Musikakoak

Torralbako Baile de la Balsa

Baile de la Balsa izeneko dantzak Donibane eta Torralbako Alabarderoen Kofradiako kideek egiten zutenari egiten dio aipua. Dantza hau Donibane egunean Torralban egiten zen eta Kofradiak egun hauetan solstizioarekin harremanak dituzten ekintzen azkena da.

Torralbako Sanjuango Kofradiak XIV. mendean du jatorria eta gaur arte etenik gabe mantendu du bere jarduna. Donibane patroia izanda, bere egunean eta biharamunean egiten zituzten erritoak, solstiziokoekin batera. Kofradia Abadeak, bi maiordomoak, kursorea ("campanillero" izenarekin ezagutzen zena) eta kofradeek osatzen dute. Karguek urtebeteko iraupena daukate eta ekainaren 25an berritzen ziren, "San Juanillo" egunean.

Tradizioa bere horretan mantendu zen XX. mendearen 60ko hamarkada arte. Urte hauetan, herriaren populazioaren gain beherakadak eta horrek eragindako aldaketa sozialek eraginda galdu egin zen. Baina gerora errekuperatzeko saioak izan ziren.

Donibaneko bezperan kofradeek elkarrekin afaltzen bazuten ere eta gero, herriko gainontzeko biztanleekin batera, solstizioko errito garbitzaileak betetzen zituzten arren, Donibane eguneko egunsentian hasten zituzten Baile de la Balsa delakoarekin bukatzen duten erritoak. Kofradeetako bat "mairuz" mozorratzen zen: adaxkak eta huntzorriak soinaren gainean, zapi bat buruan eta aurpegia belztuta. Juan Lobo (mairuari ematen zitzaion beste izena) gazteak zeuden tokitan agertzen zen: San Juango egunsentian ohituraz txokolatea hartzen zen iturri batean, adibidez. Hor hasten zen mairuaren jazarpena. Gazteek makilez, eskopetaz eta abarrez armaturik mairua harrapatzera ateratzen ziren. Behin baino gehiagotan harrapatzen zuten eta, beste hainbestetan hanka egiten zuen aintzirako uretan inguratu arte. Hemen hartzen zuten preso eta frontoiraino eramaten zutelarik. Han epaitu eta bertsoz egindako epaia irakurri eta gero "hiltzen" zuten.

Ondoren kofradeak beren etxeetara hurbiltzen ziren arropaz aldatzeko eta segidan prozesiora eta mezetara joateko. Kofrade izatearen ikurra den makila eramaten zuten. Abadeak, bere aldetik, lantza bat eramaten zuen. Lantza hau damasko gorrizko oihal batez apainduta zegoen (eta dago) eta brodaturiko zetazko lokarriak zintzilik zeramatzan. Lokarri horietatik kolore aunitzetako zetazko zapiak eskegita. Lantzaren punta lore sorta batez inguratuta zegoen.

Elizkizunen ondotik, Abadearen etxera bazkaltzera joaten ziren kofradeak eta, bazkaldu eta gero errosariora. Hau bukatuta erritoen azken aldea hasten zen: "alardea". Honen barnean kokatzen da Baile de la Balsa delakoa. Kofradeak, musikak lagundurik, errosariotik aintziraren bazterrera joaten ziren, "mairua" harrapatu zuten tokira, hain zuzen. Hor hiru aldi paratzen zituzten: Abadea, apaiza eta musikariarentzat. Zilarrezko katilutxoetan ardoa ematen zien bitartean, kofradeen errolda egiten zen: hori zen, hain zuzen, alardea. Azkenik, abadea aulkitik jaiki eta lantzaren aurrean erreberentzia egin eta gero, jota bat dantzatzen zuen. Honen ondotik kofrade guztiek gauza bera egin behar izaten zuten. Dantza erreberentziarekin hasten eta bukatzen zuen (belaunikatu eta txapela kendu). Dolu garaian zeuden kofradeek ez zuten dantza egiteko beharra.

Jota dantzatzeko era nahiko librea izaten zen, baina ohikoena zen punteatu, zeharkako mugimenduak eta bueltak egitea. Musika etenik gabe jotzen zuen musikariak azken kofradea dantzatu arte. Horrekin bukatzen zen erritoa eta itzultzen ziren herrira musikarekin.

Ez da izan musika berezirik jota honendako eta aldatzen zen musikariaren jatorria eta gustuaren arabera.

