Kontzeptua

Euskal Herriko historia ekonomikoa

Duela gutxienez 200.000 urtez geroztik euskal lurraldeetan gizakiaren jardueraren arrastoak daude (harri landuak, silexeko aizkorak, etab.). Erdi-Paleolitoan (kristo aurreko 100.000 eta 35.000 urteen bitartean) eta Goi-Paleolitoan (k.a. 35.000 eta 8.500 urteen bitartean) gizakiaren okupazioa egon zela adierazten duten arrastoz betetako ehun gune baino gehiago topatu dira; gehienak, haitzuloen sarreretan. Pertsona haiek ehiza ez sedentarioa egiten zuten eta bisonteak, zaldiak, ahuntzak eta oreinak harrapatzen zituzten.

Neolitikoan zehar (k.a. 4.500-2.500) ekoizpen modua eta bizitzeko modua nabarmen aldatu ziren. Aldaketak hautematen dira tekniketan, industrietan (zeramika eta harri-leunketa), bizimoduetan, eta bizirauteko moduetan (nekazaritza, abeltzaintza eta herri txikietan antolatutako hirigintza berria). Ekialde Hurbilean eta Ekialde Ertainean denbora gutxian eman ziren aldaketa horiek ("Neolitikoaren iraultza"), baina Euskal Herrian (eta Europa hego-ekialdean) oso erritmo motelean eta atzerapenez sartu ziren.

Metalurgiaren garapena Kobre Aroan (k.a. 2500-1800) abiatu zen eta Brontzea Aroan (k.a. 1800-650) jarraitu zuen. Kobre eta brontzez egindako etxetresnak eta lanabesak ugariak ziren. Epealdi luze horretan zehar haitzuloetatik atera eta herrixka txikiak eraiki ziren, baterako elementuz hornituak (putzuak, siloak,...). Abeltzaintza ibiltaria zen jarduera ekonomiko orokorra eta lurren laborantza apurka garatu zen aziendaren beharrizanen mende.

Burdin Aroan, burdina han-hemenka erabiltzeaz gain, atzerriko berrikuntza kulturalak txertatu ziren, eraikuntzan nahiz nekazaritzako tekniketan eragina izan zutenak (gurtabereak). Herri kopurua areagotu egin zen (72 isurialde atlantikoan eta 234 isurialde mediterraneoan). Herri horiek, batez beste, 80-110 m/²-ko azalera zuten. Jarduera ekonomiko garrantzitsuena artzaintza zen artean, larre-aldaketa egiten zelarik. Horrez gain, nekazal jarduerak ere baziren (bereziki zerealena) baina ez ziren oso ugariak.

Erromanizazioa (kristo aurreko II. mendetik kristo ondorengo V. mendera). Kristo aurreko II. eta I. mendeetan Erromak Penintsula Iberikoa konkistatu zuen eta euskal lurraldeek ere jasan zuten erromaniazioa, bereziki zonalde emankorretan, esate baterako Ebroko arroan (kristo aurreko 178an Graccurris sortu zen, egun Alfaro dena). Mendialdean ere nabaritu zen erromanizazioa baina neurri txikiagoan.

Euskaldunei gagozkiola, erromanizazioa batez ere kristo ondorengo I. eta II. mendeetan eta III. mendeko lehen erdialdean nabaritu zen. Hortik aurrera behera egin zuen, IV. mendearen amaierara arte.

Euskal lurraldeetan erromatarrek bi zonalde bereizi zituzten ezaugarri geografiko eta ekonomikoen baitan: alde batetik, iparraldea edo "saltus vasconum" delakoa, basotsua zena eta artzaintzaz bizi zena eta, beste alde batetik, hegoaldea edo "ager vasconum" delakoa, zerealetan oinarritutako nekazaritza hartzen zuena eta mediterraneoko gariaren laborantza ere bazuena.

Erroma garaian ekonomia

Iturria: Agirreazcuenaga, J; Basurto, R.; Lopez Atxurra, R.: "Historia de Euskal Herria", Donostia, 1980, I. alea.

Erromak bere finkatzea indartu asmoz hiriguneak hedatu zituen. Ptolomeok berak, bere idatzietan, hamabost hirigune baskoi aipatu zituen. Graccurris (Alfaro) sortu ostean Pompeiopolis ere sortu zuten (Iruñea kristo aurreko 75. urtean sortu zen). Modu horretan euskal "ager" delakoa konkistatzea ziurtatzen zen. "Saltus" edo nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritutako zonaldearekiko lotura kristau-aroaren hasieran egonkortu zen. Errealitate ekonomikoari dagokionez, dagoeneko kristo ondorengo II. mendean Triano eta Arditurriko meatze-ustiapenek garai oparoena bizi izan zuten; halaber, Ereñoko (Bizkaia) marmolezko harrobiak ere ustiatzen ziren eta Erromako administrazioak eremuaren mendebaldeko muturrean kokatzen zen kostaldearekiko interes handia azaldu zuen. Hala, hainbat ezarpen eraiki zituzten karistiar itsasbazterrean (Forua, Portuondo, Lekeitio, Bermeo). Horrez gain, autrigoien itsasbazterrean ere "Flaviobriga" sortu zuen (Castro Urdiales). Ezarpen horiei esker, aldi berean, tokiko baliabideak ustiatzea eta merkaturatzea ahalbidetzen zen, zonaldearen zainketa eta kontrola errazten zen eta kaian kabotaje-ontzien gutxieneko azpiegitura izatea ziurtatzen zen.

IV. mendearen hasieran, Constantinoren agindupean, oparotasun aldi bat zabaldu zen. Nekazaritzaren sektorean jarduera areagotu egin zen, sektore hori autarkiaren eta landatze-prozesuaren baitan egon arren. Modu horretan, egitura latifundista ahaltsu bat sendotu zen. Epealdi hori IV. mendeko bigarren erdialdetik V. mendeko hasierara hedatu zen.

Edozein kasutan, ez da ahaztu behar, garai horretan udalerrietako finantza-autonomia mugatu egin zela eta landa-jabe txikiari ondasunak besterentzea eta zorrak pilatzea eragin zuten legez kanpoko jarduerak eman zirela.

Era berean, V. mendearen hasieran sueboen, bandaloen eta alanoen inbasioak etorri ziren, ondorioz, 412. urtean godoek Erroma arpilatu ondoren segurtasunik eza areagotu egin zen eta Inperioaren gainbehera bizkortu.

V. mendean gizarte mailako krisia eta indarkeria nabari zen. Agintariek zonaldearen kontrola galdu zuten eta hainbat gotorleku eraiki zituzten: Iuliobriga, Veleia (Araba) eta Lapurdun (Baiona).

Inbasio horiekin batera bagauden iraultzak jazo ziren, ondorioz, Erromaren agintea are gehiago ahuldu zen euskal lurraldetan eta Tarraconense probintzia osoan. V. mendeko berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetan nekazari txiroak eta esklabo askeak nobleen oligarkiaren aurka jazarri ziren eta Ebroko haranean zehar eta Tarraconense probintzian hainbat arpilatze burutu zituzten. Azkenean, Federico printze bisigodoak gailendu egin zituen 454. urtean. Bagaudeek egindako iraultza horietan Erromaren aurkako sentimendua, bereziki Baskoniako "saltus" delakoan, eta "ager" delakoaren iraultza sozialen alderdiak batu ziren. Halaber, arpilatzeak eta bidelapurreria ere iraultza horietako ezaugarri bilakatu ziren.

V. mendearen amaieran, aipatutako gertaerek Inperioaren gainbehera azkartu zuten bai ekonomikoari dagokionez, bai ikuspegi politiko eta sozialei dagokienez; horrenbestez, Baskoniako tribuek "ager" delakoaren eragina berreskuratu zuten. Deserromanizazioa abiatu zen eta monarka bisigodoen eraso militarrei aurre egin zieten hegoaldean eta merobingioei iparraldetik. IV. mendeaz geroztik, euskal lurraldeak tribu barbaro delakoen (godoak, sueboak, bandaloak, alanoak,...) pasabide izan ziren gehienbat.

Bisigodoak euskal lurraldeetara iritsi zirenenean ez zen aro baketsurik hasi eta aldizka ekintza militarrak izaten ziren. Leovigildoren kanpainak (574. urtea) garrantzitsuak izan ziren eta baskoiak politikoki menderatzeko helburua zuten. Beranduago, Suintilak baskoiak garaitu zituen berriz ere; baina, porrotak porrotari lotu arren bisigodoen menderaldian zehar kanpaina militarrek ez zuten etenik izan eta baskoiek beren lurraldeak bisigodoen menderakuntzatik at mantentzea lortu zuten. Agirietan ageri denez bederatzi monarka godok beren ejertzitoak mugitu behar izan zituzten penintsulako baskoien aurka borrokatzeko.

670 eta 710 bitartean Baskoniako dukerria finkatu zen. Lupo I dukea zen bertako buru eta Akitanian eta Baskonian agintzen zuen.

Adierazi beharrekoa da, Inperioaren krisiak eta bisigodoak Ebroko haranean eta beste zonalde batzuetan ezartzeak merkataritza nabarmen murriztea eragin zuela.

Produktuen zirkulazioa bermatzen zuen merkatal jarduera eten zenean eta, ondorioz, sistema fiskala krisian murgildu zenean, finkatze ugari hutsik geratu ziren. Presio fiskala murriztearekin bat, nekazariek autonomia gehiago eskuratu zuten lan-antolakuntzari dagokionez. Horri esker, VI. eta VII. mendeetan zehar produkzio-bide berriak garatu ziren.

Orobat, tokiko agintariek erromatarrek alde batera utzitako lur publikoak (meatzeak, urak, basoak, larreak) aprobetxatu zituzten beren kabuz eta, modu horretan, haien ondarea eta agintaritza areagotu egin zuten.

714. urtean ejertzito musulmanak sartu ziren Nafarroako lurretan, horren ondorioz, iparraldeko ("saltus") eta hegoaldeko ("ager") euskaldunen arteko ezberdintasun kulturala areagotu egin zen. Casio kondeak, Ebroko haraneko noblea zenak (islamera aldatu zen) Damaskoko Kalifarekin akordio bat adostu zuen eta eskualdeko boterea sendotu zuen. Horrela sortu zen hiru mendez Nafarroako erribera kontrolatu zen Banu-Kasitarren dinastia.

Frankoen eta musulmanen arteko lehiak eragin nabaria izan zuen Iruñeko baskoien artean. Karlomagno Akitaniatik etorri eta Iruñea eraso eta menderatu zuen. Ondoren, Zaragozara jo zuen gauza bera egin asmoz, baina ez zuen arrakastarik ukan. Handik itzultzean Karlomagnoren ejertzitoak Iruñeko murruak suntsitu zituen baina ejertzitoa Pirinioetako haitzartetik igarotzen ari zela sekulako porrota jasan zuen Orreagan, 778. urtea zen.

Nafarroako aristokraziako hainbat familia barneko liskarrak gainditu eta batu egin ziren, Iruñeko erreinua sortzeko (824. urtea). Hala, Iñigo Aristaren familia izan zen Iruñeko lehen gobernua zuzendu zuena. Badirudi lurraldeak eta interesak karolinjioen eta kordobarren presiotik defendatzeko premia izan zela noblezia batu zuena, etsaiaren ekinaldiei aurre egiteko xedez.

VIII. mendetik aurrera Baskoniako aristokrazia ezberdinen arteko haustura hautematen da. Batzuk, hegoaldekoak, Asturiasko erreinuaren eremuan elkartu ziren edo Iruñeko erreinuaren sorreran parte hartu zuten, eta besteak, iparraldekoak, karolinjioen erreinuan barneratu ziren Baskoniako dukerria berrezarri ostean. Dena den, amaieran, Euskal Herriko aristokraziaren zatirik handiena Iruñeko erreinuan eta hartako lurretan barneratu zela ikus daiteke.

Herrixken agerpenak garrantzia handia hartu zuen, modu ezberdinean izan arren, lurralde guztietan eragina izan zuen demografiaren eta nekazaritzaren hazkundean; izan ere, gizartea, ekoizpena eta bizilagunak antolatzeko oinarrizko gune bihurtu ziren. Tokiko aristokraziak ahultzearekin batera espazio berrien kolonizazio-prozesu bat gertatu zela azpimarratu behar da. Hala, familiek edo komunitate txikiek herrixka berriak eraiki zituzten lur publikoetan edo aurreko jabeek alde batera utzitako ustiapenetan. Herrixka berri horiek garapen ekonomiko eta demografikoaren isla izan ziren.

Lurra herrixken arabera ustiatu ziren, ondorioz espazio ezberdinak sortu ziren.

a) abeltzaintza-eremuak. Baterako aprobetxamendurako basoak izan arren, fraide taldeek, erregeek, jauntxoek eta jabedun handiek basoaren zati jakin batzuk beren kabuz erabiltzen ahalegindu ziren azienda gordetzeko etxolak mantentzea bermatu asmoz. Horren ondorioz, aprobetxamendu kolektiboaren eskubideak nabarmen murriztu ziren.

b) nekazaritza-eremuak. Ustiapen estentsibo batetik (laborantza lurren mugimenduan oinarritzen dena, lurra lehenera dadin) ustiapen intentsibo baterako jauzia hautematen da eta, horrek, laborantza-sistemak aldatzea ekarri zuen. Arabako haranetan nekazaritzaren kolonizazioa intentsuagoa izan zen eta zereala (garia, garagarra eta oloa) eta lekadunak txandakatzean oinarritzen zen. Espazioarekiko presioa handiagoa zen eta luberritzeak areagotu egin ziren.

Herrixketan eta ekoizpen-jardueretan sortzen den gizarte-dinamikari dagokionez, bi egoera ohartarazten dira: Alde batetik, IX. eta X. mendeen aurretik dagoeneko existitzen zen tokiko aristokrazia zaharrak bere jabetzak eta eskumenak mantendu zituen eta koroa oso urrun ez zutenez areagotu ere egingo zituen.

Beste alde batetik, aristokraziaren boteretik ihes hainbat nekazari askek mendiak, basoak edota lugorriak kolonizatzeari ekin zioten. Talde horiek monarkiaren (Nafarroa) laguntza izan zuten eta inplizituki Gaztelako kondeena ere bai (Araban, esaterako). Hala, jabetza talde ugari sortu ziren (laikoak edo elizkoiak), lur publikoen baterako aprobetxamenduaren eskubidea ere bazutenak.

Azken lekuan zeuden "nekazari-morroi" edo mendeko laborariak. Besteren lur batzuetara atxikita zeuden eta lur horiek lantzen zituzten eta, horrez gain, jabe eta instituzio ezberdinetara alda zitezkeen lurrak eskualdatzen zirenean.

Mende horietan zehar Nafarroako Erreinua hedatu egin zen, bereziki Antso III Handiarekin (1000-1035).

Epealdi horretan Nafarroaren osotasuna mantentzearen aldeko borroka izan zen, Gaztela eta Aragoira eransteko asmoen aurka. Hori da, hain zuzen, garai horretako ezaugarri nagusia. 1120-1200 bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Nafarroako Erreinuaren baitakoak ziren. Antso VI "Jakitunak" (1150-1194) hainbat herriri foruak eman zizkien Nafarroan, Gipuzkoan (Donostia 1180) eta Araban (Biasteri, Gasteiz, Antoñana, Bernedo) eta bere jarrera politikoari esker hainbat lurralde galtzea ekidin zuen. Gaztelako Alfontso VIIIak Euskal Herriaren mendebaldeko lurrak behin betikoz batu zituen bere koroaren menpera 1200. urtean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba barne.

XI. eta XII. mendeetan eraldaketa ekonomiko horiek nabaritu ziren. Hazkuntza ekonomiko eta demografikoa etengabea izan zen, hala, mendialdeko zonaldeak luberritu egin ziren, basoak jabetu egin ziren eta haranetako hondoak kolonizatu egin ziren eta, aldi berean, eliza zaharrak handitu egin ziren. Familia-ustiapenak eratzen ziren, hainbat herrixka eta eskualdeetan barna sakabanatuta. Modu horretan, herrixka eta eskualde horiek ere barreiatu egin ziren oinordetza bidezko jabetzaren banaketa zela medio. Familia zen ekoizpenaren funtsezko eragilea eta apurka ekoizpena espezializatu egin zen eremuka (sagarrondoak Bizkaia eta Gipuzkoan, zerealak Arabako Lautadan eta Errioxan). Golde belarriduna erabiltzen hasteak eta errotak han-hemenka hedatzeak erakusten dute nekazaritzaren zabalkundea.

1025. urtean "la Reja de San Millán (de la Cogolla)" dokumentua oso argigarria da nekazaritzan eta demografian izandako garapenaz eta burdinaren erabileraz ohartzeko. Bertan deskribatzen denez 1700 kilometro koadroko azaleran Arabako 307 herrixkek 386 golde-nabarreko ekarpena egin zuten aipatutako monasterioarentzat. Horri esker badakigu 10 familia bakoitzeko nabar bat ordaindu behar zitzaiola monasterioari.

