Kontzeptua

Euskal Poesia XX. Mendean

XX. mendeko euskal poesiaren historian hiru ziklo garrantzitsu bereizten dira: lehena, Euskal Pizkundea deritzana eta Olerkariak idazle multzoa ardatz duena; bigarrena, gudaosteko poeta nagusia izan zen Gabriel Arestiren ekarpenen inguruan biltzen dena, eta hirugarrena, abangoardien eklosiokoa, Bernardo Atxaga edo Koldo Izagirreren idazlan errepresentatiboetan mamiturikoa.

Euskal Pizkundea historia-aldi zabala izendatzeko erabiltzen da, Kataluniako Renaixença eta Galiziako Rexurdimentorekin loturak ditu, eta mugimendu kultural eta politikoa da, ideia erromantikoekin lotzen dena bere hastapenetan. Euskal Pizkundeak sistema literarioan aldaketa nagusia ekarri zuen: eragile berriak agertu ziren, hala nola, sariak, aldizkariak, argitalpenetarako laguntzak eta abar. Ondorioz, egile berriak eta iraunkorrak agertu ziren eta euren lanak Iparraldeko Eskualduna (Baiona, 1887-1944) edo hegoaldeko Euskal Erria (Donostia 1880-1918), Euskal Esnalea (Donostia, 1908-1931) eta Euskaltzale (Bilbo 1897-1899) bezalako aldizkarien bidez eman ahal izan zituzten ezagutzera.

Literaturak eta bereziki olerkigintzak, bultzada handia hartu zuen Lore Jokoen eta Euskal Jaien sustapenari esker. Sariketetara aurkezturiko emaitza berriak, lehenagotik ezagutzen ziren olerki eta bertsopaperetan zabaldutakoekin batu ziren, eta kantutegietan argitaratu XIX. mende bukaeran. Ondorioz, kondentsazio fenomenoa garatu zen, garaiko literatur produkzioari garrantzia emanez, lehenagoko aldi sakabanatu edo ahulen aldean.

XIX. mende bukaerako aldaketa sozioekonomiko handien testuinguruan, Sabino Arana Goiriren abertzaletasunaren ideologia indarrez itsatsi zen aldaketa azkar horiek gertatzen ari ziren eskualdeetan. S. Arana Goirik (Sukarrieta 1865-1903) izpiritu berritzaileaz egin zien aurre foruzaletasunaren ondoriozko literatur planteamenduei. Izan ere, hizkuntzaren eta literaturaren funtzioak aldatu egiten dira testuinguru abertzalean, zeren proiektu abertzalearen oinarrietako bat kultura propioa eta berezia edukitzea baitzen. Bestalde, jokaera garbizaleen ondorioz, erdal mailegu lexikoak eta morfosintaktikoak ezabatzeko nahia errotuko da idazleengan, Arana-Goiriren neologismoen ildotik nahiz R.M. Azkuek proposaturiko beste garbizaletasun jatorraren ildotik. Ondorioz, hizkuntz lanketa zorrotza izan zen idazle errenazentisten ezaugarrietako bat, hizkuntza garbi, jator eta kultuagoa egituratzeko asmoa. Eragin hori iparraldeko idazleen artean ere hedatu zen neurri batean eta besteak beste, Jules Moulier Oxobi (Bidarrai, 1888-1958), aipatzen da garaiko euskal poetarik hoberentzat, Alegiak (1926) bilduma bikainen moldatzailea.

Olerkariak esaten zaie. Euskal Pizkundearen gailurrean (1926-36), Euskaltzaleak erakundearen lehen buruzagia Xabier Lizardi (Zarautz, 1896-1933) poeta izan zen.

1930tik aurrera, elkarte horren jardunak indartu egin ziren: euskarazko literatura jasoa sustatuz, bertsolarien artea ikertuz, eta abar. Lehiaketa literarioak ziren Olerti Jaiak izeneko ospakuntzen ardatza. Jose Ariztimuño "Aitzol"ek (Tolosa, 1896-1937) sariketen antolaketaz arduratu zen eta, euskal literatura kultua sustatu zuen bereziki, euskararen prestigioa indartzeko eta herriaren identitate kulturala sendotzeko. Era berean, sarituen lanak argitaratu, ospaturiko ekitaldiak iragarri, aipatu eta iruzkinak argitaratzen ziren, euskaraz bezala erdaraz. El día eta Euzkadi egunkariak eta Yakintza aldizkaria izan ziren Euskaltzaleak erakundearen ekintzen bozeramaile. Euskaltzaleak-ek sorturiko plataforma kulturaletan ezagutzera eman ziren idazleak (Lizardi, Lauaxeta, Orixe eta Loramendi), olerkariak izendapena hartu zuten. Olerkariek metrika zaindua eta formarekiko arreta nahiz ikuspuntu berritzaileak ekarri zituzten, eta euskal literaturaren erreferentzia sinbolikoak aberasteko ahalegin sendoa egin zuten.

