XIX. mendearen bukaeratik gaurdainokoa euskaraz idatzitako testuliburuen eta eskola-materialaren sorkuntzaren eta ugalketaren garaia dugu. Euskal kultura idatzia inoiz ez bezala garatu den momentua da eta, aldi berean, eskolaratzea, oro har, eta euskarazko irakaskuntza finkatuko denekoa ere. Testuinguru horretan, euskarazko testuliburuen argitalpena finkatuz eta zabalduz joan da. Lehenengo hamarkadetan bilakaera motela izan bazen ere, euskararen normalizazio prozesua sendotzen joan den heinean, euskarazko testuliburuen ekoizpena bizkortu egin da, beste hizkuntzetan argitaratzen diren testuen parera helduz, bai edukietan bai formetan.
Kultura idatziaren eta eskolatze prozesuaren garapenak markatuko du testuliburuen ibilbide historikoa, eta horretan garai edo epe batzuk garbi ikusten dira (Dávila, 1997; Dávila-Erriondo, 1998). Lehenengo garaia 1876. urte bitartekoa dugu -Foruak indarrean zeudeneko garaia-, kristau dotrina irakasteko katixima ugariak, eta frantsesa edo gazteleraren irakaskuntzari begira idatziriko gramatika batzuk nagusi zirelarik. Bigarren garaia, Kultur Berpizkundearen garaia, 1937. urte bitartekoa, non silabarioak, irakurketa-liburuak, ipuinak, geografia edota aritmetika irakasteko testuak etab. argitaratzeari ekin zitzaion, gehienak, neurri handian, ikuspegi nazionalistatik eginak. Eta, hirugarren epea, frankismo garaitik gaurdainokoa, testuliburuen errekuperatu nahiarekin abiatu zena, eta berrikuntza pedagogiko indartsu bati hasiera eman ondoren, euskarazko ekoizpen idatziaren booma, ikastolen mugimendu berria eta hizkuntza ereduek markaturiko eskolatzea bizi izan duena.