Kontzeptua

Euskal literatura XX. mendean. 1900-1975

Gerra ondoren nobelak egingo duen ibilbidean, 1950. urtetik aurrera ohiturazko eleberriaren paradigma gero eta urratuagoa helduko da euskal literaturaren alorrera. 1940. hamarkadan oraindik bizirik diraute nobela tradizionalak sorturiko moldeek. 1946. urtean Herria aldizkarian Jean Pierre Iratxetek Antton nobela eman zuen argitara. Ondoren datoz gorago aipaturiko Joseba Andoni Irazustaren eleberri biak eta Jose Eizagirrerena. Jon Etxaidek eman zion, zalantzarik ez, bulkada ederra euskal narratibari, lehenik legenden generoari jarraiki, eta ondoren, 1955. urtean Pierre Topet Etxahun bertsolariaren bizitzan oinarriturik dagoen Joanak joan nobelan. Neurri batean nobelak agertzen du ohiturazko eleberrietan nagusia zen mundu idilikoaren urradura, baina Jon Etxaidek mantentzen duen ideologia kristauaren azpian jarrita nobelak pertsonaiekiko errukia agertu eta salbazio bidean jartzen ditu nobelaren bukaerak. Urte berekoa da Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen nobela poliziakoa. Guztiotan pertsonaiek ez dute inguruko munduarekin konfliktorik erakutsiko, nahiz eta mundu gogor batena bizi. Ez dago inguruaren aurkako erreboltarik. Emigrazio nobelatik, nobela historikotik nobela poliziakora helduz, kontakizun tradizionalaren mundu ikuskerak jarraitu egin zuen euskal literaturan.

Salbuespena litzateke Seber Altubek argitaraturiko Laztantxo eta Betargi, Gerra Zibilari buruzko lana (1956), baina nobela euskal sistematik kanpo geratu zen.

Mundua kontatzeko paradigma narratibo hori Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardediren (1929) Leturiaren egunkari ezkutua (1957) nobela agertzen denean hausten da. Lehen pertsonaia konfliktiboa erabili izan duen lehen euskal moderno gisa hartua izan da Txillardegiren kontakizun hori. Leturia pertsonaia barne arranguraz betea da, existentzialismo xumearen semea da, eta Paul Sartre eta Albert Camus-en mundutik hartuak ditu zenbait ezaugarri, nahiz eta Miguel de Unamunoren pentsakizun mundua urruti izan ez. Eguneroko gisa emanda dagoen nobela horretan Txillardegik barne kontraesanetatik zorionera heldu nahian dabilen pertsonaiaren erretratua egin du. Baina pertsonaiaren eraketa teknika ez da nobelak agertzen duen berrikuntza bakarra: eleberria hirian girotu izana, eta beraz errealitate urbano baten agerbidea egitea, lehen pertsonaren erabilera, kontaketa baten barneko kontaketa osatzea, pertsonaiaren krisia girotzeko sinbolismoa erabiltzea, nobela aberasteko erabilitako beste teknika batzuk dira.

Txillardegiren nobelen munduak aurrera egin zuen. Lehen aro batean pertsonaien psikologia aztertzeko nobelak idatzi zituen, eta nabarmena alde horretatik, pertsonaia nagusiaren izena nobelaren izenburu izatea: Peru Leartzako (1960), eta ondoren, maitasun biren artean bizi ezinik den emakume zorigabearen erretratua egin zuen Elsa Scheelen (1969) nobelan. Bigarren aro batean nobela sinbolista landu zuen egileak: Haizeaz bestaldetik (1979), eta hirugarren une batean Euskal Herriko egoera garaikidea beste zenbait nobelatan: Exkixu (1988), Labartzari agur (2005). Karlistaden garaia agertu du Putzu (1999) kontakizunean.