Halaber, XII. mendean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiribildua sortu ziren, esate baterako, Biasteri (1164), Donostia (1180), Gasteiz (1181), Balmaseda (1199), etab.

Done Jakue bidean zegoen merkataritzaz aparteko merkataritza sustatu zuen Nafarroako Antso VI "Jakitunak", merkantziak itsasoan barna ateratzeko xedez.

Garai horretan Baionako kaia zen garrantzitsuena. Alde batetik arrantza-jarduera, aurrez ere bazena, bereziki baleena XI. mendeaz geroztik.

Garai horretan Baiona Ingalaterrara loturik zegoen; hori dela eta, erreinu hartako merkatari eta marinelak iritsi ziren bertara eta Baionako nabigatzaileek jardute-eremua Bizkaiko eta Gipuzkoako kostara hedatu zuten, kostaldeko arrantza-jardueran eskuratutako soberakinak merkaturatzeko asmoz. Horren ondorioz, XI. eta XII. mendeetan Baionako eta Bizkaia eta Gipuzkoako kaien artean merkataritza-zirkuitu berri bat antolatu zen. Badakigu, dagoeneko 1085ean Bermeon kaia zela.

Monarkiak ondare publikoko elementuak onartu zizkien elizako instituzioei. Hala, Leireko monasterioak 12 hiribildu zituen 1035 baino lehenago; 1100. urtearen aurretik 41 hiribildu zituen eta XIII. mendea amaitzerako 83 hiribildu zituen.

Nafarroako Antso IIIaren garaian hiru alderdi nagusi azpimarratu behar dira. Nekazal familien ekoizpen gaitasunak gora egin zuenez (neurri handi batean familiak beren ustiapenen jabe ziren) nekazaritza hazi egin zen. Bigarrenik, diru-sarrerak errenta ekonomikoekin (ondareen ustiapena) eta errenta politikoekin (monarkiaren gobernuan parte hartzetik eratorritako etekinak) areagotzeko gaitasun mugatua zuen aristokraziaren garapena. "Senioren" eta monarkiaren arteko harremanen ondorioz, ahaltsuenek ezin zituzten beren funtzioak baliatu etekinak eskuratzeko funtsezko iturriak sortzeko.

Hirugarrenik, kalifatza desagertu egin zen eta taifen erreinua eratu zen. Gaskoniako dukerriari dagokionez, XI. mendearen amaieraz geroztik lur horien mendekotasuna itun-jokoen eta feudalen eta basailuen arteko harremanen baitan zegoen.

"Kontratuzko monarkia" garatzearekin batera nobleek kargu, eskubide, betekizun eta betebehar publikoak eraldatu eta ondare bihurtu zituzten. Horiek guztiak, pribatizatu aurretik jauntza horretan ezarritako monarkiaren eskumena ziren, bereziki Nafarroan. Bizkaian, monasterioek eskuratu eta ondaretu zituzten jurisdikziozko eskubideak.

Nafarroako Erreinuak oparotasun ekonomikoa mantendu zuen hala Antso VI "Jakitunarekin "nola Antso VII "Indartsuarekin"; azkenak, lau merindadeak eratu zituen, "bortuz bestaldeko lurrak" ere barneratuz, modu horretan erreinuaren egitura sendotuz. 1200. urtean Gipuzkoako eta Arabako lurrek Nafarroako erreinuaren baitako izateari utzi zioten Gaztelako erreinura atxikitzeko; Biasteri, Labraza eta Bernedo salbu. Orobat, Bizkaia Gaztelaren baitako izatera pasa zen Diego Lopez de Haro IIaren eskutik.

Antso VII Indartsuaren ostean, bortuz bestaldeko lurretan Nafarroako Erreinua Frantziaren eremuan barneratu zen eta nafarrek 1234an Champañako Teobaldo I aukeratu zuten.

XV. mendearen erdialdera "Errege Katolikoekin" Gaztelako erreinua indartu egin zela adierazi behar da. Hala, 1492an Amerikaren kolonizazioari ekiteko abentura abiatu zen.

Hiribildu eta hirien sorrera

XII. mendetik XV. mendera Euskal Herria populatzeko modua aldatu egin zen. Herrixkak ezinbestekoak izan ziren hiribildu eta hiri harresidunak sortzeko. Hiribildu eta hiri horiei Jaunak edo Erregeak Hiri-gutuna edo Foruak ematen zizkieten.

Villas

Iturria: Agirreazcuenaga, J.; Basurto, R; Lopez Atxurra, R.: "Historia de Euskal Herria". Donostia. 1989. I. alea, 150 or.

Artisau frankoei estatus berezia onartzen zitzaien hiribildu edo Burgu berrietara etor zitezen. Guztiaren ondorioz gizarte hiritar aktiboa sortu zen. Abeltzaintza, nekazaritza, baso-ustiapena, arrantza, meatzaritza, eta lur eta itsasoko merkataritza ziren gune horietako ekonomiaren ardatz.

Artisauak gremiotan batzen ziren. Sortu berri ziren hiribildu eta hiriek berezko Foruak zituzten arlo juridikoa, hiri-antolaketa, botere-banaketa eta fiskaltasuna arautzeko. Komunitate bakoitzak erregearen agintea onartzeko ituna adosten zuen eta, trukean, erregeak foru-zuzenbidea eta bertako instituzioak bermatzeko konpromisoa hartzen zuen.

Arabarren helburua Gasteiz Kantauri aldeko kostaldera lotzea zen. Hala, bi merkataritza-bide zabaldu ziren Gaztelako artilea ustiatzeko. Lehen ibilbidean Arabako Salvatierra (Agurain) hiribildua eta Gipuzkoako Segura, Villafranca de Ordicia (Ordizia) eta Tolosa sortu ziren, 1256an. Bigarren biderako Mondragón (Arrasate) eta Bergarako hiribilduak sortu ziren, 1260. eta 1268. urteetan hurrenez hurren. Lurreko merkataritza-bideak bultzatzeaz gain, Gaztelako Koroak itsaso-merkataritza ere sustatu zuen Kantauri eta Andaluzia Atlantikoko kaien artean.

1300az geroztik Bizkaian hiribildu gehiago sortu ziren. Durango 1297an sortu zen eta haren ostean etorri ziren Bilbo (1300), Portugalete (1322), Lekeitio (1325), Ondarroa (1327), Markina (1355), Gernika (1366) eta Mungia (1376), besteak beste. Barnealdeko hiribilduek eremua artikulatu nahi zuten kostaldearekin komunikazio egokia izate aldera. Horrez gain, Gipuzkoarekiko mugan kokatutako defentsarako bastioi izaera zuten. Kostaldeko hiribilduetan, ordea, merkataritza eta artisautza garatu ziren nagusiki.

XII. mendeko bigarren erditik XIV. mendearen amaiera bitartean 88 hiri eta hiribildu sortu ziren. Hiri-kontzentrazio nagusia Gipuzkoan pilatu zen (25 hirigune), Araban 23 hirigune batu ziren eta Bizkaian 21. Nafarroan, Behe Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan hirigune gutxiago batu ziren.

Populazioaren dinamika

XIII. mendearen erdialdera Nafarroak 150.000 biztanle zituen, bortuz beste aldeko biztanleak barne. Baina, XIV. mendeko azken herenean biztanle horien %40 galdu zuen. Araban biztanleen hazkuntza etengabea izan zen X. eta XI. mendetik aurrera eta XIII. mendearen amaieran 60.000 bizilagun inguru bizi ziren probintzian. Dena den, XIV. mendearen amaieran populazio horren %20-30 galdu zuen ziur aski.

Halaber, badakigu Gipuzkoak 18.000 biztanle zituela XII. mendearen amaieran eta Bizkaian ere populazioak gora egin zuen XII. mendean.

Jarduera ekonomikoak

Demografiaren eta nekazaritzaren hazkundea ahalbidetzeko baso eta zelaiak baliatzen ziren, horrela, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arteko oreka arriskuan jartzen zen. Kalitate gutxiago zuten lurren luberritzea ez zen aski izan presio demografikoari eusteko eta gainera uzta txarrak jaso ziren, ondorioz elikagaiak garestitu egin ziren eta gosete aldiak etorri ziren.

Laborantza areagotzeko mendi eta basoak kaltetu ziren; modu horretan, baterako ustiapenerako izan ziren zonaldeak desagertzen joan ziren eta laborantzarako zonaldeen eta aziendarentzako zonaldeen arteko oreka arriskuan jarri zen.

Atlantikoko hezeguneetan ere antzeko prozesuak jazo ziren. Hala, Durangon 1450an edota Segura eta Legazpin baterako lurrak luberritzen ziren abeltzainak aintzako hartu gabe.

XV. mendearen bigarren erdialdean, burdinoletan burdinaren ekoizpenak gora egiten zuen eran larreak murriztu egin ziren.

Kostaldean arrantza oso baliabide garrantzitsua izan zen, izan ere, hornikuntza bideak oso urriak ziren.

Garai horretan euskal arrantzaren eremu geografikoa areagotu egin zen. XIV. mendearen erdialdeaz geroztik Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak Asturias eta Galiziako kostaldera joaten ziren. Horren ondorioz, liskarrak sortu ziren inguru haietako marinelekin. Euskaldunak Bretainia, Irlanda, Cornualles era Ingalaterrara ere iritsi ziren.

Eta hegoaldean zehar, marinel euskaldunak Marokoko kostalde atlantikoraino iritsi ziren. Inguru haietan atzemandako arraina Sevillan eta Andaluziako beste kai batzuetan saltzen zuten eta trafiko horretatik eskuratutako etekina baliatuz zereala erosten zen, gerora Kantauri aldeko kaietara eramaten zena. Balea eta kaxalotea ziren espezie estimatuenak; halaber, sardina eta bisigua ere arrain preziatuak ziren, nahiz eta horien arrantza oso araututa egon.

Navegacion y actividades fluviales

Iturria: Agirreazcuenaga, J.; Basurto, R; Lopez Atxurra, R.: "Historia de Euskal Herria". Donostia. 1989. I alea.

Arrantzaleak kofradietan batzen ziren eta badakigu XIV eta XV. mendeetan Bermeon, Lekeition, Hondarribian, Donostian eta Deban bazirela zenbait kofradia. Kofradia horien zeregina arrantza arautzea eta lana fiskalizatzea zen eta, arrantzale helduenak artatu ere egiten zituzten.

Industriari dagokionez, burdinolek gorakada nabarmena izan zuten. Burdinola hidraulikoak gailendu ziren baina haize bidez mugitzen ziren haizeola tradizionalak baztertu gabe. Gipuzkoan eta Bizkaian burdinola hidrauliko ugari zeuden eta gainerako euskal lurraldeetan ere baziren batzuk, gutxiago izan arren. XV. mendean Euskal Herrian ekoizten zen burdinak harrera ona izaten zuen Ingalaterra, Frantzia eta Flandesko merkatuetan. Ingalaterrak Euskal Herriko burdin ugari inportatzen zuen, hala, 1450. urtean 900 tona hartzetik 3000 tona hartzera pasa zen XV. mendearen amaieran.

Burdinaren ekoizpena beste jarduera batzuk abiarazteko motorra izan zela adierazi behar da. Burdingintzaren eskutik armen fabrikazioa, itsasontzien eraikuntza, artisautzako jarduerak eta ehunaren eta larruaren ekoizpenak mugiarazi ziren.

Euskal Herriko olagizonak ermandade, kabildo edo kofradietan batzen ziren. Arrasate asoziazionismoaren adibide da, izan ere, XV. mendean dagoeneko hiru elkarte zeuden, maisu "masukeroena", matxarda egileena edo "benakero" edo meatzariena.

Burdinolen jabetza indibiduala izan zitekeen edo hainbat nagusiren artean partekatua. Batzuetan nagusiek ustiatzen zituzten zuzenean eta beste batzuetan, XV. mendearen bigarren erdialdean nagusiki, alokatu egiten ziren.

Burdinolen jabeen multzo bat eratu zen pixkanaka, hiru aldek osatzen zutena: maiorazkoetan burdinolak barneratzen zituzten ahaide nagusiko leinuak; errenta onak eskuratzen zituzten kontzejuak eta olagizonekin negoziatzetik burdinolen jabe izatera pasatzen diren merkatariak.

Arma-industria Soraluzen, Durangon, Eibarren, Markinan eta Gasteizen garatu zen. Eskariak hainbat lekutatik iristen ziren: Europako merkatuetatik eta Gaztelako monarkiatik, izan ere, haietako ejertzitoek armamentu asko behar zuten Koroak zituen nazioarteko konpromisoak betetzeko.

XIII. mendearen amaieraz geroztik itsasontzien eraikuntzak gora egin zuen nabarmen eta XV. mendean sektore hori tinkatu egin zen. Lekeition, Bermeon, Ondarroan eta Bilbon ontziolak zeuden. Gainera, Bilbokoa Kantauri aldeko garrantzitsuenetakoa zen XV. mendean. Gipuzkoako kostaldean ere baziren ontziolak, Hondarribian eta Donostian esaterako.

Baionan ere ontziolek zeregin garrantzitsua betetzen zuten. Horren erakusgarri da Alfontso X "Jakitunak" 1278an eta 1280ean egindako eskariak Baionako itsasontziak eskatuz, musulmanei aurre egiteko eta Mediterraneoko nahiz Atlantikoko kostaldeak defendatzeko xedez.

Merkatal jarduera aztertzen badugu Kantauriko kostak merkatal arloko bi funtzio betetzen zituela ikusten dugu: alde batetik, Flandes, Ingalaterra edota Andaluziako merkatuen abiapuntu zen eta, beste alde batetik, inportatutako ondareak birbanatzen zituen. Azpimarragarria da dagoeneko XII. mendean Baiona oso garrantzitsua zela Donostiako merkatua hornitzeari zegokionez. Euskal Herriko kostaldeko hiribilduak garatu zirenean Baionako merkataritza-sareak hedatu egin ziren; dena den, interes ezberdinek eragindako liskarrak sortzen ziren aldizka. 1353an Baiona eta Miarritzeren eta Paduretako Ermandadearen artean akordio bat adostu zen, xehetasun osoz deskribaturik dagoena. Horrez gain, garai horretan Ingalaterraren eta Gaztelako koroaren arteko gerra lehiatzen zenez, Baionaren (Ingelesen mende zegoen) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako kaien artean nolabaiteko treguak hitzartu ziren, esate baterako, 1432an. Harreman-sare horri esker Landetako produktuak iristen ziren Bizkaia eta Gipuzkoara, Baionako kaitik barna: argizaria, larrua, garia eta artatxikia; horrez gain, beruna eta kobrea.

Flandeseko merkatura Gaztelako merkatariek artilea esportatzen zuten eta Euskal Herritik burdina. 1480eko kargamentuaren erdia (%50) burdinez eta artilez beteta zegoen. Arlo horretan, euskaldunak ez ziren garraiatzera mugatu; aitzitik, burdinaren betak edota mineralak saldu egiten zituzten (nahiz eta debekatuta egon) zenbaitetan, dena den, gehienbat barra, arma eta lanabesentzako burdina saltzen zuten. Itzulerako bidaian Flandeseko oihalak inportatzen zituzten. Oihal horiek 1293 eta 1294an milioi bat maraiko balioa zuten Donostia eta Hondarribiko kaietan.

Gizarte feudalaren bilakaera eta krisia

Hiribilduak sortu eta handitu zirenean interesak eragindako liskarrak sortu ziren bertako biztanleen eta landa giroko biztanleen artean, izan ere, hiribilduek ahalik eta merkatu handiena bereganatu nahi zuten, bidesari eskubidea kobratu nahi zuten eta hirira bideratutako transakzioak areagotu nahi zituzten.

XIV. eta XV. mendeetan zehar gizarte-gatazkak sortu ziren Euskal Herriko hainbat lekutan, Europan gertatu zenaren parera. Gizarte-gatazka horietan hiru gatazka mota eman ziren: a) jaunen presioa areagotu zenean landa giroko nobleziaren eta bere laborarien artean sortu zena; b) nobleziaren eta hiribilduen artekoa; c) nobleen artean jazo zena.

Herentzia zela medio semeen artean etengabe zatiketak ematen ziren. Hori dela eta, aristokraziako familiek maiorazkoa hautatu zuten ondareen galera ekidin asmoz, hau da, ondarea oinordeko bakar bati ematen zioten, familiako lehen semeari, alegia. Oinordekoak ez zituen ondasunak eskuratzen haiek emandako errenta baizik eta, horrenbestez, ezin zituen saldu edo banatu.

Nobleen arteko gatazkak "Bandoen arteko gerra" izenarekin ezagutzen dira eta Araban, Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin oinaztarren eta ganboatarren artekoak izan ziren; Nafarroan berriz, agaramontarren eta beaumondarren artean lehiatu ziren. Jaunen presioa eta klase menderatzailearen indarkeria ez zuten soilik nekazariek jasan, hiribilduetan eta leinuen artean ere nabaritu zen.

