Concepto

Euskarazko testuliburuak

Informazio osagarria



XIX. mendearen bukaeratik gaurdainokoa euskaraz idatzitako testuliburuen eta eskola-materialaren sorkuntzaren eta ugalketaren garaia dugu. Euskal kultura idatzia inoiz ez bezala garatu den momentua da eta, aldi berean, eskolaratzea, oro har, eta euskarazko irakaskuntza finkatuko denekoa ere. Testuinguru horretan, euskarazko testuliburuen argitalpena finkatuz eta zabalduz joan da. Lehenengo hamarkadetan bilakaera motela izan bazen ere, euskararen normalizazio prozesua sendotzen joan den heinean, euskarazko testuliburuen ekoizpena bizkortu egin da, beste hizkuntzetan argitaratzen diren testuen parera helduz, bai edukietan bai formetan.

Kultura idatziaren eta eskolatze prozesuaren garapenak markatuko du testuliburuen ibilbide historikoa, eta horretan garai edo epe batzuk garbi ikusten dira (Dávila, 1997; Dávila-Erriondo, 1998). Lehenengo garaia 1876. urte bitartekoa dugu -Foruak indarrean zeudeneko garaia-, kristau dotrina irakasteko katixima ugariak, eta frantsesa edo gazteleraren irakaskuntzari begira idatziriko gramatika batzuk nagusi zirelarik. Bigarren garaia, Kultur Berpizkundearen garaia, 1937. urte bitartekoa, non silabarioak, irakurketa-liburuak, ipuinak, geografia edota aritmetika irakasteko testuak etab. argitaratzeari ekin zitzaion, gehienak, neurri handian, ikuspegi nazionalistatik eginak. Eta, hirugarren epea, frankismo garaitik gaurdainokoa, testuliburuen errekuperatu nahiarekin abiatu zena, eta berrikuntza pedagogiko indartsu bati hasiera eman ondoren, euskarazko ekoizpen idatziaren booma, ikastolen mugimendu berria eta hizkuntza ereduek markaturiko eskolatzea bizi izan duena.

Euskarazko ekoizpen idatzi urria ezagutuko duen garaia dugu. Nagusitasuna, XIX. mende ia osoan, formazio erlijiosora zuzenduriko lanek zutelarik, umeen eskuetan gehien jarri zen liburu mota dotrina izan zen, ipuina eta silabarioekin batera. XIX. mendearen inguruan gehien erabili ziren irakaskuntza eta eskola-liburuak ditugu, gramatikak batzuk tartean.

Ezin ahantz dezakegu, eskoletan ematen zen irakaskuntza gazteleraz edo frantsesez ematen zela, baimentzen zen euskarazko testu bakarra dotrina izanik. Dotrina arruntenak euskalki ugarietara itzuli ziren Astete aitaren eta Ripaldaren itzulpenak izan ziren.

Bere aldetik, ipuin eta alegiena arrakasta eta entzute handia izan zuen literatura izan zen, gaztetxoei irakasbideren bat agerian jartzera zuzenduak zeudelarik, erlijio testuak baino irakurterrazagoak baitziren. Zabalduak izan ziren oso Samaniegoren alegiak, baita Bizenta Mogelen Ipui onac, zeintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari, ta gazte guciac eracaste ederrac berenvicitza zucentzeco, eta Agustin Pascual Iturriagaren Ipuiak ere.

Euskara hutsean idatzitako kartila eta silabarioak ere pixkanaka argitaratzen hasiak ziren. Gipuzkoako herrialdeko Junta karlistak argitaratu zuen lehena 1875ean, G. Zalakainek moldatua Iracutzaren asierac edo lenasteac euscalerrico aurrentzat izenburuarekin, irakurketaren irakaskuntza lehenik euskaraz, eta gero gazteleraz egin zedin gomendatuz. Foruen galeraren ondorengo kultur susperraldian, hain zuzen, silabarioak izan ziren euskarazko testuliburuen aitzindari gisa eskura jarri ziren lehen testuak. Euskaraz irakurtzen eta idazten irakasteko lehen urratsak ziren. Ezaugarri bertsuekin argitaratu ziren Agakia euskeraz irakurten ikastekoa izenburua zeraman silabarioa, K.A. Ormaetxeak 1886an idatzia, eta zertxobait geroxeago, 1897an, Sabino Aranaren Umiaren lenengo aizkidia.

