Olerkariak

Berrizbeitia Agirre, Luis

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Abadiño, 1963.

1963an jaiotako euskal idazlea dugu Luis Berrizbeitia, urte horretako abenduan Abadiñon jaioa. Filologian lizentziatua da, eta administrazioan egiten du lan.

Luis Berrizbeitiak bere lehenengo lanak aurrenekoz 1983an, Durangon, bertako liburu azokaren bezperetan plazaratutako Txistu y Tamboliñ aldizkari literarioaren lehenengo alean, plazaratu zituen, izengoitiz sinatuta. Bada. Lan haiek eta geroztik argitaratutako bi poema-liburuek osatzen dute Berrizbeitiaren obra: Zoperna jenerala (Pamiela, 1987) eta Eremu karroinduak (Elkar, 1992).

Lehenengo poema-liburuari Eusko Jaurlaritzak antolatutako Lizardi Lirika Saria eman zion 1986ko deialdian; orduan epaimahaiko kide izan ziren J. M. Lasagabaster, J. Kortazar, L. Haranburu Altuna, A. Zubikarai eta A. Irigoien. Euskal literatur tradizioa sakon ezagutzen eta berrirakurtzen zuen poeta gaztea eman zen ezagutzera sari horren bidez.

Ahots propio horren kontsolidazioa ekarri zuen Berrizbeitiaren bigarren (eta oraingoz azken) poema-liburuak, bost urte beranduago.

Tradizio poetiko propio bat eraiki izana da Berrizbeitiaren poesiaren ezaugarririk aipagarrienetako bat; izan ere, bere bigarren poema-liburuari jarritako hitzaurrean, Berrizbeitiak dio aurreko belaunaldiek baino jakituria gutxiago duela berak, tradizioak ematen duen batasuna galdua duelako:

"...tradizioa da informazio puxketa guztiak elkarretara armonian josten dakien joslea, gero puxketa guztiekin bizitzaren une eta tenore guztietan erabiltzeko soineko bat prestatzen dakiena. Gure mende honetan, zorionez ala zoritxarrez, soineko hori geronek geure eskuz eta geure gostuz josi behar dugu, eta egia baizik ez da gutarik gutxi baizik ez direla arribatzen lan hori egoki burutzera, hots, gure gorputz-bihotzak ganoraz estaltzera" (Berrizbeitia, 1992).

Bere poesia, hala, ulermenezko "adabakiak" sortzeko bide gisa ikusten du. Hala, berdin zaizkio baliagarri euskal poesia klasikoa, herri literatura zein beste hizkuntzetako egile klasikoak. Iturri askotarik edanez josten du Berrizbeitiak poemaz poema tradizioaren "soinekoa".

Tradizio oparoegirik ez duen euskal poesia kultua da Berrizbeitiaren erreferenteetako bat (Oihenart da horietan aipagarriena), eta baita, oro har, Ipar Euskal Herriko poesia kultua ere. Agian horregatik, ekialdeko euskalkietako hitzetarako joera du bizkaitarraren poesiak, Bizkaiko beste hainbat egilek bezala (Joseba Sarrionandia edo Juan Ramon Madariaga). Halaber, herri poesia eta lirika ere abadinarraren poesiaren iturri dira, izan ere, bertso-era askeko poemekin batera, baladak, koplak edo lirika herrikoiaren parametroak jarraitzen ditu egileak. Hainbat baliabide literariok, halaber, ahozko literaturarekin lotzen dute Berrizbeitiaren lana: paralelismoetarako joerak, azken bertsolerroari ematen zaion garrantzia eta abar. Ildo horretan, euskal literaturak izan ez duen tradizio bat sortzeko, testu "apokrifoak" sortzeko, saiotzat ere jo izan ditu Berrizbeitiaren poemak kritikak, baina Koldo Izagirreren arabera, ez litzateke zuzenegia halakorik esatea, ikuspuntu modernotik mintzo delako poeta, forma tradizionalez baliatzen denean ere.

Poesia kultua egin gura badu ere, eta hiztegiaren hautapenean ekialderantz eta bazterretarantz egiten badu ere, Berrizbeitiaren asmoa ez da poesia urrunekoa eta konplexua egitea. Aipaturiko bigarren liburuaren hitzaurrean, "gauza konplikatu eta bihurriez engoitik badugu asea" aldarrikatu zuen, eta Edorta Jimenezek esan izan duenez, "kontraesana lirudikeen arren, zuzen-zuzen mintzo da Berrizbeitia" (Jimenez, 1992).