Gatazken larritasuna ikusita Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Ermandadeek esku hartu zuten, izan ere, Ermandade horiek XIV. mendearen amaieran eta XV. mendearen amaieran ordena publikoa mantentzeko sortu ziren.

Gizarte-gatazka horiek ez zuten ondorio bera izan esparru guztietan. Lehenik, nekazariei dagokienez, karga astunenak alboratzea lortu zuten baina labore-lurrak oraindik jaunen izenean mantentzen ziren, hala mendian nola basoan, eta beren funtsezko ondareak mantentzea lortu zuten.

Edozein modutan ere, 1487an Ermandadek eta Erregeak leinuak gailendu zituzten behin betiko. Testuinguru horretan lurralde bakoitzaren eta erregearen arteko itunak irmotzen zituzten foru eraentzeak agertu ziren, eta erregeak foruak errespetatzeko konpromisoa hartzen zuen.

Izurrite aldi ugari tartekatu arren, izurrite horiek ez zuten eragin nabarmena izan populazioaren hazkundean. Mende horren erdialdera Araban 72.000 biztanle bizi ziren, Gipuzkoan 70.000 (mende amaieran), Bizkaian 69.000 bizilagun zenbatzen ziren mende hasieran eta Nafarroak 162.000 biztanle hartzen zituen 1587an.

Atlantikoko kostaldean artatxikia zen nolabaiteko maiztasunez ekoizten zen zereal bakarra, sagarrarekin batera. XVI. mendearen hasieran aziendaren eta basoen ustiapena nagusitzen zen zereala lantzeko nekazaritzaren aldean.

Nafarroako Erreinuan nekazaritza anitzagoa jorratzen zen. Garia, olioa eta mahatsa lantzeaz gain baratzeko eta soro ureztatutako produktuak ere eskaintzen ziren. Bestalde, Gipuzkoa eta Arabatik gertuen lekutzen ziren zereal-zonaldeetan kontrabando bidez garatzen zen mugako merkataritza baliatzen zen.

Abeltzaintzari dagokionez, Bizkaian eta Gipuzkoan behi-azienda zen nagusi, hori baitzen animalia kutunena esne eta haragiari dagokienez. Zaldiak eta mandoak garraiatzeko erabiltzen ziren. Landutako lurrek eta fruta-arbolek zituzten mugetatik eta kontrolpeko gau-zaintzaren premiatik haratago, baterako larreak elikadura iturri librea ziren aziendarentzat.

Nafarroan, Pirinioetako zonaldean, azienda ibiltariari esker artile ugari ekoizten zen, atzerrira esportatzeko soberakina ere ematen zuena.

Mende horretan arrantzak ere gora egin zuen nabarmen. Euskaldunek Ternuako arrantza-tokiak kontrolatu zituzten baleak bilatu eta harrapatzeko, izan ere, XV. mendeaz geroztik Bizkaiko golkoan gero eta bale gutxiago ibiltzen zen. Ternuako merkataritzatik eskuratutako irabaziak (bakailaoa eta, batez ere baleen gantza) itzelak izan ziren; horri esker, marinelen komunitateek aberastasun iturri handi bat zabaldu zuten, irabazi gehienak armadore edo finantzarioek bereganatu arren.

Orobat, mende horren erdialdean Euskal Herriko kostaldean eskabetxe-industria finkatu eta garatu zen, bereziki, atuna eta bisiguarena.

Lapurdiko kostaldeko arrantzaren egoerari buruz, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleekin lankidetzan aritzen zirela adierazi behar da eta baterako proiektuak taxutzen zituzten. Ternuako arrantza-tokiei zegokienez, Euskal Herriko txangozaleak (bizkaitar, gipuzkoar eta lapurtarrak) elkarren artean antolatzen ziren.

XVI. mendearen hasieran Baiona oso merkatu garrantzitsua zen arraiaren sektorean. Arraia Frantziako hainbat eskualdetara esportatzen zen bertatik baina Gaztelako, Frantziako eta Ingalaterrako monarkien artean lehertutako gerraren eraginez, Gipuzkoan eta Bizkaian gertatu bezala, Lapurdiko marinel kopuruak behera egin zuen eta, aldi berean, bertako ontziteria ezerezean geratu zen.

Mende horretan burdinolek garrantzia handia hartu zuten, alderdi ekonomikotik so. 300-400 burdinola inguru zeuden martxan eta 6.000-7.000 tona burdin ekoizten ziren, Europako ekoizpenaren %5-12, alegia. Burdina-mineralen kontsumoari gagozkiola, Enkarterrietako (Bizkaia) meatzetatik ateratzen zen burdina-mineralarekin Europako kontsumoaren %20 betetzen zen, hots, Europan 100.000 tona ekoizten baziren 20.000 aipatutako meatzetatik erdiesten zen.

Términos en los que durante el Antiguo Regimen funcionaron una o mas ferrerías

Iturria: Agirreazcuenaga, J.; Basurto, R; Lopez Atxurra, R.: "Historia de Euskal Herria". Donostia. 1980. 188 orr.

Sektore horretan barneratzen ziren egurgileak, ikazkinak, meatzariak eta mandazainak. Modu horretan, Euskal Herriko agroaren ahuldadea orekatu egiten zen, izan ere, demografia soberakinak burdingintzako lanpostuekin betetzen ziren eta, horrez gain, burdingintzako lanei esker kanpotik iristen ziren hornigaien eskarietara bidera zitezkeen diru-sarrerak lortzen ziren.

Burdingintzaren bultzada esportaziora bideratutako industrian nabaritu zen, metalurgia-industrian eta ontzi-industrian, alegia.

Lotura horiek argi erakusten dute burdingintzaren eta metalaren sektoreak zuen garrantzia, izan ere, sektore horren bidez diru-sarrerak sortzen ziren biztanleria aktiboaren ehuneko handi batean. Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleria aktiboaren %30 burdingintzarekin lotutako jardunetan ibiltzen zela uste da, lanpostu finko edo aldizkakoak izanik; horri, gainera, metalurgian lan egiten zuten langileen kopurua erantsi behar zaio (forja, etab.).

1575etik aurrera eta XVII. mendean zehar Europan merkatu-kuotak jaitsiera nabarmena izan zuen, barne-merkatua uzkurtzearekin batera. Europako merkatuan Liejako burdina eta Suediako burdina merkeagoak ziren, izan ere, hango teknikak aurreratuagoak ziren gure burdinolekin alderatuta. Horren ondorioz, atzerriko burdin ekoizpenak tradizioz "bertako" izandako merkatuetan barneratu ziren, esate baterako, Amerikako kolonietan eta monarkiaren eskaeratan. Burdingintzaren beheraldiaren eraginez burdinolak itxi egin ziren eta Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizpena nabarmen jaitsi zen (%25-50).

Burdingintzaren krisiaren eraginez hornigaiak pilatzeko arazoak izan ziren, izan ere, burdinak merkatuaren balantza orekatzen zuen.

Ontzien sektoreari dagokionez, garai horretan Erregearen Armada Euskal Herriko ontziolen bidez hornitzen zen. XVI. mendean Gipuzkoako ontzioletan 375 ontzi eraiki ziren, gehienak itsasontziak. Bizkaiko ontzioletan, ordea, 100 ontzi eraiki ziren, gehienak Armadara bideratzen ziren galeoiak, 600-800 tona metrikokoak.

Merkatal jarduerari dagokionez, Bizkaiko merkataritza-harremanak Europako hainbat herrialderekin izaten ziren nagusiki. Euskal Herriko burdina funtsezkoa zitzaion Ingalaterrari. 1517-1518 bitartean Bristolen bakarrik 450 tona metriko burdin hartu ziren. Amerikako merkataritzak Sevillatik igaro behar zuen Indietako ontziterietara barneratzeko.

1511n Bilboko Kontsulatua sortu zen. Horrek argi erakusten zuen Bilboko kanpo-merkataritzak zenbaterainoko garrantzia hartu zuen, Burgos eta Bilboren arteko lehia etengabearen barruan. Halaber, mende horretan Europako hainbat erreinuk merkatal jarduera zehatza garatzen zutela adierazi behar da, esate baterako, Amerikara bideratutako esklabo beltzen merkataritza. Merkataritza horretan euskaldunek ere parte hartu zuten eta jakina da 1523an Urrutia familiak 45 beltz igorri zituela Afrikatik Amerikako kostaldera. Eta 30eko hamarkadan antzeko ekintzak egin ziren bestelako manufaktura batzuen merkataritzarekin batera.

Mende honetan Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazarien %40k jauntzekin lotutako lurretan lan egiten zuten, eta lursail-jabe ziren nekaraziak %50 zirela esan daiteke.

Baina lursail-jabe horrek kapital tekniko urria zuen eta langileak senitartekoak izaten ziren soilik, ondorioz, ekoizpena ere nahikoa urria izaten zen, neurri handi batean autokontsumorako baliatzen zena. Zorrak pilatzen bazituen eta zorren interesak handiak baziren, lurraren jabetza galdu eta errentari bihurtzea beste aukerarik ez zen izaten, beste jabe batzuen lurretan lan eginez.

Artisautzen finantzarako gaitasun eskasaren ondorioz merkatarien mende geratu ziren. Modu horretan, merkataria artisauak sortutako soberakinarekin geratzen zen merkataritza-zirkuitua kontrolatzearen, lehengaia eskuratzeko artisauei emandako kredituaren eta salmenta gauzatu artean igarotako denboraren eraginez.

Burdinoletako merkatariek ere antzeko estrategia erabiltzen zuten, zenbaitetan haien jabe ere bihurtzen zirelarik.

Bilakaera demografikoari dagokionez, mendea izurritearen mehatxupean abiatu zen (1597-1602). Donostian eta Gipuzkoako beste herri batzuetan hilkortasunak gora egin zuen. Araban, gutxi gorabehera 49.000 pertsona bizi ziren (1683), Gipuzkoan 82.000 (1689) eta Nafarroan 172.000 bizilagun (1678). Hala, Hego Euskal Herrian 400.000 pertsona bizi ziren gutxi gorabehera.

Kantauriko isurialdean krisi ekonomikoa artoaren laborantzari eta luberritzeari esker gainditu zen.

XVII. mendean arrantzak garrantzia galdu zuen, izan ere, Ingalaterrak, Frantziak eta Holandak Ipar Atlantikoko itsasorako sarbidea oztopatu zuten (bai Europa aldetik, bai Amerika aldetik).

Nafarroako azaleran zehar zerealak, soro ureztatuak, mahatsondoak, olibondoak, larreak eta basoak sakabanatzen ziren. Garia, zekalea, oloa eta garagarra ziren produktu nagusiak; lehen biak gizakiak elikatzeko eta beste biak azienda elikatzeko.

Aziendari dagokionez, Lizarrako merindadean (Nafarroako azaleraren %20) 75.000 ardi eta ahuntz zeuden, 3.000 behi, 4.000 txerri, 2.400 mando eta 1.600 zaldi. Ohikoa zen kontzejuetako artaldeak, hainbat herritako baterako larretan (elkarrekiko lur) bazkatzen ikustea.

Iparralden, XVII. mendearen amaieran, oraindik basoek osatzen zuten paisaiaren gune handiena. Landutako lautadetatik aparte, laborantza-lurrak soilgune batzuetan baino ez ziren agertzen. Zuberoako eta Behe Nafarroako basoekin alderatuta proportzioa 1/200-1/500 ingurukoa zen.

Orokorki, kontuan hartu behar da biztanleen %70-80 inguruk landan lan egiten zuela, hori dela eta, oso garrantzitsuak ziren nekazaritza-ekoizpenean izaten ziren harremanak. Maiorazkoa (izaera feudala zuena) eta jabe libre txikiak elkarren alboan bizi ziren. Elkarbizitza horretan bigarrenak izaten ziren kaltetuenak, izan ere, elkarrekiko lurra (maiorazkoaren jabetza feudalaren baitakoa) ez zen merkatura itzultzen, aitatik semearengana igarotzean jabetza ez baitzen azpibanatzen. Jabetza askeak, ordea, jabe txikiari karga fiskalei eta zorrei (hobekuntza teknikoak eragindakoak, aleak erostean pilatutakoak,...) aurre egitea ezinezkoa bazitzaion amortizatu eta merkatuan saldu ahal ziren.

Arrantza-jarduerak ere behera egin zuen Ternuako arrantzak behera egin zuelako eta Ingalaterrak eta Holandak euskaldunak baztertu zituztelako arrantza-eremuetatik. Baxurako arrantzan ere antzeko faktoreak aipatu behar dira. Berez arrantza-jarduera ez zen desagertu baina nabarmen jaitsi zen.

Europako beste herrialde efizienteago batzuen lehia zela-eta Euskal Herriko industria geratu egin zen, izan ere, aipatu herrialdeek sartze-kuota handiagoak irabazten zituzten hala kanpoko merkatuetan nola Penintsulan edo Amerikan.

Burdinaren industriari zegokionez, behe-labeko gure burdinolek atzerapen teknikoa zuten eta prezioek gora egin zuten; ondorioz, Liejako eta Suediako (besteak beste) burdinaren konpetentzia iritsi zen labe garaiekin eskuratzen zenez merkeagoa zelako, nahiz eta, ziur aski, kalitate eskasekoa izan hemengoarekin alderatuz.

Liejako burdinaren aurka Gipuzkoak eta Bizkaiak elkar hartuta egin zuten lehen protesta 1612an egin zen. Hurrengo urteetan hainbat errege-xedapen argitaratu ziren, politika protekzionistaren ildotik, Penintsulako eta Indietako merkatuak olagizonen esku uzteko. Xedapen horiek, baina, zenbaitetan, Koroak beste herrialde batzuekin sinatutako itunak urratzen zituzten.

Mende horretan ia ez zen aurrerapen teknikorik barneratu burdinoletan. Azken buruan, Hego Euskal Herrian ekoizten zen burdina 500 tona metriko ingurukoa zen XVII. mendearen amaieran. Oso kopuru txikia XVI. mendean ekoizten ziren 11.000/13.000 tona metriko inguruekin alderatuz gero. Gipuzkoan 85 burdinola handi eta 39 txiki zeuden 1625ean. Bizkaian, aldiz, 1644an dagoeneko 141 burdinola handi eta 144 txiki zenbatzen ziren.

Su-armen ekoizpenari zegokionez, Soraluzeko Arma Fabrikak bere jarduera mantendu zuen Koroak eskatutako arkabuz eta mosketeei esker, eta atzerriko produktuen aurrean politika protekzionista ezarri zelako.

Krisiak eta XVII. mendean lehiatu ziren gerrek eragin kaltegarria izan zuen Euskal Herriko ontzioletan.

Lehengaien eta erdilandutako burdin ekoizkinen esportazioa eta oihalen eta landutako produktuen inportazioa ziren XVII. mendean Euskal Herriko kanpo-merkataritzaren ezaugarriak.

Gaztelak eta Nafarroak ere bazuten atzerriko merkatal jarduera. Euskal Herriko zonaldea bitarteko gune bilakatu zen merkataritza horretan, bereziki Europara bideratutako artilearekin eta inportatu egiten ziren gai landuekin. Bestalde, Soriatik atzerrira esportatzen zen artilearen merkatuan bitartekari gisa aritzen ziren Nafarroako merkatariak. Eta baita alderantziz ere, Agreda eta Soriara bideratuta, penintsulara barneratzen ziren inportazioetan.

Arabatik garia, ardoa eta artilea esportatzen zen. Gipuzkoatik burdinazko hornigaiak bidaltzen ziren Europa eta Amerikara. Bizkaitik ere burdina igortzen zen kontinente horietara, azken horretatik, gainera, burdina-beta ere esportatzen zen Gipuzkoara eta baita Nafarroara ere, kopuru txikiagoan bazen ere.

XVII. mendearen lehen laurdenean Hego Euskal Herria zen Ingalaterrara burdina gehien igortzen zuen bigarren herrialdea eta Suedia eta Errusiarekin batera burdina esportatzaile nagusia zen.

Mendean zehar jazo ziren aldaketen eraginez, klase herrikoiak, batez ere nekazariak tradizioen aurka zihoan ororen aurka altxatzen ziren. Halaber, zerga berri bat ezartzearen, zerealaren garestitzearen edota mirabetzaren berrezarpenaren aurka egin zuten.

Jaunen aurkako erresistentzian Erdi Aroan ezarritako eskubide eta erabilerak gaitzesten ziren eta auzoko komunitateek eskubideen erosketak, auziak edo betebeharren ukoa baliatzen zituzten erresistentzia egiteko metodo gisa.

Gizarte-gatazka eta altxamendu nagusien artean, honakoak azpimarratu behar dira: Fiteroko jaunen aurkako altxamenduak (1627, 1675); gatzaren matxinada (1631-1634); matalazen altxamendua Zuberoan (1661).

