Kontzeptua

Gatzaren matxinada

Eskarmentu bat eman beharra zegoenaren ideiak, azkenik, indarra hartu zuen. Hala ere, Madrilek arreta handiz prestatu zuen jazarpena, beste altxamendu herrikoi bat saihestu asmoz. 1634ko udaberrira arte atzeratu ziren ekintzak eta Ciudad Real eta Moralesek gauzatu zituzten, orduko horretan, jarraibide jakin batzuk betez. Jendetzaren oldarraldia baretu egin zela aprobetxatuz, bi agintariek Bilboko jaun-andre gorenez hornituriko milizia osatu zuten, errege-aginduen baitan. Maiatzaren 14ko goizaldean sarekada masibo bat burutu zen eta mugimenduaren buruzagi ezagunak harrapatu zituzten. Horietako sei arratsalde horretan bertan exekutatu zituzten, inolako defentsarik gabe eta herritarren harridura eraginez. Gainerako buruzagiek Euskal Herritik ihes egiten saiatu ziren, Frantziara edo urruneko mendietara.

1634an exekutatutako pertsonak: Licenciado Morga y Sarabia; Juan de la Puente y Urtusaustegui; Martin Ochoa de Ojarabide, jaurerriko idazkaria; Juan de Larabaster, kapitaina; Juan Bizcaigana, ferratzailea; Domingo Bizcaigana, aurrekoaren anaia, ferratzailea. Ihes egin zutenak: Diego de Echarte; Martin de Arana; Armona, elizgizona.

Hiru egun beranduago hainbat errege-zedulen bidez indultu orokorra eman zuten (atzerritarrei eta 12 bizkaitarrei izan ezik) eta gatzaren zerga bertan behera geratu zen, zeina, penintsulako gainerako eremuetan desagertua zen jadanik, hilabete batzuk lehenagotik. Modu horretan, bada, ordena berrezarri zen, baina baita foru-legea ere.

Esan dezagun, azkenik, Gipuzkoako Diputazioa ere zergaren aurka azaldu zela eta horren ondorioz hainbat gipuzkoar espetxeratuak izan zirela (Arrasateko alkatea eta hainbat bizilagun, besteak beste). Dena den, ez zen Bizkaian jazotako altxamendu armaturik gertatu.