Politikariak eta Kargu publikoak

Legazpi Gurrutxategi, Miguel Lopez de

Esteban Rodriguez, Armadako pilotu nagusiak bere Zerrenda ezagunean aipatzen duenez, azaroaren 19an, igandean, bandera, estandartea eta Armadako guztiak bataiatu ziren, zin egite bidez, Miguel Lopez de Legazpi jauna jeneral modura izan eta hark agindutakoa betetzeko promes egin ostean. Hauxe dio hitzez hitz:

"Navidadeko portutik 1564ko azaroaren 21ean, asteartean atera ginen eguerdia baino lau ordu lehenago, bi itsasontzi eta galeoi txiki bat eta patatx bat; itsasontzi Nagusiak bostehun tonako pisua zuen eta "San Pedro" izendatu zen; pilotu nagusia Esteban Rodriguez huelvarra zen eta haren laguntzaile modura Pierre Plan frantziarra zihoan; Maisu gisa Martin de Ibarra bilbotarra; Kontramaisu modura Francisco de Estibarribia; Zaindari modura Lucas Aragozes; Pedro de Oliva Despentsari gisa; uretako Alguazila Santiago de Gamica zen; marinelak, itsasmutilak eta bi morroiak zenbatuz gero, hirurogeita bost pertsona. Almiranta itsasontzia "San Pablo" izenez ezagutzen zen; laurehun tonako pisua izango zuen; Almirante modura Mateo de Sas Eremu-maisua zihoan; Jaimes Fortun zen pilotua eta Trianako Diego Martinekin batera; Juan Maria zen Maisua eta Pedro Juan Kontramaisua; Jorge Zaindari gisa; Despentsari modura Cristobal Martin, uretako Alguazila Andrea veneziarra zen. Galeoi txikiak San Juan izena zuen eta laurogei tonako pisua izango zuen; Juan de la Isla zen bertako Kapitain eta Rodrigo de la Isla anaia pilotu; Julian Felipe zen Maisua eta Nicolas Rodriguez huelvarra Kontramaisu; Despentsari gisa Juan Martin, hau ere huelvakoa. Patatxak San Lucas zuen izena; berrogei tonako pisua izango zuen eta Alonso jauna zen bertako Kapitain eta Lope Martin Pilotua; Nicolas greziarra zen Maisu eta Moreto Kontramaisua; halaber, txalupa estali bat geneukan, lau gizonekin. Armada horretan guztian, bi itsasontzietan eta galeoi txikian, patatxean eta txalupan ehun eta berrogeita hamar itsasgizon eta berrehun soldadu zihoazen. Miguel Lopez de Legazpi Kapitain Jeneralarekin batera 16 jentilgizon zihoazen; Eremu-maisuarekin ehun gizonez osatutako konpainia; Andres de Ibarra zen Alferez nagusi eta Luis de la Haya Sarjentu nagusia; eta Konpainia horretako Alferez modura Pedro de Herrera jauna eta Juan de Morones Sarjentu gisa; Martin de Gilete Kapitainarekin laurogeita hamar soldaduz osatutako beste konpainia bat zihoan; Franciso Ramirez Alferezarekin eta Gutierrez Sarjentuarekin. Berroren Maiestatearen ofizial modura: Guido de Labazaren diruzaina eta Andres de la Rochela kontularia; Mirandaola Faktore gisa".

Legazpik, bere onurabideetako batean, Itsasontzi Nagusiaren eta Almirantaren izenak aldatu zituela adierazi behar da.