Mendearen amaieran 500.000 bizilagun bizi ziren Hego Euskal Herrian. Hazkunde handiena Araban nabaritu zen. Bertan 69.000 biztanle zenbatzen ziren.

Gipuzkoan 120.000 pertsona bizi ziren.
Nafarroan hazkundea motelagoa izan zen, baina, hala ere 224.000 pertsona baino gehiago bizi ziren.
1787an Bizkaian 115.840 biztanle zenbatzen ziren.

Biztanleriaren dentsitateari zegokionez, Gipuzkoa eta Bizkaia ziren dentsitate handiena erregistratzen zuten probintziak; 60.5 biztanle/km² eta 52,3 biztanle/km² zituzten, hurrenez hurren.

Iparraldeari dagokionez, mendearen lehen erdian biztanleriak gora egin zuela adierazi behar da. Alde batetik, artoaren laborantzak hedadura handiagoa hartu zuelako, modu horretan, bizilagun gehiagoren arteko biziraupen hobea ahalbidetzen baitzen. Beste alde batetik, merkataritzaren trafikoaren garapenak ere gorakada hori ahalbidetu zuen, izan ere, bide asko modernizatu egin ziren eta ostatu hartzeko eta bidean atseden hartzeko gune gehiago sortu ziren.

Bizkaian eta Gipuzkoan landutako esparruen hazkundea mantendu egin zen. Hala, artoaren hazkundea nabarmena izan zen, nekazaritzako ekoizpenaren %60 artoaren ekoizpenak osatzen zuelarik. Haren ostean, gariaren ekoizpena kokatzen zen %39 batekin.

Araban, XVIII. mendeko lehen herenean ardoaren ekoizpenaren hazkundea mantendu egin zen, gehiegizko eskaintza gertatu zen arte. Bestalde, zerealaren ekoizpenak ere gora egin zuen. Modu horretan, 1775ean %10eko ekoizpeneko gaineratikoa izan zen.

Arabako nekazaritzaren "per capita" errentak 2,5 bider gainditzen zuen Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa.

Mende horretan Hego Euskal Herriko lau lurraldetan lur gehiagoren nekazal ustiapena gauzatu zen, landu gabeko azalerak hartuz. Presio demografikoak gora egiten zuenean baterako lurrak erabiltzen ziren aipatutako laborantzetarako eta ondorioz gatazkak sortzen ziren.

Landutako azalera berrietan sostengatzen zen nekazaritzaren hedapenak eragina izan zuen abeltzaintzan, batez ere azienda librearen kasuan (ibiltaria, ardiak, ahuntzak eta behorrak); aitzitik, ukuiluetan edo baserrietatik gertu egoten zen aziendak gora egin zuen landa-lanak egiteko erabilgarria zelako eta haragia ere ematen zuelako. Bestalde aipatzekoa da, zonalde batzuetan, esate baterako Enkarterrietan bena-garraioaren jarduerak arrasteko azienda sorrarazten zuela, bereziki, idi eta mandoen bidezkoa.

Industriako jarduerari dagokionez, mendearen zatirik handienean burdinolek garai oparoak bizi izan zituzten. Hainbat arrazoik eragin zuen jarduera hori berrabiaraztea. Alde batetik, Koroaren politika protekzionistari esker Penintsulako eta kolonietako merkatuak bermatuak zituen euskal burdingintzak. 70eko hamarkadan penintsulara burdina Suediatik eta beste herrialde batzuetatik sartzen zela ikusita olagizonak kexu azaldu ziren eta lehenengo Felipe V erregeak eta beranduago Carlos III erregeak hainbat xedapen ezarri zituzten Amerikan eta Espainiako merkatuan atzerriko burdingaiak sartzea debekatzeko.

1752an 141 burdinola zeuden Bizkaian, 86 Gipuzkoan, 35 Nafarroan eta 20 Araban. Honakoa zen produkzioa: 5.140 tona metriko Bizkaian, 4.300 tona metriko Gipuzkoan, 1.930 tona metriko Nafarroan eta 1.000 tona metriko Araban. Horrenbestez, orotara 12.460 tona ekoizten ziren.

Metalurgiaren sektorean ekoizpen-modu tradizionalekin jarraitzen zen. Eta burdinolen kasuan ere egoera antzekoa zen: behe-labea, langile gutxi eta kapital-inbertsio urria. Bestalde, egur-ikatza garestitu egin zen eta 1762an burdinolaren kostuaren %56 eragiten zuen. Haren ostean zeuden mineralaren kostua (%30) eta soldatena (%9). Gipuzkoako burdinoletako langileen eguneko soldata nominalak heren bateko igoera izan zuen; hala, mendearen hasieran 4,5 erreal kobratzen baziren, mendearen amaieran 6 erreal kobratzen ziren. Soldata horien balioa zenbatekoa zen ulertzeko gariaren prezioa hartu behar da erreferentzia gisa. Gari-anega batek (11,5 kilo) 40 erreal balio zituen eta arto-anega batek, berriz, 30 erreal.

Mendearen amaieran argi eta garbi zegoen harrikatza erabiltzea zela arazoari irtenbidea emateko modua; dena den, XIX. mendearen erdira arte ez zen erabili.

Euskal Herriko ontziolei dagokienez jarduera berrabiarazi egin zela azpimarratu behar da, alde batetik, Caracaseko Konpainia Gipuzkoarraren eskariari esker eta, beste alde batetik, orokorrean ekonomiak gora egin zuelako. Baina, alturako arrantza-tokiak galtzearen eragin kaltegarriak ere nabaritu ziren. Mende horretan 426 ontzi eraiki ziren, gehienbat Gipuzkoako ontzioletan.

Halaber, Koroak arma-hornigaiak eskatu zituen eta horrek on egin zion Soraluzeko Errege Arma Fabriken jarduerari.

Orobat, merezi du beste industria-jarduera batzuk ere aipatzeak, esate baterako, kobrearena, ehunarena, zurrategiena, beirarena, txokolatearena eta errotena. Kobrea ateratzeko industria eta meatzeak Baigorriko haranean, Iparralden eta Aralarreko mendilerroan (Nafarroa) lekutzen ziren.

Algunas actividades industriales en el Antiguo Régimen

Iturria: Agirreazcuenaga, J.; Basurto, R; Lopez Atxurra, R.: "Historia de Euskal Herria". Donostia. 1980. II. alea, 212 or.

Merkatal jarduera zen isurialde atlantikoko ekonomiaren funtsa. Bi zutabetan sostengatzen zen: burdingintzako produkzioaren eta merkataritzaren handitzea, eta kanpoko merkantziak berriz esportatzearen bidezko bitartekaritza jardunen gorakada.

Bilboko kaia Europa mailako birbanaketa eta bitartekaritza gunea zen. Kai horretatik bideratzen zen Gaztelako artile gehienaren esportazioa. Beste produktu batzuek ere (pattarra, ardoak eta olioak) Nerbioi itsasadarra ukitzen zuten Frantzia, Ingalaterra, Holanda, Alemania eta Baltikora bideratu aurretik. Itzulerako pleita gisa elikagaiak eta manufakturak inportatzen ziren herrialdera, baina baita Gaztelara eta Amerikako merkatura, Cadiz eta Sevillatik barna.

Nafarroari dagokionez, probintziaren egoera fiskal eta geografiko lehiakorra zela medio eta merkatari atzerritar batzuei esker merkatal jarduera oparoa zen. Atzerriko merkatari horiek Gaztela eta Aragoaren arteko merkatuko bitartekaritza ahalbidetzen zuten alde batetik eta, beste alde batetik, Iparraldean barna nazioarteko merkataritza ahalbidetzen zuten. Mendearen lehen erdian merkataritza nahiko erraza zen. Bigarren erdian, ordea, merkatariek kontrol eta presio gehiago zuten, bai Nafarroako Gorteena, bai Madrileko Gorteena. Kontrol hori, gainera, areagotu egin zen 1779an foru-lurraldeetan mugako zergak ezarri zirenean.

Donostia zen merkataritzaren beste gune nagusia. 1728an sortutako Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarrak hango merkataritza bereganatzea erdietsi zuen. Berez, konpainia Donostiako merkatarien eta Espainiako Koroaren arteko transakzio baten ondorioz sortu zen.

Caracaseko Konpainia Gipuzkoarrak 30 ontzi erabiltzen zituen merkatal jarduera burutzeko eta Europa eta Amerikako produktuen trukean oinarritzen zen, atzerriko generoak ere barneratuz. Hala, ez zuen mendekotasun zuzenik sortu tokiko ekoizpenaren eta merkataritzako trafikoaren artean. 1742an merkataritzaren monopolioa eskuratu zuen Venezuelarekin.

Beltzen salerosketan ere esku hartu zuen. Orokorki jarduera hori itsas potentzia handiek kontrolatzen zuten eta Caracaseko Konpainiako euskaldunek 1.000 beltz garraiatzeko proposamena egin zuten, 1785eko errege araudiz onartu zena. Hala ere, azkenean Ingalaterrak eta Frantziak eman zuten gizakien karga, Puerto Rico irlaraino helarazi zutena, handik Gipuzkoako Konpainiak Venezuelara eraman zitzan.

Mendearen bigarren erdian beltzen salerosketan ibiltzen ziren euskaldunak (Arostegi eta Uriarte kasu) merkatariak ziren eta haientzat salerosketa hori garrantzitsua zen beren negozioetan, baina ez zen lehentasunezko kontua.

Azkenik, Baionak Nafarroako eta Aragoiko kanpo-trukeen bidea baliatzen asmatu zuen; modu horretan, 1759-1780 bitartean Baionatik pasatzen ziren itsasontzietako asko penintsulatik iristen ziren, eta Baionak Bilboko eta Donostiako kaiekin zuen harremana oso nabarmena zen beste kai batzuekin (Santander edo Ferrol) zuen harremanarekin alderatzen badugu.

Mendean zehar kontraesanezko egoerak sortu ziren landako nobleziaren eta merkatari-burgesiaren artean. Lurraren aristokraziak errenta feudalak pilatzen zituen apurka (lurren errenta, hamarrenak,...) eta ondorioz kapitala pilatzen zuen. Halaber, merkataritzatik eratorritako kapitala ere eskuratzen zuen. Garapen teknikoak nekazaritza arloan garrantzia gehiegirik ez zuenez, errenta feudala blokeatu egiten zen eta, horrenbestez, kapitalekin juroak (zor publikoak) edo antzekoak erosten zituzten, mailegu mota horien interesa handiagoa zelako. Hala, desamortizazioak eta lurren deslotura kapitalaren ezinbesteko ezaugarri ziren ugaritzeko nahia gauzatzeko.

Ez da harritzekoa euskal "ilustratuek", besteak beste, garai horretan meatzetatik etekin gehiago ateratzeko premia adieraztea, bai jabetzaren garapen kapitalista baten bidez eta baita soldatapeko lanaren garapena zela medio. Hala, ilustratu ezagunenetako batek, Fausto de Elhuyarrek 1788an halako ohartarazpenak egiten zituen: "orain egunean lau orduz lan egiten duten langileei lan bikoitza eginaraztea jornala igo gabe; horren ondorioz, kostu berean mineral kopuru bikoitza atera ahal izango litzateke, edo jornalaren edo langileen erdia baliatuz orain ateratzen den kopuru bera atera ahal izango litzateke". Dena den, horretarako udalerriko ondasunen (kasu honetan meatzeak) gozamenerako askatasuna bertan behera utzi beharko litzateke eta ekoizpen modu kapitalistak garatu beharko lirateke soldatapeko eskulana ezarrita.

Jauntzako eta burgesiako zenbait sektore aberastean klase herrikoien baldintzak eta bizi-kalitatea okertu egiten ziren. XVIII. mendean zehar hainbat matxinada gertatu ziren arrazoi ugari zirela medio, esate baterako prezioen etengabeko igoera, aleen eta premia biziko produktuen espekulazioa, lurzoruen alokairuen igoera eta alokatze aldien murrizpena, populazioaren hazkundea eta burdinolen krisia. Horien artean honakoak azpimarratu behar dira: aduanekin zerikusia zuen matxinada (1718); aleen merkataritzarekin zerikusia zuen matxinada (1766); eta Lapurdiko emakumeen altxamenduak (1773-1774).

Mendea hastearekin batera Ingalaterraren aurkako gerrak hasi ziren eta, gerora, napoleondar gerra lehertu zen (1808-1814). Erregimen politikoen aldaketen zurrunbiloan Hego Euskal Herrian Erregimen Zaharreko krisia nabarmendu behar da eta haren ondorioz sortutako karlistaldiak.

Erregimen Zaharra atzean utzi eta gizarte liberal-burges baterako urratsa emateak garatutako feudalismoa behin betikoz haustea eta liberalismoaren printzipioetan oinarrituko den gizarte-antolaketa berri bat ezartzea dakar.

1789tik aurrera Frantziako Iraultza liberal eta errepublikanoaren dinamika ezarri zen Iparraldeko lurralde guztietan; Hego Euskal Herrian, aldiz, XIX. mendean zehar Erregimen Zaharraren krisia jazo zen.

Hauek dira erregimen liberal-burgesaren oinarri teorikoak (jakina, ondorio praktikoak izango dituzte): berdintasun juridikoa eta pribilegio feudal eta fiskalen ezabapena; izaera liberal eta konstituzionala duen sistema politikoa; monarkiaren batasun politiko-instituzional eta ekonomikoa. Batasun horren ondorioz joera uniformista zuen estatuak printzipio zentralizatzaileak aplikatu zituen, foru-araubide tradizionala desagertu egin zen eta Hego Euskal Herrian Espainiako merkatuaren batasuna txertatu zen eta, horrenbestez, Euskal Herria, Gaztela eta Aragoaren arteko aduanak desagertu eta, azkenik, jabetza erregimenaren eta nekazaritzako ekoizpenen harremanen liberalizazioa etorri zen. Liberalizazio horren eraginez, jauntzak eta lurraren jabetza feudala desagertu egin ziren, jaunen eskubideak eta hamarrenak kendu egin ziren, jabetza zibil eta elizkoiak desamortizatu egin ziren eta prezioak eta alokairuak liberalizatu egin ziren.

Erregimen Zaharraren krisiaren atzean barneko nahiz kanpoko arrazoiak gordetzen dira.

Sistema tradizionalaren barneko mugek ere eragin nabarmena izan zuten krisi horretan. XIX. mendearen lehen erdian nekazaritzako produktu gordinak behera egin zuen. Hori, Fernando VII erregearen garaian nabaritu zen batez ere.

Ekoizpen-eskasiarekin batera prezioak erori egin ziren eta erorketa horrek 1833. urtea ere gainditu zuen. Modu horretan, ondasunak eta etekinak ere nabarmen murriztu ziren landa-eremuan bizi ziren euskaldunentzat: lehenik eta behin zuzeneko produktuetan pairatu zen egoera hori eta, bereziki, maizterrek pairatu zuten, izan ere, errentaren dirua jasotzeko bereak eta bi pasa behar izaten zituzten; jauntxo txikiek ere pairatu zuten egoera hori, izan ere, errentak kobratu eta beren uztak saltzen zituzten eta baita jasotzean pilatzen zutena ere; modu bertsuan, jabe handienek ere jasan zuten egoera. Etekinak murriztean jabe guztiek neurri bera hartu zuten, hots, haien baitako nekazariei errentak igotzea: horrela, presioa jasanezina bihurtu zen. Ez dezagun ahantzi maizterrak gehiengo zirela nekazarien populazioan.

Industria tradizionala ere egoera txarrean zen. Egurrezko itsasontzien eraikuntza ere gainbeheran zegoen, Espainiako boterearen antzera. Baina krisia metalurgian bereziki larria eta adierazgarria zen. Euskal Herriko forjak eskasak ziren teknologia aldetik eta egur-ikatza erabiltzen zen burdina ateratzeko, baina prezioan hori ez zen islatzen eta Britainia Handian eta Suedian ekoizten zena baino garestiagoa zen.

Orokorrean burdingintza tradizionala ilaundu egin zen. Horri kapitalismoaren aurreko nazioarteko merkataritzaren egoera larria erantsi behar diogu. Caracaseko Konpainia desagertu egin zen eta Europa, Amerika eta Espainiako merkataritza 1789ko muga-zergaren baitan zegoen. Muga-zerga horren bidez, Euskal Herriko probintziek barneko aduanen karga jasaten zuten, horren ondorioz, itsasoz haraindiko produktuak Koroaren lurretarako sarbide zuzena zuten kaietara iristen ziren.

Barneko arazo horiekin batera, kanpoan jazotako garrantzia handiko gertaerek krisia areagotu egin zuten.

Lehenik eta behin gerrak etorri ziren: Konbentzio gerra eta napoleondarrak lehenengo, ondoren 1821eko erreboltak eta gero karlistaldiak.

