Kontzeptua

Gatzaren matxinada

1631ko urtarrilean hilaren 3ko Pragmatika iritsi zen Bilbora, aldatutako zerga eta neurrien berri emanez: Bizkaiko gatza konfiskatzea, gatza erregeen gordailuetara garraiatzea eta hari zerga ezartzeari buruzkoa, hots, produktu horren gaineko errege-monopolioa. Bilbon ustekabea eta atsekabea nagusitu ziren. Jaurerriko diputazioak foruaren aurkako xedapena bertan behera uzteko eskaera egin zuen eta batzorde negoziatzailea (Juan Ortez de Velasco eta Martin de Hormaechea) bidali zuen Gorteetara, baina ez zen deus lortu. Felipe IV.ak zin egindako Foruak (bereziki, bizkaitarrek tokiko kontsumorako artikulu-sorta garrantzitsu bat askatasun osoz salerosteko zuten eskubidea) era agerikoan urratzen zituztenei esker mantendu zen agindua.

Arraina eta okela mantentzeko funtsezkoa zen produktua, bada, % 44 garestitu zen. Horrek atsekabea ekarri zuen. Hasiera batean maila diplomatikoan nabaritu ziren neurriaren aurkako kexak, baina urte hartako irailean matxinada herrikoia eragin zuen.

Hala, hil horren 24an Gernikako Batzarretan 1.500 gizon armatuk zergaren aurkako haserrea azaltzeaz gain, aristokraziaren eta landako jaun-andre gorenen aurako jarrera erakutsi zuten, egoeraren erruduntzat baitzituzten.

Bertan zen Lope de Morales Korregidorea. Baina ikaratu eta mehatxatuta, Pragmatika denbora batez bertan behera utzi behar izan zuen, koroak apelazio berriak jarriko zituelakoan. Horrenbestez, Foruko legeetako bat aplikatu zen: foru-baimena eta aginduari men egin baina ez betetzea.

Egoera egonkortu egin zen 1632ko udaberria iritsi zen arte. Orduan Bizkaiko Epaile Nagusia jaurerrian bertaratu zen dohaintza kobratzeko itxaropenez, hau da, teorikoki borondatezkoa zen foru-kontribuzioa jasotzera, gero eta sarriago, Bizkaiak koroari ordaintzen ziona. Funtzionarioak harrera makurra izan zuen; haren eta tokiko beste funtzionario batzuen aurkako berripaperak azaldu ziren eta baita Bizkaiko kolaborazionisten aurka ere. Azken horiek traidoretzat jo ziren.