Anti-intelektualismorako joera ikusi dute hainbat kritikarik Berrizbeitiarenean, eta baita esperientziaren poesiara egindako hurbilpenik ere. Izan ere, esperientzia pertsonaletatik abiatuz, narratibarantz egiten du maiz egileak, hortik bizitzaren gai nagusiez hausnarketa egiteko. Aingeru Epaltzak esan izan duenez, egilearen poemetako zenbait poesiaren eta narratibaren arteko mugan daude, pertsonaiak eta istorioak eskaintzen baititu Berrizbeitiak poemetan.

Maiz, hizkuntzaren eta poesiaren ahalaz hausnartzen du Zoperna jenerala eta Eremu karroinduak liburuen egileak: errealitatea hitzez adierazi ezinaren mina jasotzen du, baina hitza salbazio-bidetzat ere badu ahanzturaren eta heriotzaren aurrean. Heriotzaren ekidinezina eta destino tragikoa dira Berrizbeitiarenean gai konstanteenetako bi, bai eta maitasun ezinezkoak eta trabatuak ere. Ahots poetiko etsitua nagusitzen da, beraz, eta ezkortasun hori aberriari buruzko testuetara ere hedatzen da. Egilearen beraren hitzetan, "euskaldun izateak, gauza ageria da, poz baino atsekabe gehiago ematen dio edozeini, izate hori gaur egun funtsean borondatezko ekintza neke eta sofritu bat delako". Hala, herria, maitasuna, denbora eta poesia ditu gai nagusi poetak, eta guztietan nagusitzen da tonu etsitua, beheranzkoa.

Joseba Sarrionandiarekin lotu izan da maiz Berrizbeitiaren estiloa, baina harena baino ezkorragoa da aztergai dugun poetaren ahotsa, Edorta Jimenezen ustez (Jimenez, op.cit). Nolanahi ere, Izuen gordelekuetan barrena lanak Berrizbeitarengan izandako eragina ez da gutxiestekoa, erreferentziei edo hizkerari dagokienez, besteak beste. Horrez gain, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Xabier Lete edo Koldo Izagirre ere ikusi ditu kritikak Berrizbeitiaren iturrien artean. Tradizio unibertsalari dagokionez, bestalde, Kavafisen klasiko-zaletasuna edo Borgesen eszeptizismoak badute itzalik Berrizbeitiaren liburuetan, baina baita beste klasiko ugarik ere (Hölderlin, Villon, Elliot...).

Egilearen bi poema liburuetan sendo ageri den ahots propioak ez du, haatik, jarraipenik izan, ez baitu 1992koaz geroztik poesiarik plazaratu Berrizbeitiak, ezta bestelako literatur lanik ere. Poema liburuez gain, ipuin bakarra du bere izenez argitaratua: 1990ean Gabriel Aresti saria irabazitako Mezua. Azken hori Xabier Mendigurenek atondutako Ipuin bakarrak bilduman jaso zen 1994an.

Literatur sormenari utzi badio ere, literatur itzulpengintzan jardun du Berrizbeitiak azken urteotan. Fred Uhlmanen Azken bilkura (Elkar) itzuli zuen 1990ean, eta geroztik Roald Dahlen hainbat liburu, Quim Monzóren Gauza guztien zergatia (Elkar, 1998) eta Jean Le Clézioren Basamortua (Elkar, 2009) ekarri ditu euskarara.

Literatura itzultzean, poesia idazterakoan bezala, tradizioa nahitaezkotzat du Berrizbeitiak, alegia, tradizioa ezagutzea eta eguneratzea. Zera adierazi zuen Le Clézio Nobel saridunaren obraren itzulpenaren harira:

"Hori da nire apustu eta helburua eta horretara biltzen da funtsean arestian aipatu dizudan euskara totalaren afera: tradizioa errotik ezagutzea eta hizkuntzari ahalik eta zehaztasun handiena ematea, zer ere baita asmoa eta haren araberako tresnak baliatzea. Susmoa daukat gaur egun estandarizatutako hizkuntz ereduak sobera mugatzen dituela gure aukerak, sobera traba eta beldur barreiatzen dituela hizkuntza baliatzen dugunon artean eta, nolabait, gehiegi egiten diogula muzin gure aurrekoek menderen mende eraiki duten literatur tradizio eta ondare prosodikoari". (Elustondo, 2009).