Bakoitzak bere suntsipen eta zor ikaragarriak ekarri zituen. Zentzu horretan, udaletxeak premia biziko hura berregiteaz arduratzeaz gain, ejertzitoak mantentzetik eta gerrillariak metatzetik eragindako gastuei aurre egin behar zieten. Zorpeko egoera hori orokorra, larria eta ezaguna zen. Egoera horren aurrean udaletxe gehienek neurri bera hartu zuten: baterako lurrak saltzea zorrak kitatzeko. Salmentak izateko erosleak eta lurzoruetan inbertitzeko pentsaera kapitalista behar ziren: bazen bietatik eta ideologia liberalak justifikatzen zuen hori.

Gerraren eraginez izandako salmentez gain XIX. mendeko desamortizazio-politikatik eratorritako salmentak zeuden.

Egoera kontraesankorrak bata bestearen atzetik etortzen ziren eta azkenik karlistaldiak lehertu ziren.

Karlistaldiak Erregimen Zaharreko krisiaren ondorio bortitzena izan ziren. Bi gizarte-antolaketa ezberdin jarri ziren aurrez aurre, eredu tradizionala eta liberala. Horrenbestez, liskarra ez zen Hego Euskal Herrira mugatu. Espainiako estatuko beste herrialde eta eskualde batzuetan ere (Katalunia, Valentzia, Galizia, Kantabria, Andaluzia) fenomeno karlista hedatu zen. Baina Euskal Herrian ezaugarri bereziak batzen ziren, foruaren auziak eraginda batez ere.

Berez, altxamendu karlista gizarte-mugimendu ugariren arteko batasunaren ondorio izan zen. Bakoitzak bere arrazoi eta helburuak zituen. Gainera, aldi berean, matxinada herrikoi bat gertatu zen, bereziki nekazariena. Baina hiri-inguruneko behe-klasea ere batu zen matxinadara eta, landa-eremuko jaun-andre gorenak eta kleroa ere erregimen liberalaren aurka azaldu ziren, izan ere, haien boterearen oinarri tradizionala mehatxupean zen aipatu erregimenarekin. Guztiak konspiratzaile absolutisten aliatu bilakatu ziren. Absolutista horien nahia Karlos Erregea Espainiako tronura igoaraztea zen. Agintariek foruak baliatu zituzten jendea erakartzeko, masa herrikoiaren aburuz haien eskubideak eta ekonomia tradizionala bermatzen baitzen foru horiekin.

Erregimen liberal berriaren abantaila zen liberalen bandora atxikitako sektore ugariak batu egiten zirela erregimen horri esker.

Euskal Herriko klase herrikoiek proiektu liberal-burgesaren aurreikuspen eta erreformen astindu gogorra jasan zuten eta, foruaren aldekotasuna aparte utzita, karlismoaren alde egin zuten. Mugimendu horretan gizarteko hainbat sektore batu ziren, helburu eta interes ezberdinekin; baina erregimen liberalaren ezarpenak kalte egiten zien denei eta horrek batzen zituen.

Bigarren karlistadarekin (1872-1876) foruaren azken aldia iritsi zen eta Euskal Herriko esparru guztietan izan zuen eragina, baita antolaketa politiko eta administratiboaren ereduan ere, azkenean foruak indargabetu egin baitziren. Gerra horrek, gainera, industrializazioaren lehen saiakeren eta lehen industria iraultzaren arteko zubi-lanak egin zituen.

Porrotaren lehen ondorioak oso agerikoak izan ziren. Lehenik eta behin, Euskal Herriko liberalismo burgesaren helburu ekonomikoak bete egin ziren, gerora etorriko zen Kontzertu Ekonomikoen hobaria barne. Bigarrenik, Espainiako estatua egonkortu egin zen une batez, izaera uniformista eta zentralizatzailea zuen egitura politikoa ezarrita. Azkenik, Euskal Herriaren gehiengoa proiektu karlistaren alde agertzearen zigor modura, erregimen liberalak instituzio-sistema berezkoa ezeztatu egin zuen, foruak indargabetzeko legearen bidez, 1876ko uztailaren 21ean aldarrikatu zena.

Foruen tradizioaren zati txiki bat baino ez zen mantendu. Baina zati horretan ere aldaketak barneratu ziren, estatuarekiko "Kontzertu Ekonomiko" modura. Horri esker probintziako diputazioek garrantzia handiagoa hartu zuten. Zergen antolaketa eta zerbitzuen finantzaketako harremanak ezartzen zituzten, eskumen batzuk zituzten (errepideak, polizia,...) eta oso baliagarriak izan ziren azaleratzen ari ziren klase menderatzaileentzat.

Hego Euskal Herriko populazioan 371.000 pertsona gehiago zenbatzen ziren mende batean buruan (1797 eta 1897 bitartean), 505.178 biztanle izatetik 876.735 biztanle izatera pasa zelarik. Hazkunde handiena Bizkaian eta Gipuzkoan nabaritu zen eta haien ostean Nafarroan eta Araban, hurrenkera horretan. 1877tik aurrera Bizkaian eta Gipuzkoan hazkundea nabarmena izan zen industrializazioa zela medio. Aitzitik, Araban eta Nafarroan biztanle kopuruak atzera egin edo egonkortu egin zen, izan ere, lurralde horietan ia ez zen industrializazio-prozesurik izan eta artean nekazaritza gailentzen zen. Horren ondorioz, emigrazio kasuak izan ziren, batez ere Nafarroan.

Iparraldeari dagokionez, hau izan zen populazioaren bilakaera: 1801ean 126.493 biztanle zeuden eta 1901ean 173.351.

Lehen urtetan hazkundea ematen bazen ere, mendearen erditik aurrera, nekazaritzaren krisiaren eta bestelako faktore batzuen eraginez populazioak behera egin zuen eta emigrazio kasu asko izan ziren, bereziki Hego Amerikarantz. 1832 eta 1891 bitartean 79.262 emigrazio kasu izan zirela uste da.

Iparraldeari dagokionez, barnealdean zoritxarrez populazioak behera egin zuen eta kostaldean, aitzitik, gora egin zuen.

Hego Euskal Herriko euskal populazioaren kultura-mailari dagokionez, 1860an analfabetismo-tasa %63koa zen.

Nekazaritzako eta arrantzako sektorea

Jardueren banaketari gagozkiola, 1860an Hego Euskal Herriko populazioaren %60ak nekazaritzan edo arrantzan lan egiten zuen eta urte hartan Gipuzkoa zen lurralde industrializatuena, Bizkaiaren aurretik.

Mende horretan, ekoizpenerako lur gehiago erabili zirenez nekazaritza arloko ekoizpenak gora egin zuen. Bizkaian 1775 eta 1860 bitartean %34ko igoera nabaritu zen. Laborantza anitzaren estrategia sendotu egin zen, hala, baratze-haztegiak eta bazka-landareak han-hemenka hedatu ziren. XIX. mendeko lehen erdian artoaren eta gariaren ekoizpena nagusitzen zen oraindik mendi aldeko nekazaritzako ustiategietan. 1857an Bizkaian eta Gipuzkoan arto gehiago ekoitzi zen, gariaren ekoizpena halako bi, hain justu.

Trenbidearen eraginez goi-lautadako zereala eskuragarriago zegoen Euskal Herriko merkatuetan eta prezio lehiakorretan gainera, horren ondorioz gariaren ekoizpenak behera egin zuen. Artoa, bestalde, alderdi hezeeneko arto gailen bilakatu zen. Zonalde horretan hainbat faktoreren eraginez Bizkaia eta Gipuzkoako nekazaritzaren fisionomia aldatu egin zen: laborantza aniztasuna, patataren eta baratzezaintzaren hedapena, ekoizpenaren igoera, lurraren erabilera aldatzea artoa, arbia eta bazka-landareak txandakatuz, fruta-arbolen hedapena eta baso-berritzea.

Nekazaritzan berrikuntza teknikoa oso astiro jazo zen. 1860an erromatarren goldeak alde batera utzi eta Gasteizen egiten ziren golde belarridunekin ordezkatu ziren. Kontuan izan behar da Euskal Herriaren erdialdeko nekazaritza jabe txikiek eta maizterrek osatzen zutela eta ez zutela ez kapitalik, ezta makinak eskuratzea ahalbidetuko zien finantza-entitaterik ere. Gauzak horrela ekoizpena luberritutako eremuen hedapenaren araberakoa izaten zen.

Bestalde, XIX. mendearen lehen erdian mahastiek garai zekena ezagutu zuten. 60eko hamarkadaz geroztik, izurriteen ondorioz sektoreak bizi zuen krisi larriari aurre egin nahian, berrikuntzaren politika sustatu zen. 1875 eta 1885 bitartean 1688 mahasti hektarea landatu ziren Biasteri inguruan.

Nafarroan soro ureztatuek 1885 hektarea osatzen zituzten. XIX. mendearen erdialdeaz geroztik Nafarroako Erriberan nekazaritzako elikagaien industrientzako ekoizpena handitu egin zen. Industria horien egitekoa baratzeko produktuak mantentzea zen. Eta Araban gertatu bezala, patataren ekoizpenak errentagarritasun handia ukan zuen.

Iparraldeari dagokionez, goi-mendietako zonaldetan (Basaburua, Baigorri) lurzoruen %5 baino ez zen nekazaritzarako erabiltzen. Muinoetan, lurzoruen %15 baliatzen zen nekazaritzarako. Eremu horretan jabetzaren kontzentrazio-prozesu bat eman zen, gero eta indar gehiago hartu zuena. Bestalde, seme zaharrena zorpetu egin behar zen ezinbestean gainerako senitartekoen zatia ordaintzeko. Askok jabetzak galdu zituzten eta nekazaritzako prezioen beherakadaren eraginez txirotu eta nekazari izaera ere galdu egin zuten. 1827tik 1832ra bitarteko epealdian nekazaritzaren krisiak hondamena eragin zuen eta hurrengo urteetan gainera "patataren gaixotasuna" etorri zen. Horrek guztiorrek nekazaritzaren krisia areagotu egin zuen eta miseria hedatu zen han-hemen.

Populazio mota horrek soroak utzi eta Amerikako lurretara emigratu zuen.

Kostaldeko herrietako merkatari-burgesiak lurrak bereganatu zituen eta, ondorioz, landa-komunitatearen kontrola eskuratu zuen. Lurzorua ustiatzen zuen burgesia gizarte berriaren elite "natural" gisa azaldu zen. Burgesia mota horrek soroen idealizazioa sustatu zuen eta kapitalismo industriala ohiko nekazal gizartea desagerrarazten duen eragile gisa interpretatu zuen.

Abeltzaintza nekazaritzaren mende egon zen Euskal Herriko lurralde gehienetan. Dena den, erakunde publikoek eta Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroa iparraldeko eta Iparraldeko ondasundunek abeltzaina ukuiluratzeko politika sustatu zuten. 1865ean Hego Euskal Herrian 269.766 behi-buru zenbatzen ziren. Lurraldeka, Bizkaia (83.309) eta Gipuzkoa (76.791) ziren behi gehien zituzten probintziak; haien ostean Nafarroa kokatzen zen (70.125).

Ardiak, aldiz, 1.146.599 ziren eta Nafarroak zeuden gehienak (753.341); Gipuzkoa zen ardi gehien zituen hurrengo probintzia (160.945). Beste espezie batzuekin gertatzen zenaren kontra oraindik larre-aldaketak ematen ziren, batez ere Nafarroan.

Arrantzaren sektoreari dagokionez, mendeko lehen herenean arrantza jaitsi egin zen eta ontzi kopurua ere murriztu egin zen. Kofradiak desagertu egin ziren eta komunikabideak hobetu egin ziren, ondorioz, hiri-merkatuak eskuragarriago zeuden; faktore guzti horiei esker eskariak gora egin zuen eta, hortaz, baita arrantzak ere. 1860an itsasoan 2.402 euskaldun zeuden 445 arrantza-ontzietan, 4,95 milioi errealeko balioa zuen arrantzaren jabe.

Aipagarria da arrantzale baten eguneko jornala 4 errealekoa zela eta soroan edo meatzeko lanean 5 erreal ordaintzen ziren.

Lurren desamortizazioak garrantzia handia izan zuen lurzoruen jabetza birbanatzeari zegokionez. 1836 eta 1895 bitartean Mendizabal eta Madotzen desamortizazioek 216,2 milioi errealeko kopurua hartu zuten, hots, 14.659 lursailen salmentaren pare. Horrenbestez, landutako lurrak gora egin zuen (%64ko igoera kalkulatzen da), nahiz eta ekoizpena ez zen proportzio berean hazi. Zerealak, ardoa eta olioa %11 hazi ziren.

Lur berrien birbanaketak ekarritako abantailarekin ez zen lortu maizter edo jornalariek jabetza eskuratzea, izan ere, lur berriak erosteko ahalmena, kasu gehienetan, ondasundun aberatsen eskuetan geratu zen. Beraz, desamortizazioak ondarea eta errenta handitu eta botere politikoaren kontrola zuten landa-oligarkiaren, espekulatzaileen eta udaletxeetako hartzekodunen eskuetan kontzentratzea eragin zuen.

Meatzaritza eta industria

Dagoeneko 1859an, Meatzaritzaren Legearekin meatzeak ustiatzeko aukerak areagotu egin ziren eta, era berean, Bizkaiko burdina-minerala masiboki eskatzearen aurreikuspenak igo egin ziren. Horri dagokionez, erabakigarria izan zen 1855ean altzairua jasotzeko asmatutako Bessemer prozedura, izan ere, Bizkaian burdin ez fosforikoa zegoen, aipatu teknikak eskatzen zuen mineral mota, alegia.

Garai horretan beste bi aldaketa jazo ziren: alde batetik, meatzetako lehen trenbidea eraiki zen eta, beste alde batetik, 1863an Batzar Nagusiek Bizkaiko burdina-mineralaren esportazioa liberalizatu zuten.

Urte horietan Ingalaterrako, Frantziako, Belgikako eta Alemaniako burdingintza-enpresek "Ybarra y Cia" familiaren ekonomia taldearekin batera meatzaritzako bi konpainia sortu zituzten aipatu familiaren jabetzako edo kontrolpeko meatzeak ustiatzeko. Sozietate mota horietan atzerriko beste enpresa batzuk ere barneratu ziren, izaera meatzari espekulatzailea zutenak. Horrez gain, Euskal Herriko meatzaritzako enpresari gutxi batzuk ere batu ziren, esate baterako, Chavarri, Durañona, Gandarias, Lezama-Legizamon, Sota eta Aznar, etab.

1876an 432.000 mineral tona atera ziren; 1880an 2.684.000 tona; 1887an 4.692.000 tona eta 1899an 6.500.000 tona. Orotara, 1861-1900 epealdian 95 milioi tona mineral atera ziren.

1876 eta 1900 bitartean mineralaren %90 esportatu egiten zen, esportazioaren %70 Ingalaterrara bideratzen zelarik.

Sektoreak mozkin handiak sorrarazi zituen eta Bizkaiko industriaren garapena finantzatzen lagundu zuten, hein batean. Mozkin-marjinaren adibide gisa Sota eta Aznarren Setares Meatzaritzako Konpainiaren adibidea aipa daiteke. Konpainia horrek 1886tik 1907ra bertako jabeen artean banatu zituen dibidenduak, ordaindutako kapitala halako 55 izan ziren.

Merkataritza-ontzidien tona kopurua berehala handitu zen. Bilbon, ontzien matrikulazioa 65.775 tonakoa zen 1882an eta 1900ean 305.000 tonakoa zen. Urte horretan, Bilboko matrikulazioak Espainiako matrikulazioaren erdia baino gehiago osatzen zuen (%53). Meatzaritzako burgesiaren kide gorenak topa ditzakegu ontzi-enpresari gisa, besteak beste, Sota eta Aznar, Gandarias eta Durañona, Martinez de las Rivas, Ybarratarrak, etab.

Mende horretako lehen hamarkadetan burdinolen gainbehera iritsi zen. Adierazgarria da Bizkaian egur-ikatzezko lehen labe-garaia 1807an eraiki zela Basaurin eta 1828ra arte soilik aritu zela jardunean.

1841ean Boluetako Santa Ana Sozietate metalurgikoa sortu zen. Hasiera batean, egur-ikatzezko labe-garai bakarra zuen eta 1848an hasi zuen jarduna. 70eko hamarkadan hiru labe-garai zituen. 1850ean dagoeneko 210 langilek lan egiten zuten bertan.

1854an Barakaldon nuestra Señora del Carmen sortu zen, "Ybarra y Cia" familiak sustatuta, kapitalaren %60 baitzuen. 1866an 420 langilek eta 60 emakumek lan egiten zuten bertan. Langile espezialista batek 24 eta 36 erreal inguru irabazten zituen eguneko. Kualifikaziorik ez zutenek 9-12 erreal, haurrek 6-12 erreal eta emakumeek 5 erreal. Konparazio batera, eguneko ogiak erreal bat balio zuela adieraz daiteke.

