Kontzeptua

Euskal Herriko Historia

Ikus: Euskal Herriko Historia: Aro Garaikidea

Gaur egungo aroa eta hein batean garaikide duguna, bi fenomeno nagusiren garaia dugu: Iraultza liberala alde batetik eta iraultza industriala bestetik. Bi gertakizun hauek ez dira halabeharrez aldi berean eta garai berean gertatzen. Euskal Herriaren baitan, herrialde eta esparru bakoitzean bere aldi berezia izaten dute eta modu uniformean ez dira errotzen gizartean.

Iraultza liberalaren aldaketa bidea, eten gabeko gerra giroan erne zen. 1789tik XIX mendeko belaunaldi guztiek gerra bizia eta ondorio latzak ezagutu eta sufritu zuten: 1793-1795, 1808-1814, 1821-1823,1833-1839, 1872-1876. Hogeigarren mendean ere beste gerra suntsigarria jasan zuen euskal gizarteak: 1936-1937 eta ondoren gerra zibilaren jarraipena izan zuen diktadura frankista, 1975 arte.

Iraultza liberalak gizarte eredu berrirako abiapuntuak sortu zituen: Gizakiaren eskubideak aldarrikatu ziren ipar Ameriketako iraultzan (1776) eta gero Iraultza Frantzesaren giroan (1789). Azkenik "Giza eskubiden aldarrikapena" 1948an Nazio Batuen erakundeak (United Nations) egin zuen Parisen, 1946an San Franciscon (USA) abiatu zen egitasmoaren ondorioz.

Bestalde, XIX mendean barrena erresuma desberdinetan konstituzio politiko berriak sortu ziren eta ohiko erresumak nazio-estatuari egitura hartu zuten. Honela Frantzian eta gero Espainian, euskal herritarrek hiritartasuna bi nazio-estatu horietan barneraturik hartzen zutelarik. Aginte politikoen banaketa eta parlamentuak hartzen zuen bizitza politikoaren egituraketaren ardatza. Euskal Herrian bazeuden batzar nagusiak ere eta ondorioz, zer egin batzar nagusien aginte politikoaz parlamentu berrien garaian arazo bihurtu zen. Frantziako estatuan,besterik barik ezabatu egin zituzten. Espainian aldiz, 1841.arte Nafarroan eta 1877.arte Araba Bizkaia eta Gipuzkoan indarrean jarraitu zuten. Euskal Herritarren aginte politikoaren jarraipena edo ezeztapena, beste era batera esanda, txertatze edo egokitzapena Espainiako nazio-estatu berrian, arazo bihurtu zen eta honela "euskal auzia" izenekoa sortu eta garatu zen.

Bestalde, iraultza industrialaren ondorioz berrikuntza ekonomikoa gertatzen da eta jende gehienen ogibidea industrigintzan eta honi loturikoetan gihartzen da.

Euskal Herria Europa mendebaldeko gunean kokaturik izanik, bi fenomeno hauek noiz eta nola gertatu ohi ziren izan da azken aldian ikergai.

Iraultza liberalaren abiapuntua Frantziako iraultzaren unean jartzen ohi da, 1789an. Lege zaharreko ohiko matxinada bat erresuma osora zabaldu zen eta aldi berria abiatu zen. Herrialde anglosaxoietan aldiz 1945 jartzen dute mugarri gisa. Euskal Herrian 1766ko matxinada har genezake mundu berriaren abiapuntutzat. Matxinada honetan populua, biztanleentzat ezarritako ekonomia liberalaren printzipioak, mantenugaien prezio libreak eta mugagabeko salerosketaren aurka, matxinatu zen. Zergatik? ekonomiaren oinarria ikuspegi moral batean oinarriturik egon behar zuelako. Ekonomia liberalaren oinarriak jende xumearentzat ez ziren moralak. Beraz zatiketa kronologikoak eginez gero, gertakizun politikoak oinarritzat hartu ezkero, aipaturiko gerrak tarteko, honakoak berezitu behar ditugu: 1766tik 1877ra lehena, bigarrena 1877-1937, hirugarrena 1937-1980-82 eta laugarrena 1980-2012.

1766tik-1877ra Euskal Herriko ohiko ekonomikaren oinarriak hondatu egin ziren, jendea pobretu egin zen, Euskal Herritik alde egiten saiatu ziren bereziki Ameriketarako emigrazioa izugarri gehitu zen, bandolerismoaren fenomenoa euskal gizartean gihartu egin zen. Eta aldi berean hainbat gerra gertatu ziren guzti honek ere gizartean oinarriak desegin zituelarik. Gerra hauetan, sarritan Euskal Herritik kanpo eragindakoak izan arren azken batean euskaldunen artekoak bihurtu ziren. Eta honek bizikidetza zaildu egin zuen.

