Kontzeptua

Galdaragileak

Herriko elkarteak hiriko gremioen oinordekoak ziren, eta, hortaz, XIX. mendeko lan pentsamoldeari jarraiki, ez zieten emakumeei sartzen uzten. Gremioek, lan egiteaz gain, herriko festak antolatzen zituzten, eta elkartekideen aisialdi guneak ziren. Aisialdi jardueretan, emakumezko rol bat interpretatzea nahitaezkoa zenean, eta emakumerik ezean, gizonen bati esleitzen zitzaion rol hori. Gremioak desagertzean, haien oinordekotza hartu zuten erakunde berriek -hau da, herriko elkarteek- aurrekoen egitura, ohiturak eta tradizioak mantendu zituzten hein handi batean, lanari zegozkionak kenduta.

Horrela, Galdaragileen Konpartsan erreginaren rola betetzeko gizon bat aukeratu zuten, eta tradizio bihurtu zen figura hori eta ohorezko damak gizonezkoak izatea.

Ezinezkoa da azkeneko urteetako erregina eta ohorezko dama guztiak aipatzea, zerrenda amaiezina baita. Hala ere, erreferentzia izan daiteke azken mende erdian Konpartsa bakarra zegoeneko zerrenda, konpartsa horretako erregina Donostiako erregina ere bazelako: 1954-1960, Juan Arizpe; 1964, Faustino Aurquia; 1965-1972, Luis Anza; 1973, Fernando Vaqueriza; 1974-1984, Santiago Gonzalez; 1985-1990, Alfredo Arana eta 1991-2003, Jose Maria Arocena.

Zerrenda horretatik kanpo daude 1932, 1961 eta 1962 urteak. Izan ere, tradizioarekin apurtuz, urte horietako erreginak Lola Balenciaga, Maria Pilar Valdivieso eta Pepita Arrieta izan ziren, hurrenez hurren.