Gramatikei dagokienez,Rafael Mikoletka bere Modo breve de aprender la lengua vizcaina delakorekin 1653an hasi zuen tradizioari helduz, Agustin Cardaberaz jaunak maisu eta apaizei eskaini zien bere Eusqueraren Berri Onac eta ondo escribitceco, on iracurteco, ta ondo itzeguiteco erreglac (1761). Euskara ikasteko gramatikez gain, ordea, gaztelera edo frantsesaren irakaskuntza helburu zuten gramatika elebidunen erabilera azpimarratu behar da. Euskararen eskutik gaztelerari sarbidea emateko helburuarekin argitaratu zirenak, alegia. Hor dira, 1842an Agustin Pascual Iturriagaren Diálogos vasco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa liburua; baita, Luis de Astigarragaren Manual vascongado y castellano (1840ko Batzar Nagusiek agindutakoari jarraikiz, eskoletan dohainik banatua izan zena); eta Juan María de Egurenen Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas vascongadas (1867, Instrukzio Publikorako Kontseiluak eskoletako irakaskuntzarako onartua).

Herritarren irakurketa joerak aurreko mendeetako ildotik bazihoazen ere, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen lehenengo hamarkadetan idazketarako joerak aldatzen hasiak ziren, eta kultura idatziaren ekoizpena zabaltzen hasia apurka. Ekoizpena kuantitatiboki areagotu zelarik, eduki mailako dibertsifikazioa nabarmentzen hasi zen, formazio erlijiosora zuzenduriko lanek izan zuten nagusitasuna desagertuz, nahiz eta idatzi zen guztiaren oinarria funtsean katolikoa izan oso (Eizagirre, 2007). Literatur lanen ugaltze eta dibertsifikazioaz gain, epealdia azpimarragarria da, nagusiki, hegoaldean sortu ziren, eta nolabaiteko sendotasuna eduki zuten, kultur talde ugariengatik eta, gehienetan haiei lotuta argitaratu ziren aldizkariengatik.

Epe honetan Eusko-Ikaskuntzak (1918), bere kongresuen bitartez, euskal kultura eta hizkuntzaren normalkuntza helburu nagusitzat zuten intelektualak bildu zituen Espainiako Gerra Zibila heldu bitartean. Bere irakaskuntza batzordeak aurreko mendearen amaierarako jada jeltzaleek plazaratu zituzten euskarazko irakaskuntzaren aldeko errebindikazioen berrindartzea ekarri zuen, euskal eskola errebindikatuz eta euskarazko testuliburuen argitalpena sustatuz.

Errebindikazioak ez ezik, euskarazko irakaskuntzako lehenengo esperientzia iraunkorrak eman ziren. Aintzindarietako bat Muñoa jauna dugu, 1914. urtean ireki zuen "Koruko Andra Mariaren Ikastetxea"-rekin, mugak gaindituz, irakaskuntza osoa euskaraz izatera iritsi baitzen. Bidea irekita, 20ko hamarkadatik aurrera, batez ere, euskarazko irakaskuntza bultzatu zuten eskolak abian jarri ziren, zela Muñoaren adibideari jarraituz, zela Bizkaiko eta Gipuzkoazko diputazioek bultzaturiko auzo eskolen bitartez, zela Eusko Alderdi Jeltzalearen eremu abertzaleko euskaltzaleek eta elkarteek Bigarren Errepublika garaian martxan jarri zituzten euskal eskolen bitartez. Eta, euskararen erabilera sustatu nahi zuten eskola esperientzia horiekin erabat lotuta eman zen euskarazko testuliburuen garapena. Euskaraz irakurtzen eta idazten ikasten laguntzeko liburu eta kartilak, irakurketa liburuak, ipuinak, geografia edota aritmetika irakasteko testuak, etab. argitaratu ziren, oraingoan Eusko Ikaskuntzak gauzatutako hizkuntzaren berreskurapen kulturalerako politikaren barruan.

