Monarkia eta noblezia

Alfontso I.a Borrokalaria

Aragoiko eta Nafarroako Erregea (1104-1134).

Sancho Ramirezen eta Felizia de Roucyren semea izan zen eta beharbada Hechon (Huesca) jaio zen, garai hartan eremu erabat euskalduna zena. Bere Pedro I anaiaren heriotzan, 1104an, errege izendatua izan zen. 1109an, Alfontso VI, Borrokalaria hildakoan, Gaztelako erregetza aulkirako bere eskubidea adierazi zuen. Guda ekidin izateko, Urraka Anderearekin ezkondu zen, berau errege gaztelarraren alaba eta Borgoñako Raimundo kondearen alarguna izanik. Gainera, ezkondu aurretik Urrakak Gaztelan Alfontso VII.a izenez errege izatera iritsiko zen semea izan zuen.

1110ean, nafarrek eta aragoarrek Valtierran Almuzater, Zaragozako erregea, gudan hil zena, suntsitu egiten dute. 1111an, gorte-azpikeriengatik eta interes politikoengatik larriagotutako erregearen eta erreginaren arteko desadostasunak kanporatu egiten dira. 1114 urte inguruan Pascual II Aita Santuak ezkontza ezereztu egiten du ezkontide biak Sancho III Handiaren bilobak zirenaren oinarrian. Urte horretan Tutera mendean hartzen zaie moroei, antza denez ustekabean. Guda taldeak Rotron del Perche kondeak agintzen zituen eta garaipen horregatik hiriko oinordetzazko jaurerriaz saritua izan zen. Tutera menderatu izanak erregea Zaragoza mendean hartzera animatu zuen, bere menderatzea jada hainbat alditan egin baitzen, eta bere ahalegina bide horretan zuzendu zen. Tartean, Gaztelarekin zuen gudak jarraitu egiten zuen eta 1126an erregeak, dirudienez, bere kuartelak Haro inguruan zituen, gaztelarrekin zegoen D. Diego Lopezi [Bizkaiko Jauna] aurre eginez. Hauek, 1117an, Errioxa menderatzea lortu zuten, Urraka Andereak eta bere Alfontso semeak Najerako Andra Mariako monasterioari egin zioten emari batek erakusten duenez.

1118an, setio luzearen ondoren, Zaragoza armaz hartua izan zen abenduaren 18an. Zeregin horretan Bearne, Gaskuña eta Pirinioetako haraindiko Euskal Herriko indar garrantzitsuak parte hartu zuten, erregeak ekimen horregatik egin zituen emarien inguruko agirietan honako hauek ageri baitira: Gaston Jauna, Bearneko konde-ordea; Bigorrako kondea, Comangekoa, Gabarreteko Konde-ordea, Laskarreko Gotzaina, Ojer de Miramont, Arnald de Labedan, Bertrand kondea, Ramon de Tolosa eta beste batzuk.

Nafarrak izan ziren hirian lehendabizi sartu zirenak, eta gertakizun horren oroitzapenez eta sartu ziren tokiaren inguruan Mikel Goiaingeru Deunaren eliza eriki zuten, berez Nafarren Mikel Deuna esaten zaion eliza alegia. Zaragozatik, irabazleak Ebrotik behera, Tortosa inguruetaraino eta Jaloitik gora ere, bere ertzetan Rueda eta Ricla menperatuz, zabaldu ziren. Tarazona ere berreskuratua izan zen. 1120an Calatayud ere mendean hartua izan zen, baina Daroca eta Molin ere. Aragoak horrela zabalera handia hartu zuen.

1122an, erregeak jendeztatzeko foru berria eman zion "Argako zubiari edo Erreginaren Zubia ere deitzen denari...". 1124an Iruñan Andra Maria katedral berria sagaratu zen eta urte berean egungo Santo Domingo de la Calzada hiria fundatu zen, Oja ibaiaren ertzean, Olgabarte eta Iubarte izena duten tokian. 1126an Urraka andrea hil zen eta Iruñako eta Aragoiko erregearen eta Alfontso VII gaztelar errege berriaren artean, adostasun batera iritsi omen ziren biak, errege gaztelarra Errioxarekiko zituen bere nahietatik alboratuz. Horrela egiaztatzen du Tuteraz aipamenik egiten duen Borrokalariaren idatzi (1127) batek eta, besteak beste, hurrengoengatik egiaztatuta dagoena: Sancho Gotzain Jna., Calahorrakoa; Orielo Garces Jna., Logroñoko Jaurerriaz; Fortuño Garces Jna.; Najerakoarekin eta Lope Iñigez, Bureban eta Alfaron.

Tuterako justiziei erregeak emandako dekretua 1129koa da eta bertan Tuteran gelditu ziren moroei kristauak zieten joputasuna erakusten digu: antza denez eurenak ziren lurrak lantzea onartzen zieten, uztaren erdia ordaintzearen truke. Erregeak, moroei gelditzen zitzaien uztaren erditik hamarrekoak eta primiziak elizari ordain ziezazkietela erabaki zuen.

1130ean, erregeak Gilermo, Akitaniako dukeak, bortuz bestaldeko euskal jaunen lurraldeak estutzen zituela ikusiz, Gaztelarekiko bakea aprobetxatu zuen (Tamaran izenpetua, 1127ko uztailean) eta Baionako hiria setiatu zuen, inguratze etengabe baten ondoren mendean hartu omen zuena. Andaluzian sarraldia egiten du 1125 eta 1126 bitartean. Lurralde valentziarrera bideratuz eta Hegoaldera jarraituz, Jucar gurutzatzen du, Alkaraz hartu eta gero Andaluzian sartuz. Kordobako lurraldeetan gudaroste musulmanen aurkako gudari bide eman zion, garaile irtenaz. 1126 urtean Alfonso Borrokalaria bere erresumara itzuli zen hainbat mozarabiarrez eta altxor handia lortu ondoren. 1134an Fraga bereganatzeko ahalegina egin zuen, baina menderatua izan zen eta heriotza ekarri zioten zauriak jasan zituen, 1134ko irailaren 7an hilez. Baionako inguratzean zehar egin zuen testamentuan, eta funtsean Sariñenan berregin zuen testamentuaren berdina dena, bere Erresuma Tenpleko Ordena militarrari, Jerusalengo Joanes Deunaren ospitaleren eta Hilobi Santuaren Ordenari uzten zien. Aragoa norabiderik gabe gelditu zen horren testamentu xedapen bitxiaren aurrean eta nafarrek egoera hori euren independentzia berrezartzeko erabili zuten, Garcia Ramirez Jna., Ramiro Sanchez infantearen semea, errege bezala aldarrikatuz. Aragoiko errege izendatua izan zen Ramiro, Borrokalariaren anaia, "Monjea" deitua, erregetza aulkian jartzeko Tomieres monasteriotik atera egin behar izan baitzuten.