Kontzeptua

Euskal literatura XX. mendean. 1900-1975

XX. mendearen lehen herenean euskal letren etxeak, euskal literaturaren sistema literarioak, hainbat ahuldade agertzen ditu. Liburua ez da sistemaren gunea, eta literatura aldizkarietan agertzen da maiz. Dena dela, mendearen lehen urteetan gaur arte iraun duten zenbait erakunde nagusi agertu ziren eta erakunde horiek eman zioten bultzada euskal literaturaren esparruari.

Garrantzi handikoen artean, Eusko Ikaskuntza aipatu beharko genuke lehenik. 1918. urtean sortu zuten lau Diputazioek, euskal kulturaren alde lan egiteko Unibertsitaterik ez zuen gizartearen barnean. Britainia Handian hain ohiko ziren Zientzia bultzatzeko erakundeen antzera jakituria arlo desberdinetako sailetan eraturik, ikerketa landu nahi zuen, zientzia jendeen biltoki bihurtu ziren Eusko Ikaskuntzako Kongresuen bidez. Lehena Oñatin ospatu zen 1918. urtean erakundeari sorrera emanez, II.a Iruñean egin zen 1920. urtean Irakaskuntzari buruz. 1922. urtean Gernikan ospatu zen III.ak Hizkuntza eta Irakaskuntza izan zituen gai nagusi. Bere barnetik eratu zen Euskaltzaindia, euskararen alde lan egiteko. Oñatiko Kongresuan araudia onartu eta bildu ziren aukeraturik lehendabiziko lau euskalzainak: Azkue, Campión, Eleizalde eta Urkixo, eta Diputazioek 1919. urtean onartu zuten araudia.

1927. urtean sortu zen Arrasaten Euskaltzaleak elkartea, ondoren ikusiko dugunez Lizardiren eta Aitzolen lehendakaritza izango zuena. Eta handik gutxira Euzkel Bazkunen Alkartasuna, euskararen alde lan egiten zuten elkarteen lana koordinatzeko asmoz.

Erakundeek euskararen alde lana egiteko sarea sortu bazuten ere, ez zen gutxiagokoa aldizkariek egin zuten harreman bidea. XIX. mendearen bukaeratik zetorren bultzada baten eraginez, aurrera egin zuten euskal literatura indartzen Donostiako Euskal Erria (1880-1918) aldizkaria, Baionako Eskualduna (1887-1944) kontserbatzailea, xuria, erlijioaren eta familiaren alde egin zuena; Donostiako Euskal Esnalea (1908-1931), Gure Herria (1921...) eta Euskal erriaren alde (1911-1931) aldizkariak. Baina guztien gainetik ospe handia lortu zuen Julio Urkixok fundatu eta mantendu zuen Revista Intenacional de Estudios Vascos (1907) aipatu beharko genuke. Garaian bazen primitibismora, hau da hizkuntzaren iturrietara joateko joera garbia, eta RIEVek horixe egin zuen: euskal klasikoak berreskuratu zituen, ahal zela edizio fakzimilarrak eskainiz. Baina tokia egin zion era berean literaturari.

Bere orrialdeetan agertu zen Domingo Agirreren (1864-1920) hirugarren nobela Garoa. Foruzaleek leienden kontakizunak asmatu bazituzten ere, eta Iparraldean beste nobela labur batzuk argitaratu baziren ere, Domingo Agirreren Auñemendiko Lorea (1898) nobela historikoarekin eman ohi zaio jaiotza agiria euskal nobelari. Domingo Agirrek beste nobela bi argitaratu zituen, Kresala (1902-1905) eta Garoa (1907-1912). Nobela historikoaren esparruan hasi zuen bere lana apaiz idazleak, ondoren eskualdeko nobela deituriko joeratik igaro zen herri arrantzale baten deskribapena eginez, Kresalan, egloga nobelan bukatzeko Garoan. Mundu tradizional eta patriarkalaren irudikapena egin zuen bere nobeletan. Pertsonaia nagusiak erabatekoak dira, aldaketa krisi handirik ez dutenak, kristautasunari fidel eta bizitza tradizionalaren defentsa egiten dutenak, liberalismoak eta industria munduak bere boterea erakusten zuen uneetan. Kontalari orojakile batek eman ohi dio ahots nagusia kontakizunari, eta denboraren tratamendua geldoa da. Iraganerantz eginiko begirada da Agirrek bilatzen duena, berarentzako gizartearen benetako balio moral eta ideologikoak mendi eta zelai arkadietan aurkitzen baitira.