Aldi honetan Euskal Herriaren zatiketa bi nazio-estatutan sakondu egin zen. Lege zaharreko aldian, erresumako aduanak Balmaseda, Urduña eta Ebro aldean kokaturik zeuden, ekonomikaren esparru librea antolatu zen Ebrotik kostaldera eta iparraldeko lurraldeetan eraginez. Honelako esparruan nortasun politikoak eta sozialak modu askeagoan antolatzeko aukera zegoen. Bertako guztiak eskubideak zituztela sinisturik, pertsona desberdinen erlazioa lantzeko gaitasuna garatu zen.

Erakundeen arloan Batzar Nagusiek berebiziko garrantzia hartu zuten eta bertan aukeraturiko Diputazioak euskal aginte politikoaren isla bihurtu ziren. Honela, Bilbon, 1793an Frantziako konbentzioko errepublikanoen aurkako gerra, hiru herrialdeetako ordezkariak bildu egin ziren, Bilbon, aldarrikatzeko besteak beste, ohiko euskal herrialdeen konstituzio politikoa eta elkarren arteko bateratasuna. Geroztik bilkura hauek konferentzien izena hartu zuten eta euskal politikagintzaren gidaritza gunea bihurtu ziren 1877 arte eta ondoren 1936 arte bereziki Espainiako nazio-estatuan antolatzeko garaian. Bilkura batzuetan Nafarroako ordezkaritzak ere parte zuzena hartu zuen.

Espainietako ordezkariek Cadizen 1812an konstituzio politiko liberal onartu zuten. Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiek herrialdeetako konstituzio forala ere indarrean izatea eskatu zuten eta horretarako bi konstituzioen arteko uztartzea erabaki zuten. Baina Espainiako agintariek ez zuten onartu horrelakorik eta beraz 1812koa soil soilik ezarri zen. Espainiako Parlamentua egonkortu zenean 1837tik aurrera, azkenik 1839ko Urriaren 25eko legearen bidez berriz ere Foru konstituzioaren eta Espainiako Konstituzioaren arteko elkarkidetza edo uztartze prozesua hasi zen. 1837an espresuki espainiar lege aginduz ezabatu zena, 1839ko Espainiako Parlamentuan berriz foruen bidezko konstituzio politikoa biziberritu egin zen. Aurrerantzean gaur egun arte eztabaida hau bizirik iraungo du, "euskal auzia" deitu ohi zaio bereziki Parlamentuko eztabaidetan. 1841.n Espainiako Parlamentuak Nafarroako Foru konstituzioa aldatu egin zuen, foru moldaketa burutu, indarrean egon delarik 1982 arte. Araba Bizkaia eta Gipuzkoan Foru konstituzioaren bidezko erakundetzea 1877an desegin zuen Espainiako gobernuak eta hurrengo urtean 1878an dekretu batez autonomia fiskala onartu zion. Autogobernuaren eskaria izan zen ondoko urteetan behin eta berriz. 1917an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputazioak autonomiaren eskakizuna egin zuten. Nafarroarekin batera Eusko Ikaskuntza sortu zuten 1918an eta urte berean autonomiarako estatutuen egitasmoak idatzi zituzten. Autonomiaren eskakizuna ez zen soilik euskal abertzaleena, baina autonomia estatuaren eskakizuna bereziki euskal abertzaleen ekimenez bultzatu zen. Beste horrenbeste gertatu zen 1931.n eta azkenik 1936.n Eusko Jaurlaritza sortu zen eta 1980an Eusko Legebiltzarra eta honetan aukeratu egin zen Eusko Jaurlaritza berria. XX mendea euskal naziogintzaren mendea izan da. 1981.n Kontzertu ekonomikoa berriz ere indarrean ezarri zen Bizkaia eta Gipuzkoan eta ondoko urteetan finantza publikoak euskal autonomia erkidegoan garapen sakona bezain zabala izan dute. XXI mendearen hasieran erronka berriak sortu dira, bereziki, Europar batasun ekonomiko eta politikoaren bidean. Europako erakundeen baitako txertatzea eta kokapena dago jokoan. Fiskalitatearen arloan Espainiar ordezkaritzaren baitan euskal erakundeak ordezkatze zuzena lortu du. Bestalde Eusko legebiltzarra autodeterminaziorako eskubidea eta ekimena onartu zuen 1990.n. Ondoren, autogobernuan sakontzeko helburuetan dihardu, Europear Batasunaren aginduak eta egituraketaren eragina gero eta nabarmenago den garaian.

Nafarroan, 1841eko legea oinarritzat harturik, 1982an Foruen bidezko moldaketa egin zuen eta autonomia egituran antolaturik bere kabuz hasi zuen ibilbidea. Baina azken urtean bere finantza publikoak hondaturik agiri da eta Volkswagen enpresaren produktuen BEZ zerga itzuliz Estatu zentralak izatez laguntza zuzena egin dio eta horrela autonomia finantzazioaren printzipioa hautsi egin du, Estatu espainiarra agiri delako Nafarroako finantza publikoen azken uneko babesle, kontu publikoen bidegarritasun ekonomikoari eusteko.

