Kontzeptua

Galdaragileak

Galdaragileen Konpartsa urtero irteten zen Santa Mariaren elizaren ataritik, eta kandelak bedeinkatzeko zeremoniara bertaratzen ziren eliztarrak irteteko zain egon ohi zen bertan. Aitzitik, 1912an, Pio X.a Aita Santuak, otsailaren 2ko festa kendu, eta lanegun bihurtu zuen. Lanera joan behar zenez, ezinezko zitzaien jaieguna ordura arte bezala antolatzea, eta hamabi urte igaro ziren Gaztelubide Elkarteak, Luis Irastorza buru zuela, Konpartsa berreskuratzea erabaki zuen arte. Orduan, gaueko hamarretan egitea erabaki zuten, goizeko hamarretan egin beharrean.

Galdaragileen Konpartsaren bertsio berri horren nobedadeetako bat "Gabilondo eta haren hartza" izan zen, oraindik ere mantentzen dena. Are gehiago, egun ezinbesteko bilakatu da, eta konpartsa guztietan azaltzen dira hartza eta haren hezlea. "Galdaragileen erregina" izeneko pertsonaia ere garai hartakoa da. Erreginari dagokio hitzaldia ematea, galdaragileek kanpamentua jartzen dutenean, desfilea egin ostean. Bertan, sutzarririk ez da falta, eta errepertorio osoa abesten dute.

Konpartsa mantentzeko ahaleginak egin arren, urtez urte zailagoa zitzaien parte-hartzaileak eta kaleak girotzeko publikoa biltzea, otsailaren 2a larunbata zenean salbu. 1962an iritsi zen konponbidea, Joshe Aldanondok tribuaren buruzagitza hartu zuenean Shotero Irazustaren ordez: irteera otsailaren lehenengo larunbatera aldatzea erabaki zuten. Konpartsa indarberritzen hasi zen, eta, urteek aurrera egin ahala, hiri osoan ospatzen den jaieguna bihurtuz joan da. Ikastetxe gehienek ere parte hartzen dute gainera, eta bezperan jada, haurrentzako konpartsa ugari antolatzen dituzte.