Monarkia eta noblezia

Antso VII.a Azkarra

Alfontso I.a "Borrokalariak" hiru ordena militarren eskutan utzi zituen Iruñea eta Aragoi testamendu-xedapenean. Hura 1134an hil zenean, haren testamentua ez zen bete, eta Gartzia Ramirez "Berrezarlea" Iruñeko errege izendatu zuten. Egoitza Santuak ez zuen Gartzia Ramirez erregetzat onartu, baina ezin zuen ukatu existitzen zenik, eta "Duci" tratamendua ematen hasi zitzaion. Tratamendu bera eman zien haren ondorengo izan ziren Nafarroako erregeei.

Garai hartan, musulmanen arriskuak eta erregearen politika berriak aldaketa nabarmena eragin zuten Egoitza Santuaren jarrera diplomatikoan. Zelestino III.a aita santuaren 1196ko martxoaren 29ko buldan "Duci Navarrae" deitzen zitzaion Antso "Azkarrari", baina urte bereko maiatzaren 28an, aita santuak haren hierarkia igo zuen eta "Sanctius illustris Rex Navarrae" titulua eman zion.

Hurrengo urtean, 1197an, aita santuak bere jarrera aldatu zuen berriz ere, eta Nafarroako erregea eta Leongo erregea eskumikatu zituen haien arteko aliantzagatik. Aita santuaren jokabidearen ondorio politikoek mesede egin zioten Gaztelari. Ezbaian jarri izan da Antso Azkarraren eskumikua, baina, 1198ko apirilaren 16ko buldan, Inozentzio III.a aita santu izendatu berriak eskumikua aldarrikatu ote zen egiaztatzeko agindua eman zion haren legatu Raineriori. Buldan adierazten denez, Nafarroako erregea eskumikatua izan zen Gaztelako erregearekin adostutako su-etenak ez zituelako bete, eta Gaztelarekin adostutako su-etenaren fidantza gisa zeuzkan gazteluez jabetu zelako.