Monarkia eta noblezia

Antso VII.a Azkarra

Rikardo "Lehoibihotz" 1199an hil ondoren, haren ondorengotzaren auzia zela eta, liskarra sortu zen Frantziako erregearen eta Joanes "Lur Gabearen" artean. Frantziako erregeak Alfontso VIII.aren laguntza bilatu zuen, eta Joanes "Lur Gabeak", berriz, Antso VII.arena. Errege nafarrak aliantzak zituen Baionako burgesekin, eta, horrela, Alfontso VIII.ak Guiena hartzea oztopatzen zuen. Alabaina, gaztelauak laguntza eskatu zien Guienako jauntxoei, horiek ez baitzeuden gustura Ingalaterrako erregearekin. 1204ko urriaren 26an, Gaztelako erregeak "Gaskoniako jaun" izendatu zuen bere burua. 1205eko kanpainan, zenbait hiri okupatu zituen, baina ez zuen lortu Baiona, Bordele eta La Reole hiriak hartzea. Bere alde egin zuten jauntxoek iritziz askotan aldatzen zutela ikusita, gaztelauak alde batera utzi zuen laster konkista-proiektu hori.