Hasitako bide zaharrei jarraituz, euskara ikasteko gramatika eta hiztegiak -nahiz eta gehienak eskoletarako baino helduei begira idatziak egon-, eta euskarazko irakaskuntzari begira, bestalde, silabarioak eta eskola kartilak argitaratzen jarraitu zuten. Goikoez gain, aipa dezagun Umearen Laguna, irakurtzen ikasteko biderik errezena, Lopez Mendizabalek 1920an argitaratua. Liburu horren laburpen gisa argitaratu zen 1931ean Martin Txilibitu. Irakurbide laburra, eta Eusko Ikaskuntzak sustatuta, halaber, Txomiñ-Ikasle eta Sabin euskalduna, Bernardo Estornesena.

Pixkanaka bada ere, euskara irakaskuntza-gai ugariagotara zabaltzen hasi zen, aritmetika eta zientziaren alorreko testuak argitaratuz, adibidez: euskal eskoletan irakasteko I. Lopez Mendizabalek idatzi zuen Ume koxkorrentzat euzkeraz egindako zenbakiztiya edo aritmetica; Luis Eleizaldek 1920an idatzitako Lenengo ikasle malarako Euskal-Zebakiztia, edo Zabala Arana jaunak argitaratutako bi testuak -Euskerazko zenbakera (1929), eta Zenbakiztija (1932)-. Geografia eta historia eremuetan ere saiakera bat edo beste egin zen, R.M. Azkueren Erkindea-Geografia (ume txikientzat, 1900), Zabala-Aranak 1922an argitaratu zuen Euzko-lutelesti Txikia, eta Pirmin Iturrioz apaiz-maisuak idatzitako Lutelestia. Iru maietan (1932), kasu.

Baina, irakurketa liburua izan zen eskola testuen artean gehien landu zen generoa. Besteren artean, aipatu behar ditugu: R.M. Azkueren Lenengo irakurgaia Bein ta betiko (1893), J.M. Lertxundiren Polli eta Pello (1910), eta Gauzen ikuskizunak umientzako (1925); Evaristo Bustinzaren Abarrak (1918), B. Garitaonaindiak argitaratu zuen Ipuin laburrak umetxoentzat (1922), edota Vicente de Aizkibelen Ipuin Aberkoyak -planteamendu nazionalistak argi eta garbi azaltzen dituenak-. Errepublika garaiko euskal eskolek eskura izan zuten, halaber, Julene Azpeitiak 1932an idatzi zituen Irakurri maite eta Osasuna, merketza ta yanaritzaz, eta, aholkuen literaturaren barruan, Gipuzkoako Diputazioak Nekazaritzako irakuraldiak 1933an, mendialdeko ikastolentzako egina.

Material didaktiko eskasia arindu zuten liburu hauek eta, bestalde, jeltzaleen ideologiarekin bat zetorren Euskal Herriaren ikuspegia emateko aukera ere eskaini zuten. Hala, esango dugu, beraien bitartez nazionalismoaren unibertso ideologikoa osatzen zuten erizpideak -erlijiotasuna, nazio identitatea, tradizioak, euskararen defentsa, etab.- sendotuz joan ziren eskolaren testuinguruan. Orain bai, unibertso nazionalista osoa ongien jaso zuen testulibururik zabalduena Lopez-Mendizabalen Xabiertxo. Umeei euskeraz irakurtzen erakusteko idaztia izan zen, 1923an Euskalerriaren Alde elkarteak saritua eta 1925ean Eusko Ikaskuntzaren laguntzari esker argitaratu zena.

Euskara zein euskarazko irakaskuntzari begira argitaraturiko liburu eta kartilen ugaltzea nabarmena izan zen mendearen bigarren hamarkadatik aurrera, lehen esan bezala, Eusko Ikaskuntzaren kultur berreskurapen politikaren barruan argitaratu ziren lanen ildotik. Hor, nabarmen ageri den izena I. Lopez Mendizabalena da, berak eta bere inprimategiak esparru didaktikoa egin zuten lana erabat esanguratsua izan baitzen ondorengo urteetan garatu zen euskarazko irakaskuntzarako, jada abertzaletasun jelkidearen inguruan finkatu zen testuinguru ideologikoaren barruan.