José Maria Agirre Xabier Lizardi (Zarautz, 1896-1933) da olerkarietan aipatuena eta liburu bakarra, Biotz-begietan (1932) argitaratu zuen, bere olerki hoberenen bilduma. Prentsa-artikulu ugari idatzi zituen, eta prosan ere nortasun handiko estiloa garatu zuen. Hil ondoan argitaratu ziren, 1934an bere azken poema solteak Umezurtz olerkiak nahiz euskal artikuluen bilduma hautatua Hitz lauz izenburuz. Halere, artikulu guztiak ere irakur daitezke Xabier Lizardiren kazetari-lanak (1988) alean. Prosaz, naturalitatea, atsegintasuna eta espresibitatea bilatu zituen gehienbat; estiloa landu ahala, ordea, prosa literarioagoa garatu zuen eta hainbat idazleren eredu izan da. Olerkietan berriz, hizkuntzaren adierazteko gaitasuna edo espresibotasun trinkoagoa bilatzen zuen; molde laburreko estrofa motak hobetsi zituen eta bertsoaren erritmoa zaintzen zuen oroz gainetik, musikaltasuna eta barietatea.

Olerki hizkuntz berezia sortu zuen estilizazioaren bidez, soberan zeuden osagai morfosintaktikoak soildu eta hizkuntza eliptikoa erabili zuen, aditzak, lokailuak eta beste ezabatuz. Ildo berean, apaingarri deskriptiboak ekidin eta adierazi nahi zuena, labur eta dotore iradokitzen saiatzen zen. Bere literatur estiloak gustu pertsonal bati erantzuten dio eta inoiz eredu klasikoetan bilatu dira haren estilo-iturriak, Arnaud Oihenartekiko parekotasunak aipatuz. Estilo kontzeptista eta kultua, metrika zorroztasuna eta estrofa laburrak landu izanak elkartzen ditu. Bestalde, metrikaren arloan Sabino Aranak emandako sinalefa-arauak zorrozki betetzen zituen, errima ezohikoak moldatzen zituen, literatura kulturantz bideratuz eta baliabide erritmiko ugari eta ezberdinez baliatuz. Hizkuntzaren molde arruntetik urrunduz, estrainamendu efektua sortzen zuen moldakera morfosintaktiko trinkoen bidez. Biotz begietan (1932) libururako hautatu zituen poemen kalitate maila orekatua ikusita, maisu-lana dela baieztatzeko arrazoiak ditugu. Ordura arteko poesia-eredu erromantikoarekin hausteko asmo garbia nabari zaio: ohiko konparazio eta metafora moduak ez dira ageri, sentimentalismoa eta adierazmolde beraegiak eragozten ditu; testuan emozio adierazpena egoki dosifikatzen eta atzeratzen du, indar espresiboa areagotzeko helburuz. Bere gaiak hiru arlotara hedatzen dira: esparru afektiboa (familia, haurrak, maitasuna), esparru sozio-politikoa, euskarari eta herri konpromisoari dagokiona, eta azkenik, poetaren ni subjektiboan naturan aurkitzen duen bizi-esistentziaren proiekzio gozatsua.

Estepan Urkiaga Lauaxeta (Laukiniz, 1905-1937). Lauaxeta bide irekitzaile izan zen euskal poesian. Errenteriako Lehen Olerti Jaian poemarekin jaso zuen lehen sariaren bultzadaz, Bide Barrijak (1931) liburua argitaratu zuen, euskal literaturan berrikuntza erabakigarria iragarriz. Liburua formakuntza epeko lana da, joera bateko eta besteko poemak daude liburuan, batzuk Heineren erromantizismorantz jotzen dute; beste batzuk, aldiz, parnasianismoaren bidetik literatura arrazionalistagoaren fruitu dira. Lauxetaren liburuak eztabaida sutsuak piztu zituen eta Euskal Pizkundeko joera literario berrizale eta popularragoen arteko lehia azaleratu zuen.

Bide barrijak liburuan erantsiriko oharrean aitortu zuen bezala, literatura eredu europar garaikideetan sumaturiko edertasuna euskaraz itsasten saiatu zen Lauaxeta eta poemarik hoberenetan sinbolismoaren eragina nabari da erabilitako metaforen berrikuntzan, sentsazioak eta kontzientzia-egoerak adierazteko ahaleginean eta hausnarketa estetikoen adierazpenean. Bigarren liburua, Arrats beran (1935), kalitate aldetik hobetzat dauka kritikak. Herri lirikaren, bereziki kopla zaharraren nahiz baladen zenbait prozedura erritmiko-sintaktiko itsasten ditu bere poesian eta gaietan ere kantutegi tradizionalen errepertoriora itzultzen da neurri batean: erdi arokoak, piratak, zaldunak... Aipagarri dira, esaterako, "Amaiur gaztelu baltza" kantu epikoen erara moldatua edo "Langile eraildu bati", Federico Garcia Lorcaren Romancero gitanoko poesia narratiboekin harremanetan jarri izan dena.

