Politikariak eta Kargu publikoak

Legazpi Gurrutxategi, Miguel Lopez de

Asteartean, egunsentian natiboek (400 baino gehiago) itsasontziak inguratu zituzten behin eta berriz haien lurretara joateko gonbitea eginez, ziotenez, zer jan ugari zutela eta. Itsasontzietan koko lehor eta berdeak, banana berdeak, patatak edota arroza zeramaten, baina guztia egoera txarrean. Horrez gain, armak ere bazituzten: "makila sorta tiranteak eta arrautzaren formako habaila eta harriak". Zerrendan haien itxura deskribatzen da.

"Biluzik ibiltzen dira, gorputzeko zati bakarra ere estali gabe: sendoak dira, gihartsuak eta mardulak, dirudienez indar handikoak; halaber, emakumeak oso altuak dira eta iztarretik lotutako lokarri batekin estaltzen dira soilik, eta lokarri horretan belar pixka bat edo zuhaitzetako hostoak jartzen dituzte gorputzeko zati ahalkegarriak estaltzeko, batzuk palmondoaren hostoz egindako petate batekin estaltzen dituzte. Ile luzea solte daramate, garondoan bildua".

Inork ez zuen itsasontzietara sartu nahi izan. Marinelek elikagai gehiago ekartzeko erregutu zieten eta.

"Petate zaharrak ekartzen hasi ziren, itxura batean, gutxi gorabehera hiruzpalau almute zituzten arroz-fardelak, eta iltze handien truke ematen zuten guztia; eta ez ziren itsasontzietan sartzen, izan ere, guztia lokarri batekin lotuta jaurtitzen zuten barnera eta lokarri horretan iltzea, horrekin nahikoa zuten; lokarri berean arroz-fardela lotzen zuten, eta areaz betetako hainbat fardel jaurti ziren, bakoitzean bi behatz arroz egongo ziren iruzurra estaliz, beste batzuk tartean belarrak eta harriak ezkutatzen zituzten fardelak pisua har zezan, eta horrelako trufa ugari eta barregarri egin zituzten".

Ikusten dugunez, umore bitxi eta onuragarria zuten. Dena den, mesfidantzak eraginda, harrika egindako erasoak izan ziren eta baita hildakoren bat ere.