Euskaldunei euskarazko irakaskuntza eskaintzeko lehenengo pisuzko saiakerak XX. mendearen hasierako hamarkadetan bideratu ziren. Bereziki II. Errepublikako garaian. Hor ezarri ziren gerora, mendearen amaiera aldera, finkatu ziren euskal eskola eta euskal curriculumerako lehenengo oinarri sendoak. Halere, 1936an piztu zen Gerra Zibilak, eta ondorengo hamarkadetan frankismoak eraman zuen politikak erabat zapuztu zituen, beste proiektu asko legez, euskarazko irakaskuntzarako saiakerak. Euskara espazio eta erabilera publikotik erabat desagerrarazi zuten, etxe-espazio eta esparru pribatuetan ezkutatuta geratuz.

Frankismo garaiaren azken aldera, ordea, euskararen berreskurapen publikoa abian ikusiko dugu, klandestinitatea egoeran hasiera batean, eta nolabaiteko onarpen egoeran sartuz ondoren. Isiltasunaren kultura batetik euskal identitatearen ezaugarrien errebindikazio publikora igaro zelarik, batik bat 60 hamarkadatik aurrera. Publikotasun mailan euskararen erabilera ezarri eta garatzeko asmotan burutu ziren ekintza eta proposamenak zirela eta, etapa interesgarrienetarikoa izan zen 70eko hamarkada. Berriz, 80koa aurreko hamarkadan zehar bultzatu ziren euskararen aldeko adierazpen sozialak bideratu, arautu, antolatu eta erakundetuz joan zireneko garaia dugu.

Frankismo garaiko lehen eskola legeek espresuki galarazi zuten euskararen erabilera (1945eko oinarrizko irakaskuntzarako legea, eta 1967ko testua). Legedia leundu zen, baina, 1970ko Lege Orokorraren ondoren eta, batez ere, 1975. urtetik aurrera. Bien bitartean, gerra aurreko euskal eskolen esperientziaren ildoari nolabaiteko jarraipena eman nahi zitzaiolarik, martxan jarri zen, klandestinitatean, haur euskaldunei zuzendutako oinarrizko euskarazko irakaskuntza. Lehenengo esparru murritzean, eta gero zabalagoan bi esperientzia nagusi sortu ziren: Donostian Elbira Zipitriaren inguruan sortu ziren Etxe-eskolak (1946-1969) bata, eta 1960tik aurrera garatzen hasi zen Ikastolen mugimendua bestea.

Oro har, esan dezakegu, klandestinitate (1943-1960) eta hedapen eta legeztatze fase (1960-1975) baten ondoren, eskolatze sare berri baten sorreraren aurrean gaude 1960-1975/78 urte bitartean, etorkizuneko euskal eskola publikoaren eraikuntzarako derrigorrezko erreferentzia izango dena, hain zuzen. Ondorengo urteak normalizazio juridikoa eta berdinketa publikoa eskuratzeko ahaleginen garaia izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean bederen.

Euskarazko testuliburuen argitalpenak, bere aldetik, eskolatzearen ibilbide bera egingo du. Frankismoaren lehenengo etapetan, euskarazko testuak argitaratzeko arazoak medio, gerra-aurretik argitaratutako testu eta irakurketa liburuetara jo beharko da bai etxe-eskoletan bai lehenengo urteetako ikastoletan. Testurik erabiliena I. Lopez Mendizabalen Xabiertxo izango da. Ondorengo urteetan, aldiz, irakaskuntza maila bakoitzari dagokion materiala egokia argitaratu ahal izango da.

Ikastola, sortu, alternatiba pedagogiko gisa sortu zen eta berarekin ekarri zuen material didaktiko berria sortu behar izatea. Testuinguru horretan bi kolektibo ditugu, denborarekin irakasleriarentzako derrigorrezko erreferentzia bihurtu zirenak: Gordailu, 1968-1969 ikasturtean Donostian sortu zena, eta Iker, 1972an Bilbon sortua. Ikasleek eta irakasleek erabil zezaketen material pedagogiko berria sortzea zuten helburu izaki, hainbat material sortu zuten, Gordailuren Ikastola liburutegia eta Ikerren Saioka, adibidez, eskoletan luzaroan iraun zuena.

Irakaskuntza eskaera berriekin bat zetorren material didaktikoa sorrarazi zuen Ikastolak. Baina, baita ere entziklopedien itzulpenak, eskolarako hiztegien ekoizpena, irakurketa liburuak eta haur literatura. Margo Ederdun Entziklopedia dugu horietako bat, Timum Mas argitaletxeak 1969an eta 1971 bitartean argitaratua, eskola ekintzaren elementu osagarria izaki, ikastola gehienetako liburutegietako parte izan zena.