Arabako eta Gipuzkoako burdinola zaharretan antzeko berrikuntza teknikoa barneratu zen. 1865ean "Ybarra y cia" sozietateak koke-ikatzezko lehen labe-garaia sortu zuen eta urtean 16 mila tona metrikoko ekoizpena erdiesten zuen. 1880an "San Francisco de Mudela" (Sestao) fabrikak ateak ireki zituen, Francisco de las Rivasen ekimenez; bi urte beranduago ireki ziren "La Vizcaya" (Sestao) Chavarri buru zela eta Ybarratarren "Sociedad de Altos Hornos y Fabricas de altzairu de Bilbao" (Barakaldo).

Planta horien jardunari esker Bizkaia nagusi zen Espainiako burdingintzaren ekoizpenean.

Euskal burdingintza modernoaren (Ingalaterrako eta Belgikako teknologia aurreratua erabiliz) eraikuntzan hainbat faktore aipatu behar dira: espazioa (Bilboko itsasadarrean zehar) eta denbora (70eko eta 80eko hamarkadak), kapitalak, hematite-minerala eta teknologia egokia bateratzea, eta burdina ekoizteko kanpo- eta barne-merkatu bat izatea.

Industria oso bestela garatu zen Gipuzkoan Bizkaiarekin alderatuz gero; gainera, motelagoa eta berantiarragoa ere izan zen. Antzina ere bazen probintzian burdinaren kultura. Baina artisau-ekoizpena oso zaharkituta zegoen, berezko meatzea oso urria zen eta harrikatza ere gutxi samar zegoen. Horren guztiaren eraginez industria berriaren sektoreak bestelako norabidea hartu zuen oinarrizko metalurgiatik urrun. Manufaktura metalikoen, eraldakuntzako industriaren eta kontsumo artikuluen alde egin zen.

Arabari dagokionez, probintzia horretan ez zen industria moderno bat garatzeko beharrezkoak ziren oinarrizko elementurik, hots, lehengai ugari, inbertsiora bideratutako kapitalak, merkatu zabal eta irisgarria, indar eragilea, eskulan kualifikatua eta burgesia ekintzailea falta ziren.

Nafarroan XIX. mendearen erdialdean ekonomia tradizionala zen nagusi; nekazaritzaren sektoreak garrantzia handia zuen eta artisau-industria zegoen finkaturik. Oraindik 20 burdinola zeuden jardunean. Horietan 400 langilek lan egiten zuten eta Bizkaiko burdina-mineralaz hornitzen ziren. Labe-garaien moduko berrikuntza teknikoak oso leku gutxitan barneratu ziren (Donamaria, Oroz-Betelu eta Oronozen, kasu), Orbaitzetako fabrikan ez ezik.

Iparraldeari dagokionez, zonaldeko baliabide naturalak ustiatu ahala jardun berriak sortu ziren: irin-errotak (Ustaritz eta Donibane Lohitzune), gaztandegiak, artilea garbitzeko eta haragizko estraktuak ekoizteko fabrika txikiak (Ortzaine, Behe Nafarroa), erauzteko industriak (Baigorri, Bidaxune eta Urt) eta gatzagak (Beskoitze eta Mugerre). 1880tik aurrera trenbidea iritsi zen eta aldaketak izan ziren, hala, lehengaiak eskuratzeko eta merkaturatzeko lanak erraztu egin ziren eta eskulanaren mugikortasuna areagotu egin zen. Bertan ateratzen zen mozkinaz gain, Uruguaiko eta Argentinako aberkideen kanpo-merkatuak ekoizpenaren zati handi bat hartzen zuten. 1895ean 511 pertsonek lan egiten zuten abarketak ekoizten. Industria-ekimen exogenoak, metalaren industria handiak eta arrain-kontserben fabrikak batu egin ziren.

1881ean burdingintzaren sektoreko fabrika bat sortu zen Adur ibaiaren ibai-ahoan, bi labe-garaiekin funtzionatzen zuena. Industria hori Ingalaterrako ikatzarekin eta Bizkaiko burdinarekin hornitzen zen, hala ekoizpena gero eta handiagoa zen.

Kontserba-industria berandu sartu zen Euskal Herriko kostaldean. Iparralden aise eskuratzen ziren sardinak, hori dela eta, errazagoa zen industria mota hori bertan abiatzea.

Zerbitzuak

Arestian aipatu dugunez trenbidea oso garrantzitsua izan zen baina, horrez gain, errepideen garapena eta Bilboko kaiarekin lotutako lanak ere oso garrantzitsuak izan ziren.

Iparraldeari dagokionez, trenbidea 1854an iritsi zen Baionara eta 1884an Hendaiak bazituen burdinbideak. Horri esker, turismoak gora egin zuen. Adibide batera, Miarritzek 2.048 biztanle zituen 1851n eta hirurogei urte beranduago (1911) 18.200.

Bankaren garapena are garrantzitsuagoa izan zen. XIX. mendean sortu ziren bankuen artean Bilboko Bankua (Banco de Bilbao) aipatu behar da (1857), hasiera batean 2 milioi pezetako kapitala zuena. Beranduago, 1862an, Donostiako Bankua (Banco San Sebastián) sortu zen milioi bat pezetako kapitalarekin. 1864an sortu zen Gasteizko Bankua (Banco de Vitoria), kasu honetan ere milioi bat pezetako kapitalarekin. Urte horretan bertan (1864) sortu zen Iruñeko Bankua (Banco de Pamplona).

Bankuak agertzearekin batera azaleratu ziren Aurrezki Kutxak. 1850ean Gasteizko Aurrezki Kutxa sortu zen (Caja de Ahorros de Vitoria) eta 1872an Iruñekoa (Caja de Ahorros de Pamplona).

XIX. mendean Euskal Herriko bankuen jarduna etengabe igo zen industriaren garapenari esker, izan ere, aipatu garapena ahalbidetzen zuen kredituak ematen zituzten.

Halaber, aipagarria da Bilbo Espainiako ekonomiaren eta finantzaren gune aktiboena bihurtu zela. Hala, 1901. urterako estatuko banku-sistema moderno eta dinamikoena zuen Bilbok.

Nekazaritzako eta arrantzako sektorea

Jardueren banaketari gagozkiola, 1860an Hego Euskal Herriko populazioaren %60ak nekazaritzan edo arrantzan lan egiten zuen eta urte hartan Gipuzkoa zen lurralde industrializatuena, Bizkaiaren aurretik.

Mende horretan, ekoizpenerako lur gehiago erabili zirenez nekazaritza arloko ekoizpenak gora egin zuen. Bizkaian 1775 eta 1860 bitartean %34ko igoera nabaritu zen. Laborantza anitzaren estrategia sendotu egin zen, hala, baratze-haztegiak eta bazka-landareak han-hemenka hedatu ziren. XIX. mendeko lehen erdian artoaren eta gariaren ekoizpena nagusitzen zen oraindik mendi aldeko nekazaritzako ustiategietan. 1857an Bizkaian eta Gipuzkoan arto gehiago ekoitzi zen, gariaren ekoizpena halako bi, hain justu.

Trenbidearen eraginez goi-lautadako zereala eskuragarriago zegoen Euskal Herriko merkatuetan eta prezio lehiakorretan gainera, horren ondorioz gariaren ekoizpenak behera egin zuen. Artoa, bestalde, alderdi hezeeneko arto gailen bilakatu zen. Zonalde horretan hainbat faktoreren eraginez Bizkaia eta Gipuzkoako nekazaritzaren fisionomia aldatu egin zen: laborantza aniztasuna, patataren eta baratzezaintzaren hedapena, ekoizpenaren igoera, lurraren erabilera aldatzea artoa, arbia eta bazka-landareak txandakatuz, fruta-arbolen hedapena eta baso-berritzea.

Nekazaritzan berrikuntza teknikoa oso astiro jazo zen. 1860an erromatarren goldeak alde batera utzi eta Gasteizen egiten ziren golde belarridunekin ordezkatu ziren. Kontuan izan behar da Euskal Herriaren erdialdeko nekazaritza jabe txikiek eta maizterrek osatzen zutela eta ez zutela ez kapitalik, ezta makinak eskuratzea ahalbidetuko zien finantza-entitaterik ere. Gauzak horrela ekoizpena luberritutako eremuen hedapenaren araberakoa izaten zen.

Bestalde, XIX. mendearen lehen erdian mahastiek garai zekena ezagutu zuten. 60eko hamarkadaz geroztik, izurriteen ondorioz sektoreak bizi zuen krisi larriari aurre egin nahian, berrikuntzaren politika sustatu zen. 1875 eta 1885 bitartean 1688 mahasti hektarea landatu ziren Biasteri inguruan.

Nafarroan soro ureztatuek 1885 hektarea osatzen zituzten. XIX. mendearen erdialdeaz geroztik Nafarroako Erriberan nekazaritzako elikagaien industrientzako ekoizpena handitu egin zen. Industria horien egitekoa baratzeko produktuak mantentzea zen. Eta Araban gertatu bezala, patataren ekoizpenak errentagarritasun handia ukan zuen.

Iparraldeari dagokionez, goi-mendietako zonaldetan (Basaburua, Baigorri) lurzoruen %5 baino ez zen nekazaritzarako erabiltzen. Muinoetan, lurzoruen %15 baliatzen zen nekazaritzarako. Eremu horretan jabetzaren kontzentrazio-prozesu bat eman zen, gero eta indar gehiago hartu zuena. Bestalde, seme zaharrena zorpetu egin behar zen ezinbestean gainerako senitartekoen zatia ordaintzeko. Askok jabetzak galdu zituzten eta nekazaritzako prezioen beherakadaren eraginez txirotu eta nekazari izaera ere galdu egin zuten. 1827tik 1832ra bitarteko epealdian nekazaritzaren krisiak hondamena eragin zuen eta hurrengo urteetan gainera "patataren gaixotasuna" etorri zen. Horrek guztiorrek nekazaritzaren krisia areagotu egin zuen eta miseria hedatu zen han-hemen.

XIX. mendean zehar (gehienbat 1876tik aurrera) Euskal Herriko burgesia eta, bereziki Bizkaikoa sendotu egin zen. Gogoan izan behar da antzinako aberastasunaren hiru oinarriak merkataritzaren garapen aspaldikoa, meatzaritzaren, burdingintzaren eta industriaren garapena eta neurri batean desamortizazioarekin lotutako nekazaritzaren aberastasuna direla. Prozesu horiei zor diegu Euskal Herriko burgesiaren sorrera.

Batez ere 1876tik aurrera Euskal Herriko burgesia Espainiako merkatuari begira zegoen, bai ikuspegi ekonomiko batetik, bai ikuspegi politiko eta kultural batetik.

Klase hori gorpuzten ari zela-eta, meatzetako langile gehienak elkartu eta erresistentzia osatu zuten beren bizi-baldintza penagarriak eta etengabeko esplotazioa salatuz.

Oso denbora-tarte laburrean, 13.000 langile emigrante inguru finkatu ziren, ahal izan zuten moduan, Bizkaiko meatzetako lurretan. Bilbo eta Somorrostro artean pilatuta, haiei harrera egiteko hiri-edukiena nahikoa ez zegoen lekutan. Ez zegoen inolako kontrol edota araudirik eta jasotzen zuten soldata apurra meategien ondoan xahutzen zuten, ohea eta zer jana ordaintzeko. 1887an urteko gutxieneko gastua 743 pezetakoa zen eta soldata 687 pezetakoa zen soilik.

Harrigarria bada ere, leku horiek alokatzeko sekulako prezioak ordaintzen ziren. Meatzari baten ohiko soldataren %20 edo %25 ingurukoa izaten zen zenbaitetan.

1886-1911 bitartean Bizkaian liskar ugari izan ziren: 160 greba inguru, horietatik 5 orokorrak. Greba horien arrakasta ez zegoen araututako negoziazioen arabera, baizik eta langileen eta haien senitartekoen erresistentziaren arabera; bestela gobernuaren esku-hartzearekin amaitzen ziren, sarritan militarren bidezkoa izaten zena, edo patronatuaren ekoizpen premiak eraginda.

Populazioaren bilakaera ikusteko honako koadro honetan errepara dezakegu:

1. koadroa
UrteakBizkaiaGipuzkoaArabaNafarroa
Iturriak: R:G. Alvarez Llano (2009)
1900311361 19585096385303369
1920409550 25855798668329875
1940511135 331753112876369618

Ikus daitekeen moduan, aipatutako epealdian, populazio-hazkunde handienak Bizkaian (ia 200.000 pertsona) eta Nafarroan (63.000 pertsona) izan ziren.

Etorkin kopuruari dagokionez, 1920an, Gipuzkoan finkatutako etorkinen %46, Araban finkatutakoen %36, Bizkaian finkatutakoen %26 eta Nafarroan finkatutakoen %20 Euskal Herriko leku ezberdinetatik etorritakoak izaten ziren.

Ekoizpen-jarduerak

Nekazaritzako eta arrantzako sektorea

1920an sektore hori zen biztanleria aktibo gehien sortzen zuena. Baserrietan merkatura begira ekoizten zen gero eta gehiago, industrializazioarekin lotuta hiria hazten ari zelako.

1930ean Gipuzkoako nekazaritzaren ekoizpenak 58,9 milioi pezeta eman zituen, Araban 43,3 milioi eta Bizkaian 57,3 milioi.

Abeltzaintzak ere gora egin zuen nabarmen; hala, 1891n 12.000 abelburu sakrifikatu baziren, 1913an 39.000 izan ziren sakrifikatu zirenak.

Arrantzari dagokionez, 1920an Gipuzkoan 12.8 milioi kilo harrapatu ziren (dirutan 18,9 milioi pezeta) eta Bizkaian, berriz, 11 milioi kilo (dirutan 10,1 milioi pezeta).

Nafarroan, 1930ean, ekoizpenaren lehen sektorean lan egiten zuen biztanleria aktiboaren %60 baino gehiagok; industrian %18k baino ez zuen lan egiten eta zerbitzuetan %20k. XX. mendeko lehen 30 urtetan 61.000 pertsona baino gehiagok Nafarroako lurretatik ihes egin zuten lan bila. Edozelan ere, lanerako erabiltzen zen azalera hazi egin zen nabarmen eta 101.855 hektarea baliatzen ziren zeregin horretarako.

Nafarroan sortutako aberastasun gehiena nekazaritzatik erdiesten zen eta Araban irabazien %35 eskuratzen zen sektore horri esker. Gipuzkoan (%19,6) eta Bizkaian (%11,3) nekazaritzak ez zuen hainbesteko aberastasunik ematen.

Industriaren sektorea

1913tik 1936ra bitartean 48,9 milioi tona metriko mineral atera ziren orotara eta kopuru horren %70 esportatu egin zen. Hain zuzen, esportazioa murriztu zenean lehertu zen meatzaritzako krisi luzea (1914), eta 1930etik 1934ra bitartean, II. errepublikaren garaian egoera are gehiago okertu zen.

Mundu mailako krisi horren eraginez burdina-mineralaren prezioak behera egin zuen 1931 eta 1933 bitartean.

Mineral Ganbera Ofizialaren eta Bizkaiko Meatzaritzako Buruzagitzaren arabera beste faktore batzuk ere eragina izan zuten errepublikako urteetan meatzaritzan izandako krisian: zerga altuak, meatzaritzako 8 orduko lanaldiak, 1931-XI-21 Legearen arabera ezarritako oporraldi ordainduak, etab. Patronatuen iritziz, faktore horien erruz kostuek gora egiten zuten eta Bizkaiko mineralen lehiakortasuna ahuldu egiten zen, beste herrialde batzuen aurrean.

Burdingintzari dagokionez, 1902an ""Altos Hornos de Vizcaya" (Bizkaiko Labe Garaiak) sortu zen, 32,7 milioi pezetako kapitalarekin. Burdingintza arloan ekoizpenak gorantz jarraitzen zuen, horrela, 1929an 424.000 tona metriko burdina-lingote ekoitzi ziren. 1930etik aurrera Bizkaiko burdingintza eta metalurgiaren industrian krisia lehertu zen eta 1931. eta 1932. urteak (urte horretan hondoa jo zuen) izan ziren latzenak; ondoren, 1933tik aurrera gainbeherari eutsi zitzaion.

Itsasontzien eraikuntza bultzatzeko erakundeek emandako laguntzaz gain, lehen mundu-gerra ere lagungarri izan zen alde horretatik, izan ere, gerran ontzidiak areagotu egin ziren nabarmen eta ontzi berriak eskatzen ziren etengabe.

Ontzien sektoreari dagokionez, 1900. urtean Euskalduna konpainia sortu zen 8 milioi pezetako kapitala zuela. 1929ko krisiaren ondotik bere jarduera ugaritu eta bestelako produktu batzuk barneratu zituen, batez ere treneko material mugikorra eta beste produktu batzuk.

"La Naval" konpainia 1916an finkatu zen Sestaon.

Itsasontzien eraikuntzak ere ezagutu zuen krisia, 1929-1936 bitartean.

