Monarkia eta noblezia

Antso VII.a Azkarra

Antso Azkarrak ez zuen legezko semerik, ezta, beraz, tronurako ondorengorik ere. Ez bazuen beste irtenbiderik aurkitzen, haren iloba Tibalt Xanpainiakoa izango zen ondorengo, eta harekin haserretuta zegoen. Ondorengo bat bilatzeko asmoz, Jaume I.a Aragoiko erregearengana hurbildu zen. Tuteran bildu ziren bi erregeak, elkar umeordetzea adosteko; horrela, bata bestearen erresumaren oinordeko izango zen. 1231ko otsailaren 2an izenpetu zuten akordio hori, eta bi hilabete beranduago berretsi zuten Nafarroako eta Aragoiko erresumen izenean.

Azkenean, bi erregeek ez zuten adostasunik lortu. Antso VII.ak, ordurako zahartuta eta gaixo, erresuma zaharreko lurraldeak berreskuratu nahi zituen soilik, hau da, Errioxa, Bureba, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia. Jaumek, berriz, gerra-ekintza handiak gauzatu nahi zituen irabazi oparoak lortzeko.

Lehenengo elkarrizketan aztertu zuten nola egingo zioten aurre Lope Diaz Harokoari eta gaztelauei; Aragoiko erregeak bi mila zaldun eskaini zizkion armada bat bidaltzeko Lope Diazen kontra. Beste alde batetik, Jaume I.ak ehun mila soldatako mailegua eskatu zion Nafarroako erregeari; Ferrerako, Ferrellongo, Zalatamorreko, Ademuzeko eta Castielfabibeko gazteluak eman zizkion berme gisa. Peña Faxina nafarra, Moncayoren oinetara zegoena, eta Peña Redonda ere eman zizkion, gotortu eta birpopulatu zitzan. Era berean, mila zaldun prestatzeko konpromisoa hartu zuen, Pazkorako eramango zituenak, eta beste mila Mikel Deunaren egunerako.

Urte hartako Pazkoan Aragoiko erregeak ez zituen bere konpromisoak bete, Mallorcara joan behar izan baitzuen. Aragoiko erregeak, bere baliabide guztiak konkista-ekintzetan jarrita zituenez, ezin zizkion Antso VII.ari itzuli hark maileguan emandako zenbatekoak. Hori horrela, nafarrarekin izandako beste bilera batean, Ferrerako, Ferrellongo eta Zalatamorreko gazteluak eman zizkion betiko. Jaumek Antso VII.ari beste hainbat gauza emateaz gainera, bi erregeek berriro sinatu zuten elkar umeordetzeko akordioa. Ordurako, Antso ahulduta zegoen, eta ez zeukan konfiantzarik bere gizon aberatsengan; harengandik dirua ateratzen soilik ahalegintzen zirela esaten zuen.

Ez zuten akordiorik lortu, eta Aragoiko erregeak, Mallorcara itzuli aurretik, bere semea izendatu zuen ondorengo urte hartako maiatzaren 6ean idatzitako testamentuan. Semea ez bazegoen, erregearen hurbileko ahaideak izango ziren zuzeneko ondorengo, eta testamentuan ez zuen aipatu ere egiten Nafarroako erregea.