Ekainaren 25an, "San Juanillo", kofradiako karguak berritzen ziren meza entzun eta gero. Ondoren errondan ibiltzen ziren herrian zehar auzokoei eta, bereziki, kargudunei zirikatze koplak kantatuz.

Lehen esan dugun bezala, errituala 60ko hamarkadan sartzen da krisian kofradiaren ahultasunak eraginda eta 1969an galtzen da. 1982. urtean, aldiz, berreskurapen prozesua hasten da. Herriko gazte talde batek galdutako errito osoa berreskuratzen du. Hasierako momentu horietan musika akordeoiarekin jotzen da (aspaldian, gaitariak izaten ziren).

1993. urtetik aurrera saiatuko dira herriko dantzen errepertorioa handitzen. Lizarrako Larraiza dantza taldeak egiten duen Baile de la Balsa koreografiatik abiatuta egiten da saio hau. Izan ere, Lizarrako semea den Francisco Beruete koreografoa eta folkloristak El Baile de la Balsa izeneko "suitea" estreinatu zuen 1956an Lizarran, hau da, jatorrizko dantza desagertu baino lehen. Koreografia hau bost ekitaldiz osatua dago eta Torralbako dantzan zein erritoak oinarri duen leiendan oinarritzen da. Musika Hilario Olazaranek sortu zuen eta Lizarrako gaitariek jo zuten. Udal dantza taldeak taularatu zuen eta 1993. urtean irakatsiko dizkie gazte torralbarrei suitearen bi atal: Jota eta Bailesten Dantza. Bi dantza hauek erritual aintzinakoenak amaitzen zirenean egiten ziren.

Tradizioaren oraingo egoeran, aintzinako Baile de la Balsa desagertzear dago. 2010. urtean ez zen dantzatu.

Ez da, ahatik, dantzarena Donibaneko erritoen artean aldatu den bakarra. Oraingo honetan erritoak ez dira San Juan egunean derrigorrez betetzen, baizik eta egun honen hurrengo larunbatean eta jai patronalen testuinguruan (hauek ere dataz aldatu direlarik: lehen irailean egiten ziren). Kofradeak eguna hasten duen aurorara joan behar dira. Jarraian eta 12etako mezetara joan arte gaita musika izaten da kalean. Elizkizun hauetan kofradeek erroskoak eta zintak jartzen dituzte sainduaren gainean. Ondoren prozesioa eta honekin bukatzen da alde erlijiosoa. Segidan abadearen, maiordomoen eta "campanilleroaren" etxera joaten dira. Bazkaria ez da jadanik abadearen etxean egiten, baizik eta udalaren egoitza batean eta horra doaz kofradeak. Orduan erabakiko dute zein da mairuarena egin behar duen kofradea eta, hautatutakoa, bere etxera prestatzera joango da. Bazkaldu ondoren aintziraraino kalejiran joaten dira eta, bertan egonda, "mairua" agertuko da baratz batzuk zanpatzen. Horrek eragingo du bere jazarpena eta harrapaketa aintziraren barruan. Alardea egiten dute orain, kofradeen errolda pasatuz. Baina dagoeneko ez dute dantzarik egiten. "Mairua" zaldi baten gainean jartzen dute frontoira eramateko. Han epaituko dute eta kondenatu ere. Amaitzeko, eta jakinda ez dantza tradizionalak, ez berriak ere ez zirela dantzatu behar, 2010. urtean batek gonbidatu zuen jendea jota bat dantzatzeko.

Donibane egunaren ondorengo erritoak ere desagertu dira.

Baile de la Balsara eramaten duen erritoaren oinarria mito bat da: Juan Loboren leienda. Juan Lobo bidelapur talde baten nagusia omen zen. Erdi Aroaren bukaeran Berrotza eta Kodes aldean egiten zituzten beren sarraskiak Ihoar eta Punicastron biltzen zirelarik, Kodes mendilerroan. Lapurreta horiek eraginda, Torralbako kofradiak erabaki zuen lapurrak jazartzea. Honela hasi zen, Juan Loboren heriotzarekin bukatu zen gudaldia. Lantzakada batez hil zuten lapurren nagusia aintziraren inguruetan. Hor bildu ziren kofradeak bataila bukatu zenean eta, beraien artean inor ez zegoela hilik ohartuta, dantzan hasi ziren ospatzeko.