Kontzeptua

Euskal Herriko historiari buruzko historiografia

Donibane Lohitzunen, 1897an, Euskal Herriko tradizioari buruzko Kongresu zientifikoa antolatu zuten Frantziako erakunde zientifiko batzuk eta Adrien Plantén hitzaldiak zera galdetzen zuen: Baina euskaldunek ba ote dute historiarik? Herri txikiak historiarik gabeko herriak ziren. Gehienez Estatu-nazioen baitakoa baino ez zuen garrantzi. Bestalde Euskal historiografiaren ahuleziak eragindako galdera zen. Azken urteotan, historialarien artean, ondoko galdera dago ezbaian, ba ote aurrerakuntza historiografikorik? Edo zertan datza aurrerapen historiografikoa?

Azken 25 urteotan euskal historiografian eta mundu mailakoan sakon sakoneko aldakuntzak gertatu dira. Garrantzitsuena hauxe litzateke: paradigma nagusien gainbehera eta ondorioz aniztasuna. 1989.n Berlingo harresia erori zenetik narratiba edo kontakizun nagusien gainbehera etorri da. Aurreko garai batzuetan, teoria jakin baten aplikazio egin beharrean aurkitzen ziren sarritan ikertzaileak. Oraingoan, berriz, unean uneko gertakizunen azterketen ondoren, hau da etnografiaren bidezko tokian tokiko eta gertakizunetan murgilduz, partaide izanik nolabait, teoria sortu behar da eta jakina, hizkuntza ulergarrian, ikerketa historikoak garaian garaiko hizkeran adierazi. Historiak berriz berreskuratzen ditu aktoreak, sujetoak eta kontakizuna.

Euskal Herria bidegurutzea izan ohi da eta ez hori bakarrik, itsasoz munduko beste tokietara zabalik. Mundua bera dugu partikularra eta horregatik ezin dugu partikulartasun biltegia eginez historia burutzen dugunik pentsatu. Zerbait gehiago behar da eta euskal historia ikertzen dugunean, hein berean historia unibertsala ere burutzen dugu, geure unibertsala delako, unibertsoaren zatia baino ez garelako, eta ez da gutxi.

Azkenik azpimarratu behar dugu Euskal historiografia mendebaldeko Europako historiografiari loturik dagoela. Eta Europako historiografiak bere "canon" edo eredu eta arau propioak ditu munduko besteekin parekatuz gero. Gurean, XX mende arte Bibliaren bidezko metahistoria bat izan dugu. Eta Bibliaren bidez canon edo ereduari atxikiturik euskal historia egiten zen. Adibiderik garbiena Pedro Jose Astarloak burutu zuena dugu euskaraz. Historiografia, beraz, zientzi historikoen atala dugu eta historiazko lanak hartzen ditu aztegai.

Voltaire eta Muniberen "argien garaian" XVIII mendean bereizten zen alde batetik erudizio enpirikoa, datuetan oinarrituriko ezagutzak eta aldi berean edo ondoan interpretazioak, literaturak. XVII. mendean, Hobbesek Leviathan liburuan esan zuen bezala, gauzez (things) ez dago asko esaterik, baina diskurritzen hasten garenean, speech-ak sortzen ditugu eta, orduan bai, ona edo txarra deritzogu eskubide osoz.

Bestalde, eremuak eta aktoreak edo sujetuak argitu behar ditugu. XXI. mendeari begira horixe dugu erronka nagusia, euskal historia burutzerakoan euskal sujektoen ikuspegitik abiatzea. Euskaraz idatziz gero errazago sortzen da Euskal Herriarekiko begiradaren zirkulua. Subjektuak egin eta desegiten ari dira eten gabe historian barrena eta beharbada euskal subjektuez, pluralean, hobe legoke pentsatzea. Euskal Herriko historia ezin dugu mugatu Pirinio inguruko lurraldeetara, Aturri eta Ebroren arteko lurraldera soilik. Itsasoz barrena euskaldunak beste Euskal Herri batzuk ere sortu ohi dituzte bereziki Ameriketako lurraldeetan.

Hara bada, Euskal Herriko historia lantzea beti izan da gai zaila, ez delako izan agirikoa. Antzinatean eta goi erdi aroan inguruko eta auzokoen bidezko berria jasotzen zen. Gerora, ikertzaileek eta idazleek egiten dute agirikoa batez ere azken hiru mendeotan definitzen eta zehazten joan doa. Beraz euskal historiografiak zera aztertzen du: Historiazko ikerketen bidez noiz eta zergatik Euskal Herriko historia bihurtu den agirikoa.

Euskal historiografiaz monografia luzeak eta orokorrak landu dituzte ondoko historialariak: Bernardo Estornes Lasa, Julio Caro Baroja, Andres Mañaricua, Ignacio Olábarri, Koldo Larrañaga, Manex Goihenetxe, Rafael López Atxurra, Manuel Montero, J.M. Sánchez Prietro, Emilio Majuelo, Joxe Azurmendi, Pruden Garcia, Iban Zaldua, Mikel Aizpuru, Jurgi Kintana. Jurgik bereziki, euskaraz buruturiko historiografiaz arduratu da eta dimentsio berri bat ireki dio euskal historiografiaren azterketari. Baina oraingoan, 1978an A. Mañaricuak Eusko Ikaskuntzaren Jardunaldietan euskal historiografiaren epe luzeko ikuspegiaz adierazi zuena iruditzen zaigu abiapuntua:

"una parte del trabajo (historiográfico) pasado nació dañado por preocupaciones de tipo tradicional o político que merman su valor".

Bereziki XIX eta XX mendean barrena argitaratu ziren historia lanak, ad demostradum, zerbait frogatzeko pentsatuak zeuden. Eta jakina ikerketaren balioa murrizturik eta zenbait kasutan baliogabeturik agiri zen. Azkenik aipatu behar dugu XX mendean barrena historialarien profesionalizazio gertatu zela, artxibategietan eta liburutegietan eta azken 40 urteotan Unibertsitateetan.