Kontzeptua

Galdaragileak

Jatorritik, Donostiako festa herrikoi gehienetan gertatzen denaren antzera, herriko elkarteak beren gain hartu dute antolakuntza, eta 1924tik, Gaztelubide izan da arduraduna.

1969an, erantzukizun hori eten egin zen, arrazoi politikoak zirela eta: gobernuak salbuespeneko egoera ezarri zuen, eta Konpartsa bertan behera uzteko gomendioa egin zieten.

Hiru urte beranduago, tradizioa galdu ez zedin, festazale talde batek Konpartsaren agintea hartu zuen, Tomas Hernandez Mendizabal buru zutela, eta 1972an, festa berreskuratu zuten. Iñaki Ibero izendatu zuten tribuko buru, gero Paco Sexmilok ordezkatuko zuena, 1997an.

Antolatzaile berriek "Donostiako herria" izena eman zioten beren buruari, eta eginkizuna aurrera eramatean, portaera arau zorrotzak ezarri zituzten, entseguei, abesbatzei eta jantziei dagokienez. Hamabost taldetan banatu ziren, eta talde bakoitzak bere arduraduna zuen. Gehienak herri elkarteetako ordezkariak ziren, eta tradizioari eutsi zioten, 1985ean eta 2004an taldea zatitu zen arte.

Lehenengo zatiketa Antonio Antero galdaragileak Groseko auzoan konpartsa berria osatzea erabaki zuenean gertatu zen. Ez zuen polemikarik sortu, eta auzo horretako edo inguruko taldekideak bereganatu zituen. Oso arrakastatsua izan zen, eta, beste taldearekin paraleloan, ikerketa lan garrantzitsuak egin zituen, konpartsarekin lotutako musikaren eta xehetasunen gainean. Harrezkero, hortaz, festak bi konpartsa zituen, eta hori izan zen 2011. urtean dugun aniztasun honen abiapuntua. Horrela, Galdaragileen Konpartsa auzoetara zabalduz joan da: Loiola, Martutene, Egia, Alza, Intxaurrondo, Trintxerpe, Antiguo, Amara Zaharra, Amara Berri...

2004an emandako zatiketak, aldiz, arazo handiagoak sortu zituen, emakumeak abesbatzan sartzeko proposamena egi baitzen, eta, horren ondorioz, "betiko" Konpartsa "Hungariako Galdaragileen Konpartsa zaharra 1884, Alde Zaharra Donostia Kultur Elkartea" bihurtu zen.