eta guzti parte hartzen badute ere, ez du prozesio ofizialean ematen zaion handitasunik izaten. Arratsaldeko ziklo hau Mutil dantza (mutilek dantzatzen dutena), Neska Dantza (nesken dantza), Aurreskua, Jota eta Porrusaldaz osatzen da eta emakumeek ere parte hartzen dute giro sozial eta irekiago batean.

Deskribatu ditugun dantza lesakarrek urarekin zerikusia duten San Joanetako solstizio erritu zehatz batzuekin ere badute lotura- hau Lagarrea eta Piku-zelai auzoetako gazteek antzezten zuten mairu eta kristauen emankizun zaharrean ikus zitekeen- eta bere ospe eta sustraitzea Gorpuztiko jaialdiari zor zaio.