Kontzeptua

Gatzaren matxinada

Matxinoek, lehenik eta behin, Foruen errespetuaren deklaraziorik gabe egingo zen Batzarraren aurka egin zuten. Gero, Dukeak arazo hori baretu ostean, Batzarra eten egin zuten, asanbladaren kontrola hartu zuten eta zerga-sistema zentralaren aurkako 24 dekretu onartzera behartu zituzten. Horietako batek baino ez zuen aipatzen gatzaren zerga. Horrek erakusten du protestak izaera orokorra hartu zuela.

Horren ondorioz, konponbide baketsu baten aldeko itxaropen oro uxatu egin zen eta Madriletik arazoarekin amaitzeko metodo bortitzagoak bilatzeko neurriak jarri ziren. Azkenik, Bizkaiko merkataritzak hirian ez ezik lurralde osoan zuen garrantzia ezagututa, 1633ko martxoan errege-administrazioak zera agindu zuen, Bizkaian sartzen zen merkantzia guztia, hala lurrez nola itsasoz, merkataritzako ikuskatzaileak gainbegiratzea, hala egin ezean merkantzia konfiskatzeko zigorra ezarrita. Ikuskapena ezin izan zen gauzatu, izan ere, ikuskatzaileak alde egin zuen. Dena den, merkantziak jadanik ez ziren horren sarri sartzen Bizkaira. Horrek eragin latzak izan zituen ekonomian, batez ere, diru askorik ez zuten haiengan. 1633ko maiatzean diputazioak negoziazioei berrekin nahi izan zien. Horretarako, goi-komisario bat bidali zuen Madrilera, koroari hainbat zerbitzu eta gizon eskainiz.