Kontzeptua

Euskal Herriko historia ekonomikoa

Erromanizazioa (kristo aurreko II. mendetik kristo ondorengo V. mendera). Kristo aurreko II. eta I. mendeetan Erromak Penintsula Iberikoa konkistatu zuen eta euskal lurraldeek ere jasan zuten erromaniazioa, bereziki zonalde emankorretan, esate baterako Ebroko arroan (kristo aurreko 178an Graccurris sortu zen, egun Alfaro dena). Mendialdean ere nabaritu zen erromanizazioa baina neurri txikiagoan.

Euskaldunei gagozkiola, erromanizazioa batez ere kristo ondorengo I. eta II. mendeetan eta III. mendeko lehen erdialdean nabaritu zen. Hortik aurrera behera egin zuen, IV. mendearen amaierara arte.

Euskal lurraldeetan erromatarrek bi zonalde bereizi zituzten ezaugarri geografiko eta ekonomikoen baitan: alde batetik, iparraldea edo "saltus vasconum" delakoa, basotsua zena eta artzaintzaz bizi zena eta, beste alde batetik, hegoaldea edo "ager vasconum" delakoa, zerealetan oinarritutako nekazaritza hartzen zuena eta mediterraneoko gariaren laborantza ere bazuena.

Erroma garaian ekonomia

Iturria: Agirreazcuenaga, J; Basurto, R.; Lopez Atxurra, R.: "Historia de Euskal Herria", Donostia, 1980, I. alea.

Erromak bere finkatzea indartu asmoz hiriguneak hedatu zituen. Ptolomeok berak, bere idatzietan, hamabost hirigune baskoi aipatu zituen. Graccurris (Alfaro) sortu ostean Pompeiopolis ere sortu zuten (Iruñea kristo aurreko 75. urtean sortu zen). Modu horretan euskal "ager" delakoa konkistatzea ziurtatzen zen. "Saltus" edo nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritutako zonaldearekiko lotura kristau-aroaren hasieran egonkortu zen. Errealitate ekonomikoari dagokionez, dagoeneko kristo ondorengo II. mendean Triano eta Arditurriko meatze-ustiapenek garai oparoena bizi izan zuten; halaber, Ereñoko (Bizkaia) marmolezko harrobiak ere ustiatzen ziren eta Erromako administrazioak eremuaren mendebaldeko muturrean kokatzen zen kostaldearekiko interes handia azaldu zuen. Hala, hainbat ezarpen eraiki zituzten karistiar itsasbazterrean (Forua, Portuondo, Lekeitio, Bermeo). Horrez gain, autrigoien itsasbazterrean ere "Flaviobriga" sortu zuen (Castro Urdiales). Ezarpen horiei esker, aldi berean, tokiko baliabideak ustiatzea eta merkaturatzea ahalbidetzen zen, zonaldearen zainketa eta kontrola errazten zen eta kaian kabotaje-ontzien gutxieneko azpiegitura izatea ziurtatzen zen.

IV. mendearen hasieran, Constantinoren agindupean, oparotasun aldi bat zabaldu zen. Nekazaritzaren sektorean jarduera areagotu egin zen, sektore hori autarkiaren eta landatze-prozesuaren baitan egon arren. Modu horretan, egitura latifundista ahaltsu bat sendotu zen. Epealdi hori IV. mendeko bigarren erdialdetik V. mendeko hasierara hedatu zen.

Edozein kasutan, ez da ahaztu behar, garai horretan udalerrietako finantza-autonomia mugatu egin zela eta landa-jabe txikiari ondasunak besterentzea eta zorrak pilatzea eragin zuten legez kanpoko jarduerak eman zirela.

Era berean, V. mendearen hasieran sueboen, bandaloen eta alanoen inbasioak etorri ziren, ondorioz, 412. urtean godoek Erroma arpilatu ondoren segurtasunik eza areagotu egin zen eta Inperioaren gainbehera bizkortu.

V. mendean gizarte mailako krisia eta indarkeria nabari zen. Agintariek zonaldearen kontrola galdu zuten eta hainbat gotorleku eraiki zituzten: Iuliobriga, Veleia (Araba) eta Lapurdun (Baiona).

Inbasio horiekin batera bagauden iraultzak jazo ziren, ondorioz, Erromaren agintea are gehiago ahuldu zen euskal lurraldetan eta Tarraconense probintzia osoan. V. mendeko berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetan nekazari txiroak eta esklabo askeak nobleen oligarkiaren aurka jazarri ziren eta Ebroko haranean zehar eta Tarraconense probintzian hainbat arpilatze burutu zituzten. Azkenean, Federico printze bisigodoak gailendu egin zituen 454. urtean. Bagaudeek egindako iraultza horietan Erromaren aurkako sentimendua, bereziki Baskoniako "saltus" delakoan, eta "ager" delakoaren iraultza sozialen alderdiak batu ziren. Halaber, arpilatzeak eta bidelapurreria ere iraultza horietako ezaugarri bilakatu ziren.

V. mendearen amaieran, aipatutako gertaerek Inperioaren gainbehera azkartu zuten bai ekonomikoari dagokionez, bai ikuspegi politiko eta sozialei dagokienez; horrenbestez, Baskoniako tribuek "ager" delakoaren eragina berreskuratu zuten. Deserromanizazioa abiatu zen eta monarka bisigodoen eraso militarrei aurre egin zieten hegoaldean eta merobingioei iparraldetik. IV. mendeaz geroztik, euskal lurraldeak tribu barbaro delakoen (godoak, sueboak, bandaloak, alanoak,...) pasabide izan ziren gehienbat.