Konposatzaileak

Bernaola, Carmelo Alonso (2009ko bertsioa)

Musika ekoizteko, transmititzeko eta mantentzeko moduei esker, arlo ugari dago arte-jeinutasun hori adierazteko.



Agertokiko foku beroen lurrunean egiten den adierazpena (interprete, bakarlari edo atril-musikari gisa) eta orkestra edo koruko zuzendariena dira, apika, publikoaren hurbilekoenak. Argien eta frisoen beste aldean, konposaketak hala bere era prestigiotsuenean (kultu eta opus ekitaldiarena) nola irabazien ikuspegitik (hedabideen, publizitatearen, antzerkiaren eta ingurumariaren merkatuari esker), alderdi pedagogikoa ahantzi gabe, koadro koloretsua, zorrotza eta lehiakorra osatzen dute, eta hori zail da berez nabarmentzen.

Carmelo Alonso Bernaolak arlo horietan guztietan (konposaketa, zuzendaritza, interpretazioa eta pedagogia) bere arrastoa uzteko lantegi nekeza gauzatu zuen. Horretarako, bere ezaugarri izan zen profesionaltasun bereziaz gain, eskuzabaltasuna eta jarrera hedatzaile nabaria, bere izaerarekin bat zetorrena, erakutsi ditu.

Bernaolaren izaera, alde batetik, zuzena eta ziztatzailea zen gizakiekiko harremanean eta, beste alde batetik, izaera liriko eta adierazkor atsegina ageri zuen partituraren gainean soinua barreiatzerakoan. Bere prestigioa abangoardiazko musika-ondare sinfoniko sendo batek indartu bazuen ere, agian gutxiengoa zena beste bitarteko batzuei erreparatuz gero, aipatu izaerari esker, aldi berean, soinu-banda, musika intzidentala edo telebistako sintonia landu zituen. Hain zuzen, azken jarduera horri esker lortu zuen ospea. Nazioartean lehen lerroan kokatzen zen konpositore-karrera baten eskakizunak gainean izan arren, bere izaera aldagaitz mantendu zen bere instrumentua interpretatzeari zegokionez. Klarinetea, askorentzat instrumentu apala zen, baina musikariaren bidelagun izan zen bere bizitza profesionalaren zati handi batean, bandak, orkestrak eta ganbera-musikak zuzentzeko atril konplexuaren aldamenean. Kemen eredugarria erakutsiz, Bernaolak bere ahalmen pertsonal anitz eta askotarikoa proiektu pedagogiko handietan isuri nahi izan zuen. Akademiak edo, hobe esatera, musika-eskolak sortuz. Azken izendapen hori kontserbatorio hutsal edo lizunduaren aurretik lehenetsi zuen bere bizi-aldarrikapenetako batean. Xehetasun horiek guztiak izaera sortzaile bateko ezaugarri dira, bere bitarteko esperimental eta praktikoan islatu zuena. Bere proiekzioa didaktikoa izan zen, konposaketaren eta interpretazioaren gotorlekua eraikiko duten belaunaldi berrien akuilu.
 

Carmelo Alonso Bernaola Otxandion jaio zen 1929ko uztailaren 19an. Musika ibilbideari dagokionez, klarinetearen gerizpean abiatu zuen bere jaioterrian, Bizkaian. Gerra zibilean La Arboledan (San Salvador del Valleko Udala, han jaio baitzen bere aita Amado Alonso, Rufina Bernaola bere amaren senarra izango zena) eta Zorrotzan izandako gorabehera dramatikoen ondotik, Medina de Pomar herrira joan zen bizitzera familia. Zazpi urtez izan ziren han (1937-44) eta Bernardino Peredaren klarineteko ikasle izan zen. Gerora, bandako irakasle ere izan zen eta Trío medinés taldearekin hainbat festa eta dantzatan parte hartu zuen. Beranduago, dagoeneko nerabe zela, Burgos hirira mugitu zen, 1944an. Han Domingo Amorettiren ikasle gisa onartua izan zen, hots, Burgosko Katedraleko kapera-maisu, organo-jotzaile eta Orfeón burgalés delakoaren zuzendariaren ikasle izan zen. Aurrerago, oposizio bidez (laugarren sailkatuta) musikari militar plaza eskuratu zuen (1948) Ingeniarien Musika Bandan eta bigarren plaza erdietsi zuen klarinetearekin hiriko Orkestran aritzeko (1949). Bide batez ,aipagarria da azken talde horretako concertino Frühbeck y Frühbeck izan zela (gerora "de Burgos"). Carmelok arrasto ezabaezina utzi zuen Gaztelako probintzia hartan. Maitasun hori musikaria desagertu ostean ere mantendu da, hala, ildo horretatik, aipagarria da 1990ean Medina de Pomarreko seme adoptatu izendatu zutela eta herri horretako musika-eskolak bere izena hartu zuen.

Gasteizera laurogeiko hamarkadan iritsi zen lehen aldiz (hiri horrek Urrezko Domina eman zion eta hiriko nazioarteko musika jaialdiak bere izena hartu zuen) eta 1981ean Kontserbatorioko Zuzendari izendatu zuten. 90eko hamarkadan itzuli zen, bere helduaroan pertsonalki landu zuen musika-prestakuntzarako proiektu itxaropentsuarekin: "...tratar de hacer un conservatorio a mi imagen y semejanza..." (hitzez hitz) Jesus Guridi musika-eskolan. Baina, Bernaolak konpositore-karrera ia osoa, batez ere, Madrileko giro musikal eta geldigaitz batean sustraitutako belaunaldi berri batean garatu zuen. Burgosetik aldizka hara bidaiatzen zuen Tomas Blanco maisuaren eskutik konposaketarekin lotutako ikaskuntza bereziak jasotzera, eta 1951n han geratzea eskatu zuen Banda de Música del Batallón del Ministerio del Ejercito delakoan jarduteko. Bi urte beranduago, oposizio bidez, beste batzuen artean, Julian Menendez, Jesus Arambarri edo Victorino Echevarriak osatzen zuten Banda Sinfónica Municipal ospetsuko kide izatea lortu zuen. Banda horretan, aurrez, Miguel Yuste, Pablo Sorozabal handia edo Ricardo Villa aritu ziren, besteak beste. Hain zuzen, azken hark sortu zuen banda 1909an (mendeurrena duela gutxi ospatu zen, 2009ko ekainaren 2an). Manuel Angulo, Angel Arteaga eta Cristobal Halffterrekin batera Cuarteto músico-militar osatu zuen eta horri esker, musikari gazteen Madrileko giroan barneratu zen.

Eta XX. mendeko azken herenean Pirinioez haraindiko haize kultural susmagaitzak Espainiara erakartzeko erantzukizuna hartu zuen musika jite irregular hori egituratu nahi izan zuten eskola ugarietako, ustezkoak nahiz egiazkoak, barneratutako belaunaldietako (51), pertsona entzutetsu (independente eta ez independente) eta familietako gorabeherak aintzat hartuz, gortea aipatu beharko litzateke. Bernaola hainbat hamarkadatan hiriburuan antolatutako abangoardiazko multzo hautatu hartako kide esanguratsua izan zen. Garai irekia eta korapilatsua zen, politikan aldaketa sakonak ezagutu zituena.

Mazorra Incera, Luis