Juan Arana Ezpeleta Loramendi (Bedoña, 1907-1933). Aski obra laburra izan zuen arren, aipagarri da sentsibilitate sinbolistarekin bat egiten duelako bere obran. Aldiz, Nicolás Ormaetxea "Orixe" (Orexa, 1888-1961), poeta gisa ez da olerkarien artean sailkatzen, bere ezaugarriengatik ez delako besteen poetika berean kokatzen. Poeta eta prosista errekonozitua izan zen guda aurretik eta ondotik eta obra zabala idatzi zuen, euskal prentsako kolaboratzaile profesionala izan zenez. Poesia da gehien landu zuen generoetako bat, eta Barne muinetan (1933) poesia mistikoan nahiz Euskaldunak (1950) poeman luzeak dira aipatuenak. Euskaltzaleak erakundearen eskakizunez idatzi zuen bigarrena, euskal olerki nazionala izateko helburuz. Horretarako, Frederic Mistral Nobel saridun poeta proventzalaren Mireio hartu zuen eredutzat, Lonrott poeta finlandesaren Kalevala kantuaren eduki folklorikoaren pareko osagaiak txertatuz. Gudaurreko espirituaren lekuko izanik, euskal gizartea erabat beste aldarte batean zegoela argitaratu zen 1950ean. Laster plazaratu ziren Mirande, Txilardegi, J. San Martin eta Arestiren poesiak. Argi erakutsi zuten proeiktu errenazentistaren aroa pasea zela eta obraren tradizionalismoak eta bukolikotasunak ez zuen jadanik euskal gizartearen ikuspegia errepresentatzen. Halere, agian Orixeren hizkuntz eredua bihurtu zen trabarik handiena, etengabe itzulpenaren beharrean jartzen baitzuen irakurle aditua ere. Gainerako Orixeren olerkigintzak ezaugarri kultuak ditu, bertsolaritzaren ereduetatik urruntzeko ahalegina egiten du, estrofak, errimak, etenak eta erritmoak eredu latinoen gisara antolatuz. Bere sentsibilitatea eta emotibitatea oso urrun dago mende hasierako idazle erromantikoetatik eta bere ibilbidean zehar, aldi sinbolista bat bereizten da (1930etik 1955era bitarteko zenbait poemetan). Guda osteko poemak Orixeren barne munduaren adierazpen dira, esperientzia erlijiosoaren eta afektuen munduaren adierazpen harrigarrian mamitzen da bere sentsibilitate berezia.

Francoren diktadurapean euskal kulturak eta hizkuntzak bizi duen giro itogarriaren lekukotza ematen du gudaosteko poesiagintzak. Gaiak euskararen etorkizunari buruzko kezka eta larritasunaren adierazle dira eta metaforizazioa dramatikoa nagusitzen da. Lehenengo autoreak atzerritik mintzatu ziren, hala nola Telesforo Monzón eta Jokin Zaitegi. Barnealdean, berriz, Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz, Juan San Martin "Otsalar" eta J. I. Goikoetxea "Gaztelu" dira aipagarri. Iparraldekoetan, berriz, J. Diharce "Iratzeder" eta M. Erdozaintzi-Etxart. Ordena erlijiosoetan izandako babes apurraz baliatuz iraun zuen euskal poesiaren zuzi ahulak. Obrarik errepresentatiboena Salbatore Mitxelenaren Arantzazu, euskal sinismenaren poema (1949) da, eta Euskal Herriaren agonia, gurutzearen sinboloan eta etsituriko herriaren sufrimenduan islatzen du.

Aldaketa nagusia atzerritik heldu zen: Paristik olerki sinbolistaren ernamuin berriak txertatzen asmatu zuen euskal literaturan Jon Mirande (Paris, 1925-1972), zuberotarrak, Ch. Baudelaire eta E. Alan Poe harturik iturritzat. II. Mundu Gerrako gerraoste astinduan euskal errefuxiatu abertzaleekin jarri zen harremanetan eta hizkuntzetarako eta literaturarako dohain apartak zituenez, berehala ekin zion euskaraz idazteari hizkuntza berreskuratu eta alfabetatu orduko; gisa berean zuzenean irakur zitzakeen gaztelaniaz edota ingelesez eta alemanezko testuak eta Europako hizkuntza minorizatu zenbait ere bai, bereziki hizkuntza zeltikoak (bretoiera eta irlandera) haien kulturan eta erlijioan bereziki interesatua baitzegoen.

Irakurle kezkatsua zen eta filosofia arloko irakurketetan F. Nietszche-ren teoriekin nahiz F. Spengler-en ikuspegi historikoarekin identifikatua sentitzen zen. Irakurketa haietatik itsatsi ziren Miranderengan euskal historiari eta erlijio kristauaren aurkako kritika zorrotzak, garaiko euskaltzaleengandik erabat aldenduko zutenak. Kristautasuna ideologia dekadentearen ondorioz, mendebaldeko kulturaren ahultzea zekarrela zeritzan, eta jokabide demokratikoa hautatzeak galtzaile izateko aukera soilik eskaintzen ziela gurea bezalako herri txikiei.

Literaturan gutxiengoarentzat idazten duen esteta fina zen, berezitasun ideologiko eta gehiegikeria moraletarako lizentzia poetikoa emango dion irakurle txunditua behar duena. Bere idazlan poetiko interesgarriena 1950-55ean garatu zuen, "Ilhun-argiak" liburu-proiektuan bildu zuena, argitaratzera iritsi ez bazen ere. Edertasun arraro bat sortu zuen euskal poesian, lehenik Heineren olerkietan edanik, hala nola maitasunaren engainuaren gaia garatu zuelarik, eta gerora, nihilismoaren ezintasunetan murgildurik, hala nola, "Nihil mors est" izeneko poeman, heriotzaren eta bizitzaren zentzua aurkitzeko ezintasunaren aurka errebelaturik. Maitasun erotikoaren adierazpenetan bere sentsualitatea hedatzen du modu erakargarrienean.

