Kontzeptua

Euskal literatura XX. mendean. 1900-1975

1969. urtean Juan San Martin poetak eta antropologoak (1922-2005) Uhin berri (1964-1969) deituriko garaiko euskal poesiaren antologia ezaguna argitaratu zuen. Izenburuaren zati biak dira guztiz adierazgarriak. Batetik data daukagu. Poesian behintzat, garbi dago Juan San Martinentzat muga bat zegoela. Liburua argitaratu zen 1964. urtera arte batasun haria zegoen bost urte horien epean. Deigarriagoa da, baina, izenburuaren bigarren zatia, "Uhin berria" deitzea agertzera zetorren literatura taldeari. Nabarmena da izenburu horrek frantsesez zineman eta baita ere literaturan nagusitzen ari zen "Nouvelle vague" itzuli nahi zuela. Olatu berria zetorren, bai, eta oso Frantziako kulturaren aldekoa zen, halakoxea zelako euskal literaturara zetorren kultura jite nagusia. Literatura minorretan gertatzen den bezala, antologian agerturiko egile eta idazle asko desagertu egin ziren hurrengo urteetako oldarretan. Edo beste genero batzuk landu zituzten. Dena dela, San Martini zor zaio aro berri bat zetorrela ikustea.

1968. urte berezia igaroa zen eta Mark Kurlanskyk (1948) idatzitako 1968: The year that Rocked the World (2004) liburuak ongi adierazten duenez, mundua aldatua zen. Juan San Martinek egindako antologia hartan baziren poesia berriaren zantzuak. Han ziren poesia sozialari erantzungo zioten bideak eta poetak. Sinbolismo pertsonaletik aritu ziren Mikel Lasa (1938) eta Amaia Lasa (1948), elkarrekin idazten eta argitaratzen Poema bilduma (1971). Eguneroko bizitzaren esperientzia feminista baten lehen aleak ematen ari zen Arantza Urretabizkaia (1947) bere San Pedro Bezperaren ondorengoak (1972) poema osatuarekin. Eta Ibon Sarasola, zeinek Poemagintza argitaratu zuen 1969. urtean. Gaur egunetik ikusita, pop kulturatik hurbil eta abangoardia bisual eta oso joera kritikotik arituko zen Joxanton Artze (1939), bere Isturitzetik Tolosa Barru (1969) liburuarekin. Eta kontzientzia pertsonaletik existentzialismoari bide bereziak aurkituz idatzi zuen Xabier Letek (1944-2010) (Egunetik egunera orduen gurpilean, 1968). Antologia hartan zen Julen Lekuona, baina ez Juan Mari Lekuona (1927-2005), ezta ere Bitoriano Gandiaga (1928-2001) eta falta zen Jean Diharce, Iratzeder (1920-2008). Gerora hiru olerkariok euskal sinbolismoaren eta euskal espresio poetikoaren maisu handiak bihurtu zaizkigu, ziurrenik liburuaren data mugetan ez ziren sartzen horien lanak.

1969. urtean Lur editorialak beste liburu enblematiko bat eman zuen argitara: Euskal Elertia 1969. Aldizkarien bidea bazterturik, almanakearen joera zen orain agertzen zitzaiguna. Juan San Martinen antologiak begiak poesiara eramaten bazituen, liburu horrek saiakera, antzerkia eta kontakizuna zituen jomuga. Horregatik ez da harritzeko bertan aurkitzea (San Martinen liburuan gertatzen zen bezala, bestalde) Ramon Saizarbitoriaren izena (1944).

Ez da zalantzarik euskal literaturaren alorrean garrantzi handiko izena bihurtu zaigula donostiarra. Honenbestez asko errepikatzen ari garen 1969. urte mugarri horretan argitaratu zuen Egunero hasten delako nobela. Guztiz eraberritzailea da nobela hori, bai gai aldetik bai tratamendu narratiboaren haritik. Suitzan kokatua, abortua debekatua dagoen kantoi batetik onartu den beste kantoi batera Gisèle deituriko neskatxa batek egiten duen bidaian oinarritzen da. Abortuaren aldeko nobela bat izanik, ezin zen ongi ulertu nola argitaratu zen frankismoaren pean. Narratibitatearen aldetik, maila bitan dago eratua: alde batean, berritsu bat dugu hitz jario etengabe batean, beste alean Gisèleren istorioa kontatzen zaigu. Bien arteko lotura tematikoa da: berritsuak aipaturiko gaiak adieraziko dira -narratiboki- Gisèleren historiaren mailan.

Handik urte gutxitara idatzi zuen idazleak 100 metro nobela (agian 1972. urtean hasi eta bukatua, 1973. urtean sari batera aurkeztua, eta 1974.ean berridatzia, eta 1976. urtean argitaratua). Bere laburtasunean, Joxe aktibistak (orduan horrela esaten zen) poliziak inguraturik eta tirokaturik bizirik irauten dituen azken minutuak kontatzen ditu nobelak. Hainbat planotan dago eraikia: pertsonaren kontzientzia, haren oroimenak, hurrengo eguneko aldizkarien berriak, jendearen harrera. Egileak adierazi nahi zuen borroka armatuaren alferrekotasuna eta hori hainbat pasartetan adierazi da: Manuel adiskideren jarreran, organizazioa uzten baitu, edo etengabe ziklikoki, eta denbora borobila sinbolizatuz entzuten den Leo Ferréren abestian.

John Dos Passos-en Manhattan Transfer nobelaren oihartzuna presente badago ere, eta agian hasieran, hiri baten nondik norako nagusiak adierazi nahi izan zituen arren idazleak, bere joera eta agerbideetan ez dago nobela postmoderno batetik urruti.

Urte berekoa da Ene Jesus nobela psikoanalitikoa (Hernández Abaitua: 2008). Kontaketak hainbat maila narratibo nahasten ditu. Ero baten kontaketa da, ohe batean geldirik dagoen pertsonaiarena. Historia aitaren heriotzarekin hasten da. Ondoren protagonista maitasun triangelu batean sarturik da eta bere maitalea, Marga Abelekin harreman sexualetan ari dela, Abel aurkakoa, hil egiten du eta (dirudienez) Marga bortxatu. Ekintzen ondoren etxera heltzen denean amaren erretolikak gogoratzen dio, aita bezala, elbarritu eta hil egingo dela. Protagonistak amaren madarikazio hori beteko du ohean geldi geratuz. Nobela horrekin bukaera eman zion Ramon Saizarbitoriak bere eleberrigintzaren lehen aroari.