Kontzeptua

Gatzaren matxinada

Pentsatzekoa zenez, Katalunian eta Portugalen izandako gorabeherekin kezkatuta, Madrildik asaldura handiz hartu zituzten Bizkaiko berriak, baina zuhurtziaz jokatu zuten, izan ere, esku-hartze militar indartsu batek gatazka eremu osoan hedatuko zuenaren beldurra zegoen, edota atzerriko indarren batek, batez ere Frantziak, penintsulan sartzeko tentazioa izatearena (Frantzia 1630ean Gipuzkoan sartua zen jadanik). Hori zela eta, kasuari buruz luze eztabaidatu ostean, administrazio zentralak urreratze bare baten alde egin zuen. Hala, entzute oneko pertsonak bidali zituen, esate baterako, Morales edo Errege Hiriko Dukea, azken hori Idiaquez sendi ezaguneko kidea. Nolanahi ere, egin edo negoziatu beharrekoaren inguruko jarraibide argirik jaso gabe urreratu ziren eta misioak porrot egin zuen. Hala da, 1632. urtea amaitzear zela iritsi ziren biak Bilbora. Hasiera batean harrera ona izan bazuten ere, matxinoak segidan jabetu ziren Dukea ez zetorrela haien eskaerak jaso eta bozeramailearenak egitera. Liskarra berriz nagusitu zen 1633ko otsaila eta martxoa bitartean, Morales Korregidorea berresteko Gernikan deitutako Batzarraren ostean.