Gaiengatik nahiz sentsualtasunagatik zerikusirik badu Mirandek Mikel Lasa (Getaria 1938) idazlearen poesiarekin. Haren poesia ezagutzera ematen hasi zen 1960an eta Memory Dump (1960-1990) izenburupean argitaratu da sakabanaturiko lanen bilduma. Mirandek bezala, sinbolismo frantsesa du iturri nagusi eta nihilismoaren itzalpean garatu da, baina intimitatearen nahiz kezka sozialen adierazteko bide ere bilakatzen da.

Guda aurretik olerkariek landurikoa bezalako sinbolismoak irauten zuen hegoaldean, baina apurka-apurka sinbolismo anglosaxoiak, T.S. Eliot-en obretan mamiturikoak ere sartzea izan zuen. Hirurogeietan, ordea, poesia sozialaren eragina nabarmendu zen gure letretan Arestiren obraren bidez eta ordura artekoaz guztiz bestelako hizkera poetikoak egin zuen bidea euskal letretan.

Gabriel Aresti (Bilbo, 1933-1975) izan zen XX. mendeko bigarren erdiko poetarik garrantzitsuena eta azken ehun urteko idazleetan lehenen artean aipatu beharrekoa. Olerkarien ondoren, mendeko olerkigintzan bigarren produkzio gune garrantzitsuenaren ardatzean kokatu da. Bere libururik garrantzitsuenak, Maldan behera (1959) eta Harri eta Herri (1964) dira.

Bigarren honek harrera zabala izan zuen garaiko irakurle eta olerkarien artean eta eredu progresista, ulerterraz eta indartsua proposatu zion euskaldungoari. Bilboko hiriari lotua da oroz gainetik bere poesia eta hiriak tratamendu poetiko moderno guztiz adierazgarria hartzen du bere obran, geroago B. Atxagaren Etiopian izango duen tratamendu espresionistaren aitzindari. Hiriko bizitzaren zertzeladak eta konkrezioak, kaleak, porlanak eta etxe arruntetan bizi den jende langile grisak hartu zuen protagonismoa poesia sozialaren izendapen orokorraren pean aurkezten den Arestiren obran.

Mirande bezala, euskaldun berria zen, borondate ahalegin autodidakta handi baten fruitu. Gerraosteko aldizkarietan hasi zen idazten eta 1959an bi poesia lan luze eta guztiz ezberdinak eman zituen ezagutzera, bata, Bizkaitarra bertsolarien estiloko metrika eta baliabideez moldatua, eta bestea, Maldan behera izeneko poema sinbolista. Urte haietako irakurketa eta iturrien artean eragin berezia izan zuten berarengan Jon Mirandez gain, T. S. Eliot eta Espainiako 27ko belaunaldiko poetak, Pedro Salinas bereziki.

Poesia sozialak 1955-65 artean guztizko estimazioa izan zuen Espainiako literaturan, baina gero gain behera joan zen guztiz; horregatik, berritu egin zen adituen artean Arestiren lehenago obrengatiko interesa, bereziki Maldan behera. Maldan behera sinbolismo mitikoan oinarritua denez, interpretazio esparru zabala irekitzen du. Ezaugarri formalen aldetik estrofismoa bariatua da, hizkuntza molde argia eta adierazkorra darabil, baina erreferentzia mundu unibertsal aberatsari heltzen dio eta ideia filosofiko garaikideak ditu gogoan. Gisa berean, literatura popularraren baliabideak integratu zituen, bai bertsolarienak, bai beste azpigenero lirikoenak, hala nola kopla zaharrak, eske kantak edo baladak.

1960ko "Poesia eta euskal poesia" hitzaldian agertu zuen garbiro poesia sozialarekiko interes berria eta Harri eta Herri (1964) liburuan gauzatu zen kontzientzia sozial erradikala. Metaforizazio argia eta hurbila hautatu zuen liburu honetan, zenbait hitz esanguratsu (harri, hitza, ogia, egia, justizia... ) etengabe landuz. Arestiren liburuaren arrakastak zerikusi handia izan zuen egokiera sozio-politikoak eskatzen zuen mezua formulatzen asmatzearekin: gizarte sektore kementsu, gazte eta kontzientziatuarekin topo egin zuen, berak adierazitako baloreekin erraz identifikatu zena. Literatur molde hurbilak, ulerterrazak behar zituzten, euskara modernoa eta proposamen progresista aurkitu zuten irakurleek idazlanean.

Arestiren garaikide ziren poetek ere poesia sinbolistetatik poesia sozialaren aldera egin zuten. Zehazki, B. Gandiaga eta J. M. Lekuonaren lehen liburuak, hots, lehenaren Elorri (1962) eta bigarrenaren Mindura gaur (1966) sinbolismoaren ereduari atxikirik zirauten poesiak dira, eta Arestik berak bezala, herri literaturaren baliabideak eta moldeak literatura sinbolistarekin elkartzeko bideari ekiten zioten, eta haien kideko aipa liteke Xabier Lete ere, gazteago zen arren.

