Kontzeptua

Euskal literatura XX. mendean. 1900-1975

Gerra aurrean sortu zen sistema literarioa gerrak hondatu eta hondoratu zuen, eta Olerti garaian sorturiko giro soziala babesik gabe geratu zen. Gerra ostean, literaturak berriro hartuko du aldizkarien babesa.

Guatemalako lurraldeetan, Jokin Zaitegiren gidaritzapean (1906-1979) eta Andima Ibinagabeitia (1906-1967) eta Nikolas Ormaetxearen laguntzarekin Euzko Gogoa aldizkariak euskal idazle aldra biltzea lortu zuen. Aro bi izan zituen aldizkariak, lehena Guatemalan 1950urtetik 1955. urte arte, eta bigarrena Miarritzen, 1956-1960 urteen bitartean. Guatemalatik Euskal Herrian aldizkaria zabaltzeko zituen arazoak zirela eta aldatu zuen egoitza Jokin Zaitegik, baina, paradoxikoki, Miarritzen ez zuen lortuko argitalpenak Ameriketako lurraldeetan jaso zuen ospea. 70 bat egile bildu zituen. Jokin Zaitegiren asmoa humanismoa euskaraz ematea izan zen, eta errepublika garaian kulturak gizartean eragiteko zuen ahalmena bideratu nahi zuen bere aldizkariaren bidez. Jesuita eskolakoak izanik hirurak, nahiko lotura estua zuten gerra aurrean agerturiko molde eta bideetatik.

Bigarren aldizkari nagusia Gernika izan zen, El Día egunkariko kazetaria izan zen Rafael Pikabeak 1945. urtean sortu zuen Donibane Lohitzunen eta 1953. urte arte bizi izan zen. Tradizio humanistaren jarraitzaileak izan ziren hauek ere, baina modernitatearen eta tradizioaren arteko eztabaida gune bihurtu zen aldizkaria bere argitalpen urteetan. Gernika ez zen aldizkari elebakarra eta gaztelera zen nagusia bere orrialdeetan, baina toki handia eman zion euskal literaturari, batez ere poesiari.

Hiru talde nagusi bizi izan ziren bere baitan: Lore jokoen estetika jarraitzen zutena; sinbolismoaren eraginpean jarduten zutenak, eta berritzaileak. Hauen artean ditugu Andima Ibinagabeitia, Jean Diharce, Iratzeder (1920-2008), Federico Krutwig (1921-1998) eta Jon Mirande gazte hasiberriaren poemak (1925-1972).

Inguruan baziren beste aldizkari batzuk, hala nola, Herria (1944), nazien kolaboratzaile izanagatik itxi zuten Eskualduna ordezkatzeko asmoz sortua, Eusko Jakintza sortu zuen 1947. urtean Aita Barandiaranek, eta geroago etorri zen Egan aldizkaria.

Argitaratu ziren liburuak, bai, baina aldika eta Iparraldean batez ere liburu erlijiosoa zen nagusi, Pétain Mariskalaren gorazarrea ere agertzen delarik garai hartako gaien artean (Petain Marechala, D. Soubelet, 1942). Elizaren eta elizgizonen babesa jaso zuen berriz euskal literaturak eta Hegoaldean laster hasiko dira karmeldarrak zein frantziskotarrak euskararen alde lan egiten.

Poesia izan zen argitaratu zena gerra ondoren lehenik: Telesforo Monzonek 1945. urtean eman zuen argitara Urrundik lana. Urte berekoa da Iratzederren Jakes obra. Urtebete beranduago eman zuen plazara Jokin Zaitegik Goldaketan (Atzerri, Euskalerri) poema sorta. Eta 1947. urtekoa da Monzonen Gudarien egiñak.

Buenos Airesen eman ziren argitara euskal nobela ezagun bi: Joseba Andoni Irazustaren Joanixio 1946.an, eta antzerti erara moldatuz, eleberri elkarrizketatua den Jose Eizagirreren Ekaitzpean (1948). 1950. urtean Buenos Airesen Irazustak Bizia garratza da bere bigarren lana argitaratzen duen urte berean hasiera ematen dio bere literaturari Jon Etxaidek Alos-torrea kontakizun legendarioaren bidez. 1952. urtean Zarautzeko Itxaropena inprimategiak argitalpen bihurturik bere Kuliska Sorta sail garrantzitsua hasten da argitaratzen.