Dramaturgoak

Alzaga Anabitarte, Toribio

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Donostia, 1861-1941.

José María Toribio Altzaga Anabitarte 1861eko apirilaren 16an jaio zen Donostian. 1872ko karlistaldiak eztanda egin zuenean, baina, Ziburura joan behar izan zuen familiarekin eta beste donostiar askorekin batera, gerta zitekeenaren beldur, ihesean. Lapurdiko kostaldean zegoela egin zituen batxilergo-ikasketak, eta orduan ezagutu zuen antzerkia. Izan ere, "euskal teatro modernoaren" sorrera garai hartako Ziburun koka daiteke, batik bat, El Trueno elkarteko kideen eskutik (taldekide aipagarriena Martzelino Soroa da).

Soroa gaztea Ziburun zegoela Iriyarena zartzuela idatzi eta antzeztu zuten, lehenengoz, 1876an. Antzezleen artean Toribio Altzaga bera egon zen, hamahiru urte baino ez zituelarik. Nahiz eta tartean euskarazko pasarteak egon, gaztelaniaz idatzitakoa zen Soroarena, eta tradizioko bizimoduari lotutako pasarteak biltzen zituen. Badirudi, bada, orduan piztu zitzaiola Altzagari antzerkiarekiko zaletasuna.

Karlistaldia amaituta, Donostiara itzuli zen Altzagaren familia, baina bertan aurkituriko egoera oso bestelakoa zen jada: Hego Euskal Herrian Foruak deuseztatu ziren, eta horrek eskubide-galera nabarmena ekarri zuen. Gertaera hark ifrentzua eduki zuen, ordea: aipaturiko galerak kultur mugimendu oso baten suspertzea ekarri zuen (aldizkariak, lehiaketak, kutur jaialdiak eta antzekoak sortu eta antolatu ziren), bai eta euskal nazionalismo politikoarena ere. Altzagak berak esku-hartze nabarmena eduki zuen azken horretan: hizlari aritu zen herririk herri, EAJko Uri Batzarreko lehendakari izan zen, Gipuzkoarra egunkariko zuzendaritza-taldeko kide izendatu zuten, eta abar.

Badirudi, artean, Donostia izan zela antzerkigintzarako gune egokiena; izan ere, XIX. mendetik zetorren ibilbideak jarraipen sendoa eduki zuen Espainiako Gerra Zibilera arte. Antzerkigintza, oro har, hobeto antolatze aldera, Euskal Iztundea sortu zen Donostian bertan, 1915ean. Antzerki-lanak prestatu, probak egin eta taularatzeko nahiz antzerkiaren inguruko jendea leku finko batean batzeko antzerki-eskola antzekoa izan zen. Erakunde publikoa zenez gero, bertako katedra eskuratzeko deialdi publikoa egin zen, eta Toribio Altzagak lortu zuen.

Aurreko zereginekin batera, ohikoa zen Altzaga bestelako kultur ekitaldietan antolatzaile-lanetan ikustea: Lore Jokoetan, bertsolari txapelketetan, literatur sarietako epaimahaietan eta abar. Era berean, hainbat artikulu idaztearekin batera, José Manterolak 1880an sortutako Euskal-erria aldizkariko zuzendari eta euskaltzain urgazle ere izan zen.

Toribio Altzagaren obraz denaz bezainbatean, aipatutakoak aipatuta, esan gabe doa antzerki-lanak idatzi zituela batik bat. Orotara hogeita hamar bat idatzi, moldatu edo itzuli zituen. Donostiarraren lehenengo obra Martin Tiñacu (1886) izan zen, "gaztelaniaz idatzia eta erdaraz gaizki egiten duen protagonista barregarria duena" (Mendiguren, 1999: 17). Euskaraz, baina, Aterako gera (1888) izan zen lehenengoa. Haren ostean etorri ziren Santo Tomase'ko feriya (1894), Axentxi ta Kontxentxi (1914), Berñaiño'ren larriyak (1915), Oleskari berriya (1916), Andre Joxepa trompeta (1921), Elizatxo'ko ardazlea (1922), Bost Urtian (1922), Etxietan (1923), Zalaparta (1923) edo Osaba (1926), besteak beste. Donostiarraren obra gorenen artean, baina, Burruntziya (1926) aipatu ohi da. Iñaki Aldekoak bi eratako antzerki-lanak bereizten ditu Altzagaren obraren baitan:

