Kontzeptua

Ekonomia - Hitzarmena

1957ko abenduaren 16ko eta 1964ko ekainaren 11ko tributu-aldaketek, 1941eko Hitzarmen zaharraren oskol hauskorrarekin topo egin zuten Luxuaren gaineko Zerga eta Enpresa-Trafikoaren gaineko Zerga izen zirenak bezalako zerga-figura sendo eta berriak sortarazi izan zituzten. 1964ko Tributu-Aldaketarako Legeak berak Aldundiekin ados jarrita "se adoptaran las medidas conducentes a asegurar la realización de los criterios distributivos, sociales y económicos, en que se inspire la política nacional" eta Araba eta Nafarroako zama nagusien euspenerako ekarpenak arautu zitzan Gobernuari berezitasunez dei egiten zion. Gutxienez lau urtetan zehar ikerketa eta negoziazio gogorrak izan ondoren 1969ko uztailaren 19an Madrilen adostasun-Akta eta uztailaren 24an 16/1969 Lege Dekretu bezala publikatzeari ekingo zitzaion eranskin-tresna izenpetzen ziren (1969ko uztailaren 29ko 180 zkia. EAO).

Ikuspegi formalean, 1969 Hitzarmena artikulu bakarreko Lege Dekretua erabiltzen zuelako bereizten zen. Francok bere Gorte propioak saihestekotan asmatutako aitzakia. Artikulu bakarreko edo irakurketa bakarreko testu formalak ondorengo Hitzarmen- eta Itun-akordioetarako, bide honetatik errotu besterik egingo ez den ildoa ezarriko du. Beste berezitasun aipagarri bat Nafarroako tributu-autonomiaren oinarri modernoak aurkezten dituen atariko idazpurua da, lurralde horri "amplias facultades para mantener y establecer en la Provincia el régimen tributario que estime procedente, siempre que no se oponga a los pactos internacionales, al presente Convenio o a las contribuciones, rentas o impuestos propios del Estado" aitortzen dizkiola.

Irizpide armonizatzaileak Errentaren gaineko Zerga Nagusien konturakoei eragiten zioten, gerora euretatik gehienak 1978ko aldaketarekin ezabatuak izango zirela. Gogoratu bitez, adibidez, Pertsonen Lanarekiko Etekinen gaineko zergak, Kapital-Errenten gainekoak, eta industria eta merkataritzagatiko Onura eta Jardueren gainekoak ere. 1979ko urtarrilaren 1etik besteak bezala ezabatua izan zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Nagusiari berari ere eragiten zioten, bere ordainarazpenerako Nafarroari herri-auzotasuna eta benetako bizilekuaren baldintza bikoitza eskatuz. Bestalde, Nafarroan helbideratutako Sozietateei Foru Diputazioan zergak ordaindu ahal izateko, kapitalaren gehiengoa nafar izaeradun pertsonena izan zedila eskatzeaz gain negoziorik gehienak Nafarroan barne egin zitezela edo ibilgetuen gehiengoa lurralde horretan egon zedila eskatzera zetorren Sozietateen Errentaren eta gainerako Entitate Juridikoen gaineko Zergari ere (1979an Sozietateen gaineko Zerga indarrean sartzean ezabatu izandakoa) eragin zion. Kanpoko kapitalak testaferroen bitartez beti erraz saihesten zuen gehiegizko baldintza murritzailea, tributuaren subjektu pasiboaren nortasunari arrotza zitzaiona eta negoziatzaile nafarrek zituzten interesen aurkakoa zena ere. Eta baita Oinordetzaren gaineko Zerga Nagusiari ere, 1941eko Hitzarmena bezala, hildakoari kode zibilaren arabera foru erregimenerako eskubidea izatea eskatzen baitzitzaion, Estatuan betidanik hainbeste erremin beti sortarazi izan duten zuzeneko oinordetzekiko ohiko foru salbuespenak saihestuz.

Zeharreko Zergetan, lotura-puntuetan kasuistika luzedun Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaz gain, Enpresa-Trafikoaren gaineko Zerga, Luxuaren gaineko Zerga (biok 1986ko urtarrilaren 1etik aurrera BEZaren 24/1985 Foru Legeak indargabetuak), eta Zerga Bereziak (1986ko urtarrilaren 1etik aurrera ere indargabetutakoak izanez, eta berriz ere 25/1985 Foru Legearen bitartez arautua) harmonizatzen ziren.

Hitzarmenak, bere xedapenen helburu hobe baterako batzorde koordinatzaile bi sortzen zituen, euretariko bat zuzeneko zergetarako eta bestea zeharrekoetarako. Zentzuz, biak batera ekarri ziren urtarrilaren 18ko 76/1973 Dekretuaren bitartez. Eta desadostasunak lituzketen administrazioen akordioei buruzko berrikusteak egiteko helburuz Batzorde Arbitral berria arautzen zuen.

Finantza-arloari dagokionez, 1969ko Hitzarmenak hiru kontzeptu desberdin bereiztu eta ezartzerakoan, foru dohaintza edo ekonomia-ekarpenaren kopuru bakarraren tradizioa etetera zetorren berri garrantzitsu bat sartu zuen. Alde batetik izaera finkoduna, 1941eko hitzarmenak ezarritako 21milioi 230 milioitara jasotzen zituen kupo ordaingarria. Edozein erreferentziadun parametro objektibotatik urrundu eta erabaki politikoaren pean besterik ez zegoen kopurua zen. Bigarren tokian, Hitzarmenak berak compensación por impuestos indirectos izendatzen duen eta gerora ezusteko jarduerak hogei urte beranduago hurrengoko Hitzarmenaren negoziazioetan eraginik izango zuen Luxuaren gaineko Zergaren (petrolioari eta bertatik eratorritako guztiei ezarritakoek ezik) eta Enpresen Trafikoaren gaineko Zerga Nagusiaren etekinak probintziako ogasunari leporatzeagatiko urteroko konpentsazio baten ordaina Aldundiari eskatzen zitzaion. Eta amaitzeko Aldundiari ordaintzen zizkieten enpresei Estatuak emandako esportazioarekiko zerga-desgrabazioagatiko urteroko konpentsazio bat.

1970 eta 1971.eko urteetarako, aipatutako konpentsazio aldakorrak testuak berak 390 miloi eta 80 milioi pezetatan hurrenez-hurren ezarri zituen. Aipatutako data horretatik aurrera zenbatekoek klausula automatiko biren arabera zehaztu ziren. Zeharkako zergen konpentsaziorako, aurrekoaren gaineko berehalako aitzinetiko ekitaldian Altxor Publikoaren guztizko diru-bilketaren aldaketarekiko ehunekoaren araberakoa zen eta desgrabazio fiskalagatiko konpentsaziorako, enpresa nafarrek 1969an zehar Ogasun Ministerioak kontzeptu horregatik egin zitzan benetako ordainketen eta aipatutako 80 milioiko kopuruaren arteko ehunekoa mantendu zedin eraz. Ekarpenak bere osotasunean Aldundiko 1970.eko ekitaldiko Aurrekontuaren % 41aren baliokide zen 1.065 milioi pezetako osoko kopurua suposatu zuen.