Bitoriano Gandiaga (Mendata, 1928-2001) fraide frantziskotarraren Elorri, 1962an argitaratu zen, hiruzpalau urteko zentsura aldia gainditu ondoren. Liburuan Arantzazu arkadia mistiko baten gisan agertzen da, sinbologia eta irudi aldetik oso landua eta ezaugarri xumeetan oinarritua, kromatismo joko ezin finagoan mamitua eta emozioen perzepzio sakonean ehoa hala nola T'euria (1961) poeman. Isilaldi luze baten ostean argitaratu zuen Hiru gizon bakarka (1974) poemategiak, aldiz, poesia sozialaren eragina ageri du eta indar espresibo dramatikoagoa du. Harrera beroa izan zuen garai irakurle nahiz medio literarioetan. Arestiren kasuan bezala, hirurogeitako poesia sozialaren urgentzia eta indarra ahuldu ahala, bere lehenengo liburuaren balioak berriro aurkitzeko saio kritikoak egin dira, bereziki adjetibazioa eta kromatismoa aztertuz, edota sakontasun emozionala aldarrikatuz. Elorri lan estatikoa, geldoa, norbere kezka erlijiosoen azterketan isolatutzat hartu zuen kritikak, poesia sozialaren hedatzea hasia zelarik.

Gandiagaren bigarren obra Hiru gizon bakarka (1974), euskal herriaren kezka politiko sozial eta linguistikoez mintzo da. Eragina izan zuten Gandiagarengan Elizaren baitan gertatzen ari ziren aldakuntzek, bereziki Juan XXIII.aren Pacem in terris entziklikaren edukiek; horregatik, existentzialismo kristaua deritzan korrontean kokatu dute kritikoek Gandiagaren bigarren liburua, ni kolektibo baten izenean aldarrikapen soziala egiten duelako. Alde formaletik bertso askatuaz baliatzen da eta ez du metrika Elorrin adina zaintzen. Erritmoa beti aipagarria da Gandiagaren bertsoetan, baina lerro barrukoa da, eta homofonia mota bat darabil gehienetan. Irudien munduari dagokionez, sinbolismo maila bati eusten dio, neurri batean poesia sozialaren irudi-sistemaz kutsatua. Bere azken liburuetan Uda batez Madrilen (1976), Denbora galdu alde (1985), Gabon dut anuntzio (1986) dira gai erlijioso eta sozialei atxikiak.

Juan Mari Lekuona (Oiartzun, 1927-2005), apaiz eta unibertsitate irakasle herri literaturaren arloan, Gandiagarekin batera azken mende laurdenean euskal poesiaren ardatzetako bat izan da, poeta gazteagoetan eragin zuzena izan duena.

Aresti
Poesia landua eta elaboratua da Lekuonarena, ez Gandiagarena bezain isurkor eta erritmo markatukoa, baina, harena bezala, euskal herriaren nortasun kulturalaren eta iraupenaren kezkan sortua. Bere liburuak poesia sorta egituratuez moldatuak dira eta gaiaren tratamendu intelektual sakona garatzen du gehienetan. Itinerario/ Ibilaldia (1996) bilduman dago jasoa bere produkzio osoa, hitzaurre batean zehaztu zuelarik bere autopoetika. 1950-60 urteetan hasi zen poesia arloan eta Mindura gaur (1966) biltzen da produkzio hura. Muga beroak (1973) aldiz, poesia sozialaren eraginpean sorturikoa da. Bere pentsamenduak oinarrian ditu J. Oteizaren Quosque Tandem. Ensayo para la interpretación del alma vasca (1963) nahiz J. M. Barandiaranen Mitología vasca (1960) liburuak eta euskal herriaren kontzepzio antropologikoak bere poesian hartuko duen garrantziagatik, aipagarriak dira Hondarrean idatzia (1973) edo Lurra nigan izeneko poema (1972). Ilargiaren eskolan (1979) nahiz Mimodramak eta ikonoak (1990) liburuetan, giza espiritualitatea aztertzeari ekiten dio munduaren forma fisikoetan nahiz sinbolikoetan ikertuz. Lekuonak islatzen duen bilaketa espiritual horren ildo beretik dihardu Joxean Artze (Usurbil, 1939) poetak ere, euskal poetetan esperimentalismo formaletan gehien aitzinatu zena. Horren lekuko dira Isturitzetik Tolosan barna laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik nahiz Eta sasi guztien gainetik, Laino guztien azpitik (1973), edota Bide bazterrean hi eta ni kantari (1979). Esperimentalismoaren arlotik espiritualismo erlijiosorantz egiten du Ortzia lorez. Lurra izarrez (1987) liburuan. Ildo antropologikoan aipa liteke besteak beste, Joseba Zulaika antropologoaren Adanen poema amaigabea (1975).

Xabier Lete (Oiartzun, 1944-2010), poeta eta kantu-egile da. Kantagintza berriaren eragina jaso zuen, hala nola, George Brassens, Jacques Brel, Leo Ferre, nahiz Nova Canço kataluniarrarena edota Pako Ibañez bezalako abeslariena. Bi liburu argitaratu zituen lehen epe horretan, Egunetik egunera egunen gurpilean (1968) eta Bigarren poema liburua (1974), bere testurik ezagunena. Poesia sozialaren esparruan kokatu izan dira, existentzialismoaren eta nihilismoaren eragin nabariez. Halere, Leteren barne ahotsak dei irrazional bati erantzuten dio, argi eta bizitza eske, bitalismo indartsu bati erantzuten dio inguru latzari.

