Monarkia eta noblezia

Antso VII.a Azkarra

1225ean, hirurogeita hamar urte inguru zituen Antso VII.ak. Xanpainiako Tibaltek, erregearen arreba Blankaren eta Tibalt V.a Xanpainiakoaren seme zenak, Antsoren ondorengo izan nahi zuen tronuan. Egia esan, hura zen zuzeneko oinordeko bakarra. 1201ean jaio zen, eta adienez nagusia zen ordurako. Sasiko bi seme zituen Antsok, Remiro eta Guillermo. Xanpainiako kantzelari izendatu zuten lehena, eta, gerora, Iruñeko apezpiku, ehun librako soldatarekin.

Urte horretan bertan, Tibaltek Nafarroara bidaiatu zuen, nobleak bere alde jar zitezen, eta tronuko ondorengo gisa omendu zezaten, haren osaba erregeari zor zion leialtasunaren kaltetan izan gabe. Ez zuen lortu baina. Sasiko bi anaiak elkartu, eta haren kontra altxatu zuten herriaren zati bat, eta nobleek hark eskatutako omenaldia egitea eragotzi zuten. Haren ilobarekin etsaituta, Antsok ondorengo bat bilatu zuen, eta Aragoiko errege gaztearengan, Jaume I.arengan, jarri zuen arreta.