Lehen mundu-gerrarekin batera, Gipuzkoako industriak beste une oparo bat bizi izan zuen, izan ere, gerran zeuden herrialdeek ekoizpena eten zuten eta gatazka lehiatu ahal izateko materialaren eskaria areagotu egin zen. Konpetentziarik gabe, industriak bere ekoizpena gatazkaren beharrizanetara egokitu (itsaso-motorrak, ontzigintzako gailuak, ehun-gaiak, etab.) eta merkatuko eskariari erantzuna eman zion. Hala, prezioak nabarmen igo eta enpresa-mozkin handiak eskuratu zituen, lehengaien hornikuntzan arazoak izan bazituen ere. 1930ean industriaren sektorean 47.000 langile ari ziren lanean, hau da, biztanleria aktiboaren %41,17.

Araban eta Nafarroan industrializazioa hasiberria zen, nekazaritzaren industriari oso emana.

Iparraldeko industrializazioari dagokionez, "Forges del Adour" zen lantegi nagusia, 1914-1928 bitartean 1800 langile zituelarik. Halaber, Maulen arrain-kontserba bat eta abarketak fabrikatzeko lantegi bat zegoen eta oinetakoen beste bat Hazparnen.

Zerbitzuen sektorea

1901ean Bizkaiko Bankua (Banco de Vizcaya) sortu zen, garai hartan, Bilboko Bankuarekin batera Euskal Herriko banku garrantzitsuena zena Espainiako finantza-oligarkian. 1918an 20.3 milioi pezetako mozkina erdietsi zen eta 1922an 39.1 milioi pezeta irabazi ziren.

1907an Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipala (Caja de Ahorros Municipal de Bilbao) sortu zen eta 1909an Donostiako Bankua (Banco de San Sebastián). 20eko hamarkadan industriara bideratutako banku gehiago sortu ziren.

20 eta 30eko hamarkadetan turismoa iristen hasi zen Hego Euskal Herrira, batez ere Donostiara.

Iparralden, 1920-1929 bitartean turismo-garapen indartsua izan zen. 1913an 40 mila turista zenbatu ziren eta 1930tik aurrera urtero 50.000 turista inguru iristen ziren Miarritzera.

Lan eta gizarte dinamika eta gizarte-gatazka

1912an Bizkaiko meatzetan, batez beste 1006 pezetako gastuak izaten ziren eta 852 pezetako diru-sarrerak. Hots, grebak eginagatik ere, esplotazio-tasak gora egin zuen.

Urte horietan greba andana izan zen. Soilik 1918. urtean kontuan hartuta, 36 greba zenbatzen dira. Gizarte-gatazka gori-gori zegoen eta 1932. eta 1934. urteetan 17 eta 15 greba egin ziren Gipuzkoan, hurrenez hurren. Bestetik, gertaera larriak ere izan ziren. Hala, esate baterako, Trintxerpeko arrantzaleen martxa batean Guardia Zibilak tiro egin eta 17 pertsona hil zituen.

Bizkaian, 1933an, ia ehun mila pertsona zeuden langabezian.

Nafarroan klase arteko borroka landa-eremuan hasi zen. Eskorta inguruetako herri-lurrak berreskuratu nahi zituzten, izan ere, lanik gabe zeuden jornalarien arazo nagusia biziraupena zen. Jabeek ez zuten horrelakorik onartu nahi eta horren ondorioz lurrak okupatu edota sabotajeak egin zituzten nekazariek, eta 1934an greba ere egin zuten.

1940-1960 epealdia

Espainiako gerra zibilak eta bigarren mundu-gerrak ordura arte nagusi zen dinamika ekonomikoa zapuztu zuten behin betiko.

Gerra zibilaren eraginez material ugari suntsitzeaz gain Autonomia Estatutuak galdu egin ziren eta Bizkaian eta Gipuzkoan Kontzertu Ekonomikoak ezabatu ziren 1937an. Hori dela eta, Bizkaia eta Gipuzkoa "probintzia traidore" gisa izendatzen ziren.

Hego Euskal Herrian 40eko hamarkadan 30eko hamarkadan baino ekoizpen urriagoa erdietsi zen hainbat industria esparrutan, izan ere, hainbat produktu inportatzeko zailtasunak eraginda lehengai batzuk (ikatza, txatarra, elektrizitatea,...) urritu egin ziren.

40eko hamarkadan, ordea, zailtasunak zailtasun industria-jarduerak gorako bidean jarraitu zuen. Horren erakusgarri ditugu 1940-1950 epealdian Bilbon erregistratutako sozietateei buruzko datuak. Orotara, 1.253 sozietate zenbatzen ziren 1908 milioi pezetako kapitalarekin.

Hori dela eta metalurgian erabilitako eskulanak ere gora egin zuen, 1940ean 52.257 eta 1956an 120.962.

Bilboko bankari dagokionez (Bilboko Bankua eta Bizkaiko Bankua), etekinek gora egin zuten nabarmen, hala, 1934an 23 milioi pezetako etekinak izan baziren, 1943an 65 milioi pezetako etekinak izan ziren eta 1953an 248 milioi pezeta irabazi ziren. Dinamika ekonomiko horrek oso ondorio txarrak izan zituen gizartean. Merkatu bikoitza zegoen, ofiziala eta beltza ("estraperloa") alegia. Egoera horrek zonalde ekoizleen eta zonalde inportatzaileen arteko zatiketa eragin zuen. 1936 eta 1947 bitartean ogia %409 garestitu zen merkatu ofizialean eta merkatu beltzean igoera %3.172koa izan zen; burdingintzako peoiaren soldata, ordea, %60 baino ez zen igo. Modu horretan, errentaren banaketa polarizatu egin zen erabat.

Testuinguru ekonomikoari dagokionez, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera ekonomikoa apur bat hobetu zen eta, gainera, epealdi horretan industrializazioa iritsi zen Iruñea eta Gasteizera. Bi probintzietako Foru Aldundiek bultzatu zuten prozesu hori, hots, Arabakoak eta Nafarroakoak.

Hego Euskal Herrian 1955ean 39.811 milioi pezetakoa zen aberastasuna; horietatik, %12.8 nekazaritzatik eskuratua, %48.2 industriaren bidez, %5.2 eraikuntzak emana eta %32.6 zerbitzuetatik erdietsia.

Bizkaia eta Gipuzkoa ziren industria eta aberastasun orokor gehien sortzen zuten probintziak.

Euskal Herriko industriaren egituran, "industria metalikoek" garrantzia erabakigarria izan zuten Bizkian, Gipuzkoan eta Araban. Industria-egitura orekatuena, aldiz, Nafarroakoa zen, kontsumo-produktuak eta produkzio-ondasunak txertatzen baitziren bertan.

Soldatek gora egin arren, 50eko hamarkadan egonkortze aroak izan ziren. Horrek eraginda 1953. eta 1956. urteetan grebak izan ziren eta Euskal Herriko langile askok parte hartu zuten greba horietan jazarpenari aurre eginez, hala Bilbo Handian, nola Iruñean edo Azkoitian, besteak beste. Mugimendu horien ondorioz gobernuak soldata igoera handiak aplikatu behar izan zituen eta neurri horren ondorioz inflazio-prozesua, aldez aurretik ere bazena, bizkortu egin zen.

Iparralden nekazaritzaren garrantziak baldintzatu zuen bilakaera ekonomikoa.

Urte horietan aziendak ere gora egin zuen, 74.000 behi-buru zeudelarik; ardi eta txerri kopuruak ere gora egin zuen.

Industriari dagokionez, 1954an 12.000 pertsonak lan egiten zuen sektore horretan, hots, biztanleria aktiboaren %26. Baina industrializazio motela izan zen. 1951n zapatak egiteko 15 enpresatan 1.300 langilek lan egiten zuten eta egunean 4.000 zapata-pare fabrikatzen zituzten. Kontserba-industrian 1956an 20 kontserba-fabrika zeuden, urteko 7.500 tonako edukiera zutenak. 1.700 pertsona aritzen ziren horietan. 50eko hamarkadan abarketaren industriak 25 milioi pare ekoitzi zituen; dena den, hurrengo hamarkadan joera ez zen positiboa izan. Burdingintzari dagokionez, XIX. mendetik jardunean zen "Forjas del Adour" fabrikan 1700 langilek lan egiten zuten.

Zerbitzuen sektorean 50eko hamarkadan turismoak gora egin zuen nabarmen, horrela, 1949-1954 bitartean urtero 60.000-70.000 turista hurbiltzen ziren Miarritzera.

1960-1975 bitarteko ekonomia-hedapena

Bilakaera Hego Euskal Herrian

Ekonomiak gora egin zuen nabarmen, %8-11, lurraldearen arabera.

Lehen sektorea.- Sektore horrek garrantzia galdu zuen ekonomia arloan. 1975. urtean sektore horrek aberastasunaren %3,9 baino ez zuen ematen eta 100.000 enplegu sortzen zituen. Abeltzaintzak, ordea, nekazaritzako ekoizpenaren %40 ematen zuen eta behi-, ardi- eta zerri-aziendek gora egin zuten nabarmen.

Arrantzaren sektorean ere ekoizpena areagotu egin zen. 1960an 2.510 milioi pezeta ateratzen baziren 1973an 4.261 milioi pezeta irabazten ziren; era berean, epealdi berean enplegua ere areagotu egin zen 13.084 langiletik 15.985 langilera.

Industria.- 1970-1975 bitartean Euskal Herriko industriaren berezko inbertsioa 71.600 milioi pezetakoa izan zen. Inbertsio pribatua eraldatzaile metalikoen sektorera eta kimikaren sektorera bideratzen zen. Bi sektore horietara atzerriko inbertsioa ere iristen zen.

Modu horretan, egitura ekonomiko berri bat osatu zen apurka eta industriak garrantzia handia zuen bertan, izan ere, Balio Erantsi Gordinaren % 52 hartzen zuen; orobat, esportazioek gero eta garrantzia handiagoa hartu zuten.

Agian, izaera sektorialeko ekintza itunduak izan ziren Euskal Herriko ekonomiaren barneko partaidetza publiko garrantzitsuenak. Lehen ekintza itundua 1964an abiarazi zen eta 7 sektore hartzen zituen, burdingintza eta itsasontzien eraikuntza tartean. Interes baxuan onartutako kreditu ofizialek berebiziko garrantzia izan zuten. Mailegu horiek amortizatzeko kreditu publikoa pribatuarekin ordeztu behar zen. Horrek, finantza arloan zor handiak eragin zituen eta oso ondorio larriak ekarri zituen.

Bestalde, garai horretan Euskal Herriko kooperatibismoa sortu zen. Ekonomia-hedapen aro honetan kooperatibak han-hemenka sortu ziren, fundizioaren, forjaren, ekipo-ondasunen edo kontsumo-ondasun iraunkorraren sektoretan, besteak beste. Arrasateko industria-multzoan 13.808 langilek lan egin zuten 1975ean eta 19.694 milioi pezetako salmentak izan ziren.

Zerbitzuen sektorea.- 1965-1975 epealdian enpleguak gora egin zuen (%35etik %39ra), edo bestela esanda, 50.000 enplegu sortu ziren. , Merkataritzaren, irakaskuntzaren eta osasunaren azpisektoreetan, eta garraioan eta telekomunikazioetan sortu ziren enplegu gehien.

Bilakaera demografikoa.- Azpiko koadroan ikus daitekeen moduan Bizkaian ikaragarri hazi zen populazioa eta Gipuzkoan eta Araban ere populazioak gora egin zuen, neurri txikiagoan bada ere.

2. koadroa: Euskal Herriko populazioaren bilakaera
19601975
Iturriak: R.G. Alvarez Llano (2009)
Bizkaia751.0141.154.964
Araba133.742237.473
Gipuzkoa473.951679.754
Nafarroa406.838486.718
Guztira1.765.5452.558.809

Guztira populazioaren hazkundea %45ekoa izan zen. Epealdi horretako bultzada ekonomikoa erabakigarria izan zen hazkunde demografiko hori gertatzeko. Hala, Espainiako beste probintzia batzuetatik etorkin-saldoak iritsi ziren Euskal Herrira. Ikerketa batzuen arabera, hazkunde demografiko horren %27.5 etorkinen eskulanari zor zaio.

Kontuan izan behar da, soldatak apur bat igo arren (betiere ekoizpena baino gutxiago), epealdi horretako enpresa-mozkina urtean %3.5ekoa zela batez beste.

Soldata-igoerak bizi-kostuaren hazkunde indartsuarekin orekatu ziren; horren ondorioz, liskarrak gertatu ziren gizartean. 1969tik aurrera hainbat greba egin ziren. Zenbaitetan laneko arrazoiak zirela medio eta beste batzuetan erregimen frankistaren jazarpen politikoaren aurka protesta egiteko (1970eko Burgoseko epaiketa paradigmatikoa izan zen).

Iparraldeko egoera

Hego Euskal Herrian gertatzen zenaren aurka industriak ez zuen horrenbesteko garrantzirik Iparralden. 1975ean 24.793 langile zeuden lanean. Baina industria-garapena ez zen berdina izan eremu guztietan. Zenbait enpresa tradizional gainbehera zihoazen bitartean industria berriak agertu ziren, erabaki-zentroa Iparraldetik kanpo zituzten enpresen filialak zirenak.

1965ean "Forjas de Adour" enpresa itxi egin zen, baina, aldi berean, beste 9 enpresa berri sortu ziren, zonaldean ezartzeko diru-laguntzak jaso zituztenak. Gauzak horrela Turbomeca enpresak hazkunde bizkorra izan zuen eta 1965ean 477 langile bazituen 1973an 1.400 langilek lan egiten zuten bertan.

Lehen sektoreari gagozkiola, nekazaritzak 11.570 lanpostu eragiten zituen eta arrantzak oso enplegu gutxi ematen zuen (300 langile inguru).

Edozein kasutan ere, nekazaritzako ekoizpenak oraindik bazuen garrantzia ekonomia arloan. 1970ean 294.000 ardi eta 76.000 behi-buru zeuden; txerri-aziendari dagokionez 68.000 txerri-buru zenbatzen ziren.

Baina Iparralden zerbitzuen sektoreak zuen indar gehien. 1975ean 46.280 pertsonek lan egiten zuten sektore horretan. Ez da harritzekoa urte horretan 11.500 "bigarren mailako bizitegi" egotea, turistek erabiltzen zituztenak.

Populazioaren dinamikari dagokionez, motela bada ere, hazkunde exogenoa eman zen. 1952an Iparralden 204.452 biztanle bizi ziren eta 1975ean 227.815. Azken urteotako hazkundea exogenoa da, izan ere, gero eta gehiago dira kanpotik Iparraldera hurbiltzen direnak eta berezko hazkunde begetatiboa ez da abiadura horretan gertatzen. Horrez gain, populazioa kostaldean pilatzen da nagusiki eta Zuberoan eta Behe Nafarroan biztanleria ez da horren handia. Horri barnealdeko populazioa zahartzen ari dela erantsi behar zaio, hori dela eta, garai horretan sekulako desorekak hautematen dira Iparralden populazioari dagokionez.

Industria-krisi handia: 1976-1985

1975. urtean krisi ekonomikoa lehertu zen eta 80eko hamarkadaren hasieran areagotu eta 1985. urtera arte iraun zuen. Ondoren, 1990. urteraino iraun zuen suspertze ekonomiko bat eman zen.

3. koadroa: Krisi ekonomikoa. Hego Euskal Herria
(BPG ehunenekotan)
SEKTOREAK195519751985
Iturria: Bilboko Bankua
Nekazaritza eta arrantza12,85,73,2
Industria48,347,942,4
Eraikuntza5,25,44,1
Zerbitzuak33,641,050,3

Enpleguaren egitura aztertzen badugu, lehenik eta behin EAEn hautemandako enplegu galera bortitza aipatu behar da. 1975-1985 bitartean 152.000 enplegu galdu ziren eta Nafarroan 19.000. Enpleguak sektore ekonomiko guztietan egin zuen behera, zerbitzuetan izan ezik.

1985. urtera arte langabeziak gora egin zuen etengabe, are gehiago emakumeak eta gazteak lan bila hasi zirenean. Horren ondorioz, langabezia-tasa ikaragarriak izan ziren. Langabezia-tasa oso urria izatetik (aktiboen %3,3 1975ean) Europako tasa handienetakoa izatera pasa zen (%22,8 1985ean). Bizkaian eta Gipuzkoan migrazio mugimendua negatiboa izan zen. Hori gertatzen zen lehen aldia zen mende horretan.

1970-1975 epealdian egindako inbertsio-plan handiak, kreditu publiko eta pribatuen bidez finantzatu zirenak, eragin handia izan zuten finantza-kostuetan. Finantza-karga berehala hazi zen. Hala, 1974an Balio Erantsi Gordina %10,2koa zen eta 1980an %27,5koa.

Iparraldeari dagokionez, industria-krisiak ez zuen ondorio larririk ekarri, izan ere, bertako industria-egitura oso ahula zen.

