Zerbitzuak

GASTEIZKO AURREZKI KUTXA (1895-1990)

Aurrezkia 1940-1990.

Nahiz eta gerraren ondoren aurrezkiak handitzen jarraitu zuen, baldintza ekonomikoak ez ziren izan hazkunde iraunkorrerako egokienak. Autarkia ekonomikoak, enpresa batzuei mesede egin ziezaiekeenak, beste batzuen garapena mugatu zuen. Hala ere, aurrezkiaren aldeko propaganda eta bezeroek erakundean zuten konfiantza iraunkorra izan zen, nahiz eta Kutxa  arazoak izan herrialdearen egoera orokorragatik. 1944an, bi kutxak zenbatuta, ezarle kopuruagatik, Arabak hirugarren postua betetzen zuen Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Konfederazioan (Nafarroa zuen atzetik, eta Gipuzkoa eta Bizkaia zituen aurretik), baina aurrezkiaren intentsitateagatik lehen postuan zegoen, 1.700 pezeta biztanleko (ondoren Gipuzkoa 1002, Bizkaia 828 eta Nafarroa 548 pezeta). 1945ean, Udal Aurrezki Kutxa Probintzialaren oso aurretik zegoen saldoagatik (122.024.062,70 pezeta 70.446.463,69 pezetaren aurrean) eta ezarle kopuruagatik (34.266 Udalarena 21.822 Probintziarena).

Berrogeiko hamarkadan, nekazaritzak sektorerik nagusiena izaten jarraitzen zuen probintzian, eta urte askotan zehar haren aldeko politikak mantendu ziren. Interes hori probintzian zehar sukurtsalak irekitzean islatu zen (1946an, 24), nekazarien aurrezkia lortzeko asmo garbiarekin. Servicio Nazioanal del Trigo-rekin (“Gariaren Zerbitzu Nazionalarekin”) batera lan egin zuen, Nekazaritza Kredituari Polizak emanez, eta Seguro Mutuo del Ganado-ren  (“Ganaduaren Elkarganako Asegurua”) (1951) eta Central Lechera de Álava-ren (“Arabako Esne Zentrala”) (1964) sorrera bultzatu zuen. Abeltzaintza lehiaketak, ureztaketa lanak, mekanizazioa, nekazaritza eta abeltzaintza arloetako dibulgazio eta informazio argitalpenak eta kooperatibak (Covria, Anoga, Agrupal) finantzatu zituen.

XX. mendeko berrogeita hamargarren hamarkadan, hiriaren hazkundearekin, biztanleen hazkundearekin eta industrien ezarpenarekin bat egin zuen garapen-prozesu bat hasi zen, eta, ondorioz, aurrezki-indizeak handitu egin ziren. Prozesu hori hirurogeigarren eta hirurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera areagotu zen, eta Kutxak zuzenean parte hartu zuen, aurrezkitik sortutako funtsak erabiliz, industria-lurzorua erosiz eta hiriko eta probintziako ekonomia garatzen lagunduz. Betoño-Gamarran, Arriegan eta Ehari-Gobeun Gasteizko industria zabaltzeko lurrak erosten lagundu zion Udalari.

Kutxaren kredituek Udalari mesede egiten jarraitu zuten, Gasteiz hiriaren beharrak asetzeko erabiltzen baitzituzten, besteak beste, arazoa larriagotuz han lan egitera joandakoei etxebizitza eskainiz. Hogar en propiedad ("Etxea jabetzan") sustapenaren bidez kredituak eman zizkion Cooperativa Vitoriana de Casas Baratas-i (“Gasteizko Etxe Merkeen Kooperatibari”), Txagorritxuko eta Zaramagako etxeak. Kutxak lan irmoa egin zuen arlo horretan, bai etxebizitzen eraikuntzan zuzenean lagunduz, bai hipoteka-kredituak emanez. Gainerako inbertsioek legeak ezarritako ildoari jarraitu zioten, baina eragin berezia izan zuten orube eta higiezinen erosketan, lege-aldaketek ekintza-askatasun handiagoa eman zioten arte.

1975ean, politikan, gizartean eta ekonomian aldaketa nabarmenak eragingo zituzten hainbat gertaera elkartu ziren. Lehenik, Franco jeneralaren diktaduraren amaiera eta demokraziarako trantsizioa,  diktadorea hil ondoren hasia. Bigarrenik,  petrolioaren krisiak (1973), 1987ra arte iraun zuenak,  eragindako egoera ekonomikoak okerrera egitearen ondorioak; horrek inflazio handia eragin zuen eta langabezia handitu egin zen, eta Kutxak bere egokitzapenak egin behar izan zituen. Horri guztiari gehitu behar zitzaizkion Kutxen jarduna aldatuz eta modernizatuz joan ziren lege-aldaketak eta Estatutuaren onarpenak eta Eusko Jaurlaritza sortzeak berekin ekarri zituen harreman politiko berriak (ikus EUSKADIKO AURREZKI-KUTXAK).

Aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko horiekin batera aldaketa teknologikoak gertatu ziren. Gero eta ahaltsuagoak eta azkarragoak ziren ordenagailuek, kutxazain automatikoek, kreditu-txartelek eta dendetako konexioek aukera eman zuten mekanizazioak eta informatizazioak kontabilitate-metodoak eta aurreztaileekiko harremanak aldatzeko. Gainera, aurrezkia lortzeko goranzko joera, 1989an jardunean 161.144 milioi pezetakoa izan baitzen, zuen erakundearen kudeaketa hobetu zen.