Laurogeietako krisialdiaren ondoren, ordea, poesia tradizio klasiko handienera bihurtzen da, eta, besteak beste, erreferentziatzat hartzen ditu Rainer M. Rilke, Salvador Espriu, Carles Riba eta abar. Bere azken liburua Egunsentiaren esku izoztuak (2008) bilaketa espiritual eta esperientzia haragituaren poetikaren lekuko bilakatu da.

Hirurogeietako poeten artean arreta merezi dute gisa berean lehen ahots femeninoak, hala nola, Amaia Lasa (Getaria, 1948) Geroaren arpegia (2000) eta Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) San Pedro bezperaren ondokoak (1972). Horiekin batean aipa litezke beste zenbait ahots poetiko, hala nola, Jose Angel Irigarai (Iruñea, 1942) Kondairaren ihauterian (1975), Bizi minaren olerkiak (1986) eta Urdinkara (1995). Ildo berean, poesia molde sinbolista argitaratu zuten Luis Mari Mujika, Patxi Ezkiaga, Mikel Arregi, Iñaki Zabaleta edota José Auxtin Arrieta, nahiz Patzi Perurenak. Bere lerro nagusietan egile horiek guztiek artista plastiko garaikideen estetikaren eragina jaso zuten eta Chillida nahiz Oteizaren presupuesto estetikoen eraginpean jardun zuten. Abangoardia estetikoak sartzea egin zuten euskal poesian, indar bereziz 1970etatik aurrera. Hala, poesia liburuen edizioetan grabatuak, fotografiak, marrazkiak integratu ziren, eta hizkien adierazteko gaitasuna ustiatzeko esperimentalismoa ere nabari daiteke bereziki Artze, Lete edota Gandiagarengan, estrofak espazioan kokatzeko modua esploratuz.

Aro berri honetan heldu zen aldaketaren ezaugarriak nabarmentzeko, lehenik, testuinguru politikoaren datuak aintzat hartu behar dira. Frankismoaren amaierako urteetan, gizarte indarren polarizazioa gertatu zen: errepresio aldi zakarren eta gizarte indarren arteko tentsioa handia zen. Kontrol ideologikoaren praktika ere hedatu zen Aresti edota Txillardegi bezalako intelektualen aldetik. Horregatik, konpromiso sozialaren presiotik askatu nahi zuen korrontea nabarmentzen da 1975ko aldizkari batzuen ildo editorialetan: Donostiako Ustela (1975-76), Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriak osatua; baina bereziki Bilboko Pott (1978-80) aldizkariak, non Bernardo Atxagarekin batean parte hartzen zuten Jon Juaristi, Manu Ertzilla, Joseba Sarrionandia J. Iturralde eta R. Ordorikak. Geroztik sortu ziren Oh Euzkadi (1979-83), Susa (1980-94), Idatz-Mintz (1981-2001) Kandela (1983-84), Porrot (1984-90) eta Literatur Kazeta (1985-89), Baionako Maiatz (1982), Iruñeko Pamiela (1983-93) eta Korrok (1984-89). Aldizkarion editorialek eta manifestuek iturri literarioen eta eraginen heterogeneitate handia erakusten dute, betiere aldarrikatuz arlo literarioak arlo sozialetik aske egon behar duela.

Mugimenduaren lehen bultzatzaileak B. Atxaga, K. Izagirre eta R. Saizarbitoria izan ziren eta euren lanetan esperimentalismo literarioaren desira azpimarratzen da. Hizkera erregistro bereziak, hala nola haurrena, gaixoena, zoroena... ikertzen dituzte eta inkonsziente patologikoari agerbidea emateko saioak ageri dira. Abangoardismoaren eragin sakona izan zuen Pott taldean T.S. Eliot, Ezra Pound edota Jorge L. Borgesen sinbolismo, metaliteratura jokoaren nagusitasuna agertuko duena. Sarrionandia eta Atxagaren lehen idazlanetan, Etiopia (1978) eta Izuaren gordelekuetan barna (1980) argiro nabari da eragin hori. Surrealismoaren eraginaren lehen adierazleak euskal poesian Koldo Izagirreren Itsaso ahantzia (1976), Oinaze zaharrera (1977) eta Guardasola ahantzia (1978) liburuetan agertzen dira. Baina modu bete-betean adieraziko dira lehen aldiz eta espresionismoak areagoturik Etiopia (1978) bezalako obretan.

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1952) idazleak lideratu zuen Pott aldizkariaren bidez eta Etiopia liburua XX. mendeko euskal poesiaren bilakaeran hirugarren urraspide nagusia bilakatu zen. Esan den bezala, aldizkari literarioen bidez eta lan kolektiboen bidez eman zen ezagutzera: Pampina ustela eta Pott aldizkarietan. Bere lehen liburua Ziutateaz (1976) izeneko narrazioa da, non prosazko paragrafoak poemekin alternatzen diren.