Nobela erromantikoetan hezi bazen ere, Jose Manuel Etxeitaren (1842-1915) Josetxo (1909) nobelak bere autobiografia du oinarri, eta nahiz eta foiletin kontakizunaren teknika erabili, egiantza bere bizitzako pasarteak kontatzen dituenean lortzen du. Guztiz desberdina da Jayoterri maitia (1910) non emigrazioaren gaia idilioan gauzatzen den.

Euskal nobelaren barnean errealismoa falta dela baieztapenak ilundu egin du Jean Etxepare (1877-1935) kontakizun eta kronika errealista. Egia da ez zuela nobelarik egin, baina batez ere Buruxkak (1910) kronika bilduman garbi ageri du tradiziotik urruntzeko ahalegina, kontaketa errealisten kutsua eta Nietzscheren eragin zuzena.

Literatura sistemaren une ahul eta sakabanatu horretan bada literatur genero bat ongi mantentzen duena bere izaera, Antzertia, hain zuzen ere. Generoaren barnean alde desberdin biok kontuan hartu beharko lirateke: instituzioa (antzezpenak barne direla) eta sorkuntza, idazkeraren bidez. Bilbon nazionalismoaren teatroa nagusitu bazen, Donostian bazegoen antzertia euskaraz emateko tradizio handia. Marzelino Soroaren (1848-1902) lanen ostean, Toribio Altzagak (1861-1941) lortu zuen entzute handia euskal antzertiaren eremuan. 20 lanetik gora argitaratu zituen, eta komediaren arloan egin zuen lan, aurrekoen joera komikoa finduz eta konplexutasunez hornituz. Donostiako Udalak Euskal Iztundea (1915) sortu zuenean, Altzagari eman zioten zuzentzeko lana. Beraz, generoaren gunean aurkitzen dugu Ramuntcho nobelaren egokitzailea. Bere antzerti lanek txikitasunaren eta koherentziaren sona dute. Umorezkoak dira, gatazka minimoak izaten dituzte gai nagusi, hiri bateko maila ertain-baxuko familietan kokatuak eta gatazka pribatuetan oinarriturik. Pertsonaien arteko elkarrizketak ematen die bere lanei bere umore kutsu berezia.

Antzerki sariketak egin ohi ziren eta haietan eman zen ezagutzera Katariñe Eleizegi (1886-1963). Bere Garbiñe (1917) eta Loreti (1917) antzerki historikoek oso harrera ona izan zuen garai hartan. Alzaga 1941. urtean hil zenean, Maria Dolores Agirrek (1903-1997) hartu zuen Iztundearen zuzendaritza eta euskal antzertiak beste ikurra izan zuen.

Lirikak ez zuen horrelako jarraibiderik izan. Testuak aldizkarietan argitaratzen ziren, baina badira egile bi aipatu beharrekoak dira, errepublika garaian indarra hartu aurretik liburuak argitaratu zituztenez.

Emeterio Arresek (1869-1954) aipatzen ari garen aroan liburu bi eman zituen argitara: Nere Bidean (1915) eta Txindor (1928). Liberala izan arren, erromantizismo berantiar batean kokatu zuen bere olerkigintza. Horrela gertatu zitzaion Klaudio Sagarzazuri (1895-1971) Txinpartak (1922) lanean. Biek ala biek jarraitu zuten idazten eta argitaratzen 1936. urteko gerra zibilaren ostean. Lan handia egin zuen poesian alorrean Jules Moulier, Oxobik (1888-1958), nahiz eta Alegiak (1926) genero txikiari atxikia egon berandu arte.

Bestelakoa da garai hartan Koldobika Jauregi, Jautarkolek (1896-1971) harturiko harrera. Bere Biozkadak (1929) liburua oso irakurria izan zen eta eragina izan zuen hurrengo urteetan euskal poesiaren gailurra lortuko zuten Lizardi eta batez ere Lauaxetarengan. Oraindik aztertu gabe badugu ere, Jautarkolen poesia horrek zeresana izan zuen euskal liriko nagusien lanean. Gainera 1933. urtetik aurrera Aitzolek herri lirikarako nahi zuen bidearen sinbolo bihurtu zen Jautarkol.