"La obra de Toribio Alzaga se divide entre juguetes cómicos -Burruntziya (El cazo) (1926) sería su expresión más lograda- y piezas de más enjundia como Osaba (El tío) (1926), que, abandonando el trillado estereotipo del ingenuo campesino que se acerca al mercado de La Bretxa (recurso, por cierto, explotado hasta la saciedad), penetra en los entresijos de una familia burguesa nacionalista" (Aldekoa, 2004: 108).

Antzerki-lanez gain, hiru operatako testuak idatzi zituen: Txanton Piperri (1899), Amboto (1906) eta Gli kornamenti (1906). Lehenengo biak Buenaventura Zapirain musikariak konposatu zituen, eta hirugarrenaren egiletzaren berri argirik ez daukagu.

Jada Martzelino Soroak landua zeukan bakarrizketa, hots, ez zen literatur genero ezezaguna XX. mendeko lehenengo hamarkadetarako, eta horren erakusgarri dira Toribio Altzagak idatzitako hirurak ere: Arpuxa kalian (1922), Urdallekua (1925) eta Txingurri (1925). 1920ko hamarkadan bertan, azkenik, Pierre Loti-ren Ramuntcho (1920) eta Shakespeare-ren Macbeth (1926) euskaratu zituen.

Aipatutako hamarkadetan argitaratutako era bateko nahiz besteko lanen bitartez, euskarazko antzerkiaren sendotzea lortu zuen Altzagak. Maisutzat edukitako Martzelino Soroa gainditu zuela esan daiteke:

"Toribio Alzaga, bere garaian, euskal teatroko errege izan zela esan dezakegu. Bera zen egile emankorrena eta antzeztuena, ez bakarrik Iztundearen emanaldi ugarietan, baita Errepublika garaian (1931-1936) euskal herri askotan sortu ziren taldeen eskutik ere" (Mendiguren, 1999: 23).

Aurreko belaunaldikoenak baino lan landuagoak egin zituen Altzagak, gaiari, egiturari nahiz antzerki-teknikari dagokienez. Lan biziak ziren (horretan zer ikusi nabarmena dute elkarrizketek), barrea eragiteko idatziak batik bat, laburrak eta errazak, edozein ikuslek ulertzeko modukoak. Patxi Salaberriren hitzetan, "ez zuen, alabaina, pertsonaia sendorik sortu, aski baitzuen zirtolariak eta umorea isurtzen zutenak aurkeztearekin" (2002: 214).

1936ko Gerra Zibilaren osteko urteetan, 75 urte zituela, frankistek Euskal Iztundea itxiarazi eta Ondarretako kartzelara atxilotu zuten Altzaga. Handik gutxira hil zen, arnasa-arazoak tarteko, 1941eko maiatzaren 27an.

  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004.
  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Altzaga, Toribio". [Kontsulta data: 2010-12-30].
  • EGAÑA, Ibon. "Bost Urtian (1929)". Euskararen Institutua: Euskal Literaturaren Hiztegia - Idazlanak. [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier (arg.). "Toribio Alzaga edo euskal teatro burgesaren nahi eta ezinak". Jostirudiak-Irritza, Oiartzun: Labayru. Klasikoak, 1990.
  • MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier. Toribio Altzaga (1861-1941). Bidegileak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1999.
  • MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier. "Toribio Alzaga eta euskal antzerkiaren sorrera". Hegats. 2007, 40 zbk., 41-51. orr.
  • MICHELENA, Luis. Historia de la literatura vasca. Madrid: Minotauro, 1960.
  • SALABERRI, Patxi. Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Donostia: Elkarlanean, 2002.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Oñati: Sendo, 1961.