Iraultza industrialaren prozesua edo modernizazio ekonomikoaren aldiak, data politikoekin parekatuz gero desberdinak izan ziren. 1778an, euskal portuak Ameriketako portuekin zuzenean merkataritza egitea debekaturik eduki zuten harik eta Ebroko lerroan zeuden aduanak kostaldera eraman arte. Foruen bidezko merkatu librea eta merkataritzarako aukera berriak aurrez aurre jarri ziren. Ohiko protoindustriak ere beherakada hasi zuen eta giro honetan, ahaleginak izan arren 1880 arte ez zen berrikuntza ekonomikoaren abiadura berria asmatu. 1841ean aduanak aldatu ziren eta Hego euskal Herria bete betean Espainiako merkatuan txertatu zen. Burdin mearen salmenta Erresuma Britainiarra tokian tokiko merkatarien burgesia aberastu egin zuen eta honek tokian tokiko eskualdean burdingintzan inbertitu zuen. Baina 1850.n beste ahalegin handia Euskal Herriko erdialdean Araia-Bakaikoa lerroan egin zen baina azkenik iraultza industrialaren abiada Ibaizabal ibaiaren inguruan aurreratu eta errotu zen XIX mende amaieran. Bessemerrek Inglaterran indarrean jarri zuen altzairua produzitzeko sistemak fosforo gabeko burdin mea eskatzen zuen, Trianoko mendietan zegoenaren berdina. Inglaterrara esportatzen zen burdin mea eta itzuleran ikatza ekartzen zen. Ondorioz, tokiko burgeseriak industrigintza berritzailea aurreratzen asmatu zuen eta ondorioz, Bizkaia iraultza industrialaren ildoan kokatu zen mende bukaeran. Labe garaien ondoan burdinaren bidez produktu manufakturatuak egiteko sortu ziren bestelako industriak. Horrez gainera itsasontzigintza eta finantzak bideratzeko bankuak indartu zen.

XX mendean Gipuzkoan bestelako industrigintza sustraitu zen, sektore ugaritakoak eta enpresa txikiak tokian tokiko eragileen ekimenez.

Araban eta Nafarroan ahaleginak izan arren, XX mendearen erdialde arte nekazaritzan zuen ekonomiaren oinarri baina 1960ko hamarkadan gizarte industriala bihurtu ziren. 1975-1980an, XIX mendearen bukaeran errotu zuen eredua suntsitu egin zen. Burdingintzaren inguruko egiturak erabat berrantolatu ziren eta Euskal Herriko ekonomikaren dibertsifikazio prozesua burutu zen.

Demografiaren arloan, XX mendean euskal populazioa erabat berritu egin zen inguruko herrialdeetatik Euskal Herrirantz immigrazio prozesu handia gertatu zelako, bereziki 1955-1975 aldian. XX mende bukaeran euskal gizartearen zahartze prozesua areagotu egin da. Euskal gizartea erabat hiritartua bihurtu da ohitura eta balore sisteman. Gizartearen aniztasuna nabarmena gertatu da eta gizartearen kohesio soziala eta bizikidetza erronka nagusiak bihurtu dira.

Bestalde, gogoratu behar da, Bizkaiko golkoko Euskal Herritik at, munduan barrena baina bereziki Ameriketan, beste Euskal Herri batzuk ere sortu zirela. XIX mendean barrena, Europako beste herrialdeetan bezalaxe, izugarrizko migrazio joera Ameriketarantz antolatu zen. Argentina-Uruguay aldeko Rio de la plata inguruan kokatu ziren ugari baina Estatuko populazio orokorraren araberako portzentajea aintzat harturik, Chilen zegoen handiena. XX mendean, USAko mendebaldeko estatuetarantz abiatu zen. 1937an migrazio politikoak bereziki Venezuela eta Argentinarantz bideratu zen.

Zientzia eta kulturgintzaren esparruan, euskal kultura agerikoa bihurtu da berriz ere XX mendean barrena, bereziki bukaeran, 50 urte baino gehiago ikusi ezina izan ondoren. Euskarazko literaturgintzak indarra hartu du. Aldi berean, hezkuntzaren maila guztietan euskara bitarteko hizkuntza komunikatiboa bihurtu ohi da. Goi mailako hezkuntza eta ikerketa sendotu egin da, Euskal Herriko Unibertsitatea azkenik, 1918an Eusko Ikaskuntzen lehen kongresuan helburu nagusi zena, egiaztaturik eta erakundeturik agiri da XXI mendearen hasiera honetan, beste unibertsitate batzuen bidez, goi mailako irakaskuntza unibertsitarioa aberastu eta bete egin delarik. Komunitate zientifikoaren ondoan, artearen arloan ere ekarpen handiak geratu dira XX mendean barrena, bereziki, eskulturaren arloan.