Atxaga
Etiopia (1978) poesia liburuan batasun handia nabarmentzen da giro mitiko eta dramatikoari dagokionez. Kafka eta Trackl-en espresionismoak areagoturik, era bateko eta besteko joerak, erregistroak eta generoak bildu dira, collage eran adieraziz utopiaren ezintasuna eta hirian egin beharreko bizitzaren gogortasuna. Liburuko olerkigintza zaindua, elaboratua eta ederra da, irudi iradokitzaile eta metafora inpaktanteez hornitua. Nolanahi ere, edertasun opari bat izateari uko egiten dio, errebelatu egiten da estetizismoaren aurka, etengabe lehendik esanikoa errepikatzea aski duen olerki mota egiten jarraitzeari muzin eginez. Liburuak sakonki inpaktatu zuen 1976-1980ko irakurle eta idazleen artean. Geroztik idatzi dituen poesiak Etiopioako poemen selekzioaren batean argitaratu izan ditu Atxagak, hala nola, Poemas &Hibridos (1990), Henry Bengoa inventarium (1987) edota Nueva Etiopia (1996) liburuetan.

Joseba Sarrionandia, (Igorreta, 1958), Pott taldeko partaide zela, Izuen gordelekuetan barrena (1981) liburua argitaratu zuen, abangoardien sarrera bermatuz eta Atxagaren poesiaren zenbait ezaugarrirekin bat eginez. Erkide dituzte biek joko metaliterarioa eta surrealismoaren konbinaketa emankorra. Lehen liburuaren norabidea aldatu eta Eguberri amarauna (1983), Marinel Zaharrak (1987), Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985), Hezurrezko xirulak (1991), Gartzelako poemak (1992), Hnuy illa malah yahoo (1995) eta Hau da ene ondasun guztia (2000) argitaratu ditu. Pott Bandako kide gisa hartu zuen parte T.S. Elioten testuen itzulpen kolektiboan, zehazki The Waste Land-en itzulpena egin zuen: Lur eremua (1983). Erreferentzia literarioen arteko lerroa da Sarrionandiaren poesia lehen aro guzian; hala, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985) liburuan irakur daitezke antologia eran bildurik bere gogoko poemak, tarteka testu apokrifoen bidez mintzatzen delarik bere ahotsa.

Izuen gordelekuetan barrena (1981) idazle belaunaldi berrien ikur bilakatu zen eta euren manifestu literariotzat errekonozitu zuten. Bidaia liburu baten tankera hartzen du ibilbide literarioak, non hitzaurreko "Bitakora kaiera" deritzan poeman iragartzen den egingo den ibilbidea. Funtsean Europako literaturarantz orientatzen den begirada da, baliabide barietate handiz hornitua eta hizkera literario pertsonala osatzeko ahaleginak bultzatua. Ni ez naiz hemengoa (1985) saio liburuan teorizatu zuen abangoardiako literaturaren ezaugarriez: Nietzsche eta Witgenstein eta itxaropenaren galeraren filosofia bihurtu zen ardatza, mundua leku segurua eta progresoak etorkizun zoriontsuagoa ekarriko zigun ustea hautsia zenez, kontsumo gizartearen miseria besterik ez baitzuen eskaintzen mendebaldeak. Horregatik, literaturak sortzailea, apurtzailea nihilista izatea beste aukerarik ez du, Sarrionandiaren ustez, literaturak ez baitezake ezer aldatu.

Geroztiko liburuetan lehengo gaien errebisioa egiten da eta bizi-esperientziari loturiko poesia egitean kartzelaratzea nahiz atzerriratzea maila sinboliko eta existentzialean adierazgarri bilakatzen ditu. Azkenik, Hnuy illa nyha majah yahoo (Poemak 1985-95), bere poesiaren hautapena eta berrantolaketa da, ikuspuntu humanista batetik egituratzen duelarik bere mundu ikuskera eguneratua. Titulu bitxia da, Jonathan Swift-en Gulliver-eko zaldiaren agurra da, "zaindu zeure burua, lagun" esan nahi duena, zibilizazioaren ahalmen suntsitzailearen metafora.

Abangoardia literario surrealista hartan sortutako idazleen poetikak aldaketa sakonak jasan ditu urte horietan zehar eta egileek berbideratu egin dituzte beren poetikak, irakurlearekiko hartu-emana erraztu eta komunikazio bideak zabalik mantentzeko ahaleginean. Abesti pop, herrikoi edo primitibo nahiz etnikoetan topatu du Atxagak mintzabide isurkorragoa, osagai kulturalez arindua itxuraz, baina adierazteko gaiari atxikia eta zehar aipamenetan unibertso literario aberatsera ere bideratua. Sarrionandiak, aldiz, bere bizitzaren aldaketak hartaraturik, poesia oroitzapenaren gordeleku bilakatu du, historia handian erreflexurik izango ez duen bizitza xume edo bazterrekoen lekuko bilakatuz.

Bestalde, abangoardia surrealistaren bidea zabaldu zuen poetak, Koldo Izagirre (Pasaia, 1953) idazleak ere alde batera utzi zituen Eluard, Oulipo edo Italo Calvinoren esperimentazioek beragan sorturiko lilura, nahiz literaturaren alde ludikoaren esplorazioa. Balizko erroten erresuma (1989) argitaratu zuenean "manifestu militantea" zela aldarrikatu zen, autokritika eginez poetika berria iragartzen baitzen, kontzientzia ideologiko eta politiko zorrotzaren agindupekoa. Bere poesia liburuetan baliotsuentzat dauka kritikak Non dago Basques Harbour? (1997) izenekoa, non aberria, maitasuna, beldurra bezalako afektuak errepasatzen diren itsas portu bateko testuinguru sinbolikoan kokatuz.