1986tik gaurdaino

Bilakaera Hego Euskal Herrian

Azken 23 urteotan bi epealdi bereiz daitezke: 1985-1991 bitartean suspertze ekonomikoa gertatu zen. Industriaren sektoreari esker ekonomiak gora egin zuen, horrela, EAEn Barne Produktu Gordinaren tasa %5,8koa zen 1987an eta 8,3koa 1989an. Nafarroan balioak apur bat baxuagoak izan ziren.

1992-1993 bitartean ekonomiak atzera egin zuen apur bat eta EAEn eta Nafarroan Barne Produktu Gordinaren tasa negatiboak erregistratu ziren (%-0,7 eta %-0,9 hurrenez hurren). Gero, duda-mudazko hazkunde ekonomiko bat etorri zen baina ekonomian atzeraldirik izan gabe (1997an izan ezik, urte horretan Barne Produktu Gordinaren hazkuntza baxua izan zen EAEn, %1,7koa, hain justu) eta nolabaiteko oparotasun ekonomiko batekin, 2005. urtean ekonomia %3,9 hazi zelarik. Urte horretan eraikuntzari zor zaio ekonomiaren hazkundea (sektorearen hazkunde-tasa %5,3koa izan zen). Beste adierazle esanguratsu bat inflazio-indizearen bilakaeran aurki dezakegu. EAEn eta Nafarroan inflazioa %6,5 eta %7,4koa zen hurrenez hurren (2003. urtea).

Baina oparotasun ekonomikoa eten egin zen eta 2008. eta 2009. urteetan krisi zantzuak hautematen dira.

Populazioaren bilakaerari dagokionez, azpiko koadroan nolabaiteko hazkundea izan dela ikus daiteke.

4. koadroa: Populazioaren bilakaera
BizkaiaGipuzkoaArabaNafarroaIparraldeEuskal Herria
Iturria: EUSTAT eta Gaindegia
19751.152.141682.507240.267483.867228.3122.787.094
20011.123.002673.563287.928555.829262.6402.902.962
20071.141.456694.943305458605876318.5683.066.401

Adierazgarria da Bizkaian eta Gipuzkoan aztergai dugun epealdiaren hasieran (krisi garaian) populazioak behera egin zuela eta Araban, Nafarroan eta Iparralden gora egin zuela. Aipatu behar da, era berean, dentsitateari dagokionez 502,1 eta 340,1 biztanle/km² erregistratzen direla Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenkera horretan. Araban 86,8 eta Nafarroan 53,3. Iparralden oso egoera ezberdina hautematen da lurraldearen arabera, izan ere, Lapurdin 256,0ko dentsitatea dagoen bitartean Behe Nafarroan eta Zuberoan 21,2 eta 19,1ko dentsitateak erregistratzen dira, hurrenez hurren.

Lehen sektorea.- 2003an EAEn nekazaritzaren eta arrantzaren sektoreak sortutako aberastasunaren %1,47 ematen zuen eta Nafarroan aldiz %4,09.

Lehen sektoreak garrantzia ekonomiko urria badu ere, gero eta garrantzia gehiago dute hainbat alderdik, esate baterako, lurraren mantenuak edota ingurumenak; alderdi horiek estu lotuta daude nekazaritzako jarduerekin, lurrari dagokionez.

Industria.- EAEko gobernuak nahiz Nafarroako Foru Erkidegoko (NFE) gobernuak industria bultzatzeko neurri batzuk hartu zituzten 80eko hamarkadan. Dena den, Euskal Herriko erakundeek, nagusiki EAEkoek, 90eko hamarkadan finkatu zituzten helburu horretara bideratutako plan zehatzak.

Azpimarragarria da EAEn 1991-1995 bitartean Industria Politika Plan bat diseinatu eta gauzatu zela, 926.000 milioi pezetako aurre-inbertsio orokor bat zuena. Kopuru horretatik, 262.000 milioi pezeta diru publikotik eskuratu ziren. Gerora, 1996-2000 bitartean beste Industria Politika Plan bat planteatu zen, aurreko planaren antzeko antolabidea zuena. Urte horietan garapen teknologikoa abiarazteko planak sustatu ziren eta Zentro Teknologikoen Elkarteak Eusko Teknologi Ikertegien Elkartean (EITE) bateratu ziren. Aipatu beharrekoa da, 1993an EAEn I+G delakoak Barne Produktu Gordinaren %1,27ko gastua suposatzen zuela, zenbateko hori oso urrun zegoen Europako herrialde batzuen batez besteko gastuarekin alderatuz gero (Alemanian %2,8); orobat, Europako Erkidegoaren batez besteko baliotik ere urrun samar kokatzen da. 2008an I+G gastua %1,7koa izan zen, erkidegoko batez bestekoaren azpitik, beraz.

Esquema estructural del metal

Iturria: F. del Castillo, "La articulación de la industrtia de la Comunidad Autónoma de Euskadi", EKONOMIAZ 2. zbk., 1986.

Zalantzarik gabe industriaren ekoizpen-egituran aldaketak egon dira, baina komenigarria da Euskal Herriko ekoizpenaren bilakaerari buruzko hainbat ohar egitea.

Euskal Herriko industria zein sektorek osatzen duten aztertzen badugu, burdingintza eta metalurgiaren multzoak (multzo horretan barneratzen dira burdingintza, forja, eraikuntza metalikoa, gailu metalikoak eta ingeniaritza metalikoa) 2000-2003 epealdirako, eta hurrengo urteetan industria mailako Balio Erantsi Gordinaren (BEG) %30-31 inguru sorrarazten duela ikus daiteke eta industriaren esparruan multzo horrek eragiten du enpleguaren %33-34 (kopuru orokorra, urte horietan 236.000-249.000 lanpostutan kokatzen da). Hau da, Euskal Herriko industriaren industria-sektore klasikoak indar handia du oraindik ere.

Ondoren, azpisektore ugarien garrantzia azter dezakegu xehetasunez Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) metodologiari jarraiki Euskal Herriko industriaren eduki teknologikoari erreparatzen badiogu, 2003. urterako desoreka handiak daudela ikus dezakegu:

5. koadroa: Euskal industriaren maila teknologikoa
Maila teknologikoaLangileakBEG Kopurua
Altua11.258580,7 M. euro
Ertaina-altua65.1073.574,6 M. euro
Ertaina-baxua114.6865.806,6 M. euro
Baxua53.3462.292,2 M. euro

Euskal Herriko industria-egitura funtsean teknologia baxu eta ertaineko sektoretan oinarritzen da oraindik. Euskal Herriko esportazioa funtsean teknologia baxu eta ertaineko produktuetan oinarritzen da. Egia da beste garai batzuekin alderatuta aurrerapena dakarten esparru eta ekimenak daudela. Makinen eta makina eta tresnen munduko merkatuan lehiakortasuna irabazi da eta Alemania da Euskal Herriko fresatzeko makinen merkatu nagusia. Fabrikatzen denaren %56 esportatu egiten da. Antzeko gogoeta egin daiteke beste sektore batzuei buruz, besteak beste, elektronikaren edo aeronautikaren sektoretan. Edozein kasutan ere, orokorrean zera adieraz daiteke:

  1. Euskal Herriko ekoizpenaren dibertsifikazioari dagokionez oraindik lan asko dago egiteke.
  2. Oraindik ere ezinbestekoa da enpresa txiki eta ertain (ETE) eta industria-sektore tradizional askoren teknologia eta ekoizpena hobetzea.
  3. Euskal Herriko industria-sarea ahula da Europar Batasunaren edo ekonomia globalizatuaren erronka ekonomikoen aurrean, eta horrek egonkortasun ekonomikoa eta enplegua finkatzea zaildu egiten du.

Eta ez da ahaztu behar manufaktura-industriak eta eraikuntzak EAEko aberastasunaren %40,3 eta Nafarroako aberastasunaren %38,7 ematen duela.

EAEko elektronika eta informatikaren sektorean ehun enpresa baino gehiago daude eta 5.000 langile inguruk lan egiten dute horietan.

Hego Euskal Herriko enpresa-taldeen artean Mondragón Corporación Cooperativa (MCC) taldea nabarmendu behar da. Talde hori 210 enpresa eta entitatek osatzen dute, hiru azpisektoretan egituratzen direnak: finantza esparrua (Euskadiko Kutxa), industria eta banaketa esparrua, eta ikerketarako eta prestakuntzarako zeharkako bi esparru. 2005ean Euskal Herriko enpresa-talde nagusiena zen eta zazpigarren lekua hartzen zuen Espainia mailan. Industria-jardueran eta banaketan 11.859 milioi euroko salmentak zituen eta 78.455 langilek lan egiten zuten taldean, horietatik %81 kooperatibistak zirelarik.

Zerbitzuen sektorea.- Zerbitzuen sektorearen bilakaera aztertzen badugu, 2003. urtean hala EAEn (Barne Produktu Gordinaren %58,1) nola Nafarroan (Barne Produktu Gordinaren %57,1) Euskal Herriko ekonomian sektore garrantzitsuenetakoa dela ikus daiteke.

"Enpresa-zerbitzuen" azpisektorea gero eta garrantzia gehiago hartzen ari da. Hala, EAEko aberastasunean %10,2ko ekarpena egitetik %16,2ko ekarpena egitera pasa da. Azpisektore horretan 112.525 langilek lan egiten dute 29.608 egoitzatan. Higiezinen azpisektoreak garrantzia handia hartu du; halaber, beste jarduera batzuk ere garrantzia hartu dute, esate baterako, makinen alokairuak, jarduera informatiko eta juridikoak, I+G delakoak, proba teknikoek, arkitekturak eta ingeniaritzek.

Ongizatearen eta errenta-banaketaren bilakaera.- 2003an EAEko Errenta Erabilgarri Gordina 14.902 eurokoa zen etxe bakoitzeko eta 14.798 eurokoa Nafarroan. XXI. mendeko lehen hamarkadan, "per capita" errentaren batez bestekoak gora egin duen arren (EBko batez bestekoaren gainetiko baloreekin-25), oraindik txirotasun burtsa handi samarrak antzeman daitezke. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera 2000. urtean Euskal Herriko biztanleriaren %17 txirotasun egoeran zegoen eta azken hamarkada honetan portzentaje hori ez da gehiegi jaitsi. Errenten polarizazioa agerikoa da.

1993az geroztik (orduan berrabiatu baitzen enplegua) enplegua nabarmen areagotu da. 2005ean langabezia-tasa %7,95era jaitsi zen EAEn; horrenbestez, 2006. urtean Europar Batasunean erregistratzen zen batez bestekoaren (%8,5) azpitik kokatzen zen. 2008an eta 2009an, ordea, langabeziak gora egin zuen ostera ekonomia-krisiaren eraginez. Hala, 2009ko ekainean Hego Euskal Herrian 148.300 langabetu zenbatzen ziren (biztanleria aktiboaren %10,9).

Aldi berean, lanean dagoen pertsona bakoitzaren ekoizpena (lan egiten duten pertsonen kopurua hartuta egindako zatiketatik eratortzen den ekoizpen osoa) Europako batez bestekoaren gainetik kokatzen zen (100eko indizea), 2002an 115,1eko balorea erregistratu zelarik, Europako indize altuena. Horrek argitzen digu hazkundearen abiadura azkarra eta hazkunde horretan, zalantzarik gabe, lagungarri izan da aukera baten zain ziren giza baliabide kualifikatuak izatea; halaber, lanerako lanbide-prestakuntza sustatzeko politikak eta, orokorrean hezkuntza arloko politika lagungarri izan dira.

1993-2003 bitartean kontsumoko prezioen indizea (KPI) baino gehiago hazi ziren soldatak. Dena den, igoera hori ekoizpenaren igoera baino askoz txikiagoa izan zen eta, horren ondorioz, ELA sindikatuaren arabera Barne Produktu Gordinaren gaineko lan-errenten zati bat jaitsi egin zen1993-2003 epealdian (%55,4 1993an eta %50,3 2003an).

Emakumeak gero eta toki handiagoa hartu du lan eta gizarte esparruan. 1993-2003 hamarkadan sortutako enplegu berrien %60 emakumeek bete dituzte. Edozein modutan ere, oraindik desoreka handia dago. Lanean diharduten pertsonen %42 soilik dira emakumezkoak eta normalean zerbitzuetako arloan lan egiten dute. EPAren arabera emakumeen langabezia-tasa %7,95koa da eta gizonezkoen langabezia-tasa %5,24koa zen 2005ean. Emakumeen jarduera-tasa %47,85ekoa da, beraz, Espainiako tasa baino apur bat gorago kokatzen den arren Europako batez bestekoaren azpitik dago oraindik.

Bilakaera Iparralden

4. koadroan ikus daitekeen moduan, Iparraldeko biztanleriak gora egin du neurri batean. Baina zonaldearen arabera bilakaera demografikoa aldakorra da. Biztanleriaren %67 kostaldean kokatzen da eta gehienak Baiona-Angelu-Miarritze ardatz txikian bizi dira. Lapurdiko barnealdean 49.000 pertsona bizi dira, horietatik 13.000 1975-2001 epealdian iritsitakoak dira. Behe Nafarroan eta Zuberoan, aldiz, bien arten 43.000 bizilagun hartzen zituzten 1975ean eta 2001. urtean 38.000 pertsona baino ez ziren bizi.

Evolución de la población

Iturria: P. Laborde, "Pays Basque. Ëconomie et société en mutation". Elkar. 1996.

Nekazaritzako jarduerek oraindik badute garrantzia Ipar Euskal Herrian, baina sektore horretan ere beheraldia sumatzen da. 1975ean 8.477 ustiategi zeuden eta 2000. urtean 5.939 ustiategi zenbatzen ziren, gehienak txikiak (tamaina ertainekoak, 23 hektarea). Lurra larrerako eta bazkarako erabiltzen da gehienbat (%64). Hala, laborantzara bideratutako lurra %35 baino ez da.

Industria-jarduerari dagokionez, 1999an industria-sektoreak enplegu osoaren %14,3 betetzen zuen (98.652 lanpostu). Industria arloko enplegua beheranzko joeran dela adierazi behar da, izan ere, 1975ean 15.595 lanpostu zenbatzen ziren industrian eta 1999an 14.095 lanpostu baino ez. Honakoak ere azpimarragarriak dira:

  1. Kontsumo-ondasunen industriak atzera egin du eta azken 15 urteetan 2.000 lanpostu galdu dira, batez ere oinetakogintzan.
  2. Ekipo-ondasunen industriari esker 1.300 lanpostu sortu dira. Hainbat azpisektore, besteak beste, material elektriko eta elektronikoa, bulegoko materiala, automatizazio-gailuak.
  3. Bitarteko ondasunen industria (metalak, eraikuntzako materialak, kimika, papera,...) nahiko egonkor mantentzen da.

Iparraldeko industria kanpoko industriaren mende dago erabat; bertan dauden 19 enpresa nagusietatik 13k Euskal Herritik kanpo dute egoitza eta multinazional-taldeen jabetzakoak dira (1999. urtea).

Eraikuntzaren sektorea ekonomiaren baitakoa da eta 1999an 6.608 lanpostu sortzen zituen.

Zerbitzuetako sektorean igoera nabaritu da eta 43.000 lanpostu izatetik (guztiaren %53) 71.000 lanpostu izatera pasa da (guztiaren %72). Hauek dira lanpostu gehien sorrarazten duten azpisektoreak: zerbitzu publikoetan (osasuna, irakaskuntza,...) 20.000 lanpostu; merkataritzan 15.000 lanpostu; "zerbitzu pertsonaletan" 11.000 lanpostu; gainera "enpresa-zerbitzuetan" igoera nabarmena izan da eta 8.500 lanpostu ematen ditu.

Jakina da Iparralden turismoak garrantzia handia duela eta azpisektore horrek lan-jardueraren %15 betetzen duela kalkulatzen da.

Aipagarria da artisautzako jarduerak ere garrantzia hartu duela eta 7.600 lanpostu sorrarazten ditu 5.083 enpresatan.

1999an langabezia-tasa %11koa zen; dena den, langabetuen %77 kostaldean aurkitzen zen.

  • AGIRREAZKUENAGA, J. (koord): Historia de Euskal Herria. Donostia: Ed. Vascas. 1980
  • AGIRREAZKUENAGA, J. (koord) Gran Atlas Histórico del Mundo Vasco, Bilbo: El Mundo del País Vasco. 1994
  • AGIRREAZKUENAGA, J. (koord): Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos. Zazpi liburuxka. Donostia: LUR, 2005.
  • ALVAREZ LLANO, R.: Historia económica del País Vasconavarro. Bilbo. Argitaratzailea: egilea. 2008
  • INTXAUSTI, J. (koord): Historia eta Gizartea. Arrasate. Argitaratzailea. Euskadiko Kutxa. 1985
  • ORELLA, J.L.; ESTEVEZ, X.; LORENZO ESPINOSA, J.L.: Historia del País Vasco. Hiru liburuxka. Tafalla. Argitaratzailea: Txalaparta. 1996
  • ZENBAIT EGILE: Historia del País Vasco. Lau liburuxka. Donostia. Argitaratzailea: HIRIA, 2005.