Monarkia eta noblezia

Antso VII.a Azkarra

Gaztelak Alarcoseko gudua galdu zuenean (1195), eta musulmanek Agurain setiatu zutenean (1211), errege gaztelaua urduritu egin zen. Almohadeen armada oso indartsua zela ikusi zuen Alfontso VIII.ak, eta, gertaeren joera kontuan hartuta, laguntza eskatu zien Europako herrialde kristauei.

Haren aliatua zen Inozentzio III.a aita santuarengana ere jo zuen, eta musulmanen kontrako gurutzada aldarrika zezala eskatu zion; haren eskaera onartu zuen aita santuak.

Antso Azkarrak zalantzak izan zituen parte hartu edo ez hartu erabakitzerakoan, haserre baitzegoen Antso "Peñalengoa" hil zenez geroztik haren erresumak pairatutako inbasioengatik eta okupazioengatik. Arnaldo Narbonakoa artzapezpikuak konbentzitu behar izan zuen, eta, azkenean, indar gehiago izan zuen Kristautasuna defendatzeko konpromisoak pairatutako bidegabekeriek baino.

Nafarroako erregea haren tropa guztiekin agertu zen Toledon, Calatravako guduaren ostean, eta Navas de Tolosako borroka baino egun batzuk lehenago. Ingelesen eta frantsesen arteko arazoa eta ingelesen eta euskaldunen arteko auziak alde batera utzita, erresumako tropez gainera, haren babespean zeuden lurraldeetako tropak ere eraman zituen Antsok.

Hiru gorputzez osatzen zen armada kristaua; eskuinekoa Antso Azkarraren agindupean zegoen, ezkerrekoa Aragoiko erregearen adindutara, eta erdikoa, berriz, Alfontso VIII.aren agindupean. Atzeguardian geratu ziren hiru erregeak.

1212ko uztailaren 16ko egunsentian hasi zen borroka. Musulmanek, hasierako bultzada batean, abangoardia desegin zuten, baina armada kristauaren alboetako hegalek ezustean harrapatu zituzten musulmanak, alboetatik eraso baitzituzten. Nahasmena eragin zuen horrek musulmanen lerroetan, eta erdiko armada berregiteko aukera ekarri zuen. Miramamolinaren denda eraso zuten; kondairaren arabera, katez elkarri lotutako gizonen tropa handi batek defendatzen zuen denda. Kondairaren arabera baita ere, Antsok kate horiek hautsi zituen, eta, gerora, gurutze-formako hagadun eta gurutzedun Nafarroako armarrian jarri zituen sinbolikoki. Musulmanen porrot handiarekin amaitu zen borroka.