1976-1987 arteko abangoardiako poesiaren osteko epea sailkatzerakoan, zailtasunak nabari dira literaturaren historia egileen artean. Poesiak genero gisa protagonismoa galdu du nabarmenki mende bukaerako literatura sisteman eta egileek ere beste genero batzuekin partekatzen dute olerkigintza. Izen aipagarriak dira gure garai hauetan, Felipe Juaristi (Azkoitia, 1957), Galderen geografia (1997) liburuaren egilea eta poesia liburu bati eman zaion Euskadi Literatura Sariaren irabaztun bakarretakoa; Ricardo Arregi (Gazteiz, 1958), Hari hauskorrak (1993) eta Kartografía (1998) liburuen egilea, kritikaren iritziz, mende amaierako egilerik interesgarriena.

Beste idazle interesgarriren artean honako izen hauek nabarmendu dira azken belaunaldietan: Harkaitz Cano (Lasarte, 1975), Kea behalinopean bezala (1994), eta Dardaren interpretazioa / La interpretación de los temblores (2003) testuez; Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970), Mikel Urdangarin abeslariarekin ikuskizunaren bidez ezagutzera emana duelarik Bitartean heldu eskutik (2001) liburu bakarreko poesia; eta Miren Agur Meabe idazlea ere (Lekeitio, 1962), bere liburuak, Azalaren kodea (2000) eta Bitsa eskuetan (2010) direlarik ziurrenik mende berriko testuen artean interes gehien piztu dutenetakoak.

XX. mendeko poesiaren hiru mugarri estetikoetan, lehengoko arau estetikoekin haustura eragiten zuten hiru manifestu edo poetika "berritzaileak" seinalatu dira, abangoardiak iragarriz. XXI. mende hasierako egileek, aldiz, poesia komunikazioaren harian kokatu nahi dute berriro. Horregatik, Arestiren poesiak ikuskizun publikoetan kantaldien bidez lekua bilatu zuten bezala, eta Pott taldeak Henry Bengoa inventarium izeneko ikuskizuna prestatu zuen gisa berean, hirugarren milurteko idazle gazteek kantagintzaren eta jende aurreko ekitaldien bidea hurbiltzea hobetsi dute.

  • ALDEKOA, Iñaki. Antología de la poesía vasca. Madrid: Visor, 1993.
  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004.
  • APALATEGI, Ur. Belaunaldi literarioak auzitan. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2005.
  • APALATEGI, Ur (zuz.). Belaunaldi literarioak auzitan, Donostia: Utrisuque Vasconiae, 2005.
  • ARKOTXA, Aurelia. Imaginaire et poésie dans Maldan Behera de Gabriel Aresti. ASJU, 1993.
  • ITURBIDE, Amaia. B. Gandiaga, J. A. Artze eta X. Leteren poemagintza. Poesía tradizionalaren bidetik. Donostia: Erein, 2000.
  • IZAGIRRE, Koldo. Poesia kaierak XX. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 31].
  • JUARISTI, Jon. Literatura vasca. Madrid: Taurus, 1987.
  • KORTAZAR, Jon. Literatura vasca del siglo XX. Zaragoza: Prames, 1992.
  • KORTAZAR, Jon (zuz.). Egungo euskal poesiaren historia. Bilbo: EHU, 2009.
  • LANDA, Josu. Gerraondoko poesíaren historia. Donostia: Elkar,1983.
  • LANTZ, Juan Jose. "La poesía de Bernardo Atxaga. Poemas&Híbridos". Insula, 526, 1990, 29-30 orr.
  • LETE, Xabier. Poemak eta abestitzak. Donostia: Elkar, 2005.
  • MITXELENA, Koldo. Historia de la literatura vasca. Madrid: Minotauro. 1960.
  • MITXELENA, Koldo. Mitxelenaren idazlan hautatuak. Bilbo: Etor, 1972.
  • OLAZIREGI, María José. Basque Literature. Portal de la Literatura Vasca. "Historia de la literatura vasca", 2007. OTAEGI, Lourdes. Poesia vasca del siglo XX. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 31].
  • OTAEGI, Juan. Adjektiboa Euskal Literaturan. Bilbo: UD/DU, 1999.
  • OTAEGI, Lourdes. Xabier Lizardiren poetika, Pizkundearen ingurumariaren argitan. Donostia: Erein, 1994.
  • OTAEGI, Lourdes. Bernardo Atxaga. Egilearen hitza. Bilbo: Labayru, 1999.
  • OTAEGI, Lourdes. Joseba Sarrionandia. Marinel zaharraren kantua. Bilbo: Labayru, 2000.
  • SARASOLA, Ibon. Historia social de la literatura vasca. Madrid: Akal, 1976.
  • SARASOLA, Ibon. "Hitzaurrea". ARESTI. Gabriel. Idazlan guztiak. Donostia: Kriseilu, 1976, 13-100 orr.
  • URKIZU, Patri (zuz.). Historia de la literatura vasca. Madril: UNED, 2000.
  • ZALDUA, Iban. Poetikak&Poemak. Donostia: Erein, 2005.