Dudarik ez dago ekoizpen idatziari dagokionez, oro har, eta testuliburuei dagokienez, zehazki, garairik emankorrena XX. mendeko azken hamarkadena izan dela. Kuantitatiboki bistan geratzen den fenomenoa da. 1978ko Konstituzioarekin bideraturiko aldaketa politiko berriak eta ikastolarekin sorturiko eskolatze prozesuaren finkatzeak euskara gero eta leku gehiago hartzen joan deneko eskola sarea ezartzea ekarri du, eta honek, aldi berean, euskarazko testuliburugintzaren areagotzea. 1975. urtetik aurrera eta, batez ere, 1982ko euskararen normalkuntzarako legearen ondoren, legea eskola eremura aplikatzeak sortarazi dituen behar berriek euskarazko testuliburuen eskaera iraunkorra ekarri du. Prozesuaren helmugan egongo da euskal curriculuma sortzea.

Izan ere, legeak ezarri duen marko berriaren testuinguruan eskola sistema osoan hizkuntza mailaren araberako hezkuntza eredua (A, B, D) ezarri da eta Autonomia Erkidegoko eta Foru Erkidegoko eskola mapak lege berriak ezarritakora egokitu dira, euskaraz eta gazteleraz idatzitako testuliburuen erabilera berria ekarriz.

Euskarazko testuliburuen ugaltzea hain izan da nabarmena, ezen azken berrogeita hamar urte hauetako euskal liburugintzaren portzentajerik altuenak bereganatu baititu. J.M. Torrealdaik (2011) eskaintzen dizkigun datuen arabera, hezkuntza eta irakaskuntzari loturiko ekoizpenak 70eko hamarkadan hasi zuen nagusitasunari heldu dio, bere lehen posizioa finkatuz jada 2009an (osoaren %32a bereganatzen du) euskal liburugintzaren barruan.

Indartuz doan hizkuntzaren normalizazioaren adierazle da, halaber, testuliburuek izan duten garapen maila. Oro har, esan daiteke beste hizkuntzetan argitaratzen diren testuen ezaugarri bertsuak dituztela euskarazkoek, bai edukietan bai forma, euskarri eta osagarrien mailan. Testuliburuek osagarri gisa izango dituzte irakurketa koadernoak, ariketa koadernoak eta irakasleei zuzenduriko gidak. Azken hamarkadetan, berriz, areagotu egin dira euskarri desberdinetan (ikus-entzunezkoak, software didaktikoak, etab,) egindako eskola materialak, testu idatzia ordezkatu baino honen osagarri gisa erabiliko direnak.

Antzekotasunak antzekotasun, ordea, alderdi materialean gazteleraz argitaratzen direnen antzekoak izango badira ere, ezberdintasunik egon izango da, euskal curriculuma ulertzeko modua dela eta, argitaletxe desberdinen argitalpen proiektuen mailan. Edukietan eta gaien inguruan egingo diren tratamenduan, lurraldetasunaz, hizkuntzaz, kulturaz, historiaz, kontzepzio desberdinak agerian geratuko dira hemendik aurrera euskarazko testuliburuetan.

  • DÁVILA, Paulí. "Los libros escolares en euskera". ESCOLANO, A. (zuz). Historia ilustrada del libro escolar en España. Del Antiguo Régimen a la Segunda República. Madrid: Fundación Germán Sánchez Ruipérez, 1997, 599-620 orr.
  • DÁVILA, Paulí; ERRIONDO, Lore. "Los libros de texto en euskera". ESCOLANO, A. (zuz.). Historia ilustrada del libro escolar en España. De la posguerra a la reforma educativa. Madrid: Fundación Germán Sánchez Ruipérez, 1998, 519-545 orr.
  • EIZAGIRRE, Ana. Ahozko hitzetatik idatzietara. Ikasi eta jardun. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 2007. (Euskara Mintzagai, 2).
  • TORREALDAI, Joan Mari. "Euskal liburugintza 2009". Jakin, 2011, urtarrila-otsaila, 21-56 orr.