Konposatzaileak

Bernaola, Carmelo Alonso (2009ko bertsioa)

1993an, Arte Ederretako modalitatean Sabino Arana Saria jasotzeaz gain, Madrileko Udalaren Meritu Artistikoaren Domina (Medalla al Mérito Artístico por el Ayuntamiento de Madrid) eskuratu zuen. Señor [, ya me arrancaste lo que yo más quería] (1994koa), hori da azken sasoi horretan nabarmentzen den izenburua, Machado gogoratuz. Bernaolak azken hamarkada kontzerturako partitura itzelak sortzen igaro zuen: Clamores y secuencias (1993) eta Piezas caprichosas (1997), biolontxelorako eta biolinerako soloak, hurrenez hurren, bigarrena Soriako Udazkeneko Musikaldian. Horrez gain, Imita, Imita que algo queda (1995) Madrileko Sinfoniaren laurogeita hamargarren urteurrenean eta Julian Menendez klarinete-jotzaile eta konpositorearen oroimenez. On Julianen klarineteak bat egiten zuen Antonio Romero y Andia polifazetikoaren edo Yusteren tradizioarekin eta baita Jesus Villa Rojoren abangoardiazko joerarekin. Nolanahi ere, Carmelok ez zituen alboratu askatasun gehien eta baliabideei dagokionez ekonomia gehiago eskaintzen zuten obra solistak: Página para violín solo (1994), Preludio-fantasía a la constancia eta solopara clarinete (biak 1995ekoak), edo pianokoak: Pequeña pieza (1995), David bere semearen omenez, Pieza III (1996), Fallaren omenez, Pieza IV (1997) eta Ofrenda-homenaje a Hazen (1998), azken horietan perkusioa gaineratzen zen.

1995eko orkestra arlo ikusgarrian Fanfarria-Preludio, Perpetuo Pepe osatu zuen Jose Garcia Roman konpositorearen omenez eta Euskadi (Euskarai abestia) koruaz. Bi urte beranduago sortu zuen Celari buruzko Madrid (Erkidegoak hala eskatuta) obra agertzen zaigu beste obra handi baten aldamenean, izan ere, Otxandioko musikaria munta handiko eta gai klasikoko genero batean murgildu zen: La Celestina baleta (1996-1997), hurrengo urtean Ballet Nacional de España delakoak estreinatu zuena. Jarraian, Líneas (trio) etorri zen, ganberakoa eta idiomatikoa zen instrumental batera hurbilduz. Hain zuzen, urte hartan, 1998an, Honoris Causa Doktore izendatu zuen Madrileko Universidad Complutense ospetsuak. Arrazoi horrek bultzatuta orkestrarako Complutum idatzi zuen.

Adiskidetasunaren eta oroimenaren ordainak eta eskaintza kuttunak pilatzen dira: Tiento (Aguilera de Herediari omenaldia) 1999koa, Monumento obraren azken kate-maila (triptiko sinfoniko itzela Abestiak -1989- eta Villanesca -1978- obrekin batera). 2001ean Madrileko Sinfoniaren programan bere izena ageri zen bere Juan Jose Menaren zuzendaritzapean. Urte hartan B.B.C.-ko Orkestrak eta Andrew Davis handiak Fantasías estreinatu zuten Granadako Jaialdian. Tres estampas burgalesas lanarekin hiriari zuzendutako esker onak berretsi zituen, izan ere, hiri hartan piztu zitzaizkion musikarako irrikak, artean, berrogeiko hamarkadan, Orfeón burgalés delakoaren tenore zela (gerora sokako buru ere izan zen). 2001eko urtean, Jesusen Bihotza Parrokiako organoaren inaugurazioa zela-eta Loiolako Kultura Etxearen enkarguz tinbre liturgikoak berreskuratu zituen: Mutaciones rítmicas. Amaierako urte hori IX Premio de música de la Fundación Guerrero sari desiratua jasota biribildu zuen.

Bere katalogoko azken obra kriptikoa izan zen: 2-2-2-2 --- 80. Epitafio eta zifra; zenbaki bat musikaren hastapen eta amaiera pitagoriko batentzat, erritmoaren eta maiztasunaren abstrakzio modura. Akademiako zuzendari Ramon Gonzalez de Amezuaren omenezko urtebetetzea (80 urte) eta han Manuel Carra pianoa jotzen ikustea, anekdota gisa geratu ziren bere heriotzaren atarian, Madrilen 2002ko ekainaren 5ean zendu baitzen.

Zinema, antzerkia eta telebistarako musika izan da Bernaolaren obraren dimentsio aniztasunaren beste pizgarria eta, zenbaitetan, musika hori zuzendu ere egin zuen. Hain zuzen, bere izenak arlo horretan izan zuen oihartzun handiena, izan ere, mundu horretan zuzendari garrantzitsuen arreta bereganatu zuen; filmografia luzea osatzen da hala, Espainiako zinemako titulu ospetsuak erakusten dituena. Bere ideiak elkarrizketa askotan islatzen ziren eta seigarren zentzu bat ikusten zen haietan, funtzionala, soinu-bandak zituen era guztietako ondorioen jakitun baitzen. Zinemaren munduko ikurrek, langile, zuzendari zein ekoizleek, onarpen agerikoa erakutsi zioten. Bere musikak, arlo horretan, zuzendariak eszenan islatu nahi zuen asmoaren irudi izatea zuen helburu. Dena den, abangoardiazko zertzelada batzuk ere nabari daitezke hainbat orri ukiezinetan, esate baterako, La clave saioaren sintonia ezagunean, merkataritzazko esparruan soinu-elementu ordura arte ezezagunak ageri zituena (tinbal bidezko glissando). Horiekin batera, aipagarri dira arruntagoak eta marmarrean kantatu ohi direnak, esate baterako, Verano azul edo El pícaro.

Hala ere, hala bata (abangoardiazko musika "serioa") nola bestea (tonu estetika edo erabat arina zen musika funtzionala), abagune ederra izan ziren Bernaolarentzat konpositorearen lanbide poliedrikora zentzu onez hurbiltzeko. Hurbilketa horretan jite gizatiarrak uneko aldarte oro zeharkatzen du eta aldarte profesionala gizakiaren lehen hatsari dagokio eta datxekio: premia, kuraia eta sortzeko irrika.